ETAren ibilbidea. Elkarrizketak (VI). Carmen Gisasola.

«ETAk zazpi urte galdu ditu eszenifikazioan, eta presoena zaildu egin da»

ETAn urteak igaro ostean, haren estrategiatik aldendu egin zen Carmen Gisasola, kide batzuekin batera. Lizarra-Garazi aurreko garaiak ziren. Uste zuen garaia zela borroka armatua alboratzeko eta fase politikora pasatzeko. Gero, Langraiz bideko kideetako bat izan zen. 2011n hasi zen baimenekin, eta 2014an utzi zuen kartzela.
JON URBE / FOKU

Enekoitz Esnaola -

2018ko maiatzak 12
ETA sortu zen urte berean jaio zen Carmen Gisasola (Markina-Xemein, Bizkaia): 1958an.­ Herri euskadun batekoa zen, baina kontu politikoetan, "isiltasuna" etxean. 15-16 urte zituela hasi zitzaion kontzientzia pizten, irakasle baten azalpen baten ondotik. ETAn sartu zen. ETAtik bidali egin zuten gero.

Nolakoa zen Markina-Xemein zure gaztaroan?

Gure etxean isiltasuna zen nagusi, inoiz ez zen politikaz hitz egiten; gurasoek gerra denbora-eta ezagutu zutelako, seguru aski. Baserrikoa naiz, baina abertzaletasuna zer zen ez nekien nik. Markinan denok euskaldunak ginen, etxean euskaraz egiten genuen, baina kalean, erdaraz. Kolegioan behin irakasle batek azaldu zigun zerbait abertzaletasunaz, 15-16 urte nituela. Orduan hasi nintzen kontzientzia hartzen. Herrian kultur talde batean sartu nintzen.

Noiz hasi zinen ETAren berri izaten?

Burgosko prozesua [1970] ez nuen bizi izan. 1977an amnistia eman zen, eta hori badut gogoan.

Zer dela-eta hasi zinen kontu politikoetan murgiltzen?

Nire gaztaroan ETA injustiziaren aurkako ikurtzat genuen, eta oso eslogan sinpleekin mugitzen nintzen. Euskal Herri euskalduna, sozialista eta independentea iraultzaren bidez, borroka armatuaren bidez lor zitekeela uste genuen. Munduan gerrillak puri-purian zeuden, ondo ikusiak ziren zapalkuntzaren aurkako tresna moduan. Horrek eragina izan zuen, eta, geure burua iraultzaile sutsutzat genuenez, kontsekuente jokatu nahi nuen, eta hor sartu nintzen. Gainera, pentsatzen nuen Herriak ETArekin egon behar zuela. Ondorioz, hor sartzea niretzat naturala izan zen.

Noiz sartu zinen ETAn?

1980ko hamarkadaren hasieran. Herria askatzeko tresna bat zen borroka armatua guretzat. Frankismoa amaitu eta gero hainbesteko isiltasuna zegoen, ezen ETA aire fresko bat baitzen. Baina beste jende askorentzat ez zen derrigorrezko bidea. Gu ez ginen behartuak ikusi hor sartzera, baina baziren beste batzuk bide politikoa aukeratu zutenak. Beste askok, berriz, lehentasuna euren egoera pertsonalari eman zioten, ezertan busti gabe Gora ETA-ka oso erradikalak zirenak. Hiru plano horiek zeuden.

Babes handia al zuen ETAk?

1980ko hamarkada hasieran sostengu zabala zeukan; jendea zuen, azpiegiturak zituen, laguntza handia, popularra zen, baita Frantziako Estatuan ere, eta enpatia bat zeukan. 

Noiz arte, zure ustez?

1980-1985 aldian, erreforma politikoa normalizatuz joan zen. Gernikako Estatutua eta Foru Hobekuntza hedatuz joan ziren, eta gizartea gero eta konformistago ikusten nuen. Nabaria errealitate sozio-politikoa aldatzen ari zela, baina ETAk berean jarraitu zuen. Espainiako Estatuan demokrazia hedatuz zihoan heinean, borroka armatuarentzat ez zegoen tokia, eta horrek gurean ere eragina izan zuen; indarkeriak ezin zuen eman fruiturik. Hori bai, jende askok segitzen zuen diskurtso iraultzailearekin, baina praktikan burges txikiak besterik ez ginen. 

Zer nabaritu zenuen?

Bazegoen kontraesan bat: seme-alabak kanpora bidaltzen zituzten, hemen arazoetan sar ez zitezen. Edota klandestinitatean atea itxi zidaten gehienak ezker abertzalekoak izan ziren. Neu orduan hasi nintzen kontraesanekin.  

Noiz egin zenuen ihes? 

1983an. Ipar Euskal Herrira.

Zerekin topatu zinen?

Orduantxe hasi zen GAL. Horrek Iparraldeko erretaguardia ahultzea ekarri zuen. Beldurra sortu zuen, eta iheslari askok alde egin behar izan zuten, edo Frantzian barrena ezkutatu ziren.

Nolako bizimodua zeneraman?

Iparraldean ez nuen denbora askorik egin. Donibane Lohizunen, Miarritzen eta Baionan egon nintzen, eta Hendaian pixka bat. Segurtasunagatik, Frantziako Estatuan egon nintzen.

1980ko hamarkada hasiera, zu emakumea, ETAn militatzen...

Nik bikotekidea nuen, ezkondua nintzen. Gudariaren mitoa beti gizona zen, eta normalena zen gizona errefuxiatuta egotea, hura izatea militantea, eta emaztea harekin joatea. Nire kasuan, alderantziz gertatu zen: nire bikotekidea Hegoaldean geratu zen; ez zeukan ezer ikustekorik ETArekin. Ni komando legal batean nengoen, eta, errefuxiatu nintzenean, mundu guztiak esplikazioak eskatzen zizkidan, ni emakumea izanik militantea nolatan, zergatik ez gizona... Gauza anormaltzat zuten. Halako batean erantzun nuen nik ez niela esplikaziorik eskatzen, eta, beraz, niri ere ez eskatzeko. Gero aldatu zen hori.

Zenbat emakume zineten ETAko kideak?

Oso gutxi.

Erakunde barruan nola banatzen ziren egunerokotasuneko lanak?

Niri sukaldean egitea sekula ez zait gustatu, eta taldeko mutilek egiten zuten. Nik etxeko garbiketa egiten nuen. Hala adostu genuen, eta, beraz, guztiok pozik. Baina ETAn boterean zegoen jende bat ikusi izan dut genero ikuspegitik abusuak eta eraso saiakerak egiten militante batzuekin, edo haien etxeetan.

Jarduera handia zeukan ETAk.

Kanpotik, jendeak erakunde handitzat zeukan, erraldoitzat, eta hasiera batean hala izango zen, baina neu barrutik ezagutzera iritsi nintzenean, sarekadak hasi zirenean eta GALengatik erretaguardia ahultzen hasi zenean, mitoa hankaz gora erori zitzaidan. Konturatu nintzen talde batzuk besterik ez ginela, ETA ez zela Herria –Herriaren zati txiki bat besterik ez ginela–, ateak itxi egiten zizkigutela... Azken batean, ikusten hasi nintzen estrategia militarra ezin zela garatu herriaren aurka, eta ETAren jardunak estatua baino ez zuela indartzen. Hala ere, iritzia ez nuen aldatu egun batetik bestera; prozesu baten ondorioz gertatu zen. 

Atentatu saiorik izan al zenuen?

Neuk ez. Ezagunak nituen batzuek, bai.

Zeuk ETA ikusten al zenuen Espainiako Estatua negoziatzera behartzeko moduan?

Zuzendaritzan ez zeuden militanteek ez zekiten mahaian jarriko zen ETA, zer negoziatuko zen. Inoiz ez genuen informaziorik izan, ez Aljer garaian, ez Lizarra-Garazin. Aljerkoaren aurretik Txomin [Iturbe] zegoen, eta beti esaten zuen orduan negoziatzen ez bagenuen porrotean amaituko genuela. 

Aljer aurretik, ETAk atentatu handi batzuk egin zituen, bonba-auto bidez. 1987an, adibidez, Hipercorrekoa eta Zaragozakoa­.

Hipercorrekoa hanka sartze handi bat izan zen. Zaragozakoan ere umeak-eta...; pentsa. Nik dakidala, Zaragozakoa egin zutenak horren aurka ziren, eta oso gaizki pasatu dute horrekin. Baina ETAn batzuek zioten ahal zen gogorren jo behar zela. Baziren zuzendaritzaren ildoa jarraituz senideak eta umeak kaltetuak izatea onartzen zutenak, nahiz eta beste batzuoi onartezina iruditzen zitzaigun.

Barruan sortu al zen eztabaidarik atentatu haien ondorioz?

Ez. ETA barruan ezin izan da inoiz ezer eztabaidatu. Zuzendaritzak esaten zuenari, amen; eta, bestela, bazterketa.

1989an, Aljerko negoziazioak.

Txomin bizi izan balitz, negoziazioak jarraitu egingo zuen, posible baitzen segitzea, eta han amaituko zen ETAren ibilbidea. Baina, zoritxarrez, Txomin hil egin zen [1987an]. Aljerren egon ziren militanteak eta arduradun politikoak –[Eugenio Etxebeste] Antton, Iñigo Iruin, Rafa Diez...— kontziente ziren egoeraz, errealitatearen berri bazuten, baina.... 

Iruin eta Rafa Diez ez ziren ETAko ordezkaritzako kideak.

Hegoaldeko aparatu politikoak ETAri men egiten zion. Askoz errazagoa zen ETAk esaten zuenari jarraitzea, hortik kanpo geratzea baino. Txominen aldekoak baztertu egin zituzten.

Zein?

Iñaki Esnaola eta Christianne Fando, gehienbat. Txominek berak bere ordezko [Jose Luis Arrieta] Azkoiti ipinita zeukan, baina hura ere kendu zuten, eta Antton jarri. Baita Josu [Urrutikoetxea] Ternera ere. Jausi itzela gertatu zen. Laguntza ematen zigun jende bat atea ixten hasi zen. Botoa ematen zuten, baina atea ixten hasi ziren. Ordura arte, azpiegitura egonkorrak genituen, familienak-eta; geroztik, ikasleenak edo erretako jendearenak, etxeak alokatu behar ziren...

Aljerren zer lor zitekeen?

Ez dakigu. Nik dakidana da politikoki hizketan ari zirela, negoziazioa teknikoa baino gehiago —presoak...— politikoa zela, eta uste dut hala segitu behar zela. Baina moztu egin zuen ETAk, modu txar batean moztu ere. Zergatik? Madrilek ohar batean hitzen bat ez zuelako aipatu? Txorakeria bat zen.

Zerk huts egin zuen Aljerren?

Aljerren eta Lizarran, eta pentsatzen dut Loiolan ere hala gertatuko zela, erakundea ez zen joan negoziaziora fase militarra alboratu eta fase politikora pasatzeko hausnarketa eginda, eta joan behar zuen, nire ustez. Irlandan argi zuten fase politikora pasatu behar zutela. Gurean, militanteek ez dute parte hartu izan horretan; zuzendaritzako bi-hiruk eta kito, hori izan da beti jarraitu den eskema. Baina ETAri gertatu zitzaion negoziazio mahaian jarri izan zen aldiko gero eta egoera kaskarragoan eseri zela. Txomin kontziente zen horretaz, besteak ere bai, baina... 

Ezagutu al zenuen Txomin?

Bai. Ikusgarria zen. Edonorekin hitz egiten zekien, edozein alderdi politikorekin... Lider bat zen, eta oso ondo baloratutakoa. Besteak, berriz, kudeatzaileak izan dira, eta ez da gauza bera. Pena handia izan zen Txomin galtzea.

Aljerko mahaia eratu baino lehenago sortu zuten Ajuria Eneko Ituna: 1988an. Nola bizi izan zenuten?

Ez genuen bizi. Burbuila batean geunden. Orduan ETAko zuzendaritzak beste helburu bat jarria zuen: 1992a, Sevillako Expoa eta Bartzelonako Olinpiar Jokoak zeudelako. Estatuari indarra zuela erakutsi nahi zion, berriro negoziazio bat hasiko zutelakoan. Baina inoiz pentsatu ez zena gertatu zen: ETAko zuzendaritza osoa atxilotu zuten 1992an, Bidarten, Expoa eta Jokoak hasi aurretik. Ikusita nola funtzionatzen zuten, Bidartekoaren aurretik zuzendaritzako bati aipatu nion egunen batean denak eroriko zirela. Bidart aurretik ere talde legalak antolatzeko arazoak zeuden, jende gehiena erreta zegoelako, eta suzedaneo bat jarri zuten martxan: kale borroka. Begira horrek gazteei zer ondorio ekarri dizkien; oraindik ere ordaintzen ari dira.

1990ean atxilotu zintuzten.

Bizitzako beste etapa baten moduan hartu nuen espetxea. Klandestinitatean neurri asko hartzen nituen, baina banekien gerta zitekeela atxiloketa.

Nola ikusi zenuen kartzelatik ETA?

1992tik aurrera, gainbehera batean. Aurrekoen hausnarketak eta esperientzia kontuan hartu gabe, hutsetik ari zen zuzendaritza berria. 1993an guardia zibil bat barruraino infriltratu zen. Zuzendaritzakoen txofer lanetan ibili zen. Poliziak hamar bat urte kontrolpean izan zuen zuzendaritza, eta komeni zaiona atxilotzen zuen. Ahultasuna asumitu beharrean, sufrimenduaren sozializazioaren estrategia abian jarri zuten Hegoaldean, Oldartzen txostenarekin, eta ikusi zer ondorio sozio-politiko ekarri zituen. Gizartean zauriak handitu egin ziren, eta herriaren konfiantza galtzen joan zen ETA.

1995ean, eskaintza politiko berria aurkeztu zuen: Alternatiba Demokratikoa.

Ez zen ezer berria. ETAk egin behar zuena zen gelditu, eta fase politikora pasatu. Ez zegoen gogoeta hori, ordea. Ezinaren ezinera iritsi arte segitu zuen borroka armatuarekin. Irlandan Stop! esan zuten. Gerry Adamsek bere liburuan dio bi aukera zituztela: tabernetan ekintzak goraipatu eta militarki jotzen jarraitu, edo fase politikora pasatu, eta dio errazagoa zela lehena, baina bigarrena hautatu zuten. Gurean, alderantziz gertatu da, porrot egiteraino. Argi ikusten nuen ETAren ekintzak estatua menperatzea helburu izatetik, erakundearen biziraupen izatera pasatu zirela. 

Noiz erabaki zenuen aldentzea?

Kartzelara eramatean, Fleuryn zortea eduki nuen IRAko militante batekin egoteko, eta konturatu nintzen haiek egundoko aurrerapena egina zutela fase politikora pasatzeko. Brigada Gorrietako batekin ere egon nintzen, eta esan zidan eskerrak ez zutela irabazi, bestela [Benito] Mussolini baino okerragoak izango omen zirelako. Begiak ireki zizkidan talde itxi eta militarren funtzionamenduarekiko. ETAren estrategia armatuak estrategia politikoa oztopatu egiten zuela ikusten nuen, ez zirela bateragarriak.

ETAko zuzendaritzari idatzi zenion, beste preso batzuekin batera.

Oldartzen-en estrategia ere ez nuen ulertzen, baina ez nik bakarrik, batez ere Frantzian zeuden beste preso batzuek ere ez zutelako ulertzen, eta pentsatzen nuen gizarteari bizkarra emanda marjinalizazioaren bidean gindoazela. Horrek mina ematen zidan. Gobernua askoz indartsuagoa zegoen, eta, neurri polizial eta judizialekin, ezker abertzalea oso egoera zailean ipini zezakeen. Hori dela-eta, espetxe batzuetako preso batzuk gutun bat idatzi genion ETAko zuzendaritzari, 1998ko udan. Irlandakoak ilusioa piztu zigula esaten genuen. Jaramonik ez zigun egin; konfiantza itsua izateko eskatu zigun. Porrota porrotaren gainean jasotzen egon arren, bidaltzen zituzten agirietan-eta autokritika txikienik ez zuen egiten inork. 

ETAk erakundetik kanporatu zintuen, 1998ko irailean, Lizarra-Garazi hasi baino zerbait lehenago.

Horrelako erakundeetan jarrera kritikoa onartzen da, baldin eta nekatuta edo erreta badago bat. Baina esaten baduzu ez zaudela ados, militantziaz egiten duzula eta beste batzuekin partekatzen duzula, hori ez dizute barkatzen, inon ez. Eta bota egin ninduten.

Borroka armatua ezbaian jartzen al zenuen, edo garai hartako borroka armatu mota?

Borroka armatua. Ez zuen balio.

Nola hartu zenuen Lizarra-Garazi akordioa?

Pozez. Isildu zen ETA. Baina kale borroka ez. Gainera, Lizarra-Garaziren bukaera aldera ETAk planteatu zuen Euskal Herri osoko legebiltzarra eratzea. Haluzinantea zen hori, utopikoa. Galdetzen genuen ea ETA serio zebilen ala ez. Ezinezkoa zen instituzioak hankaz gora botatzea. Funtsean, borroka armatua segitzeko plana zegoen, eta hala gertatu zen. Iskanbila handia egon zen ETA barruan, haren egituretako jendeak ez zekielako su-etena amaitzea erabaki zenik. Gero atxiltotu zituzten haietako batzuek neuri kartzelan esan zidaten hori. Ezker abertzalean ere jende askok ez zuen ulertu prozesuaren haustura, eta gero eta nabarmenago esaten zen estrategia politiko-militarra ez zela bateragarria politikan aritzeko. Desilusio handia sortu zuen bukaerak.

EPPK utzi zenuen, zeuk.

Bai, Loiolakoa [2006] eta gero. Presook buruan sartuta genuen negoziazio baten bidez irtengo ginela eta ez legedia jarraituta, eta etorri zen prozesu bat [2005-2007]. Begibistakoa zen azkeneko negoziazio saioa izango zela; pentsatzen genuen presoen inguruan gutxienez zerbait adostuko zela, baina ikusi zen ezker abertzaleak ez zuela ausardiarik izan ETAren proposamenari aurre egiteko. Ezker abertzaleak esan izan balio ETAri zerbait egiten bazuen bera desmarkatu egingo zela, ETAk ez zukeen T4koa egingo; ezingo zukeen egin. Baina ez zion egin aurre. ETArentzat jada edozer zen libre, aurretik hasi zelako hautetsien, kazetarien eta besteen aurka jotzen, inolako botererik ez zuen jendearen aurka, helburu errazen aurka, eta horrek ere ez zuten ez hanka ez bururik. Beraz, T4koa, beste ekintza bat izan zen. 

Beste ekintza bat soilik? Su-etenean zegoen.

ETAren ihesaldiaren isla bat izan zen.

ETAk zergatik utzi zuen, 2011n, jarduera armatua, zure ustez?

Ezker abertzalean jendea Aralarren inguruan bilduz zihoan, eta horren beldur handia zuten. Baina ETAk pentsatu zuen zerbait negoziatuko zuela Madrilekin. Hark eta buruzagi politikoek ez dute jakin izan behar zen momentuan bukatzen borroka armatua. Eurak urte askorako kartzelatuak izateko arriskua ikustean egin zioten aurre ETAri buruzagi politikoek. Hala ere, gobernuak lagundu egin zien sasia kentzen, hau atxilotuz, hau ez, eta ETA ahul baten aurrean pausoa eman zuten [Arnaldo] Otegik eta hauek. Loiolakoan ere posible zuten aurre egitea. Herrietako batzarretan erabaki zen borroka armatua bukatzea; ETAkoak ez ziren militanteek erabaki zuten.

Zuen kasuan, eraginik izan al zuen egoera pertsonalak, kartzelan egoteak?

Atxilotu aurretik azaldu genituen kezkak eta dudak batzuok, baina ez zuten ezertarako balio izan. Loiolakoaren ostean utzi nuen [EPPK] kolektiboa, baina, azken batean, militantziaren jarraipen bat zen hori.

Nola sortu zen Langraiz bidea?

Komisario politikoen menpe geunden, eta manipulazio hutsarekin bizi ginen. Gainera, urte askoan kartzelan egoteko perspektiba geneukan. Baina baginen preso kritiko batzuk. Zaragozako eta Asturiasko kartzelatan bildu gintuzten, eta Langraiz bidea sortu zen gero. Garbi genuen aurrerantzean ez zela egongo inolako negoziaziorik. Etorkizunari begira, PSOEren gobernuak legedia malgutasunez aplikatzeko esparru bat proposatu zuen, eta, horretarako, bakoitzak borroka armatuaren hautua baztertu behar zuen, eta eragindako kaltea onartu. Sinatu eta berehala Langraizen ginen; bigarren gradura pasatu, eta baimenekin hasi ginen, norberaren zigorraren arabera. Neu 2011n hasi nintzen. Batzuok ez genituen barkamen eta damu hitzak erabili. Bakoitzak nahi zuen hitzekin adierazi zuen bere hausnarketa kritikoa.

Gutxiengo batek jarraitu zuen bidea: 27 euskal presok.

Gu baino kritikoagoak pila bat zeuden, nahiz eta motibo batzuengatik ez zuten gure bidea jarraitu. Zaragozako kartzelan Mahai Nazionaleko hirukin geunden, eta haiekin adostu genuen zer jarri eta zer ez, eta nola idatzi. Oso testu txukuna iruditu zitzaien. Kolektiboan ehun kide baino gehiago zeuden ados gure bidearekin, baina ETAk jarduera armatua bukatu zuen eta pentsatzen zuten berehala aterako zirela.

Zer lortu duzue?

Askotan esaten da Langraiz bideak ez duela ezer lortu. Nahi genuena pentsatu eta egiteko askatasuna lortu genuen guk, eta kartzelan urte pila bat gutxiago pasatzea. PPk galarazi egin zuen bidea, baina bide judiziala jorratu eta berriro lortu dugu egunez kalean izateko aukera;  zigorrak batzearen 2008ko legea ere jorratu genuen, eta [Espainiako] Auzitegi Gorenak arrazoia eman zigun 2014an, baina PPk legez geratu, eta orain Estrasburgoko erantzunaren zain gaude; 2003ko legearen hirugarren gradurako aplikazioaren aurkako helegitea Estrasburgora eraman genuen; elkarbizitza arloa ere landu genuen, talde politikoekin eta eragile sozialekin; eta nahi zuena biktimarekin aurrez aurre egoteko aukera landu zen.

Instituzioek nahikoa egiten al dute presoen eskubideen alde?

Preso bakoitzak egin behar du berea. Instituzioek gauzak eskatzen dituzte.

Zer iruditzen zaizu Ipar Euskal Herriko dinamika? Armagabetzea, presoak…

Ipar eta Hegoaldeko egoerak ezin dira konparatu. Han [Iparraldea] ETAk borroka armatua ez erabiltzea erabaki zuen. Gizartean ez da hemengo zatiketarik eta sufrimenturik bizi izan. Armagabetzea armak Poliziari entregatzea besterik ez da izan, eta itxurakeriatan hainbeste dendora galtzearen ondorioa presoak ordaintzen ari dira. Emandako hurbilketak baikorrak dira. Baina kontuz  gainbaloratzean; izan ere, aldi berean, berriro, Jon Paroti baldintzapeko askatasuna ukatu egin diote, 28 urte espetxean eman ondoren.  

Zer iruditu zaizu "eragindako kalteaz" ETAk ateratako agiria?

Ez zait egokia iruditu biktimak bereiztea, batzuei bakarrik eskatu dielako barkamena. [Maria Dolores Gonzalez Katarain] Yoyes zein partetan sartzen da? Inaxio Uria?  

Biktima guztiei buruz ETAk esan du "zinez sentitzen" duela.

Horrekin amaitu bazuen, oso ondo; balio izango zuen. Gero esplikatzen eta esplikatzen hasi, eta hanka sartu zuen. Biktimetan ezin da egin bereizketarik. ETAk azterketa autokritiko bat egin beharko luke. Gainera, ez da zintzoa izan, gauza denak ez dituelako aldarrikatu, desagertu batzuk daude...

Zuek zer idatzi zenuten biktimez?

Ezer ez. Orduan ez zen behar. Esparru bat ezarri zigun gobernuak, eta eragindako kalteaz aritu ginen.

IRAk ETAren antzeko adierazpen bat egin zuen, eta gero Sinn Feinek garatu egin zuen. Zuk uste ETArena oinarri bat izan ahal dela?

Ezker abertzaleak hausnarketa kritikoa egiteko dauka; bestela, zaila izango du politika normalizatu bat egitea. Mentalitatea eta jarrera ere aldatuko beharko lituzke, kontrol soziala ezarri izan duelako. Neuk jasan izan dut jazarpena; zergatik?

Bukatu du ETAk.

Azken 30 urteetako gainbeheraren neurrikoa izan da bukaera. Negoziazio aukera guztiak zapuztuta, porrotean bukatu du ETAk. Erakunde armatu baten ikuspegitik, desastre bat. Poliziak neurri handi batean kontrolatuta zegoen, eta haiei armak entregatzen amaitu du. Presoak kartzelan abandonatuta daude, inolako esparrurik gabe. ETAk gizartea ez du aldatu; gizarteak itzali du ETA. Ikur askatzaile baten moduan jaio bazen ere,  marjinazio prozesu baten ostean porrot batean amaitu du. Independentzia eta lurraldetasuna lehen bezala daude, eta ezker abertzalea, berriz, sozialdemokrata erreformazale bihurtuta erakunde guztietan eta, lehen bezala, goitik beherako funtzionamenduarekin. ETAk 2011n eman behar zuen bukaera osoa, desagertuta, jarduera armatua utzi zuenean. Zazpi urte galdu ditu eszenifikazioan, eta zazpi urteotan presoen egoera zaildu egin da; pentsa zenbat egon zitezkeen kalean...

Etorkizunaz, zer?

Lehengoa ezbaian ez bada jartzen, oso zaila egongo da. Adibidez, Presoena eta biktimena txanponaren bi aldeak dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna