Albistea entzun

UDAKO SERIEA. Gazteei begira (IV) Prekaritate soziala

Etorkizunari heldu ezinik

Lan baldintzei buruz hitz egitean aipatzen dute prekaritatea, baina gazteen bizimodura hedatu da. Aurrerabidearen eredua izan da nagusi orain arte: lana topatu, etxebizitza lortu, familia osatu... Ezinezko sistema gaurko gazteentzat.
Tamaina handiagoan ikusi

Garikoitz Goikoetxea -

2015eko uztailak 31

Krisi ekonomikoaren testuinguruan, lan merkatuarekin lotuta, askotan aipatzen dute prekaritatea: zabor kontratuak, erabateko ezegonkortasuna, lanaldi eskasak... Gazteek pairatzen dute maizenik egoera hori. Baina gazteen prekaritateak ez du lan arloa bakarrik hartzen. Bizitzako beste esparruetara ere igaro da. «Prekaritatea egoera bat zen lehen, batez ere lan merkatuari eragiten ziona. Orain prozesu bat da, bizitzako hainbat arlori eragiten diena: harremanak, etxebizitza, zaintza...», azaldu du Diego Carbajo soziologoak. Gurasoen aldean, urte askoan egoten dira gazteak prekaritate egoeran, eta ez dute izan haien bidea: lan egonkorra topatu, etxebizitza lortu, familia osatu... «Aurrerabidearen ideia gain behera ikusten dute».

Egoera larriagotu egin da krisi garaian, baina lehenagotik dator gazteen egoera prekarioa. Aurreko bi hamarkadetan jarri du begirada Carbajok. Orduan hasi ziren ugaltzen aldi baterako laneko enpresak. Prekaritatearen eredu dira: egun batzuetarako kontratuak, ordu gutxikoak, baldintza eskasekoak... Enpresa horietatik lortzen dute lana gazte askok. Lan prekarioa. Joan den hamarkadatik, enpresa horien gorabeheran daude gazte asko: «Populazioaren segmentu bat prekaritatean bizi da lan mundura sartu zenetik: hamar urte baino gehiago». Prekaritatea ardatz duten lanpostuak jadanik ez dira lehenbizi-lehenbiziko lanpostuak soilik. Gazteak egoera horretara «egokitzen» ari direla adierazi du Carbajok. Orain ez da ezohikoa egoera horretan dauden gazteak aurkitzea. «Salbuespena zena normal bihurtzeko bidean dago».

Errentan, %64 azpitik

Enplegua alor bat da bizitzan, baina berebiziko eragina dauka. «Lanari lotuta daude eskubide sozioekonomiko gehienak gaur egun: etxe babestuetarako izena emateko, diru sarrerak eduki behar dituzu; 26 urte baino gehiago badituzu eta lan kontraturik ez baduzu izan inoiz, osasun txartela ken diezazukete legez, nahiz eta Osakidetza ez den hori egiten ari». Adibideak asko dira. EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko enplegu teknikari Amaia Elortzak dioenez, bizitzako arlo guztiei eragiten die laneko egoerak. «Emantzipazioa aipatzen denean, ez da etxebizitza bat edukitzea bakarrik. Hori baino gehiago da: elikadura, bizi ohiturak...».

Errentaren egoera aztertzea argigarri da gazteen egoera alderatzeko gainerako adin taldeenarekin. Eustat estatistika erakundearen azken zenbakiek argi diote: nabarmen igo da biztanleriaren errenta azken hamar urtean —jaitsi egin da zerbait azken urtean—, baina gazteena, ez. Hara bi alderaketa. Batetik, joera: hamar urtean, %52 handitu da batez besteko errenta 18 urtetik gorako biztanleria osoa hartuta —6.600 euro gehiago herritar bakoitzeko—, baina gazteena, %7 apaldu —500 euro gutxiago—. Bestetik, gaur egungo desoreka: biztanleria osoarekin alderatzen bada, %64 baxuagoa da 18-29 urtekoen errenta.

Gazteei bereziki erasan die langabeziak, eta lana topatu dutenen artean ere prekaritatea handia da. Gazteen enplegua bultzatzeko planak jarri ditu adibide Elortzak: «Plan horien helburua zen gazteen artean enplegua sortzea, baina orain gazteen langabezia murriztea da asmoa». Ikuspegi aldaketa horrek prekaritateari eragin dio, EGK-ko ordezkariaren arabera. Gazteak langabeen zerrendatik ateratzeko, «kontratazio formula bereziak» egiteko modua jarri diete enpresei. «Lan eskubideak murrizten dira kontratu horietan: bekak, praktikak... Sustatzen ziren lehen ere horrelakoak, baina orain, gero eta gehiago». Prekaritatea luzatzea dakar sistema horrek, Elortzaren aburuz: «Gutxiago kobratzen dugu, eta gutxiago kotizatzen; beraz, epe ertain eta luzera, eskubide gutxiago izango ditugu. Azken finean, prekaritatea luzatu egingo da, eta gazte izateari uzten diogunean ere ondorio latzak izango ditugu».

Prekaritate luzeagoa

Gaztaroa luzatu egin da. Alde demografikotik, argi: bizi-itxaropena luzatu egin denez, gazte izendatzeko urteak gero eta gehiago dira. Ez da hori bakarrik, ordea. Carbajoren esanetan, alde sozialetik ere luzatu da gazte izate hori, prekaritatearen ikuspegitik. «Lan baldintza txarrak, gurasoen etxean jarraitu beharra... Gaztaroaren luzapenaren atzean dago helduaroa prekarizatu egin dela». Etxebizitza da ohiko adibidea, baina beste alor batzuetan ere sumatzen da hori, soziologoaren arabera: «Zer-nolako bikote harremanak dauzkaten, hor nabaritzen da, baita kontsumo ohituretan ere: prezio apaleko produktuen kontsumoa nabarmen areagotu da sektore horretan».

Helduleku bat geratzen da: familia. «Herrialde mediterraneoetan familiak beti funtzionatu izan du euskarri moduan». Arazoa da familiak ere egoera txarrean daudela orain, beharrik handiena dagoen garaian. «Ongizate estatuaren gainbeherarekin batera, hein batean familia indartu egin da, baina zentzu sinbolikoan: 'familia beti hor egongo da', esaten dute. Baina familia prekarizatu egin da, ez baititu lehen adina baliabide».

Nahia eta ezina da, beraz. Etxebizitzaren gaia hartuta adibide. Eusko Jaurlaritzak gazteekin egiten duen Aurrera begira inkestako datuak aztertuta, hona: emantzipatu egin nahi dute bost gaztetik lauk, baina %76k ezinezkotzat jotzen dute orain asmoa betetzea. «Zorpetzearen arazoa dago atzean», ohartarazi du Carbajok. Haren arabera, hirietan ez dira asko jaitsi alokairuak, eta hori arazo da gazteentzat. Eusko Legebiltzarrak etxebizitza legea onartu zuen ekainean; besteak beste, etxea izatea eskubide subjektibotzat jo du legeak, eta alokairua bultzatzea ezarri du —etxe babestuak ez dira salerostekoak izango aurrerantzean—. Gazteen emantzipazioan lege horrek nolako eragina izango duen «arretaz» jarraitu beharko dela uste du soziologoak.

Lokalak eta furgonetak

Beste aukera batzuk bilatzera jo dute gazteek, gurasoen habiatik irten ezinik. Gazteen lokalak aipatu ditu Carbajok: «Aldikako emantzipazio espazio gisa funtzionatzen dute. Hainbeste denbora etxean pasatuta, handik kanpo espazio autonomoak sortu nahi dituzte gazteek». Joera horren adibide gehiago badira: furgoneta hornituak, esate baterako.

Belaunaldi galdua esaten dute gaurko gazteriari buruz. Aldaketa nabarmen bat gertatu dela onartu du Carbajok: aurrerabidearen eredua kolokan dago. «Aurreko belaunaldiek hala funtzionatu dute: etxebizitza bat lortu, lan egonkorra, bizi-kalitatea hobetu... Gazteek zalantzan jartzen dute ideia hori». Eredu hori lorrezina dela oharturik, beste alor batzuetan bilatzen dute bizitzako garapena, soziologoaren esanetan: «Gauza materialetan ez, lagunetan edo afizioetan bilatzen dute orain nork bere burua gauzatzea».

Etsipenak jota daude gazteak? Denetik dagoela uste du Elortzak, baina, oro har, kemena badutela. «Askok indarra ateratzen dute aurrera egiteko. Ez dut sumatzen orokorrean etsipen hori dagoenik, etxean etzanda geratzen direnik». Aitortu du, hala ere, zailtasunak gero eta handiagoak direla. Etsipena baino gehiago, desilusioa nabari du Carbajok: «Hainbeste urte heziketan igaro, norberaren baliabide intelektualak garatzen, eta topatzen dute euren esparrurako ez dagoela erantzunik. Ekintzaile bilakatu behar dutela esaten diete orain».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Estitxu Villamor Lomas eta Ortzi Akizu-Gardoki ikerlariak, Errekaleorren. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Bestelako eredu baterako akuilu

Edurne Begiristain

Gasteizko Errekaleor auzoarentzat «mugarria» izan zen duela bost urte Iberdrolak argindar sarerako lotura moztu izana. Ordutik, auzo okupatua burujabea da energia elektrikoari dagokionez, eta bizimodu autogestionatuari esker, aztarna energetikoa murriztea lortu du.
Itsaso Bengoetxea, Ana I. Rodriguez, Amaia Bacigalupe, Aintzane Orkaizagirre eta Maribel Romo, hitzaldiak hasi aurretik. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Zaintzaren bidetik osasunera

Arantxa Iraola

Pazienteen erabakimena sustatzea, zaintzaren alde ezkutuak aintzatestea, genero ikuspegia txertatzea, heriotzan laguntzea: osasun arta dira horiek ere
Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek egindako agerraldia, atzo, Donostian. ©JON URBE / FOKU

«Harreman asimetrikoak» hausteko eskatu diote Jaurlaritzari

Edurne Begiristain Iosu Alberdi

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek kontsultarako mahai bat proposatu diote Gasteizi, bitartekari lana egiteko

Jonan Fernandez, atzo, gazteen emantzipaziorako estrategia aurkezten. ©IREKIA

Emantzipatzeko laguntzak jasoko dituzte 25 eta 29 urte artekoek

Edurne Begiristain

Jaurlaritzak gazteen emantzipazioa sustatzeko estrategia ondu du. 2030erako 29 urtera jaitsi nahi du gurasoen etxea uzteko adina

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...