ETAren ibilbidea. Elkarrizketak (IV). Fernando Lopez Castillo.

«ETAk inguru bat izan du, eta denok hartu behar dugu ardura gure gain»

Gasteiz «gris» batean jaio zen. Kimika ikasle zela, justizia soziala nahi izateak eraman zuen ETApm-n sartzera. 1976ko martxoaren 3ko gertakariek gertutik erasan zioten. Sei urte geroago, Miarritzeko mahai batean eseri zen, ETApm-ren desegitea iragartzeko. Tentsioa du gogoan. 1983ko abenduan itzuli zen «gerratik».

JON ORDOÑEZ GARMENDIA

Jon Ordoñez Garmendia -

2018ko maiatzak 2

Oraindik Txiki ezizenez deitzen diote «garai hartakoek» Fernando Lopez Castillori (Gasteiz, 1953). 20 urterekin sartu zen ETAn, eta ETApm-rekin utzi zuen borroka armatua; Miarritzeko 1982ko argazki historikoan erdian dago, Lourdes Alkortaren eskuinean. Bera izan zen negoziatzaileetako bat. 30 urte ere ez zituela aritu zen aurrez aurre Espainiako segurtasun indarretako arduradunekin. Tentsio handia gogoratzen du. Ez zen gustuko lana izan berarentzat. Baina denborarekin asmatu zutelakoan dago. Ikus-entzunezkoen munduan aritu da harrezkero: Hamaseigarrenean, aidanez eta Ehun metro filmeak ekoizten lan egin zuen, besteak beste, eta Gasteizko Film Office-ko zuzendari izan da. Erretiroa hartu du orain, baina dokumental bat estreinatzekotan da aurki.

Nola gogoratzen duzu Gasteiz zure gaztaroan?

Grisa, gris-grisa. Apaizak, militarrak eta mojak besterik ez zegoen. Oso itogarria zen, eta nik giro horretan hartu nuen kontzientzia ideologikoa.

Zergatik sartu zinen ETAn?

Justizia gehiago eta sozializazio gehiago nahi nituelako. Aberriarena niretzat ez zen hain oinarrizkoa. Ni ez naiz sekula nazionalista sentitu. Elkartasuna, internazionalismoa gustatzen zaizkit, eta halakoa nintzen orduan ere.

Zein zen giroa?

1973. urtea zen, eta frankismoa izugarria zen. Ez zegoen askatasunik. Hasieran, ez duzu asko nabaritzen ez zaudelako konprometituta, baina, konprometitu ahala, ikusten duzu geroz eta larriagoa dela. Jendea hil egiten zuten, torturatu egiten zuten, eta, kontrol batean nahasten bazinen, tiro egiten zizuten. Madrilen geundela esaten zuten Motri, ETAko bat, ihes egiteko saio batean labe batean gorde zela, eta erditik zatitu zutela. Gauza beldurgarriak entzuten ziren. Heriotza zigor batzuk atera zituztelako hasi ginen gu ETArekin kolaboratzen.

1976ko martxoaren 3a iritsi zen.

Hori izan zen pauso erabakigarria ematera eraman ninduena. Ordura arte, gaztea nintzen, eta formakuntzan ninduten. Baina, egun horretan, ni han elizaren parean nengoen tiro egin zutenean, eta nigandik gertu ezagutzen nuen bat hil zuten: Ocio [Pedro Maria Martinez Ocio]. Gehiago berotu nintzen, eta beste sei urte eman nituen ETAn. Gertakariek eramaten zaituzte horretara. Egun batean ohetik altxatzen zara eta erabaki bat hartzen duzu, kostatzen dena kostatzen dela.

Gaztea zinen sartzean, eta gaztea ETApm desegin zenean.

20 urte nituen hasi nintzenean, eta 28, utzi nuenean. Ume batzuk ginen, eta egundoko erabakiak hartu genituen. Horrek zaildu egiten zaitu, lasaiagoa egiten zaitu.

Nolakoak izan ziren desegiteko negoziazioak?

Ginenaren aitorpen handi bat izan ziren. Inork ez du txorimalo batekin negoziatzen. Nik parte hartu nuen negoziazioetan tentsio handia gogoratzen dut. Gauza zailak negoziatu behar ziren: presoak noiz aterako ziren, nola, zer ordenatan... zerrendak egiten pasatzen nituen nik egunak. Baina, aldi berean, konturatzen ginen historiarako irabazten ari ginela hori.

Zein izan zen ETApm-ren ekarpenik handiena?

Handiena Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur-en taldeari zor zaio. Politiko-militarra teorizatu eta horrek atzean zuen filosofia ekartzeaz gain (gerrarako garaiak daude eta politikarako garaiak daude), zerbait indartsuagoa teorizatu zuten. «Estatu bat bagenu, zer egingo genuke etsaiarekin? Gizartea nola antolatuko genuke?». Horrek eraman gintuen geratzera, ondorioztatu baikenuen ez ginela askatasun maila handiagoetara iritsiko borroka armatuarekin, kontrakoa baizik. Pentsatu genuen gizartea nahikoa heldua dela, eta gu masa mugimenduen atzetik gindoazela, miliak ez bezala. Uste dut hori filosofia garrantzitsu bat dela, jendearengan fidatzea dakarrelako; hori da lorpenik handiena, filosofikoa da. Eta gero, noski, autonomia estatutuaren lorpena dago. Estatutua hobetu daiteke, eta, oraintxe, uste dut gainditu egin behar dela, baina gauza asko ekarri ditu.

ETApm-ri zor zaio estatutua?

Denori. ETApm-k babestu egin zuen, alde borrokatu zuen, eta denon lorpen bat da. Ez nuke esango nori zor zaion gehiago. Egia da batzuek gehiago sufritzen genuela; EAJko jendeak eta euren seme-alabek lan egiten zuten, ezkondu egiten ziren, lanpostu onak zituzten eta gu kabroien moduan ibiltzen ginen. Baina, denborarekin ikusita, ez dit axola.

Nola definituko zenuke ETApm iraun zuen zortzi urteetan?

Euskal iraultzarako erakunde armatua, deitzen ginen bezalaxe. Oker batzuk egin genituen, baina gure ekintza gehienak herri borrokak laguntzeko egin genituen: Michelin, langileen grebak, auzoetako borrokak, emakumeen aldeko borroka…Pornografia zinemaren aretoak hartu genituen hango matxismoa salatzeko. Pare bat aldiz sartu ginen errepresioaren kontrako eremuan, eta egoerak eraman gintuen. Transizio prozesua gogorra izan baitzen. Atxilotuak, torturatuak, hilak... gu ere dinamika horretan sartu ginen.

Zer egin zenuten gaizki?

Batetik, ez genuen ikusi biolentziaren garapen prozesu batean sartzen zarenean zure borrokaren objektua zu zarela uste duzula, eta askotan besteez eta jendeaz ahazten zarela. Eta, bestetik, estrategia gisa, beste modu batera uler genezakeen boterea berriro ari zela armatzen, gehiegi. Trantsizioa hasi eta lau urtera Tejeroren estatu kolpea posible izan bazen, izan zen hemengo haustura mugimenduan geundenok egoera asko tenkatu genuelako. Soilik guk [polimiliek] erabaki genuen tentsioa jaitsi behar zela, zentzurik ez zuelako eta arriskua zegoelako lortutako guztia galtzeko. Uste dut ez genuela hor asmatu, ez genuen ikusi ETAk orokorrean eta ETA militarrak batez ere gertakarien gainean kontrol politiko gehiago izan genezakeela.

«Bagenekien borroka armatua ez zela betiko», esan izan duzue.

Nik oso argi nuen. Ez du zentzurik, bestela. Bakea lortu behar da. Ez noski, garaituen bakea, baizik eta askatasun bakea. Horretarako borrokatzen da.

[Jarraitu irakurtzen argazkiaren ostean]


Joseba Aulestia Zotza, Fernando Lopez Castillo Txiki, Miren Alkorta Argi eta Juan Miguel Goiburu Goierri, Miarritzen ETApm-ren desegitea iragartzeko agerraldian.


Nola gogoratzen duzu ETApm-ren desegitea iragarri zenuten eguna (VII. biltzarra)?

Egun on bat izan zen guretzat, baina testuinguru orokorra oso gogorra zen. Jazarpen handia zegoen. Urduri geunden. Baina operazio horretan parte hartu genuen guztiok bi urteren buruan etxera itzuli ginen. Hura izan zen une egokia, eta orduan negoziatu ahal izan zen. Orain, ez dago baldintzarik, eta izugarria da, ondorioena denon artean sortu dugun arazo bat delako: presoak eta biktimak daude. Denon artean konpondu behar dugu.

Arduradun sentitzen zara?

Bai. Zorionez, nik hartu nuen erabakia hartu nuen; baina, bai, arduradun sentitzen naiz. Uste dut denon artean egoera aztertzeko garaian erabaki batzuk hartzeak eta, batez ere, egoera horiek behar bezala konpontzeko ezintasunak hau guztia ekarri duela. ETA bere ibilbidea amaitzera doanez, nahi nuke gutxienez presoak lehenbailehen ateratzea eta garai honetan sortu diren arazoak konpontzea. Inork ez ditu arazo horiek nahi izan; norbaitek nahi izatekotan, diktadurak eta gaizki egindako trantsizio prozesu batek.

ETApm-ren heren batek bozkatu zuen armak uztearen alde. Zalantzarik ez zenuten izan?

Zalantzak denok ditugu beti. Eta zalantza horien froga da bi herenek jarraitzearen alde bozkatu zutela, denbora gutxiz, baina alde. Sartzea kosta egiten da, erabaki garrantzitsua da: bizitza arriskua, tortura... Baina ateratzea gehiago kostatzen da. Sasian bizi izan nuena ez dut berriro bizi izan. Harreman oso estuak sortzen dira, eta, jarduera iraultzailearekin gertatzen den bezala, tentsio handiko egoera baten menpe zaudenez, areagotu egiten dira. Ahaztezina da. Garai horretan egiten dituzun adiskidetasunak ez dituzu sekula ahazten.

Eragindako minaz zer hausnarketa egiten duzu?

Historiaren maratila ezin da atzerantz erabili. Absurdoa da. Eta moralki ere ezin da aztertu. Analisi arrazional bat egin behar da, biktima guztiak aintzat hartu. Biktimei ezin zaie erabaki politikoa eman, baina denon arazoak konpontzeko mekanismo arrazionalak ezartzeko elkargune bat behar da. Kontakizun bat baino gehiago egongo dira, egiaren barruan badaudelako zalantzan jarri ezin diren gauza bat baino gehiago. Nik egin dudana egiteko martxoaren 3koak asko motibatu nau. Hori horrela da eta azaldu dezaket, baina ez dut zertan justifikatu. ETA ez zen jaio Finlandiako demokrazian, baizik eta frankismoan. Sortu behar zuen edo ez, bakoitzak bere iritzia izango du, baina baldintza batzuetan sortu zen, baldintza batzuetan garatu eta beste batzuetan amaituko da. Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko baldintzak bilatu behar dira, eta baldintza horien artean egon behar dira askatasuna egotea eta justizia soziala egotea. Justizia soziala ez egoteak eragiten du indarkeria.

Zortzi urtez egon zinen ETAn erabaki handiak hartuz. ETApm-ren desegitea hala laburbildu izan da: bakea, presoen truke. Nola barneratzen du hori biziaren zati bat eman ondoren?

Guri ez zitzaigun iruditu inoiz porrot historiko bat zenik hori. Bakea presoen truke ematea gauza garrantzitsua da. Gainera, estatutua lortua genuen eta hainbat baldintza sozial ere bai. Nafarroako gaia ere hor zegoen... Horri guztiari gehitzen badiozu inguruan, inguru hurbilean nahi baduzu, Euskadiko Ezkerran, jendearen babesa izan genuela, gure sentipena beste bat zen. Duintasunez bizitzeko aukera izan dugu, eta pozik. Zaudenean beti dago sektore txiki bat babesten zaituena, baina ez zaudenean denek babesten zaituzte. Gure herriak eman zuena eman zuen, eta denon artean lortu genuen guzti hura, batzuk gogorrago beste batzuk ez… Arzallusek esaten zuen: «Norbaitek mugitu behar du zuhaitza intxaurrak eror daitezen». Berak jateko, noski.

Eta orain?

Orain, arazoetako bat hori da, maila pertsonalera eramaten dela gaia, zerbait lortu izanaren sentipen kolektiborik egon gabe. Jendeari esaten zitzaion hil arte jarraitu behar zela, preso bakar bat ere ez zutela utziko mako-an. Nik goraipatu egiten dut orain egiten ari diren lana. Arnaldo Otegik babesa behar du orain dena ondo atera dadin eta ez dezaten presoek pertsonalki bere gain hartu behar erabaki bat.

(…)

Gertatutakoaren ardura ez da soilik presoena, guztiok daukagu gizarte zibil bat gure atzean. ETAk ere izan du gizarte zibila, eta denok osatzen dugu. Hor aritu garenak, EE, Herri Batasuna… dena delakoa. Inguru bat dago, eta ardura denok hartu behar dugu gure gain. Batzuek aurpegia eman gabe etekina atera dutelako, beste batzuek babestu egin zutelako eta beste batzuk isildu egin zirelako. 400ek hartu behar dute orain ardura guztia euren bizkarrean guztion partez? Denok onartu behar dugu biktimak eragin ditugula gatazka honetan eta arazo horiek konpondu egin behar ditugula.

Eragindako kalteaz asko hitz egiten da orain.

Jar dezagun dena mahai gainean, hitz egin eta konpon dezagun eragindako kaltea ahal den neurrian. Justua iruditzen zait. Baina denak batera. Estatuak ere esan dezala eta konpon dezala egin duen guztia, eska dezala barkamena. Ematen du gatazkan orain estatua eta gizartea ikusle izan direla, baina ez, gatazka ez dira soilik tiro egin zuena eta biktima, badira txalo egiten zutenak eta «ETA hil itzazu» oihukatzen zutenak edo «ETAkoak hil itzazu» ziotenak ere. Testuinguru bat dago. Baina, hori bai, biktimak errespetua merezi du, eta gogobete behar da. Denok eraiki behar dugu espazio hori, ez diogu beldurrik izan behar, egiaz hitz egiten bada ere.

Egia jakitea posible edo beharrezkoa al da?

Niretzat, beti, bai. Kontua da nola egiten diozun aurre arazo berriak ez sortzeko.

Zerbait gehituko zenuke?

Abagune garrantzitsua da hau. ETAk bere ziklo historikoa ixteak balio behar du fase honetan sortu diren arazoak lehenbailehen konpontzeko balioko duten akordioak lortzeko: biktimak, presoak... baita frankismoko biktimak ere. Frankismoak eragin zuen bizi dugun testuingurua.

Posible iruditzen zaizu?

Estatua ez da mugituko, hasieran behintzat ez. Baina jendea jabetzen bada mundu hau denon artean sortu dugula eta denon artean konpondu behar dugula, uste dut aldeko giro bat sortuko dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna