UDAKO SERIEA. Naziogintza eta Estatugintza (IV) Sozioekonomia

Gaitasunak: eduki ezean, sortu

Estatu berriaren bideragarritasun ekonomikoa. Hori da burujabetza prozesuetako eztabaiden erdigunean dagoen gaietako bat. Euskal Herria bideragarria den, ez; norabide horretan zer egin daitekeen. Horra gakoa.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2014ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Burujabetza prozesuetan zentraltasuna hartzen duen gaietako bat izan ohi da bideragarritasun ekonomikoa. Eztabaida horiek izaten ari dira orain Eskozian eta Katalunian. Iritzi eta txosten ugari argitaratzen ari dira. Azkena, Credit Suisse ikerketa zentro suitzarrak joan den astean argitaratutakoa. Estatu txikien arrakasta nabarmentzen zen txostenean. Eta, Eskoziak eta Kataluniak independentzia lortuz gero, Erresuma Batuak eta Espainiak baino garapen indize handiagoa edukiko luketela adierazi du. 40 urte baino gehiago dira E. F. Shumacher ekonomialari alemaniarrak «small is beautiful» (txikia ederra da) esaldia lau haizeetara hedatu zuela. Ordutik, hamaika izan dira estatu txikien bideragarritasunaren inguruko iritziak. Euskal Herria ere estatu txikien multzo horretan kokatuko litzateke, estatu egitura balu. Baina bideragarria den ez, gaur egun dagoen egoeratik burujabeago izateko egin beharreko urratsak aipatzen dituzte adituek.

Euskal Herriko ekonomiak indarra galdu du urte hauetan. Hala azaldu du Anton Borja EHUko ekonomia irakasleak. «Gogor» jo du krisiak sektore guztietan. Eta ordezkari politikoak baikortasun mezuak zabaltzen ari diren arren, argi-ilunekin ikusten du etorkizuna irakasleak. «L» formako krisia dagoela dio: «Gure ekoizpen gaitasunak izugarri egin du behera urte hauetan. Eta, orain, behealdeko kopuru horietan irauten ari gara». Horren adierazletzat jo ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak: bost urte hauetan, ekoizpenari dagokionez, Bizkaiak %37 egin du behera, Arabak %32, eta Gipuzkoak %31. Euskal Herriarekin antzekotasuna duten europar erregioetan baino gehiago nabaritu da krisia, Borjaren arabera.

Hain zuzen, hori izan da Adrian Zelaia Ekai Center-eko zuzendariak aipatu duena. Bidegurutzean dago Euskal Herria. Europan, herrialde garatu eta periferikoen arteko bereizketa egiten da, eta, gaur-gaurkoz, erdigunean dago kokatuta. Zelaia: «Zer esan nahi du horrek? Oso kokaleku eta aldi estrategikoan gaudela orain, alde batera edo bestera egiteko». Herrialde garatuen norabidea hartzea beharrezkotzat jotzen du, eta, horretarako, badaude oinarri objektiboak. Hala adierazi du Zelaiak. Baina ez da oso baikor agertu, ekonomia paralisi egoeran dagoelako. Bi faktore nagusi aipatu ditu: «Batetik, Espainiarekiko mendekotasuna agerian geratu da urte hauetan. Guri ez dagozkigun politika eta arauak aplikatu dira. Bestetik, nabaria da hau guztia kudeatzeko hemengo klase politikoaren gaitasunik eza». Eta horrek ekonomiaren egoeraren okertzea areagotu duela dio.

Finantza sistema

Finantza sisteman hartutako neurriak jarri ditu Zelaiak gabezia horien adibidetzat. Osasun egoera onean egon dela uste du, eta, hori hala izanda, sistema babestu eta ekonomia errealera fokuratzea beharrezkoa zela. Gerora, industria bultzatu ahal izateko. Baina alderantzizko bidea egin dela dio: «Finantza sistema desegituratu dugu. Ekonomia berpizteko neurriak hartu beharrean, egin behar ez zena egin dugu: finantza sistema hutsa sustatu». Kutxabanken kasua da horren erakusgarri, Zelaiaren arabera. «Zentzugabekotzat» du erabakia, finantza sistemaren kontrola galdu egingo delako: «Beste herrialde batzuetan krisiaren ondorioz galdu da. Baina hemen, nahita hartutako erabakia izan da». Kezkatuta begiratzen dio etorkizunari. Salatu du, kutxa ekonomiaren oinarritzat jarri beharrean, inbertsio pribatuei begira egongo dela. Eta lan erreforma ezartzea ere oso larria dela Euskal Herriko egoera ekonomikoarentzat. Horregatik, Espainian hartutako erabakiak aplikatzeak kalte izugarria ekarri duela dio. «Ipar Euskal Herriaren kasuan, politika propioak garatzeko ditugun eskumenak oso urriak dira. Baina Hegoaldean baditugu». Horien kudeaketa txarra azpimarratu du: «Ditugun konpetentziak gaizki kudeatzen ditugula erakusten ari gara gaur gaurkoz». Horra, Zelaiaren hitzetan, aurrera begira dagoen erronka: «Ditugun konpetentziak ondo kudeatu behar ditugu».

Inbertsio publiko falta. Hori da Borjak behin eta berriz azpimarratu duen ideia. Haren arabera, diru publikoa estrategikoki inbertitu ezean nekez ikusiko da ekonomiaren suspertzerik. Eta norabide berean, adierazi du, Euskal Herriko enpresa askok kanpoan inbertitzen dutela: «Sartzen dena baino diru gehiago ateratzen da Euskal Herritik». Kapital industriala kanpora eramateak ondorio bakarra duela dio irakasleak: desindustrializazioa. Eta Eusko Jaurlaritzak anbizio eta ikuspegi estrategikoa falta duela. Eta inbertsio publikoa handitu egin beharko lukeela: «Askotan esaten dute ikerketan, garapenean eta berrikuntzan edota makina-erremintan inbertsioa igo dela. Baina norekin konparatuta? Europako antzeko eskualdeetan askoz ere indar handiagoa jartzen da horietan. Eta Espainiarekin ezin dira konparaketak egin, oso industria eredu ezberdina dugulako». Ekai Centerreko zuzendariak finantza sistemarekin azaldutako arazoa ere aipatu du Borjak. Adierazi du orain arte kutxek ematen zituzten baliabideak murriztuko direla: «Banku estrategia hutsean pentsatzen dute. Eta inbertsioa potentziatu beharrean, desinbertsioak etorriko dira».

Mezu baikorra ere eman du Borjak. «Euskal Herriak badu ehun industriala, bai eta gaitasuna ere». Sektore estrategikoak gehiago bultzatzeko neurriak hartu behar direla adierazi du; tartean, makina-erreminta eta teknologia berriak. Baina, horretarako, beharrezko ikusten du esku hartze publikoa. Lehen sektoreari berebiziko garrantzia ematen dio Borjak. Elikadura subiranotasunaren arloan indar gehiago egin behar dela dio: «Agian, ez da izango aberastasuna sortzen duen sektorea, baina estrategikoki, herri gisa, funtsezkoa da». Azpimarratu du, gaur egun EAEn kontsumitzen denaren %80 Euskal Herritik kanpokoa dela. Eta ehuneko horiek aldatzea posible dela: «Ikuspegi estrategikoarekin laguntza publikoak eman behar dira lehen sektorean».

Euskal Herrian dagoen prestakuntza mailari ere berebiziko garrantzia eman dio Borjak: «Oso jende prestatua dugu, baina horietako asko kanpora jotzen ari da lana eskuratzeko». Hori aldatzeko, behin eta berriz azpimarratu duen ideia da esku hartze publikoaren beharra. Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak profesionalen lurraldetzat du Euskal Herria: «Milaka profesional ditugu hemen, herri honetan sinesten dutenak».

Ekonomia eta herria

Ekonomia eta gizartea osagarri gisa ulertzea. Eta sektoreak eta lurraldeak horien barruan biltzea. Hori da abiapuntua, Esnaolaren arabera: «Errealitate askotarikoen batura da Euskal Herria. Eta konplexua da, lurraldearen ikuspegitik gehienbat, zatituta gaudelako». Euskal lurraldeek elkarren beharra dutela adierazi du: «Banatuta ez gara ezer, elkar hartuta iraun dezakegu. Euskal Herria kontzeptu funtzionala da, ekonomiaren aldetik eta euskal lurraldeen berme gisa». Ekonomiaren xede nagusia gizartea dela dio Esnaolak, eta oinarri horretatik abiatuta egin behar direla ekonomia planifikazioak: «Ekonomia herri ikuspegi batetik ulertu behar da. Lurralde batean ekoizten denak, ekoizten den bezala eta ekoizten den lekuan, baliagarri izan behar du; inguruan dituen sektore eta pertsonentzat». Horra abiapuntua: ekonomia, herria, lurraldea eta sektoreartekotasuna.

Euskal Herriko egitura produktiboetan industriak berebiziko garrantzia duela azpimarratu du Esnaolak. Lurraldearen historia merkataritza eta industriarekin estuki lotua egon dela dio, orografiari zentzua emateaz gain, gaitasun industriala ematen duen herri egitura dagoela: «Besteak beste, goizean goiz lanari ekiten dion langileak, enpresen kudeaketan dabiltzan profesionalak eta konprometituak». Eta funtsezko elementuak direla gaur egun ere: «Ekimen industriala sustatzeko gaitasuna badago Euskal Herrian. Badago herri egitura bat integrazio sozioekonomikoa ahalbidetzen duena, non, sektoreak, jarduera esparruak eta lurraldeak elkar osatzen duten». Lurraldeari dagokionean, ezinbestekotzat du modu koherentean antolatzea: «Lana eta jarduera ekonomikoa lurralde guztietara eramatea».

Herri gisa «desprogramaziopean» gaude Esnaolaren arabera, zatituta dagoen lurraldea izanda, ohikoak edo logikoak izan beharko luketen jarduerak ez direla existitzen, edo ahulduta daudela. «Lurralde kohesiorako gaitasuna, instituzionalki konplexua dena estatuek naturala den hori eragotzi nahi dutelako, sozialki ez genuke galdu behar», adierazi du. Agenda politikoan lurralde edo nazio kohesioaren ezagutza falta salatu du Gaindegiakoak.

Nazioaren lurraldean gertatzen den zatiketa horretaz gain, industriaren antolaketan lurraldean izaten diren desorekak ere aipatu ditu. Maila teknologikoaren garapenaren eta lurraldearen artean gertatzen den desoreka, esaterako: «Lurralde periferikoetan daude berrikuntza mailarik apalenak». Gaur egun, Bilbo Handia, Durango eta Irun-Beasain dira jarduera teknologiko eta industrialerako eremu nagusiak. Hiriburuen eremu funtzionaletik kanpo dauden lurraldeak kinka larrian daudela dio: «Planifikazioaren barruan, ez da aintzat hartzen lurralde biziberritzea. Eta horrek ditugun baliabide eta aberastasunak alferrik galtzea esan nahi du».

Ipar Euskal Herriko gazteen arazoa ekarri du gogora. Gaindegiak atera berri duen txostenaren arabera, gaur egun Iparraldean lan adinaren barnean dauden %57 Frantzian jaiotakoak dira. «Planifikazio konkretu baten ondorioz gertatu da hori. Ekonomia gizartearen zerbitzura jartzen ez bada produkzio planta batzuk besterik ez ditugu». Jarduera ekonomiko hutsaren aldeko apustua egiten baldin bada, herritarrak sobera egotea dakarrela azaldu du. Horregatik, ekonomiaren eta gizartearen logika berean kokatu beharra: «Gure egitasmo ekonomikoa herri gaitasunei estuki lotua joatea ezinbestekoa da, lurraldea eta gizartea aintzat hartuz».

Enpresa txikien garrantzia azpimarratu du Esnaolak. Enpleguaren %60ri eusteaz gain, inguruko zerbitzuei ekarpena egiten diela adierazi du. Urte hauetan, egoera larritu egin da horietan: «Krisiaren ondorioz, hainbat izan dira ateak ixtera behartuta egon direnak». Horien arteko lankidetzaren eta indar bilketaren garrantzia nabarmendu du, horiek bultzatu eta laguntzeko beharra.

Izan baino gehiago, egin

Balizko euskal estatuaren bideragarritasunaz iritzi pertsonala eman du Esnaolak. «Izatea edo ez izatea baino gehiago, bestelakoa litzateke galdera: zer egingo genuke bideragarri izateko?». Estatua izan aurretik herri izatearen beharra azpimarratu du. «Etorkizunera begirako ikuspegia konpartitu behar dugu lehenik. Elkarren beharra dugula ulertu, eta apustu komunak nola egin adostu. Gero, horren arabera erabakiko dugu hitzarmen batean hori egitura batzuetan formalizatuko dugun edo ez». Bideragarritasunaren gaiari buelta eman dio Esnaolak: «Lurraldea zatituta egoteak eta estatu biren mende egoteak zer esan nahi duen jakin behar genuke», dio, erabakiguneak Euskal Herritik kanpo egotearen kontabilitatea egin beharko litzatekeela.

Ekai Centerreko zuzendari Adrian Zelaiak adierazi du erabakitzeko autonomia gehiago izanez gero dauden baliabideak dauden beharretara egokitzeko gai izango ginatekeela. Zelaia: «Borondatea dagoela erakutsi behar da, eta egun dugunetik abiatu». Subiranotasuna azpimarratu du Borjak. Haren arabera, Euskal Herriak bere baliabideak kudeatzeko gaitasuna izan, badu. Eta laster edo luze gabe, egoeraren diagnosi erreal batetik abiatuta, proposamenak bide horretan egitearen garrantzia aipatu du. Esan du ez dela erreza izango, baina neurriak hartu ezean okerrera egiteko aukera dagoela: «Arriskatu beharra dago. Neurriak hartzean, ez ditugu fruituak berehala ikusiko. Baina luzera begira, burujabeago izan gaitezke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.