Erabakitzeko eskubidea (eta V). Borja Senper (PP).

«Jantzia eginda dago; EAJk eta EH Bilduk josi dute»

Estatutua erreformatzeko beharrik ez du ikusten Senperrek, baina prest dago autogobernua «hobetzeko». Itun berri baten inguruko akordioa «transbertsala» izatea eskatu du.

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2018ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Erabakitzeko eskubidearen existentzia bera ukatu du Borja Senper PPko bozeramaileak (Irun, Gipuzkoa, 1976). Independentziaz hitz egiteko «eufemismo» bat dela eta gizartea zatitzen duela uste du.

Erabakitzeko eskubideak haustura eragiten duela diozue. Zergatik?

Lehenik eta behin, esan behar da erabakitzeko eskubidea ez dela existitzen ordenamendu juridikoan. Autodeterminazio eskubidea gaurkotzeko eufemismo bat da, ezker abertzalearen eta, oro har, nazionalisten aldarrikapen historiko bat. Gogoratu behar da 1980ko hamarkadan ez zela hitz egiten erabakitzeko eskubideaz, independentziaz edo autodeterminazio eskubideaz baizik. Denborarekin, abertzaleek eta independentistek estrategia berri bat bilatu behar izan dute, eta eufemismo bat bilatu dute eskubide horrek bi gauza positibo iradoki ditzan: eskubidea eta erabakitzea.

Ez da aldarrikapen zilegi bat?

Euskal gizartea behartzen ari gara zuriaren ala beltzaren artean aukeratzera, azken helburua Euskal Herriaren independentzia lortzea delako. Helburu hori zilegia izan daiteke ikuspuntu politiko batetik, baina guk uste dugu Euskadirentzat arazo bat dela eta tentsio politiko horrek zatiketa eragiten duela. Katalunian ikusten ari gara instituzioak estrategia independentistaren menpe aritzeak tentsioa eta haustura eragin dituela gizartean. Argi dago erabakitzeko eskubideak zatiketa eragiten duela, herritarrak behartzen dituzulako independentziaren inguruan jarrera zehatz bat hartzera.

Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzera kalera atera diren milaka lagunek zatiketa sustatu dute?

Ez, inolaz ere. Erabat zilegia da kalera ateratzea erabakitzeko eskubidea aldarrikatzera, eta pozten nau jai giroan eta modu baketsuan egin izanak. Aldarrikapen hori aurrera eramateak eta gauzatzeak eragingo luke haustura. Bide horretatik aurrera egiten bada, gizartea eta instituzioak zatituko dira, dudarik gabe.

Iraultza zergarekin alderatu dituzu Gure Esku Dago-k Gasteizko ostalari batzuei eskatutako laguntzak. Akusazio larriak dira.

Esandakoa argitu nahiko nuke. Gure Esku Dago-k Gasteizko ostalariei egindako eskariak ez du zerikusirik ETAren iraultza zergarekin, baina ezker abertzaleak bere garaian zuen jarrerarekin antz handia dauka. Larria da herritar aske bat jarrera zehatz bat hartzera behartzea. Bada garaia herri honetan herritarrei presioa gainetik kentzeko, eta iraganean izandako ohituretatik aldentzeko. Denok gaude horretara behartuta, baita Gure Esku Dago ere. Uste dut herri dinamika hori oker aritu zela Gasteizko zenbait ostalariri jarrera politiko zehatz bat hartzeko eskatu zienean, nahiz eta ziur naizen hori ez zela bilatzen zuen benetako helburua.

Eusko Legebiltzarrak bizkarra eman beharko lioke erabakitzeko aldarrikapenari?

Legebiltzarrean autogobernu lantaldea ez da ari estatutu berri bat eztabaidatzen, Euskadirentzat konstituzio berri bat sortzen baizik, eta hasieratikjaun eta jabe izan da erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaida. Beraz, legebiltzarrak ez dio zertan eskaera horri erantzun, gaiari buruz eztabaidatzen ari garelako, egunero.

Estatutua erreformatzearen aurka zaudete. Zergatik?

Ez dugu beharrik ikusten, baina ez dizkiogu erreforma bati ateak itxi nahi. Uste dugu Gernikako Estatutuari esker Euskadik sekula ezagutu duen garapen kultural, ekonomiko eta sozial handiena lortu duela, eta ez dugu ikusten itun hori aldatzeko beharrik. Nolanahi ere, prest gaude estatutua erreformatzeko baldin eta autogobernua hobetzeko eta gizartearen beharrei hobeto erantzuteko bada. Baina arazoa bestelakoa da: ez gara ari estatutuaren balizko erreforma bati buruz hitz egiten, aldarrikapen independentistei erantzuna emango dien konstituzio berri baten inguruan baizik.

Estatutu berriari ekarpenak egiteko, gizartearen parte hartzea sustatu nahi du legebiltzarrak. Zuek, baina, ez duzue bat egiten prozesuarekin.

Eusko Ikaskuntzari errespetu osoa zor diogu, eta uste dugu ona dela euskal gizarteari parte hartzeko bideak zabaltzea, baina guk ez dugu babestuko parte-hartze prozesurik herritarrei eskainiko zaien hori zer izango den jakin gabe. Ez dugu ongi ikusten gurdia idiak baino lehenago jartzea. Lehenik eta behin, eztabaida politikoari amaiera eman beharko genioke, eta balizko erreforma baten oinarriak adostu beharko genituzke; ondoren, herritarrei iritzia emateko aukera zabaldu.

Orain arte, EAJ eta EH Bildu jarri dira ados. Elkarguneak zabalduko direla uste duzu?

Hala espero dut. Estatutua modernizatzea eta eguneratzea ez nuke gaizki ikusiko. Prest egongo ginateke estatutuaren erreforma bat bultzatzeko diputazioei aginte gehiago emateko, eta Ekarpen Legea eta Lurralde Historikoen Legea aldatzeko, baina gai horiei buruz ez dugu eztabaidatzen, EAJ deseroso dagoelako. Hitzaurrean eta Atarikoan ikusi da EAJri eta EH Bilduri interesatzen zaizkien gaien inguruan bakarrik eztabaidatzen ari garela. Guk lantaldean parte hartzen jarraituko dugu, baina argi gera dadila jantzia eginda dagoela, EAJk eta EH Bilduk josi dutela, eta hemendik aurrera detaileak baino ez direla eztabaidatuko.

Nolakoa izan behar du estatutu berriaren adostasun mailak?

Talde guztien adostasuna lortzea ezinezkoa da, baina gutxienez Euskadin dagoen errealitatearen isla izan beharko luke, transbertsala. Independentista ez den alderdi baten babesa izan ezean, egun estatutuak duen aniztasun hori murriztuko da. EAJk eta EH Bilduk erdia baino bat gehiago ordezkatzen dute, baina ezdute herri osoa ordezkatzen, eta euskal herritar guztiak ordezkatuko dituen testu juridiko-politiko bati buruz ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.