UDAKO SERIEA. Politikari ohiak (eta V). Jose Antonio Urbiola.

«Herrialde baten ohorea da ETA antifrankista»

Napar Buru Batzarreko presidente 60ko hamarkadan eta 90ekoan, eta HBko lehen mahai nazionaleko kidea 1979an. Bere burua militante gisa identifikatzen du, eta abertzaletasunaren bi joera nagusiak ezagutu ditu, baita haien buruzagi nagusiak ere.
IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Joxerra Senar -

2016ko abuztuak 13
Jose Antonio Urbiolak (Agoitz, Nafarroa, 1937) ez du arazorik zuzentasun politikoaren marrak zeharkatzeko. Frankismo aurreko ETA goraipatzen duen bezala, 1978tik aurrerako ETA suharki kritikatzen du. Garai hartako ETAko kide nabarmenak ezagutu zituen, EAJko buruzagi historikoak ezagutu zituen bezala. Txinatarren madarikazioa bete da bere kasuan, eta garai interesgarria bizitzea egokitu zaio. Bi alditan, bederatzi urte eman zituen Venezuelan; lehenean, diktaduratik ihesi, eta, bigarrengoan, ETAtik aldentzeko. Abertzaletasunaren bi joera nagusietan militatu du. «Harro nago horregatik».

Zergatik sartu zinen politikan?

1958an, egun batez aitak deitu zidan On Jesus Agerre La Voz de Navarra egunkariko zuzendari izanaren etxera joateko. Mandatu bat zuen: «Hartu 300 pezeta, eta Zumarragarako trena. Trenetik jaistean, besapean egunkaria duen mutiko bat ikusiko duzu». Dena klandestinoa. Hastapen ikastaro bat egin genuen. Jose Antonio Agirrek, 1960ko abuztuan, beste ikastaro bat eman behar zigun Donibane Lohizunen, baina maiatzean hil zen. Dena den, beste buru historikoak ezagutu nituen. On Juan Ajuriagerrak, adibidez, maiz egin zuen lo etxean.

Gregorio Moran kazetariak dio Ajuriagerra buruzagi jeltzalerik inportanteena zela. Haren garrantzia ezabatu egin da?

Oso garrantzitsua zen. 1968an, behin, Etxarri Aranaztik Bilboraino Goma-2 lehergaiz betetako zapata kutxa baten azpian zuela itzularazi genuen. Erriberritik bueltan, materiala eramateko ba ote genuen galdetu, eta Etxarriko buzoi batean geneukan propaganda hartzeko esan genion. Buzoi hartan, Espainiako Itzuliko leherketan sobran geratutako materiala ere bagenuen. Jakin gabe, hartu zuten, eta Bilbon jabetu ziren Goma-2 zela. Abisatu zidaten, eta EBBren hurrengo bilerara izututa joan nintzen. «Urbiola, hurrengoan kontu handiagoa izan», esan zidan. Besterik ez. Gizon zorrotza zen, eta, erantzuten bazenuen, kontuan hartzen zizun.

Felipe Huarte, Felix Huarteren semea, 1972an bahitu zuten. Zeharka, kasu hark arazoak eragin zizkizun.

Ni ETAkoa nintzela esan zen, baina ez zen egia. Agoizko neska bat atxilotu zuten, eta, bizilagunak zirenez, amak eskatu zidan abokatu lanetan laguntzeko. Hamabost urteko espetxe zigorrera kondenatu zituzten Santanderren.

Bixente Serrano Izko ere tartean zebilen. Harengatik prozesatu zintuzten?

Adiskidetasun handia nuen. Donostiarako epaitegi militarrera joan nintzen sumarioa hartzera, baina etxean utzi nuen gauez irakurtzeko. Handik bi egunera, Bizente abokatu bulegoan aurkeztu zitzaidan. Ez nekien inplikatua zegoela. Jakin nahi zuen zer zioen sumarioak berari buruz. Esan nion gauean etxeratzeko. Gau hartan, afalostean, lasai begiratu, eta ikusi genuen itxura txarra zuela: 15-20 urte ez zizkion inork kentzen. Goizaldeko hirurak ziren amaitzerako. Bururatu zitzaidan etxerako bidean poliziekin topo egin zezakeela, eta, ez nekienez armarik ote zuen, lo egitera geratzeko esan nion.

Zer gertatu zen gero?

Bizente atxilotu zuten, eta, etxean hartutako ohar batzuk atzeman zizkiotenez, horri buruz galdetu zidaten epaitegian. Erantzun nien bulegora etorri zela kontsulta bat egitera, eta lanbidearen arabera jardun nuela. Bi hilabete egin nituen. Liskar handia sortu zen abokatu elkargoen artean. Ostikoka atera ninduten kartzelatik.

Berehala ihes egin zenuen?

Ez. Errekurtsoak jarri nituen, baina mezulari bat bidali zuten, Nafarroako Unibertsitateko irakasle ohi bat. «Urbiola, militarrek argi dute: edo bazoaz Nazio Batuetako Espainiaren ordezkaritzan lan egitera, edo espetxean 16 urte egingo dituzu». Pentsatuko nuela esan nion. Joan zenean, ez bata, ez bestea: muga zeharkatu nuen.

Alabaina, zergatik ihes egin zenuen Venezuelara?

Anaiarte errefuxiatu elkartearekin hasi nintzen lanean berehala. Denbora gutxi egin nuen, ordea, Frantzia 48 orduan uzteko agindua jaso bainuen. Dena den, poliziak ondo portatu ziren: Etxeto eta Erbiti, euskaldunak. Esan zidaten bilatzeko irtenbide bat eta gero sinatzeko agindua. Ramon Sota EGIko kide ohi bat arduratzen zen bidaiez, eta esan zidan Txinarako ontzi bat zuela prest. Eguberriak iristear ziren, eta, sendia etortzear zenez, ezetz esan nion. Handik gutxira, Carrero Blanco hil zuen ETAk, eta, mugak itxi zituztenez, familiak ezin izan zuen zeharkatu. Larri, edozein ontzitan sartzeko eskatu nion Ramoni. Alderdiak esan zidan lasai egoteko, bizpahiru hilean kanporatzeko aginduaren errekurtsoa izango zutela. Ontzia hartu, eta, Atlantikoaren erdian nengoela, Pompidou Frantziako presidentea hil zen. Esan zidaten ahazteko errekurtsoaz. Zorte txarra.

Bizitza aldatu zitzaizun 3 hilean.

Goitik behera. Erabat. Venezuelan lagun bat nuen: Pablo Mendazen, Gines anaia, aribearra, natur zientzietako Lasalle fundazioaren burua. Telegramaz esan zidan nola edo hala iristeko Caracasera. Nikaraguan lehorreratu, eta, Venezuelako mugan, pasaporterik gabe, kapitainaren gutun batekin aurkeztu nintzen. Hura komeria! Poliziek, errukituta, 72 orduko baimena eman zidaten. Gines anaiak, berriz, bilera bat antolatu zidan Venezuelako atzerriko ministroaren bigarrenarekin. Larri nengoen. Sartu zen atzerriko zuzendaria: «Zu zara Urbiola, eta zu zer zara Modesto Urbiolarentzat?». Nik, harrituta, esan nion aita nuela, eta hark: «Ni naiz Ignazio Barriolaren iloba. Badakizu nor den?». Ez nuen jakingo! Aitarekin heriotzara kondenatu zituzten hemeretzietako bat zen.

Venezuelan zeundela hil zen diktadorea.

Hura eztanda. Goizaldeko laurak zirela, telefono hotsa. Nire seme-alabak ziren: «Aita, hil da; itzuli ahalko zara». Hura euforia.

Itzultzean, zer egin zenuen?

Itzuli, eta herrialdea hankaz gora topatu nuen, erabat nahasita. Ez nuen ezer ulertzen. Perretxikoen antzera, hamaika alderdi atera ziren. Ni EAJkoa nintzen, baina lur jota geratu nintzen Franco hil ondoren hartutako norabidearekin. Ni NPBko presidente izatera heldu nintzen, eta inork baino hobeki nekien nor zen nor. Venezuelan jende askorekin egin nuen harremana, baita ETA militarreko kideekin ere. Azken garaian, kasurako, Hiriburun Argalaren adiskide egin nintzen nolabait.

Pertsona garrantzitsua zen ETAn. Nor zen egiazki Argala?

Oso garrantzitsua zen. Nik ETAren historia Argalaren aurretik eta ondoren bereizten dut. Aurretik, haren alde eskua jartzen dut, eta, gero, zentimo bat ere ez. Entzuten zuen: lasai asko hitz egin zitekeen harekin. Perturren pentsaera zuen: borroka armatua bigarren lerroan jarri behar zen, eta gizarte zibila, lehen lerroan.

Nafarroako Parlamentuko presidenteorde zinela atxilotu zintuzten, 1980an. Nolakoa izan zen atxiloketa?

Egiaz, hiru aldiz atxilotu ninduten, eta bitan lege antiterrorista aplikatu. Bigarrena izan zen barregarriena. Espainiako banderatxoa golkoan zeraman polizia batek galdetu zidan ea norekin bazkaldu nuen bezperan. Esan nion, eta hark arrapostu: «Gezurretan jarraitzen baduzu, hil arte jipoituko zaitut». Erantzun nion norekin eta zer jan nuen. Nire atzean zen atea ireki, eta neska gazte baten ahotsa entzun nuen esanez «Urbiolarekin bazkaldu» zuela. Erantzun nion ez zuela nirekin bazkaldu, baina ni ez nintzela Iruñeko Urbiola bakarra. Hiru minutu geroago, aske uzteko agindu zuen.

Eta lehenengo atxiloketa nolakoa izan zen? Zergatik?

Ez dakit zergatik. Lauzpabost konturengatik izan zen, baina ikuskizuna sortu nahi izan zuten. Eskarmentua eman nahi izan zuten, eta nik ordaindu nuen.

Sozialistei buruz zer duzu esateko? Trantsizioan, ikurrina eta euskal lurraldeen batasuna defenditzen zuten, besteak beste.

Nik hamabost urte eman nituen EAJn klandestinitatean, 1972ra arte, eta ez nuen sozialista bat bera ere ezagutu. Ezta bat ere! Garai hartan, erbesteko Eusko Jaurlaritzako kontseilua 16 kidez osatua zegoen, lau lurraldetako lau alderdiz. Hamabost geunden, sozialista nafarra falta zelako. Ez genuen bat bera ere lortu. Diktadura amaitzean ikusi nuen nor ziren. Asiaindarrak, Julio Asiain falangistaren semea; Arbeloa, errekete kapitain baten semea; Tajadura, gauza bera, eta hala denak.

Zergatik kritikatu zenuen HB 1983an?

Tejeroren estatu kolpearen ostean, HASIk erabaki zuen nolabaiteko klandestinitate batera itzultzea, eta koordinatzeko pertsona bat jarri zen. Hark esan zigun KASek eztabaidatu behar zuela parlamentua utzi behar genuela. Halako batean, HBren bilera batean, HASIko kideak irmo esan zuen parlamentua uzteko erabakia hartu zela. Bileratik atera, eta galdetu nion noiz hartu zen erabakia. Hark esan zidan eztabaidatu zutela. Esan nion nik ez nuela horren berri izan, eta erantzun zidan emazteari abisatu ziotela: gero, beste bilera bat egin zuten lehen hura egin zutenek. «Hasi gara txantxekin? Ez dut gustuko sistema hori», esan nion. Halako sorgin ehiza bat eratu zen. KASek ebazpen batean erabaki zuen atera egin behar zela.

Okerra izan zen?

Okerra baino gehiago, suizidioa. Izugarria. 1979an, HBk Erriberan kolpe bat eman zuen. Emaitza ulertezinak izan zituen, eta, hurrengo bozetan, gauzak ziren bezala, hobeak lor zitzakeen. PSOE ordezkatu genezakeen Erriberan.

Zergatik alde egin zenuen?

ETA ahalegindu zen nik lanik izan ez nezan. Parlamentua utzi ondoren, Donostian lanean hastekoa nintzen, eta bulegoko kideak esan zidan erakundeko ordezkariek ohartarazi egin zietela niri lanik ez emateko.Venezuelara joan nintzen, eta bi egunera lanean nintzen. Yoyesek esana zidan: «Jose Antonio, ez duzu onartzen erabakia? Erne ondorioekin». Ondo ezagutzen nuen Yoyes, eta banekien hura ez zela inongo txantxa.

Gertatutakoaz gogoeta egiteko balio izan zizun?

Argi ikusten nuen. ETAn hainbat garai daude... ETA antifrankista herrialde baten ohorea da, bakarra baitzen. Alderdi Komunistari eta EAJri ere aitortu behar zaie ezkutuko lan hori, baina ETAren ekintza zen ona. Zenbat sozialista mozkortu ziren Carreroren atentatuarekin, eta orain hori dena ezabatu nahi izatea...

Zergatik itzuli zinen?

Xabier Arzallusen gutun bat jaso nuen, esanez: «Zer egiten duzu hor? Hemen gaude nahi duzunerako». Gorde nuen. Bizi maila aparta nuen han, baina obsesio bat nuen: nire gurasoak. Telefonoa noizbait hartu eta hil egin zirela esango zidatela uste nuen.

Zer herrialderekin egin zenuen topo itzultzean?

Venezuelaren okerrena ekarri zidan gogora: aberats berriak. Mundu guztia autotzarrekin, oporrekin, bizi maila onarekin. Mundu guztiari loteria egokitu zaio? Politikoki, HBn hasi nintzen.Orkoiengo batzar batera joan nintzen. Joan aurretik ikusi nuena egonkortu zen. Nafarroako EAJ Bilboren menpe dagoela esan ohi da, baina HBrena baino menpekotasun handiagorik... Beste xehetasun batzuk ere izan ziren, eta EAJk ere presio egiten zidan.

Lizarra Garaziko garaia gertutik ezagutu zenuen. Zer ekarri zuen?

Oso polita izan zen, eta, era berean, ETAren beste txerrikeria bat. ETArena baino gehiago, haren jabe egin zirenena. Zergatik egin ziren bereziak ETAren jabe? Hor dira ETAren gaitz guztiak bilduta. Argentinako militarrei buruz esaten zena dut gogoan. «Militarrek, politika egiten hasten direnean, militarrak izateari uzten diote». Egia da. Estrategikoki, hondamendia izan zen, eta politikoki, kaka zahar bat. 30 urteko atzerapena eragin du. Gainera, gezurra. Nafarroa hitzaldiz hitzaldi zeharkatu, eta bezperan Oibarren geunden Pernando Barrena eta biok... gustura. Bi ikuspuntutatik aurrera eginez, elkarren arteko ertzak kamustuz. Eta, bat-batean, dena pikutara. Epeak direla, erritmoak direla... Baina zer erritmo? Inork ez zuen horri buruz hitz egin. Berriro ere inbidia madarikatua, bereziak ezaugarritu dituen agintzeko antsia: «Nik agintzen dut, eta kito». Lau faxistak pikutara bidali zuten dena. Entzungo nituzke gustura Otegi eta konpainia bakarka hizketan. Zer jasan behar izan duten!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna