EAEko hezkuntza legea eztabaidagai (II) Lurdes Imaz (EHIGEko koordinatzailea)

«Onespena eman nahi zaio hezkuntza eredu neoliberalari»

Jaurlaritzak hezkuntza eredua eta sistema publiko eta pribatuen zeregina eztabaidatik kanpo utzi izana txarretsi du Imazek. Prozesua ere ez du ontzat jo.
MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Ibai Maruri Bilbao -

2018ko otsailak 14
Hezkuntza legea osatzeko proposatu duen dokumentuarekin, Eusko Jaurlaritzak «adostasun faltsua» agertu nahi du; hala uste du EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko koordinatzaile Lurdes Imazek (Azkoitia, Gipuzkoa, 1973). «Garrantzitsuak diren gaiak ez daude mahai gainean. Eragileok printzipioz ados egon gintezkeen gaiak planteatu ditu sailburuak».

Ez duzue parte hartu akordioa osatzeko prozesuan. Zergatik?

Hezkuntza sistemarentzat garrantzitsuak diren gaiak falta dira. Horrez gainera, ikusi genuen prozesuak aukera gutxi ematen dituela parte hartzeko. Lehenengo fasean, gobernuak berak erabaki du mahai horietan nork hartuko duen parte. Ez da inongo aukerarik egon eragileek proposamenak egiteko. Eta, orain, hamabost egun bakarrik daude hezkuntza eragileok eta gizarteak parte hartzeko. Beraz, guk ez dugu parte hartu lehen fase horretan. Orain jaso dugu dokumentua. Gainetik begiratu dugu, baina baieztatu egiten du hasieran esan genuena.

Zein dira eduki horiek?

Ez dago hezkuntza sistemaren definiziorik. Ez da definitzen zer rol izango duen eskola publikoak eta zein pribatuak. Hori da gairik garrantzitsuenetako bat. Horregatik, gu oso kritikoak gara dokumentuarekin. Gainera, hor agertzen diren neurri asko orain bete behar dira, egungo legediarekin. Adibidez, esaten du ikastetxeek autonomia izan behar dutela, baina Eskola Publikoaren Legeak dagoeneko aitortzen digu autonomia. Orain arte ez da egon borondate politikorik hori betetzeko. Orain akordio bat behar da 1993ko legeak aspalditik esaten duena betetzeko? Ez, legea bete egin behar da, eta kito.

Ikastetxe pribatuek erabateko autonomia dute. Dokumentuak esaten du ikastetxe pribatuek ardura partekatua dutela, eskola publikoarekin batera. Baina hori ere legeak esaten du jada: diru laguntza publikoak jasotzeko baldintzetako bat da hori, eta, ez baduzu betetzen, kendu egin behar dizute laguntza hori. Baina ez da betetzen legea. Ez dauka zentzurik legeak esaten duena betetzeko beste lege bat egin beharrak. Ikastetxe pribatu batzuk baldin badaude ez dutenak aniztasuna errespetatzen, kendu laguntza. Eta horretarako ez da behar akordio bat.

Ez da lege berririk behar?

Definitu behar da zertarako. Oso sistema neoliberala daukagu. EAEn oso gauza arraroa gertatzen da. Estatuan eskola pribatu gehien daukan lurraldea gara; Europan ere bai, Belgika kenduta. Eta, gainera, badirudi lege honekin eredu horri onespen zigilu bat eman nahi zaiola, eta gu ez gaude ados horrekin. Uste dugu eskola publikoa izan behar dela hezkuntza sistemaren ardatza, eskola publikoa delako bakarra ikasle guztiak hartzen dituena. Dokumentu honek, hori esan beharrean, esaten du bizikidetza izan behar dela sistemaren ardatza. Uste dugu hor hizkuntzari lotutako tranpa bat dagoela. Horrek esan nahi du gauza bera dela ikastetxe bat publikoa izan edo pribatua izan, eta ez da gauza bera. Ez da gauza bera titularitate publikoa eta antolakuntza publikoa duen ikastetxe bat, ikasle guztiak hartzen dituena, eta titularitate pribatua duen beste bat, eta ez dituena hartzen ikasle guztiak. Ezin dira parekatu. Adibidez, non eskolaratzen dira bekadun gehienak? Non eskolaratzen dira behar bereziak dituzten ikasle gehienak? Non eskolaratzen dira etorkin gehienak? Eskola publikoan. Orduan, eskola pribatuak zertarako daude?

Ereduaren definizioaz gain, beste zer falta du dokumentuak?

Eduki askorekin ados gaude, baina, esan bezala, dagoeneko beteta egon beharko lukete. Hizkuntzen kontuan esaten du derrigorrezko hezkuntza amaitzean B2 maila izan beharko dutela euskaraz eta gaztelaniaz. Ados, baina, horretarako, hizkuntzen eredua aldatu beharko da, eta dokumentuak aipatu ere ez du egiten aldaketa horren beharra. A ereduan ikasten baldin baduzu, ez duzu izango B2 mailarik euskaraz 16 urterekin. Teorian ondo dago, baina zer gehiago? Lehen, ez zen ezer finkatzen; orain, hizkuntza maila finkatzen da. Eman da pauso bat. Baina hori lortzeko, sistema aldatu behar da. Literatura aldetik ondo dago, baina gero hori betetzeko bitartekoak jarri behar dira. Irakaskuntzaren modernizazioari dagokionez, gauza interesgarriak esaten dira. Bai, literatura modura ondo dago. Baina, hainbatetan esan dudan bezala, eduki asko falta dira, eta gai garrantzitsuak kanpoan utzi dira.

Oro har, dokumentuaren literatura gustatu zaizu. Bada gustatu ez zaizun pasarterik?

Aipatzen du eskola publikoan daudela maila sozioekonomiko apalena duten ikasleak. Berak aitortzen du hori. Eta zergatik ez du ezer egin hori konpontzeko? Aitorpen hori ez da akordio batean egon behar, aspaldi konponduta egon beharreko auzia delako. Zertan egon da gobernua orain arte? Ikastetxe pribatuekin ituna egin baduzu eta ez badute betetzen, ez eman diru laguntzarik.

Hezkuntza eredua aldatzeko edo negoziatzeko borondaterik dagoela uste duzu?

Ez dago mahai gainean gai hori. Zergatik ez dio [Hezkuntza] sailburuak heldu gai horri? Berak erantzun beharko du.

Eragileak nortzuk zareten kontuan hartuta, uste duzu posible dela eredua aldatzea?

Bakoitzak berea defendatuko du. Baina zer egin behar dugu? Gure artean adostu behar dugu? Bai, eztabaidatu beharko dugu, baina gobernuak erabaki beharko du. Gobernua ezin da ezkutatu eragileen atzean. Argi esan behar du zer eredu nahi duen. Gobernuak merkatu baten antza duen sistema honetan jarraitu nahi du, edo benetan sinesten du eskola publikoan? Zer uste duen esan behar du. Hemengo egoera ez da normala. Hemen guztia ituntzen da. Beste erkidego batzuetan badaude ikastetxe pribatuak, ez dituztelako itunetako baldintzak betetzen. Hemen, ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten eskolak ere ituntzen dira; beste erkidegoetan, ez. Hori zertarako egiten da? Zergatik ez da indartzen publikoa? Zergatik esaten da publikoa garestiagoa dela? Ez da garestiagoa. Publikoak herri eta auzo guztietan egon behar du; horregatik da garestiagoa. Ikastetxe pribatuak interesatzen zaien lekuetan baino ez daude.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna