Txapartegiren tortura salaketa oinarririk gabekoa dela erantzun du Espainiak

Barne Ministerioak argudiatu du epaitegiek Txapartegiren helegiteak ikertu eta kasua artxibatzea erabaki zutela, delitu zantzurik atzeman gabe

Nekane Txapartegiren aldeko protesta Tesalonikan (Grezia), Suitzaren kontsulatuan. BERRIA.
Gorka Berasategi Otamendi.
Gasteiz
2016ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak ukatu egin du Nekane Txapartegi torturatu izana. Argudiatu du epaitegietan ikertu zela Txapartegiren tortura salaketa, eta delitu zantzu faltagatik artxibatzea erabaki dutela hainbat epaitegi eta epailek. Espainiako Estatuak Suitzako Justizia Bulego Federalaren informazio eskariari erantzun dio, estradizio prozesuaren barruan.

Txapartegi Zurich inguruko kartzela batean dago atxilo, apirilaz geroztik. Espainiako Estatuaren estradizio eskariaren ondorioz atxilotu zuen Suitzak. Estradizio eskaria onartu ala ez erabaki aurretik, ordea, informazioa galdegin dio Espainiari, Txapartegiren tortura salaketaren ingurukoak azal ditzan.

Txapartegi 18/98 auzian zigortu zuten; defentsak salatu izan duenez, haren kontrako epaiak torturapean eginiko inkulpazioak ditu oinarri; horrez gain, estraditatuz gero, sakabanatua izateko arriskua duela salatu du. Txapartegik Suitzara egin zuen ihes 2007an, espetxea saihesteko.

Barne Ministerioak, erantzunean, adierazi du «oinarririk gabekoak» direla Txapartegiren defentsaren alegazioak, eta ziurtatu du Poliziak «une oro» eta «kontu handiz» bermatu zituela Txapartegiren eskubide guztiak.

Gobernuak idatzian ziurtatu du ETAk diseinatutako estrategia baten ondorio dela «tratu txarren salaketa sistematikoa».

Txapartegik 1999an aurkeztu zuen tortura salaketa, eta bi urte betetzerako artxibatu zuen epaitegiak. Hainbat helegite aurkeztu zituen, baina kasua aztertu duten Espainiako epaitegi denek egin dute kasua artxibatzearen alde. Salaketaren ibilbide judizialari buruzko xehetasunak bidali dizkio Espainiako Gobernuak Suitzako justiziari, eta azpimarratu delitu zantzurik ez zela atzeman. «Azken finean, Nekane Txapartegiren alegazioak ikertu eta aztertu dituzte hainbat epailek eta epaitegik, erantzukizun penalik atzeman gabe». Espainiako Estatua zortzi aldiz zigortu du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 2004az geroztik, tortura kasuak ez ikertzeagatik.

Txapartegik polizia etxean egin zituen adierazpenak epailearen aurrean berretsi bakarrik ez, «garatu» ere egin zituela jasotzen du Barne Ministerioak.

Tortura: 1960-2013 ikerlanak Txapartegiren kasua jasotzen du. Paco Etxeberria auzi medikuaren taldeak sinesgarritasuna aitortu dio salaketari, eta defentsak informazio hori eman dio Suitzako justiziari. Suitzako psikologo baten txostena ere aurkeztu du defentsak; hor jaso dutenez, Txapartegik trauma osteko estresa jasan du torturen ondorioz.

Legez kanpoko jazarpena

Espainiako Gobernuak ukatu egin du Txapartegi legez kanpo jazarri izana. Iheslariak salatu zuen hiru poliziak identifikatzeko eskatu ziotela urtarrilean. Suitzako Gobernuak ez zuen horren berri. Espainiaren esanetan, «ez da ikerketarik egin Suitzako lurraldean hango agintariek jakin gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.