UDAKO SERIEA Mugarriak eta bidegurutzeak (III). EAJren Nazio Batzarra.

Iragana eguneratuz

1977ko martxoan egin zuten jeltzaleek euren Nazio Batzarra, Iruñean; iristear zeuden garai berrien atarian, alderdiaren egiturak eta ildo politikoa berriztatzeko balio izan zuen bilkura hark.
EAJren Nazio Batzarraren osteko ekitaldi politikoa.
EAJren Nazio Batzarraren osteko ekitaldi politikoa. EAJ

Gotzon Hermosilla -

2017ko irailak 7
Francisco Franco diktadorea hil ostean —1975eko azaroaren 20an—, zalantzaz beteriko aroa zabaldu zen Hego Euskal Herrian. Begien bistakoa zen 40 urtean agintean egondako erregimena aldaketa handiak egin beharrean zegoela, aldaketa horiek noraino iritsiko ziren eta zer bide hartuko zuten argi ez bazegoen ere, eta euskal indar politiko nagusiak, gerra aurreko garaietatik zetozenak zein frankismoaren kontrako jardueran sortu eta garatutakoak, euren burua prestatzen hasi ziren abagune berrirako.

Eusko Alderdi Jeltzalea ere horretan aritu zen buru-belarri, batez ere 1976 osoan, artean alderdia legeztatu gabe zegoela. Herrietako batzordeak berriztatu zituzten —Uri Buru Batzarrak, edo sortu egin zituzten halakorik ez zegoen lekuetan, eta, 1976ko abenduko 5ean, lehenengo mitin publikoa egin zuten, Anoetan.

Eguneratze prozesu horretan, garrantzi handia zuen alderdiaren oinarri ideologikoak, ildo politikoa eta antolatzeko modua ere berriztatzeak. Horri ekin zion EAJk Iruñean egin zuen Nazio Batzarrean, 1977ko martxoaren 24tik 27ra. Batzar hura mugarri suertatu zen jeltzaleek hurrengo hamarkadetan hartuko zuten norabidean: joan den martxoan, ekitaldi politiko bat egin zuen EAJk Barakaldoko BECen batzar haren 40. urteurrena gogoratzeko.

Franco hil ostean zabaldutako aro berriak ez zuen «biluzik» harrapatu alderdi jeltzalea, Xabier Arzalluzek (Azkoitia, Gipuzkoa, 1932) dioenez. «Polizia hor ibiltzen zen, sortzen ziren belarrak ebakitzen, baina gu politikoki lanean genbiltzan. Ni neu unibertsitate irakaslea nintzen, eta zuzenbide politikoko eskolak ematen nituen, eta niretzat Europa eguneroko lana zen; Belgikan, Italian, Alemanian, Irlandan eta beste zenbait herrialdetan ibili nintzen [kristau-demokraten nazioarteko erakundean], hasieran ezizena erabilita, eta geroago nire izenaz. Nazioartea ondo ezagutzen nuen. Eta hemen [Hego Euskal Herrian] isilpean ibiltzen ginen, baina astero bilerak egiten genituen; barruko politikaren martxa ere ezagutzen genuen».

Konfiantzarik ez

Arzalluzen arabera, jeltzaleek mesfidantzaz ikusten zuten Franco hil eta gero zabalduriko egoera: «Ez genuen sinesten demokrazia etorriko zenik. Frankismoaren indarrak bizi-bizirik zeuden, eta ikusten genuen ahalegina egingo zutela egoerari eusteko, eta gure bidea zaila izango zela. Suarez atera zenean [Espainiako gobernuburu], guk pentsatu genuen harekin ez zegoela ezer egiterik. Guk aukeran nahiago genuen [Jose Maria] Areilza ateratzea; pentsa, nor eta Areilza, beti gure etsai izandakoa! Suarezek ez zigun inolako konfiantzarik pizten, baina aitortu behar da gero gauzak beste era batera bideratu zirela, Suarez, Juan Carlos I.a eta gainerakoak jakitun zeudelako Europan ez zutela frankismo usaina zuen ezer onartuko».

Egoera berria ikusirik, egitura hedatu eta sendotzeari ekin zioten jeltzaleek. Garai hartan, alderdiaren egitura «koskorra» zen, baina «lana aurrera ateratzeko modukoa», batez ere Bizkaian. Eta herrietan batzordeak antolatzeaz batera, laster egitekoa zen Nazio Batzarra prestatzeak hartu zuen erabateko lehentasuna. Lau izan ziren prozesu hartan eztabaidagai izan zituzten txostenen egileak: Xabier Arzalluz —txosten politikoa—, Josu Bergara —antolakuntzakoa—, Iñigo Agirre —kultura— eta Kepa Sodupe —sozioekonomia—.

Josu Bergarari (Bilbo, 1935) Juan Ajuriagerrak eman zion txostena idazteko agindua: «Teorian indarrean zeuden estatutuak hartu genituen oinarritzat, hau da, Tolosan 1932an onartutakoak, eta, haien gainean lan egiten genuen bitartean, hitzaldiak ematen genituen Bizkaiko zenbait lekutan, eta alderdikideen iritziak jasotzen genituen».

1932ko estatutuen lehenengo artikuluak argi adierazten zuen JEL —Jaungoikoa eta Lege Zaharra— zela EAJren antolakundearen oinarria. Erlijio kutsu nabarmeneko adierazpen hori eztabaida askoren sorburu izan zen, aurreko prozesuan zein batzarrean bertan: «Txostena egin genuenok erabaki genuen JELen aipamen hori estatutuen proposamenetik kentzea», azaldu du Bergarak. Arzalluz ere bat etorri zen erabaki harekin. «Auzia zen alderdiak konfesionala izan behar zuen edo ez», esan du. «Ajuriagerrak beti esaten zuen alderdia ez dela sekula konfesionala izan. JEL aipamen hori karlismotik zetorren, eta Sabino Aranak gorde egin zuen, baina ez zuen erlijio kutsurik, eta guk argi genuen hori aldatu egin behar zela, gauza bat dela norbere sinesmena eta beste bat alderdiaren jarrera».

Kanpoko eta barneko arduren bateraezintasuna izan zen estatutu haien beste puntu garrantzitsu bat. Bateraezintasuna jeltzaleen tradizio politikoan zegoen gerra aurretik ere, baina 1977ko estatutuetan «koska bat estuago» egin zuten txostengileek, Bergarak dioenez. Era berean, kide bat barne ardura baterako aukeratuz gero hura derrigor hartu behar izatea ere agertzen zen estatutuen proposamen hartan.

Bergarak gogoratu duenez, eztabaida prozesuan beste proposamen bat agertu zen, Ipar Euskal Herriko talde batek egindakoa, EBBko presidentetzari garrantzi handia ematen ziona —presidentea aukeratzeko bozketa egun bat ezartzea eta bozketa hori «EAJko kideak zeuden munduko herrialde guztietan» egun berean egitea proposatzen zuen, esaterako—. «EAJ ez da inoiz alderdi presidentzialista izan, eta gogoan dut Ajuriagerrak sutsu egin zuela proposamen haren aurka». Azkenean, atzera bota zuten proposamen hura, Urkiolan (Bizkaia) egindako batzar batean.

Txosten politikoa, berriz, Arzalluzen esku gelditu zen: «Bakar-bakarrik egin nuen; emaztearen familiak Galdakaon duen baserrian sartu nintzen hiru libururekin, eta idatzi egin nuen, eta bere horretan onartu zen, aldaketa pare bat eginda».

1976ko amaieran iritsi ziren txostenak herri batzarretara, eta alderdikideek eztabaidatzeari eta aldaketak proposatzeari ekin zioten, herriz herri aurrena, herrialdeko batzarretan geroago. Bizkaikoa, esaterako, Euban egin zuten, eta han BBB Bizkai Buru Batzarra aukeratu zuten, estreinako aldiz gerratik.

Eztabaida gogorrak

Prozesu hori ere ez zen samurra izan, Arzalluzek gogorarazi duenez: Bizkaiko batzarra «gogorra» eta «istilutsua» izan zen, batez ere Bermeoko ordezkariek, Anton Ormaza buru zutela, bestelako jarrerak defendatu zituztelako. «Desadostasun nagusia zera zen: Ormaza edo Arzalluz», azaldu du gerora EBBko presidente izango zenak. «Ormazaren ildokoek uste zuten eurak zirela benetako alderdikideak, eta ez zuten konfiantzarik gurekin. Haien ustez, Kepa Sodupe komunista hutsa zen, eta ni, batek daki zer».

Azkenik, EBBk —oraindik klandestinitatean— Iruñeko Batzarrerako deialdia egin zuen. Anaitasuna kiroldegian egin zuten, martxoaren 24tik 27ra. Giroan, baikortasuna eta euforia nagusitzen ziren, baina eztabaida sutsuak ere egon ziren: alderdiaren izaera akonfesionalaren ingurukoa izan zen gatazkatsuenetako bat. Jaungoikoaren eta Lege Zaharraren aipamena sartzearen aldekoek, tartean Jose Joaquin Azurza zela, tinko eutsi zioten proposamenari, eta eztabaidak oso biziak izan ziren. «Niri komunista mozorrotua ere deitu zidaten», gogoratu du Bergarak. «Eztabaida puntu horretan trabatu zen. Ezin genuen aurrera egin, eta, azkenean, erabaki genuen Arzalluz batzarretik irten zedila jarrera biak bateratuko zituen testu bat idazteko».

Jende askorekin hitz egin ostean —besteak beste, Azurzarekin, «indar handiko gizona, oso kontserbadorea», gogoan duenez—, Arzalluzek proposatu zuen JELi buruzko aipamenak kentzea estatutuetatik, baina erreferentzia bat egitea sarreran. «Horrela garbitu genuen arazoa», azaldu du; «alderdia ez zen konfesionala, eta JELen aipamen hori transzendentziaren zentzuaren ingurumarian ulertu behar zela jarri genuen».

Beste hiru txostenak ere eztabaidatu zituzten: kulturakoa —euskara batuaren inguruko eztabaidak ere eman zuen buruhausterik—; sozioekonomiakoa —Bergarak dioenez, «batzuen ustez oso aurreratua zena arlo sozialean»— eta politikoa.

Ildo politikoari dagokionez, EAJren azken helburuari buruzkoak piztu zuen eztabaida gehien. Arzalluzek dioenez, Iruñean bozketa egin zuten, eta denak bat etorri ziren alderdiaren azken xedea Euskal Herriaren independentzia zela. Baina hura idatziz nola jaso izan zen arazoa. «Ormazak eskatu zuen hori idatziz jasotzeko eta agiria leku ezkutu batean gordetzeko. Baina nik ikusten nuen zein zen egoera, frankismoa oraindik bizirik zegoela, alderdia legeztatu egin behar zela, herria egoera tamalgarrian zegoelako eta lan handia egin behar zelako, eta, horretarako, ezinbestekoa zen alderdia legeztatzea. Eta independentziarena oztopo izan zitekeen horretarako». Azkenean, erabaki zuten independentziaren aipamen espliziturik idatziz ez jasotzea, «nahiz eta testuan agertu alderdiak betiko bideari eutsiko ziola edo antzeko zerbait».

Batzarrari amaiera emateko, ekitaldi politikoa egin zuten; han, suhartasun giroak goia jo zuen. «Gogoan dut Manuel Irujok hitz egin zuela, eta bereziki Gerardo Bujandaren hitzaldia oso zirraragarria egin zitzaidan niri», adierazi du Bergarak.

Handik pare bat astera, alderdia legeztatzeko eskaera egin zuen EAJk, eta estatutuak aurkeztu zituen horretarako. «Antza denez, estatutuetan agertu behar zen zein zen alderdiaren helburua, eta gure estatutuetan horrelakorik ez zekarren», azaldu du Bergarak. «Ajuriagerrak artikulu bat idazteko eskatu zidan, eta nik gauza labur bat idatzi nuen Euskal Herriaren interesen defentsaz. Ajuriagerrak irakurri zuen, eta esan zidan. 'Kaka bat atera zaizu, baina, tira, balioko du'. Eta hala izan zen».

Hauteskundeak

Ekainean izan ziren hauteskundeak: «Inork ez zuen ogerleko bat ematen gure alde», adierazi du Bergarak. «EPK, ESB... Bazirudien denek gure gainetik pasatu behar zutela. Eta, azkenean, aise gailendu ginen, eta zortzi diputatu lortu genituen».

«Kalean oso giro erradikala zegoen», azaldu du Arzalluzek. «Leninista ez zena troskista zen. Eta gu burgesak ginen, atzeratuak. Hori botatzen ziguten: alderdi zaharra ginen. ESBkoak, adibidez, oso harro ibiltzen ziren, eta gu horren aurrean konplexuz beterik egoten ginen. Ziur zeuden hauteskundeetan garbitu egingo gintuztela. Baina alderantziz gertatu zen, eta hori gure politikaren ondorio izan zen».

Zein izan zen arrakasta haren zergatia? Arzalluzek badu horren inguruan teoria bat: «Guk abantaila batzuk genituen. Alde batetik, bagenuen jende bat, 60-70 urte ingurukoa eta, beraz, gerra garaian 20-30 bat urte zituena, eta beteranoen belaunaldi hark asko lagundu zigun. Beste alderdi batzuetan ez bezala, gurean Ajuriagerra, Leizaola, Irujo eta abar gurekin aritu ziren; behin ere ez ziren oztopo izan, eta hori handia izan zen. Beste aldetik, Europa ondo ezagutzen genuen, hango giro politikoa, eta bagenekien hemen ere kontua ezin zela oso desberdina izan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna