Felix Etxeberria. Pedagogian katedraduna

«Ez du ematen hiru urtean bat-bateko hondamenik gertatu denik»

Maite Asensio Lozano.
2016ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Zur eta lur agertu da Felix Etxeberria EHUko Pedagogia katedraduna PISA txostenak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan izandako emaitzekin. Datuak «kezkagarriak» direla azaldu du, baina nabarmendu du ez dagoela «azalpen sinplerik».

EAEko datuak ikusita, zein da zure lehen balorazioa?

Harrigarriak dira; kosta egiten zait sinestea. 2003tik datu berdintsuak izan dira beti. Beste aldagaietan —inbertsioari,eskola uzteari edo unibertsitate sarbideari buruz ministerioak ematen dituen datuetan— emaitza onak lortu izan ditu EAEk, Europaren parekoak. Beherakada handia da; baina, nire ustez, datuak ez dira koherenteak: zer gertatu da gure hezkuntza sisteman, hiru urtean halako emaitzak izateko? Zaila da esplikatzea, ez duelako ematen bat-bateko hondamenik gertatu denik. Konfirmatu beharko da datuak zuzenak direla; orain dela urte batzuk txarto eman zituzten emaitzak, nahastuta. Baina datuak konfirmatzen badira, zerbait egin beharko dugu.

Nafarroan, aldiz, oso emaitza onak lortu dituzte. Zergatik dago hainbesteko aldea EAEren eta Nafarroaren artean?

Oraingoan izan dira diferentziarik handienak. Ez dakit zergatik. Bi hezkuntza sistemen artean ez dago hain alde handirik. Oro har, emaitza akademikoak lotuta daude ikasleen maila sozioekonomikoarekin: familia pobreetatik datozen ikasleek emaitza okerragoak izaten dituzte. Zer gertatu da EAEn? Klase soziala izugarri jaitsi al da hiru urtean? Ez: Espainian baino langabezia gutxiago dago EAEn, adibidez, eta egoera ekonomikoa ere hobea da.

Jaurlaritzak argudiatu du azterketak euskarri digitalean egin izanak azal dezakeela EAEko emaitzen beherakada.

Ez dut uste, denek egin baitute horrela. Ez dakit zerk azaltzen dituen datu horiek, baina badakit erabiltzen diren argudio batzuek ez dutela balio. Elebitasunaren ondorio izan dira emaitzak? Katalunian igo egin dira puntuazioak. Immigrante asko daudelako? Ez, beste erkidegoetan hemen baino gehiago dauzkate. Murrizketak? Beste leku batzuetan handiagoak izan dituzte. Eskola sistemak porrot egin du? Ez. Ez dut uste inork esan dezakeenik hezkuntza sistema abandonatu izanaren ondorio direla datu hauek.

Zientzietan beti izan dituzte zailtasunak EAEko ikasleek; duela hiru urte datu onak lortu zituzten, baina orain berriro okertu dira. Goia jo al zuten 2012ko emaitzek?

Matematikan eta irakurmenean ere jaitsi dira; hau da, orokorra ematen du. Egia esan, nik ez diotesplikaziorik aurkitzen.

PISA txostenaren baliagarritasuna zalantzan jarri izan dute askok. Zein iritzi duzu?

Kritika asko egin izan zaizkio; adibidez, Asiako zenbait herrialdetan irakaskuntza sistema PISAko azterketak prestatzera bideratzen dutela. Beste kritika bat da momentu bateko argazkia ematen duela, baina ez duela islatzen ikasleen bilakaera; edota egoera sozioekonomikoaren garrantzia ez duela kontuan hartzen, baina badakigu klase sozialak eskolako maila baldintzatzen duela. Baina PISAk berak neurri zuzentzaileak jarri dizkio bere buruari: orain datuak klase sozioekonomikoaren eta ikasleen jatorriaren arabera bereizten ditu.

Bestalde, txostenak ematen duen informazioari garrantzia eman behar zaio: hezkuntzaren inguruko hainbeste datu ez du beste inork eskaintzen. Etsaminak-eta zalantzan jarri behar direla? Bai, dudarik gabe; baina nola jakin dezakegu ondo ala gaizki goazen? Zer dira, bestela, gurean egiten diren ebaluazio diagnostikoak? PISA kritikagarria da, baina uneotan daukagun tresnarik zabalena eta fidagarriena da, eta munduan onarpen handiena duena. Eta balio digu arazo batzuk detektatzeko: esaterako, esaten denean etorkinen seme-alabak hezkuntza sisteman integratuta daudela, PISAk auzitan jartzen du hori, batzuen eta besteen emaitzen artean 50 punturen edo gehiagoren aldea azaleratzen duelako. Hori PISAri esker dakigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.