UDAKO SERIEA. Politikari ohiak (II). Itziar Aizpurua, HBko Mahai Nazionaleko kide ohia

«Euskara ez bada hitz egiten ezingo gara Euskal Herria izan; zutabea da»

Berak eta bere garaikoek borrokarako zuten grina galduta ikusteak erabat mintzen du militante nekaezina. Ezker abertzalearen historia tinko defendatzen du. EAJri eskua luzatzen dio, baina mesfidantzaz begiratzen dio.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Deba
2014ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Astiro, leun, baina pasioz mintzo da Itziar Aizpurua (Deba, Gipuzkoa, 1943) bere bizitzaren edozein atali buruz: militantzia politikoari buruz, kide eta bikote izan zuen Jokin Gorostidiri buruz eta egungo egoerari buruz. Sakon aztertzen ditu gaiak, iraganeko esperientzia oinarri hartuta. Asko bizi izandakoa da.

Zertan zabiltza gaur egun?

Nire zeregin nagusia Euskal Memoria fundazioan dut. Fundazioak ematen dit aukera lantzeko hainbat gai gaurkotasun handia daukatenak, zoritxarrez: tortura, kartzelaldiak, atxilotuen datuak, gerra zikinaren ingurukoak... Bestalde, beti egoten naiz adi politikan zer gertatzen den, eta horren inguruan nire iritzia ematea ere gustatzen zait; artikuluren bat edo beste idazten dut bai Gara-rako eta bai BERRIArako. Azkena egin nuen, Guardia Zibilak Aritxulegin sartu zirenean. Urteetan egon den gudarien baso hura kendu nahi zuten. Jokin [Gorostidi] ere hantxe dago. Urtean behin joaten gara hara senide eta lagunok loreak eskaintzera; hori zen guztia. Eta han sartu ziren parafernalia guztiarekin kristorena egin izan balute bezala. Samina sortu zuten, baina horrek ez du esan nahi gure bihotzetatik kendu dituztenik, eta ez du esan nahi beste leku batean egongo ez direnik. Bestalde, Jokini buruzko liburua itzuli eta berritzen ari naiz. Euskaraz idatzi nuen; ez nuen erdaraz idatzi nahi, baina lagun askok eskatu didate, eta, zalantzekin, baina horretan nabil.

Lan esparru guztiek dute zerikusia memoriarekin. Zergatik?

Iragana ez badugu gureganatzen, etorkizunik ez dago herri gisa. Ez badakigu nondik gatozen, oso zaila izango dugu nora goazen jakitea. Eta iragana ezinbestekoa dugu jakitea zehatz-mehatz, ahal den gehien. Estudiatu gure aurrekoek zer egin zuten, zer gertatu zen gerra zibilean, gerra karlistetan, zeren inguruan borrokatu ziren gure aurrekoak. Iraganean zein oker egon diren aztertu behar dugu, eta zein etorkizun daukagun. Nola eragin eta zer egin dezakegun geurea izateko.

Zergatik jotzen ari da azkenaldian horrenbeste memoriaren aurka?

Ez dutelako inondik inora nahi gu espainolak ez izaterik. Nahi dute guk gure aurrekoa ahaztea eta orain egitea bide bat leloak izango bagina bezala. Bada beldurra ematen didan gauza bat: nire adineko jendea nekatuta egotea normala da, neuk urte asko dauzkat, baina jende gaztea nekatua egotea ez dut ulertzen, ez baitu borroka egin oraindik. Eta onartzen dut beharrezkoa dela zabaltzea beste munduetara, baina beti geure ikuspegitik, geure nortasunarekin. Baina gure nortasuna galtzeko arriskua gero eta handiagoa da. Bidegurutze baten aurrean gaude.

Zein bidegurutze?

Kanpoan daukagu kutsadura handia. Niri gustatzen zait teknologia berria, esate baterako, baina neurrian. Jendeak dagoeneko ez du irakurtzen eta, ondorioz, prestakuntza falta dago. Gazte askok ez dute datorrena ikusten, eta horregatik nago kezkatuta. AEBetako ohiturak, adibidez, nik prebentzio handiz hartzen ditut, hona iristen direnak, behinik behin, ez direlako ezkerrekoak; kapitalismo-inperialismoak sartutako ohiturak dira. Horrekin, batetik, eta Espainia ezartzen ari den legeekin, bestetik, benetan kezkatuta nago.

Bizia baldintzatu dizun politikari lotuta zaude oraindik ere.

Bai, sentimenduek eraman nauten bidea da. Gazte denboran, 1960ko hamarkadan, ETAn sartu nintzen sentimendu izugarriagatik: Euskal Herria maite nuelako eta euskara maite nuelako. Garai hartan, inork defendatzen bazuen euskara eta inork egin bazuen apustua euskara maila estrategikoan jartzeko, ETA izan zen. Ez zen izan Eusko Alderdi Jeltzalea. EAJ katakonbetan sartua zegoen ,eta gazteok ez genuen beste biderik, borroka egin nahi bagenuen.

Asko aldatu da egoera 1960ko hamarkadatik, baina euskararen egoerak oso minduta zaituela adierazi duzu. Zergatik?

Bai, oso minduta nago. 1962an, Deban ikastola sortzeko taldean izan nintzen, esate baterako. Borondate oneko jendea bildu ginen, geure poltsikotik dirua jartzen genuen, ahal zuenak ahal zuena ematen zuen... Horrela zabaldu genuen ikastola ahalegin handiarekin eta elizaren babesean. Beti izan naiz euskararen aldeko, gure zutabe nagusia delako. Euskaldunak garelako eraiki nahi dugu Euskal Herria Euskal Herri gisa. Beste herri bat garelako; esaten dugunean ez garela ez espainolak ez frantsesak, euskaldunak garelako da. Eta euskaldunaren zutabe nagusiak lurra eta euskara dira. Ni bi zutabe horiei eutsirik bizi izan naiz bizi guztian, eta bizi naiz. Euskara gure zutabea da, eta gaurko egoerak minduta nauka.

Zerk mintzen zaitu, zehazki?

Horrenbeste urte pasatu eta gero, ikastolatik hainbat milaka ume pasatu eta gero, kalean erdaraz hitz egiten da eta dena erdaldun bihurtzen ari da. Gazteak erdi-euskaraz erdi-erdaraz entzuten dira, txiki-txikiak ere erdaraz. Orduan, zein aurrerapauso eman dugu? Jende askok daki euskaraz, irratiak eta telebista daude, baina euskara ez bada herriaren proiektuan oinarrizko zutabe gisa jartzen, euskara galdu egingo da. Eta euskara galtzen bada, gu ez dakit zer izango garen, baina euskaldunak ez gara izango. Hitz egingo dugu frantsesez eta espainolez, edo ingelesez. Euskaraz ez. Eta euskara ez bada hitz egiten, ezingo gara Euskal Herria izan.

Nolatan doa hizkuntza lurraren eskutik?

Gure asabek hori eman ziguten herentzia bezala: lurra eta hizkuntza. Eta lurra gure egin nahi badugu, nahi badugu egunen batean independenteak izan, nahi badugu estatu propio bat izan, geure nortasuna finkaturik eduki eta gure erabakiak gure eskuetan izan, behar dugu lurra, eta behar dugu hizkuntza bat elkar ulertzeko. Erdara bada, ez da Euskal Herria izango. Lurra beste bat bada ere, ez da Euskal Herria izango. Beraz, oraingo garai hau bidegurutze bat bezalakoa da.

Galdu egin da kontzientzia hori?

Bai, zalantzarik gabe. Nik, oraintxe, ikusten dut gazte asko ez dela konturatzen Euskal Herrian bizi dela; Euskal Herriak bere nortasuna duela, herri bat dela desberdina, eta herri horrek, ohituretatik aparte, zutabe nagusi bat duela: hizkuntza. Ama lurra esaten dugu, eta ama hizkuntza. Umetatik, guk amaren sabeletik jaso dugu hizkuntza, eta emakumeek bermatu izan dute euskararen transmisioa. Gaur egun, ikastolek eman dute hori etxeak baino gehiago, baina ikastolan eginda bakarrik ez zaio eusten hizkuntzari. Hizkuntza erabili egin behar da; gure artean harremanak izateko tresna da. Eta hori ez badugu lortzen, porrot egingo dugu. Ni sentituko naiz izugarrizko porrota eginda. Ez dut inongo beldurrik Euskal Herria libre izateko berriz ere kartzelatua izaten banaiz; ez dut beldurrik edozer gauzarako. Baina nik nahi dut Euskal Herri horrek bidea ikus dezan: Ingelesa, alemana, errusiarra eta mandarina ikastea oso ondo dagoela, ona dela ikastea, baina nork bere hizkuntza galdu gabe. Geure hizkuntza maitatu, erabili eta bizi behar dugu. Bestela, bitrina batean sartuta geratzen bada, esango dute «bazen halako bat...». Eta, orain, ikusten dut gazteak ez daudela kokatuta, ez daudela prestatuta.

Eta gazteek ez badute mobilizatzeko beharrik ikusten, ez dutelako nahi?

Garai batean, familia zen eskola onena erakusteko balioak, zein zen euskaldunen hizkuntza, euskaldunen lurra, bizitza, zer nahi dugun... Pasatu da frankismoa. Eta, orain, esaten da denok ginela frankismoaren kontrakoak. Ez da egia! EAJk esaten du frankismoaren kontra zegoela, baina non zegoen? Kanpoan. Hemen zein zegoen? EGIko gazteak, eta haiei ez zieten mugitzen ere uzten. Zer gertatu zen? Apurketa egon zela, ETA gailendu zela, eta EGIko gazteak ETAn sartu zirela. Eta ETA egon zelako bizi da herri hau orain. Baina ondo diozun bezala, gaur egun jende asko dago hori ez duena ikusten edo ez duena ikusi nahi, erosoago bizi direlako dauden egoeran. Krisia pasatuko dela eta seme-alabak lanera AEBetara-edo joango direla pentsatzen dute. Baina zer egingo dugu? Euskal Herria hustu? Herri honek badu etorkizuna, baina biltzen bagara. Batzen bagara, aurrera aterako dugu ekonomikoki eta politikoki. Eta, horretarako, behar dugu guk erabakitzeko eskubidea. Joango gara denok autodeterminaziora? Nik nire zalantzak ditut EAJrekin. Ez dut uste EAJ autodeterminazioaren alde dagoenik ere.

Nola ikusten duzu konponbiderako prozesua?

Nola dagoen jakiteko oso barruan egon behar da, eta nik ez dut informazio hori. Kanpotik ikusten dudana da ondo bideratuta dagoela nazioartean. Kategoria handiko jendea dabil, prozesu handietan ibilitakoak. Hegoafrikan eta Irlandan aritu dira. Guk, berez, errazago ditugu gauza batzuk.

Zer zentzutan?

Ipar Irlandan, esate batera, herri desberdin bat direla eta autodeterminatzeko eskubidea dutela onartua daukate. Baina guk Irlandan baino askoz errazagoa dugu autodeterminazio eskubidea gauzatzea. Espainiako Gobernuak eta Frantziakoak ez dutela nahi da arazoa, eta EAJren jarrera. Baina guk ez dugu Irlandan duten gizarte apurketa. Han bi mundutan bezala bizi dira, erlijioa sartzen da tartean... Guk ez dugu arazo hori. Eta horregatik iruditzen zait, Telesforo Monzonek esaten zuen bezala, Maltzagarainoko bidea egin beharko genuke elkarrekin. Baina EAJk ez du nahi. Arzalluzek esan zuen bezala, EAJk mitxelin asko dauzka. Eta mitxelinak, oligarkia espainola dira. Hemen ez daukagu oligarkia euskaldunik, Katalunian bezala. Oligarkia Negurin, Bilbon, Nafarroan... dago, baina ez dute euskaraz hitz egiten, eta ez dute inoiz pentsatu ere egin euskaldunak bagarela.

Geldirik dago prozesua?

Martxan doa, baina alde bakar batetik; falta du beste aldea. Eta aurrera egiten jarraitzeko borondatea badago, bestela ez liratekeelako etorriko nazioarteko pertsona itzal handikoak. Hemen gauza asko pasatu dira urte askotan. Sakabanaketa EAJk ere egin zuen. Eta, hala ere, lehen, orain eta beti EAJri atea zabalduko diogu, prest badago gauzak behar bezala egiteko, pausoak emateko. Izan ere, herri bat gara, eta herri bat ez du soilik ezkerrak egiten. Askatasunetik eraiki nahi bada ezkerretik egingo den arren, eskuinak ere egon beharko du. Nolanahi ere, hiru herrialdeetarako estatututxo batekin konpetentzia bila jarraitzen du EAJk, eta horrek zaildu egiten du egoera.

Euskal presoen gaia katramilatuta dago.

Aurrerapausoak emateko presoen egoera eta atzerriratuena konpondu beharra dago. Eta, hor ere, zerikusi handia dute hemengo alderdi politikoek; ez soilik Espainiak eta Frantziak. EAJk sakabanaketa egiteko jarri zuen indar hori guztia, egin dezala orain bueltatzeko etxera. Guk lagunduko diogu. Gu beti aritu gara tinko, baina beti eskua emanez, beti atea zabalduz, etsaiari ere bai, hitz egiteko. 1989tik hona ea zer gertatu den, Aljerretik hona: nahi izan genuen bidea ireki, eta Madrilera joan ginen Kongresura eta Senatura; bueltatu ginen, Josu Muguruza eraila eta Iñaki Esnaola zauritua larriki. Zertara joan ginen? Beste bide bat irekitzera. Beti saiatu gara, azkenengo ordura arte. Aljerren gauza bat adostu zen: Aljeriako Gobernua zen bitartekaria, baina Espainiak mehatxatu egin zuen harekin zuen gas hornidura moztearekin. ETAk atera zuen zein erabaki adostu ziren, eta gobernuak alderantzizkoa esan zuen. Erakundeak epe bat eman zuen, mintzakidetza zain egon zen Aljerian, eta ez zuen erantzunik jaso. Azkenean, ETAk apurtutzat eman zuen. Mintzakideak Cabo Verdera deportatu zituzten. Gauza askotan gogor erantzun dugu, baina aurrez aurre aritu gara, dena ipiniz, eta beti bideak irekiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.