EAEko hezkuntza, sindikatuen ikuspegitik (III). Maider Izagirre (LAB).

«Oso oinarri sendoa jarri da lan hitzarmen berriak garatzeko»

Izagirrek dio orokorregiak direla hezkuntza ituna egiteko oinarriak. Uste du Eskola Kontseiluaren proposamenean ere ausardia falta dela, eta egungo ereduan sakontzen duela.

Asier Arrate Iruskieta.
Bilbo
2018ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritza mugiaraztea lortu dutela nabarmendu duLABeko Irakaskuntza idazkari Maider Izagirrek (Donostia, 1979). Hilabeteetako mobilizazioek balio izan dutela «pisuzko edukiak» mahai gainera ekartzeko, eta, Hezkuntza Sailarekin ondutako akordioarekin «hezkuntza kalitatean eragina dute gaiak» adosteaz gain, abiapuntua ezarri dutela lan hitzarmen berriak negoziatzen hasteko.

ELAk desmobilizazioa bultzatu izana egotzi dizue.

Adierazpen mingarriak izateaz gain, gezurra dira. LAB mobilizazioetan eta ikastetxeetako batzarretan egon da, eta bere masa soziala artikulatu du. Guk, haiek bezala, bide guztia egin dugu, baina bideak erakutsi du ez ditugula partekatzen helburuak, diagnostikoak eta sindikalismoa ulertzeko modua. Guk oinarri sozialari galdetzen diogu, eta denen hitza errespetatzen saiatzen gara, borrokak eraginkorrak izan daitezen. ELAk ez du horrela jokatzen. Grebak eraginkorrak izateko, ezinbestekoa da babes zabal bat. ELArentzat, greba bera helburu bihurtzen da. Are gehiago, hiru sindikatuok adostu genuen astebeteko greba bertan behera uztea, baina badirudi gurea dela ardura osoa. Hori aintzat hartuta, zaila da elkarlan txukunik egitea.

Esan duzue hezkuntzako mahai negoziatzaileek eman dezaketen guztia baliatu duzuela.

Argi geneukan gure aldarrikapen taula oso zabala zela, eta hezkuntza mahaiak ezin ziela erantzun aldarrikapen horiei guztiei. Hasieratik adierazi genuen hezkuntzaren kalitatean eragin zuzena duten edukiak lehenetsi behar genituela. Badira gai batzuk mahai horretan zuzenean negoziatzen ez direnak. Soldata igoeraketa erosahalmena, esaterako. Horregatik diogu eman zezakeen guztia baliatu dugula. Orain, borroka beste toki batean dago.

LOMCE eta Heziberriren borroka ere beste toki batean dago?

LOMCEren gaia hezkuntza burujabetzaren gaian sartzen dugu. Lege arrotz bat da, Euskal Herriak behar ez duena, eta, horregatik, parametro horietan ezarri behar da borroka. Eredu propioa nahi dugu, eta, bide horretan, guk erabaki behar ditugu legeak. Gai horiek, erabaki politikoak tarteko daudelako, hezkuntza politikako errailetik landu behar dira. Hezkuntza burujabetzaren borrokaren lehen mugarria hezkuntza itunean kokatzen dugu.

Geratu dira sektoreko beste aldarrikapen batzuk kanpoan. Ratioak, esaterako.

Ratioak lehentasuna ziren, baina administrazioa oso itxia zegoen, eta ez da egon modurik. Iruditzen zitzaigun, ratioen kontua lehentasuna izanik ere, akordioa osotasunean aztertu beharra zegoela. Alde horretatik, gure afiliatuek berretsi dute ratioen gaia zaila zela, eta beste puntu batzuetan proposamen sendoak zeudela.

Zer zen alternatiba?

Ratioak borrokatzeko alternatiba borroka betikotzea zen. Uste dut horrela interpretatu dugula gainerako sindikatuok, ELA kenduta. Horregatik, akordioa sinatu du ordezkaritzaren %80k. Guretzat ezinbestekoa da proposamenak afiliatuekin kontrastatzea eta haien iritzia errespetatzea. Batzarrak egin ditugu, eta akordioa oso positiboki baloratu da. Akordioari eutsi diogu afiliazioarekin hala adostuta. Horrek ez du esan nahi borrokan jarraituko ez dugunik.

Zer espero duzue lortzea datozen bileretan?

Lehen urratsa da lortutako akordioa garatzea. Mahai teknikoak daude osatzeko, eta proposamen batzuk zintzilik geratu dira. Akordioan adostutako konpromisoak betetzen direla ziurtatu behar dugu lehenik. Hori lortuta, lan hitzarmenak negoziatzeko aukera izango dugu. Akordioak oso oinarri sendoa ezarri du lan hitzarmen berriak garatzeko, eta hori da garaipen handiena.

Hezkuntza itunari dagokionez, Eskola Kontseiluaren ebazpenaren kontra bozkatu duzue.

Bost arrazoirengatik esan genion ezetz hezkuntza akordioari. Metodologia desegokia iruditu zitzaigun: bileretan lantzeko edukiak ez genituen ezagutzen, eta bertan ginela jakiten genuen zer eduki jorratuko ziren egun horretan. Bestetik, akordio horrek menpekotasunean mantentzen gaitu Espainiarekin. Ez dago inolako jauzirik hezkuntza sistema propioaren bidean. Horrez gain, ez da egiten murgiltze ereduaren aldeko ahaleginik; inklusioaren eta baliabideen inguruan ez dago apustu sendorik; eta ez dago segregazioa gaindituko duen neurri zehatzik. Dena oso orokorra da, eta konpromiso zehatz gutxi ikusten ditugu.

Zehaztasunak falta dira txostenean?

Oso orokorra da, eta benetan garrantzia duten gaiei ez zaie heltzen. Ausardia falta ere badu. Gaur egungo eredua sakontzen du, eta ez dago txip aldaketarik.

Ez zatozte bat segregazioaren inguruan esaten denarekin.

Administrazioak gaiari heltzea beste aukerarik ez du izan, baina proposatzen dena oso pobrea da. Planteatzen duena adabaki bat baino ez da. Gasteizko manifestuan hainbat neurri adostu ziren arazoari erantzuteko, eta ez dute bat bera ere aintzat hartu. Kontua ez da ikasleak banatzea; apustua beharko luke izan ikastetxeak, bai publikoak zein itunpekoak, auzoaren izaeraren isla bihurtzea.

Zerbitzu publikoaren izaera berraztertu behar da?

Adostu beharko genuke denon artean publikotasuna zer den. Uste dut gaur egungo ereduak ez duela inor asetzen. Aurreko larunbatean aurkeztu genuen gure proposamena gai hori lantzeko: sare ezberdinek bat egitea; bakoitzak bere bidea egin beharko du konfluentzia horretara heltzeko. Euskal eskola publiko komunitarioa defendatzen dugu.

Euskaraz B2 maila lortzea jarri dute helburu. Ados zaudete?

Gaur egungo hizkuntza ereduak agortuta daude. Frogatu da ez dutela bere horretan euskalduntzen. Horretan bat egiten dugu kontseiluaren proposamenarekin. Hezkuntza akordioak murgiltze ereduaren aldeko apustu argi bat bildu beharko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.