ETAren ibilbidea. Elkarrizketak (V). Mertxe Galdos.

«Ezker abertzalekoak ez ziren nafar-nafarrak ere izan genituen laguntzen»

1977an sartu zen ETAn Mertxe Galdos, eta handik bederatzi urtera atxilotu zuten, Iruñean. Hego Euskal Herriaren zatiketa administratiboa burutu berriko garaiak ziren. Uste du Madrilentzat Nafarroa estatu auzia zela, eta Poliziak laborategi moduan erabili zuela herrialdea. Esan du Aljerkoa aukera handi bat izan zela.
ENEKOITZ ESNAOLA

Enekoitz Esnaola -

2018ko maiatzak 9
Ezkiokoa (Gipuzkoa) da Mertxe Galdos (1955), eta umetan eta gaztetan Zumarragarako joera zuen. Handik bi kilometrora dago haien baserria, eta Zumarragan hasi zen kontzientzia bat hartzen. 1977an ETAn sartu zen, 22 urte zituela.

Nolako ingurunea zeneukan umetan eta gaztetan?

Gure inguruko mugimendua soziala zen, langile borroka handia zegoen. Zumarragan Orbegozo lantokia zegoen, eta askotan egiten zituzten grebak. Zumarragan, eskola elizaren ondoan genuen —mojatan ibili nintzen—, eta herrigunean egundoko mugimendua izaten zen: manifestazioak, grisak... Guk 13-14 urterekin egin genuen aurreneko greba, Orbegozokoen alde. 15 urte nituela Burgosko Prozesua izan zen, eta horrek ere eragin zidan. Sentimendu nazionala ere baneukan, herri txiki batekoa eta baserri mundukoa nintzelako.

Zertan hasi zinen?

17-18 urterekin, hasieran, laguntzen eta propaganda-eta banatzen, baina artean ez modu antolatuan. 20 bat urte nituela, uste dut inguruko gehienak ETApm-koak zirela, eta haiei laguntzen nien. Autoko gida baimena oso azkar atera nuen, jende askok ez zuen oraindik, eta horretaz ere baliatu nintzen jendeari muga pasatzen laguntzeko eta beste.

Nola gogoratzen duzu Francoren diktaduraren bukaera?

Erregimenaren hausturarik ez zegoen, eta ETAn sartu nintzen, 1977an. Uste nuen borroka armatuak lagundu zezakeela erregimenarekin mozten, ekarpen bat egin zezakeela pausoak azkartzeko. [ETA] Erakundea oso indartsu zegoen. Asaldura handiko uneak ziren Euskal Herrian, eta askok ikusten genuen trantsizio demokratiko baten beharra. Baina ez zeuden horretarako baldintzak.

Zergatik sartu zinen ETA militarrean eta ez ETA politiko-militarrean?

Erregimenarekin hausteko argiago ikusten nuen ETAm-ren bidea. Bestalde, hark ez zituen egiten politika eta borroka armatua biak batera, eta poli-miliek, bai. Hori, gainera, oso garrantzitsua zen erorketa masiboak saihesteko. ETA barruan garai zaila izan zen hura, bi adar sortzean kuadrilla asko apurtu egin zirelako.

1979an egin zenuen ihes.

Guardia Zibilak kide bat gure izenekin harrapatu zuen. Gogoan dut ospa egin nuen eguna: 1979ko apirilaren 17a. Ekainean sartu nintzen bestaldean [Ipar Euskal Herrian]. Garbi nuen halako batean gerta zitekeela ihes egin beharra. Kartzelara joatea baino askoz hobea zen.

Zer girorekin topo egin zenuten Ipar Euskal Herrian?

BVEren eta Triple A-ren garaiak ziren. [Jose Miguel Beñaran] Argala hil zuten urte erdi bat lehenago, esaterako. Iheslari batzuk handik alde egiten hasiak ziren.

Nolako bizimodua zeneraman?

Etxean egoten ginen asko, oso-oso gutxi ateratzen ginen; tarteka, familia ikusteko. 1980ko hamarkada hasieran, Parisek paperak eman zizkigunean, kalean iheslari gehiago ikusten zen, baina hori bukatu zen. 1983an, GAL hasi zen, gainera.

Atentatu saiorik edo bestelako arrisku unerik izan al zenuen?

1983an, ETAm-k [Diego Prado y] Colon de Carvajal bahituta zuenean, atzetik ibili genituen poliziak, motoarekin eta.

Sostengu sozial handia al zenuten Ipar Euskal Herrian?

Bai. Nik beti neuzkan bizpahiru etxe gordetzeko. Hori bai, segurtasun neurri gisa, ez genuen beste kideen etxeen berri izaten. Kideekin bilkurak etxetik kanpo egiten genituen. Gordeta, Iparraldeko barnealdean egoten ginen; familiarekin, berriz, batik bat Miarritzen eta Baionan elkartzen ginen.

Zenbat emakume zeuden ETAn 1970eko hamarkada bukaeran?

1979an ihes egitean, gure taldean ni baino ez nintzen emakumea, eta erakundean bospasei egongo ginen, nik dakidala. Gizonezkoek militatzen zuten orduan, eta emakumezkoak etxean geratzen ziren, hango kargu eginez. Orduko egoeraren isla bat zen. Iparraldean ikusten nituen emakumeak inguruan, baina ez nekien iheslarien emazteak ziren ala beraiek ziren militanteak. Bikote baten kasuan, ia batere ez zenuen ikusten militantea emakumea zena eta ez gizona. Denborarekin jakin nuen zuzendaritzan [Maria Dolores Gonzalez Katarain] Yoyes egon zela eta emakume gutxi batzuk bazirela komandoetan.

Ordiziakoa zen Yoyes, Goierrikoa, zu bezala, eta urtebete zaharragoa.

Baina ez nuen ezagutzen. Esan bezala, gure joera Zumarraga aldera zen, ez Beasain-Ordizia aldera. Ni 1979an joan nintzen Iparraldera, eta Yoyes orduan joan zen handik.

Belen Gonzalez ezagutu al zenuen?

Bai. Hura ere Goierrikoa zen, Lazkaokoa, baina ez nuen han ezagutu; bistaz bai, baina ez gehiago. Iparraldean ikusi izan genuen elkar, tarteka; euskara ikastaroetan, adibidez. Preso nengoela idazten ginen pixka bat.

Orain dela urte eta erdi bat, Usurbilen preso ohien itxialdian, Maria Ruz de Torrado antropologoak hitzaldi batean esan zuen gehiagotan egiten direla balorazio moralak delituaren egilea emakumea denean gizonezkoa denean baino. Zuk genero aldetik zer bizi izan zenuen militante zinenean?

Nik erakundeari buruz hitz egin dezaket. ETA ere gizonen erakunde bat zen, baina nik ez nuen sekula arazorik izan; ni ez nintzen, emakume izateagatik, baztertua sentitu. Eginkizunak taldeko kideen artean erabakitzen genituen. Hori bai, jendeak edo etsaiak garai haietan ez zuen pentsatzen ekintzaileen artean emakumeak egongo zirenik.

ETAren pisuetan kideen artean etxeko lanetan nabaritzen al zenuen berdintasunik?

ETAko kide batzuk, igual, matxistak izango ziren, baina gizartea ere halakoxea zen. Orduan, ez zegoen mugimendu feministarik, ez zegoen kontzientzia hori. Baina guk etxeko lan guztiak denen artean egiten genituen, txandaka, eta arropa plantxatu, bakoitzak berea. Josten lagundu izan nuen.

Esan al daiteke Nafarroako komandoan ibili zinela?

Han atxilotu ninduten.

1970eko hamarkada bukaera eta 1980ko hasiera zen. Zer Nafarroa ikusten zenuen? Ordurako Hego Euskal Herrian zatiketa administratiboa bazegoen.

Mugimendu handia eta giro ona zegoen Nafarroan. Oso borrokalaria zen jendea. Nire ustez, zatiketa horri buelta emateko aukera ikusten zen, baina, agian, ezker abertzaleak ez zuen jakin izan Nafarroako errealitatea behar bezainbeste hartzen aintzat.

Zer dela eta?

Hego Euskal Herri osoko egoera berdina balitz bezala jokatu zuen ezker abertzaleak —ETAk barne—, eta bazeuden berezitasunak. EAEn ez bezala, Nafarroan HB parlamentura joaten zen, eta momentu batean erabaki zen ateratzea. Nafarroan gure jende asko ez zegoen ados horrekin. Han bateragarriak ziren jarduera armatua egitea eta instituzioetan egotea.

Zer moduz babes aldetik han?

Abertzaleen artean, HB zen nagusi, indarra zuen Nafarroan; baina gure inguruan, ezker abertzalekoa ez zen eta nafar-nafar sentitzen zen jende bat ere izan genuen laguntzen. Beti genituen bi, hiru, lau etxe gordetzeko. Ez genuen nabaritu babes soziala txikitzen. Hori geroago sumatu zen; agian, Aljerren ostean, espetxean ginela bisitetan esaten zigutenez, eta, gehiago, Lizarra-Garaziren ondoren.

Madrilentzat, Nafarroa estatu auzia al zen?

Bai. Foru Hobekuntza erreferenduma egin gabe onartu zuten, 1982an. Aitortu behar da, ordea, Nafarroan egiten zirela ETAren atentatu jakin batzuen aurkako Hegoaldeko mobilizaziorik handienak. [Jose Javier] Uranga Diario de Navarra-ko zuzendariaren kontrako ekintzan [1980], esaterako. Baina Urangaren aurkako ekintza puntuala izan zen. Edo begira hautetsiena; ez zeuden helburuen artean, gure artean pentsaezina zen haien kontra egitea. Komando Autonomoek Enrique Casas PSEkoa hil zuten 1984an, eta kontra azaldu ginen.

Poliziak Nafarroa bereziki al zuen zainduta?

Baietz esango nuke. Poliziaren laborategi moduko bat zen Nafarroa. Adibidez, egundoko kontrol pila jartzen zituzten hirigunean bertan; jarri, kendu eta segituan jarri beste toki batean.

Urteekin, Hegoaldeko bi eremu administratiboak urrunduz joan ziren. Zergatik? ETAren jardueragatik bai?

Denok izan genuen errua edo ardura, ETAk barne.

Orain, ezker abertzaleak dio eremu administratibo bakoitzak bere erritmoa izan behar duela, bakoitzak sortu estatua, gero konfederazioa eratzeko...

Ondo ikusten dut.

1986an atxilotu zintuzten.

Iruñean. Gure taldearen lokal batera joan ginen, eta ondoren izan zen operazioa. Zaintzan izango zuten lekua. Komandoko bi atxilotu gintuzten, eta laguntzaile batzuk ere bai. Tiroz hartu gintuzten. Bi bala ditut gorputzean. Kuarteletik berehala eraman ninduten ospitalera; pentsatzen zuten hilda nengoela. Hamahiru-hamalau egunez inkomunikatuta izan ninduten, erietxean.

Malagako espetxean bakartuta egon zinen sei urtez.

1989an eraman ninduten hara, estatuak dispertsioa modu orokorrean hasi zuenean. Senideen bisitak hamabostean behin soilik izan nitzakeen Malagan, eta bakoitza, bost minutukoa. Zigortuta izaten ninduten sarri. Neu nintzen preso politiko emakumezko bakarra. Gainera, hasieran Malagako kartzela ez zegoen prestatuta emakumeentzat; egokitu zuten modulu bat gero, eta emakume asko toki txiki batean egon ginen. Neu, bakartuta; sei urtean ez nuen beste presorik ikusi. Bi ordu bakarrik nituen atari txiki-txiki batera ateratzeko. Ziegan, berriz, oso baldintza txarretan egon nintzen; esate baterako, argia pizteko botoia ziega kanpoan zegoen, eta funtzionarioek maneiatzen zuten.

Ehunka urteetako kartzela zigorra jarri zizuten. Nola egiten zaio aurre halakoetan etorkizunari?

Orduan, presook esaten genuen bost urterako kalean egongo ginela, negoziazio bat etorriko zelako. ETA indartsu zegoen, eta Aljerkoa etorri zen, 1989an .

19 urte egin zenituen preso.

Zorte ona izan nuen. Zigor Kodearen arabera, gehienez 30 urte pasa nitzakeen kartzelan, baina espetxe onurengatik 11 urte gutxiago pasatu nituen. Preso hamabosten bat urte neramatzanean, abokatuak eskatuta erredentzioak eskatzen hasi nintzen. Toki zehatz batzuen garbitasuna egiteagatik, ikasketengatik eta gimnastika egiteagatik eskatu nituen, eta egun pila bat eman zizkidaten.

Nola ikusi zenuen Aljerkoa?

Hasieran, itxaropen handiz. Aukera baten moduan ikusten zen. Gainera, mahaiaren bestaldean estatua zegoen. KAS Alternatiba zen konponbiderako gure eskaintza; negoziatuta, gauzatzeko modukoa. ETA izango zen negoziatuko zuena estatuarekin. Urteak pasatuta ohartu nintzen Aljerkoa egundoko aukera izan zela.

ETAm-k orduan eman zuen bere aurreneko su-etena.

Aurretik, kartzeletan bagenuen informazio pixka bat, eta normaltasunez hartu genuen erakundeak su-etena ematea. Uste dut indar posizio on batean iritsi zela ETA Aljerkora, baina baliteke behar bezala ez kalkulatzea prozesuaren haustura; agian, ez zituen neurtu ondo indarrak.

Pazientzia falta?

Orain aztertuta, pazientzia handixeago behar zen, igual. Esperientzia falta ere bazegoen. Eta gizartea aldatzen ari zen. Baina ez zen erraza horretaz guztiaz ohartzea orduan; ETAk indarra zuen.

Bukatu du ibilbidea ETAk.

Gogorra izan da, baina baita erakundean egon direnentzat ere, oso gogorra baita erakunde armatu batean egotea. ETAren ibilbide politikoa positiboa izan da. Erakundea ez balitz sortu, Euskal Herria ez zen gaurko egoeran egongo, agian. Hala ere, estrategia aldaketa urte batzuk lehenago etorri izan balitz, hobeto.

Etorkizuneko lehentasunak?

Presoak etxera ekartzea. Ipar Euskal Herrian oso dinamika ona daramate. Hegoaldean jendea nekatu samar ikusten dut, baina Altsasuko auzian sekulako mobilizazioa egon da, eta, beraz, badut itxaropenik. Hala ere, kostatuko zaigu Madril mugiaraztea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna