Albistea entzun

UDAKO SERIEA. Naziogintza eta estatugintza (eta V) Kulturgintza

Sortu, birsortu eta garatu

Komunitatea eratzeko, funtsezkoa izaten da kultura; hala izan da Euskal Herrian ere. Estaturik ezean, herri mugimenduetatik bultzatu da, erakundeetan eraginez, baina estatu egiturak beharrezko direla diote adituek.

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2014ko abuztuak 17

Euskararen herria da Euskal Herria, etimologikoki. Kultura eta, oro har, elementu linguistikoa izan da euskal nazioaren oinarrietako bat. Espainiak eta Frantziak beren nazioen eraikuntzan, herritarren batasuna lortu nahian, kultura eta hizkuntza bakarra hedatu nahi izan dute estatu lurralde osora. Nazioaren hizkuntza eta nazioaren kultura eraiki dituzte. Eta gainontzekoak, bigarren mailan utzi. Borroka horretan dabiltza orain ere. Euskal Herriak, berriz, bereari eutsi dio. Baina estatuak ematen duen tresna eta baliabiderik gabe egin behar izan du bidea.

Naziogintzan funtsezko funtzioa du kulturak. «Gizatalde batek bere errealitateari aurre egiteko sortzen duen zerbait da kultura». Hala adierazi du Josu Amezaga EHUko irakasleak. Nazioak, egoera jakin batean bizi den neurrian, horretan garatzen du berea. Eta kultura horrek nortasuna ere ematen du: «Normalean, kultura horren gainean eraikitako nortasuna partekatzen dugu. Harreman esparru bat ematen du, komunikazio esparru bat». Komunitateak eratzeko historikoki aldagai funtsezkoa izan dela adierazi du. Eta bide horretan, kultura errealitateari aurre egiteko garatzen den sistema gisa, Euskal Herriak bere kultura behar duela uste du, hura herri gisa garatu nahi baldin bada.

Hortaz, nazioak ez dira ezerezetik sortzen, Amezagaren arabera. «Gizarte talde batek ez du erabakitzen borondate hutsez 'gu talde bat gara'. Arrazoiren batengatik elkartzen dira, eta zerbait hori objektiboa izatea da ohikoena». Elementu geografikoak, erlijioa, kultura edota hizkuntza izan daitezke elementu horietako batzuk. Euskal Herria ere ez da borondate soilez sortutako herria, Amezagaren arabera. Tradizio bat du. Eta tradizio horrek ekarri du nazio izatearen gogoa. «Baina iraganera begiratzeaz gain, etorkizunera begira, guk herri gisa nahi ditugu gure harreman propioak eduki». Adierazi du, gaur-gaurkoz, beste kultura batzuen menpe egonik, giza harremanetan ere besteen menpe egotea dakarrela.

Gaur egun kulturen arteko harremanak handiak direla dio, eta arrazoi horregatik faktore horren indarra galdu dela naziogintzan. Amezagak azaldu du herritarra kultura ezberdinetan mugitzen dela: «Elebidunok ondo dakigu hori, etengabe mugitzen gara euskal kulturatik erdal kulturara». Eta adierazi du nazioa eratzean bi kultura horietako bat lehenetsi ohi dela: «Nazio kulturala eraikitzeak ez du esan nahi nazio autarkikoa eraikiko dugunik; kultura askorekin bizi beharko du. Baina bilatu beharko dugu hori guztia nola integratu, gure nortasunari uko egin gabe». Argi du zer behar den horretarako: kultura kudeatzeko nahikoa botere izatea. Kultura eta boterea elkarri lotuta agertzen direla dio EHUko irakasleak. Eta, horregatik, ildo horretan kokatzen du nazio kulturalaren aldarrikapena: «Gure kultura kudeatzeko boterea edukitzea da nazio kulturala aldarrikatzea. Egon dadila gure erabakien eta gure borondatearen esku. Eta ez transnazionalen edo beste estatu batzuen mende». Beste hainbat sektoretan eskumenak dauden bezala —ekonomia eta politika, kasurako—, kulturan ere erabakiak hartzeko ahalmena izatea, alegia.

Kultura eta boterea

Askok landu dituzte boterearen eta kulturaren arteko harremanak. Izan ere, estatu modernoen sorrera estu lotuta ageri da estatu bat, nazio bat, kultura bat, hizkuntza bat formulari. Estatuak, hain zuzen, bere barruan dauden herritarrak berdintzeko baliabide eta tresnak behar ditu. Eta kultura da horietako bat. Kohesioa lortzeko eta identitate partekatua —nazio identitatea— osatzeko baliabideak emango dizkio. Estatua, hortaz, gizartean kulturaren bitartez homogeneoa den errealitate bat bezala agertzen saiatuko da. Honela azaldu du Ulises Moulines filosofoak Manifestu nazionalista liburuan: «estatu hegemoniko» izena ematen die. Haren arabera, estatu gehienak nazio askotarikoak diren arren, ez dute errealitate hori errespetatzen. Eta hegemoniko bihurtzen direla uste du: nagusia den etnia batek estatuaren bizkarrezurra osatu eta lurraldean bizi diren gainontzeko etnia minorizatuak zapaldu egiten dituela, haien iraupena eta garapena galaraziz, alegia. Frantziak ondo daki hori. Horren adierazgarri da hizkuntza frantsesaren hedapena. 1789ko iraultza liberala baino lehen, lurralde hartan bizi zirenen %50ek baino gutxiagok zekiten frantsesez. Eta estatu modernoaren eraikuntzan, lurraldean zituen hizkuntza eta kulturen artean frantsesa hautatu eta garatzeko tresnak sortu zituen. Bide berari jarraitu zion Espainiak ere. Estatu biek kultura jakin bati eman diote izaera nazionala.

Prozesu horretan guztian, garrantzi handia du hezkuntzak. Aspalditik da ezaguna Euskal Herrian, esaterako, eskoletako «eraztunaren jokoa»: nola jartzen zioten euskaraz egiten zuenari, haurrak beren artean salatzera behartuz, eta nola zigortzen zuten egunaren amaieran eraztuna zeramana. Zigor kolektibo bat, azken batean. Frankismoarekin lotu izan den arren, aurretik ere erabili zuten, bai Espainiak, bai Frantziak. Ane Larrinaga EHUko irakasleak Ipar Hegoa fundazioaren liburuetan azaldu duenez, estatuak erabakitzen du eskoletan zein hizkuntza irakatsi eta zein kultura transmitituko den, eskola curriculumaren bitartez. Erabakiko du zein eduki sartu, zein historia irakatsi, eta zein balio transmititu. Horren erakusgarri da 2012ko urrian Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak Diputatuen Kongresuan esandakoa: LOMCE hezkuntza lege berriaren aurkezpenean, «katalanak espainolizatu egin behar dira» esaldiarekin justifikatu zuen hezkuntza legea. Berdin ekar liteke Euskal Herrira.

Larrinagaren arabera, estatu modernoen eraikuntzak zerikusi zuzena du kultur eraikuntzarekin: «Estatuak bideratutako nazio eraikuntza, neurri handi batean, kultur eraikuntza bat da: eguneroko eginkizuna da haren irudikapen kulturala eskaintzea, noiznahi eta nonahi». Pierre Bourdieu soziologo frantziarrak «bortxa sinboliko» izendatu zuen, besteak beste, irudikapen hori. Biolentzia fisikorik gabeko bortxa edo menperatze egoera normalizatzeko eta naturalizatzeko neurria. Nazio eraikuntza horretan, estatuaren babesean dagoen kultur sistema horretatik kanpo geratzen direnek zailtasunak izaten dituzte sozialki birsortu, kulturalki eragin, eta bizirik irauteko, Larrinagaren ustez. Zer esanik ez, hizkuntzarekin. Klasikoa da Txillardegik esandakoa: «Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; baina estaturik gabe, ziur ezetz».

Horregatik, estaturik ez duten nazioen helburuetako bat izaten da kultura herri ekimenez suspertzea. Hala gertatu zaio euskal kulturari ere. Ez du kultura propioa transmititzeko, birsortzeko eta garatzeko estatu egituren tresna eta baliabiderik izan. Eta herri mugimendu zein eragileen bidez asmatu du, modernizatzen edota garai berrietara egokitzen. 60ko hamarkadako loraldia izan daiteke horren adibide, azken inflexio puntu garrantzitsuenetakoa. Elkarte horiek guztiek erakundeetan eragin, euskal kultura ezagutarazi eta hori babestearen alde agertzen den herritarren kopurua handitzea ekarri duela dio Patxi Juaristi EHUko irakasleak, Ipar Hegoa fundazioaren liburuetan. Eta, aurrera begira, horiek babesteko neurriak hartu behar direla uste du. Euskararen ezagutzan dauden hutsuneek, ordea, eragina dute egitasmo kulturaletan, Juaristiren arabera. EHUko irakaslearentzat, Euskal Herriko biztanle gehienek euskaraz ez jakiteak dakar egiten diren egitasmo kultural askotan erdara presente egotea. Merkatu «txikiegia» du euskarak, Juaristiren arabera, eta, ondorioz, ekimen pribatuarentzat ez da errentagarri egiten.

Estatu egituraren beharra

Amezagaren arabera, gaur-gaurkoz, merkatua da kulturak Euskal Herrian eta munduko gainontzeko herrietan dituen arazo nagusietako bat. Kultura merkatugai bihurtu dela dio Amezagak: «Nork erabakitzen du zer telebista ikusten dugun edo zer musika entzuten dugun? Merkatuak». Frantziatik eta Espainiatik datorrenaz gain, merkatuaren esku dagoen kultura horren kontrolari nola aurre egin pentsatu behar du euskal nazioak, haren iritziz.

Juaristik uste du estatu egitura batek aukera eman beharko lukeela Euskal Herrian dauden nortasun sentimendu guztiak garatzeko, baina, era berean, Euskal Herriaren izaera ziurtatu beharra dagoela. Horrek esan nahi du bereziki euskarazko adierazpen kulturalak babestu behar direla, euskal kulturaren gutxiagotasun edo mendekotasun egoera gainditzeko. Euskarak Euskal Herrian bakarrik dauka sortzeko eta birsortzeko aukera.

Kultur politika garatu beharra dagoela uste du Amezagak, gaur egun dagoen jarrera «homogeneizatzaile eta ukatzaile» horiei aurre egin ahal izateko: «Kultur politikak estatu egitura bat behar du atzetik, beste estatu batzuen mende edo merkatuaren esku geratuko ez bada». Hortaz, Euskal Herriak, balizko estatu gisa, kulturaren beharra izango duela azpimarratu du Amezagak, bere inguruan nazioa bildu eta komunitate politikoa eratzeko. «Euskal kulturak estatua behar du, eta euskal estatuak kultura».

Joxe Azurmendik, Jakin aldizkariak egindako azken elkarrizketan, zioen Euskal Herria barrutik puskatuta dagoen herri bat dela. Eta osatzeari berebiziko garrantzia ematen dio: «Ezinbestekoa da euskaldunok geurea eta geurea bakarrik izango den mundu espirituala sortzea: geure kontuekin, mitoekin… Geurea eta geurea esklusiboa izango den mundu bat sortu. Eta hori ez diogu inori ematen. Ez ezkutatu nahi dugulako, baizik eta sendo barruan eduki arte ez dugulako geure burua osatuta izango». Eta naziogintza eta estatugintzaren aldeko lana, biak azpimarratu ditu Azurmendik. Baina, bitartean, «barrutik puskatua dagoen komunitatearen» aldeko lanari ekitearen garrantzia nabarmendu du.

«Euskaldunen eginbeharra da estaturik gabeko halako nazio bat, bi estatuon artean gainsortzea», dio Joseba Sarrionandiak Moroak gara behelaino artean? saiakeran. Eta ez dira gutxi Euskal Herriak aurrera begira dituen eginbehar eta erronkak: lurraldetasunaren korapiloa askatzea, nazio nortasunen kudeaketa, gehiengoak lortzeari begirako proposamenak, egitura ekonomikoa osatzen urratsak egitea. Eta lantzeko geratu diren beste hamaika arlotako korapiloak. Naziogintza zein estatugintza, egunero egiten diren ekintzak dira. Sarrionandiak ere nabarmendu zuen: «Nazioa ez da izate bat, egite bat baizik. Ez dago aldez aurretik determinatua. Politika egitea, etxea eraikitzea bezala, gogoa eta jarduna da. Eraikitzen ez den artean ez dago ezer, zentzu politikoan behintzat. Euskal nazioa ez da eginda dagoen zerbait, egiteko dago. Euskaldunak, besteak bezala, egiten dutena izango dira».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Euskal herritarrek 154 gailur piztuko dituzte Pirinioetako Bidean

Euskal herritarrek 154 gailur piztuko dituzte Pirinioetako Bidean

Jon O. Urain

Pirinioetako hirurehun gailur baino gehiago argiztatuko dituzte bihar, Euskal Herriaren eta Kataluniaren burujabetzaren alde. Zuzeneko saio bat ere prestatu dute, eta Berria.eus-en ikusgai egongo da: 21:00etatik 22:30era izango da.

Protesta Melillan, 37 pertsonen hilketaren ostean. ©F.G.Guerrero

Melillako hilketak salatu dituzte EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk

Iñaut Matauko Rada

Eusko Legebiltzarreko hiru alderdi horiek adierazpen bateratua egin dute, Melillako hilketak gaitzetsi eta Pedro Sanchezen hitzak arbuiatzeko.

Juana Balmaseda batzordeburua, atzo, Eusko Legebiltzarrean, txostena aurkezten. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Egiari Zor fundazioak «txalotu» egin du Poliziaren 46 biktima aitortu izana

Berria

Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordearen «profesionaltasuna» goratu du, eta prozesuan «konfiantza» sortzeaz mintzatu da.

 ©Aritz Loiola / Foku

«Herri gogoa berpizteko ekimen bat izango da»

Iosu Alberdi

Gure Esku-k eta Kataluniako zenbait eragilek Pirinioetako 400 tontor argiztatuko dituzte larunbatean. Europari mezu bat bidali nahi diote: «Erabaki nahi dugun bi herri gara». 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...