ETAren ibilbidea. Elkarrizketak (eta VII). Aitor Elizaran.

«ETAk aztertu izan ditu prozesuen arriskuak, baina ez hausturenak»

Lizarra-Garazi akordioaren hausturaren ondoren, ETAn sartu zen Aitor Elizaran (Miarritze, Lapurdi, 1979), eta klandestinitatean zela ezagutu zituen konponbide politikorako ondorengo prozesuaren saioa eta ezker abertzaleko eztabaida estrategikoaren hasiera. Aitortu du talka bat egon zela ezker abertzalean, eta uste du «aukera onena» atera zela aurrera.

ENEKOITZ ESNAOLA

Enekoitz Esnaola -

2018ko maiatzak 25

Espainiako talde parapolizialek zuen aita hil zuten, 1979an.

Hiru hilabete nituen. Irailean izan zen atentatua, eta urrian hil zen. Nik aita ez nuen ezagutu, beraz, baina nire militantzian izango zuen eraginik gertaerak, alde emozionaletik. Beste askok bezala, gatazka lehen lerrotik bizi izan dut.

Etxean zer kontatu dizute hilketaz?

Ez dugu asko hitz egin horretaz. Aitaren argazki pila bat daude, ez zaigu ukatu izan gertaera; amak kontatu izan digu aita nolakoa zen, baina ez da egon mitifikazio bat. Eta aita hil zutenen egoeraz edo espetxealdiaz ez da gure etxean interesik egon.

Egia ba al duzue?

Ez, eta ez dugu izango. Aljeriako gerratik ateratako mertzenario batzuek hil zuten. Talde parapolizial asko zeuden orduan. BVEk hartu zuen bere gain, baina ez zait interesatzen zer nork egin zuen. Iheslariak hil zituzten, asmo politiko batekin. Gure aitak bizimodu normala egiten zuen, lanean eta.

Zer egin zuen familiak ondoren?

Segituan bueltatu ginen Donostiara, Intxaurrondora.

Gazterik ekin al zenion militantzia politikoari?

14 bat urte nituela, Ikasle Abertzaleetan hasi nintzen, eta gero Jarrain eta Duinan, batera. Konpromiso militante aldetik dena oso naturala izan zen. 1960-1970etik aurrera Ez Dok Amairuk garrantzi handia izan bazuen Euskal Herrian, gure garaian rock mugimenduak izan zuen: Kortatuk, Negu Gorriak-ek… Nire anaia Ugaitz ere militantea zen –hiru urte zaharragoa da–, gazte mugimenduan zebilen, eta erreferentziatzat nuen. Nire lagun batzuek aita preso zuten, eta segituan hasi nintzen espetxeetara joaten. Intsumisioaren borrokak ere sekulako eragin politiko eta soziala izan zuen 1990eko hamarkadan; boteretu egin gintuen, eta ikusi zen bazegoela estatuari aurre egiterik. Intsumisoa izan nintzen; ikasketengatik luzapenik ez nuen eskatu, ez bainuen nahi halakorik. Soldadutzaren azken urteak ziren, eta ez nuen epaiketarik izan.

Gizartean talka handia zegoen gaztetxoa zinela: Ajuria Eneko Ituna, Oldartzen

Oso garai gatazkatsua zen: Ajuria Eneko Ituna mugara iristen hasia zen; ezker abertzalearen aldetik egin zen apustu bat konponbiderako gatazka azeleratzeko; Ertzaintzaren hedapen handia zegoen; [ETA] erakundearen bahiketa batzuk egon ziren, eta elkarretaratze bikoitz haiek; presoen borrokaldiak… Gatazkaren ikuspegitik, gailur bat izan zen. Baina Miguel Angel Blancoren ekintzatik Lizarra-Garazira urtebete pasatxo baino ez zen igaro; metamorfosi polita izan zen.

Zer izan zen Lizarra-Garazi?

Paradigma politikoa asko aldatu zen: borroka armatuaren elementua izozkailuan sartu zen, eta EAJrekin eta eragile sindikalekin elkarlanerako ildo bat ireki. Ilusio handia sortu zen.

Jarrai eta Gazteriak taldeek bat eginda, Haika sortu zen 2000n, Kanboko topagunean. Han al zinen?

Bai. Oso garrantzitsua izan zen gazte erakunde nazionala sortzea. Kualitatiboki eta kuantitatiboki oso topagune ona izan zen. Zirrara egiten dik gogoratzeak, gure militantzian inflexio puntu bat izan zelako.

Lizarra-Garazi ostea zen, ETA berriro ekinean 2000ko urtarriletik… Ihes egin zenuen.

Oso ETAkoa sentitu nintzen beti, oso gertukoa, gaztetatik beti bat egin nuen erakundearekin. Beste milaka batzuek ere bai. Haika 2001ean legez kanpo utzi zuten, eta, Baltasar Garzonek aginduta, hainbat lagun atxilotu zituzten. Tartean, nire anaia nagusia. Espainiako Polizia etxera etorri zenean, pentsatu nuen ni ere eramango ninduela; baina, ez. Haikakoaren ondoren, izen aldaketa egon zen: Segi. Baina Segiren aurka ere egin zuten, urtebetera, eta nire bila ere etorri ziren 2002an, baina ez nengoen etxean une hartan. Ondoren, gorde egin nintzen; klandestinitatera jo nuen, erakundera. 

22 urterekin.

Bertigo handia ematen zidan bereziki ama sufriarazteak. 1979an senarra hil zioten, 2002an nire anaiak urtebete zeraman espetxean, eta nik, ospa. Era traumatikoan bizi izan nuen ihesaldia, baina ez nuen beste irtenbiderik. Izan ere, ez genuen aukerarik borroka politikoan ezer egiteko, aukera espetxea edo espetxea baitzen. Koherentea egin zitzaidan klandestinitatera jotzea.

Zer egoeratan zegoen ETA garai hartan?

Egiturak zabaltzen zuen informazioa kidegoan. Orduan egindako hausnarketaren ondorio bat izan zen Lizarrakoa saiakera ona izan zela, baina EAJk ez zuela joko handirik ematen, eta, beraz, elkarlanerako aukerarik ez bazegoen, ez zegoela beste aukerarik eta armak hartu behar zirela berriro. Lizarrakoaren ondoren, erakundeak militarki giharra erakutsi zuen lehen bi urteetan. Gero hori ahuldu egin zen. Borroka armatuaren eraginkortasun politikoa oso nabaria izan zen hasieran; estatuan ere egiten ziren ekintza asko. Baina Lizarrakoaren apurketaren zama ETAren bizkar gainean geratu zen sentsazioa zegoen. EAJk sekulako baliabideak dauzka mediatikoki gauzak berak nahi duen norabidean jartzeko, eta lortu zuen zama erakundearen gain jartzea. Erremina zegoen ETAn: Lizarra-Garazirekin ilusioa sortu zen abertzaletasunean, baina, era berean, abertzaletasunaren parte handi batek erakundearengan utzi zuen hausturaren errua. Erakundearen ustez, porrota erlatiboa izan zen, baina bide bat erakutsi zuen prozesu bat izan zen Lizarrakoa. Ordura arteko paradigma politikoa negoziazio eskema klasiko batean oinarritzen zen: estatua-ETA.

Hamalau hilabeteko su-etena izan zen. Denbora laburra?

Erakundeak aztertu izan ditu prozesu bakoitzak zituen arriskuak, baina ez prozesutik kanpoko edo hausturaren arriskuak. Hori pasatu zen 1998-1999ko prozesuan, baita 2005-2006koan ere. Lizarra-Garazin hausnarketa, beharbada, sosegu handiagoarekin egin behar zen. Ordukoa gertatu zen 2005-2006ko prozesuan ere: hauxe da sinatu duzuna, ez baduzu betetzen, guk ere ez. Horrek ez betetzearen jokora eramaten zaitu, eta hor besteak zuk baino aukera gehiago ditu irabazteko.

Mendebaldeak terrorismoaren aurkako paradigma berria ezarri zuen New Yorkeko 2001eko atentatuen ondorioz. Eraginik izan al zuen ETAren aurkako borrokan?

Nire ustez, bai; ukaezina da eragina izan zuela. Madrilgo 2004ko martxoaren 11koa ere hor da. Jihadismoa bezalako fenomeno berri bat sortu zen, desberdina beste borroka armatuen aldean; ikuspegi etiko-iraultzailerik ez du, herritar xumeen aurka egiten dute beren buruaz beste eginez. ETAk inoiz ez zuen egingo M-11 bezalako ekintza bat; haiek, bai. ETAk ez zuen gerra horrela irabazi nahi. 2001eko irailaren 11koak botereari erraztu egin zion borroka popularrak eta jihadismoa txapel beraren azpian jartzea. 

Kontrako faktore gehiago ba al zuen borroka armatuak?

Ezkerrak XX. mendearen erditik aurrera mundua eta borroka ulertzeko zeukan era aintzat hartu behar da. 1960-1970eko hamarkadak oso lotuta daude borroka armatu iraultzaileetara, deskolonizazio prozesuengatik eta abar. Erreferentziak ziren Vietnam, Aljeria…; tupamaroen borroka ere hor zen, nahiz eta ez den askotan aipatzen hemen. ETAren sorreran eragin handia izan zuen horrek denak. Gero, Ameriketako borroka batzuetan denborarekin ez ziren armak erabili izan. Bestetik, 1980ko hamarkadan biolentzia oso presente zegoen kalean, kirolean, etxean, baina munduan –Mendebaldean, bereziki–, ikuspegi politiko eta estetiko batetik, gizarteak gero eta erresistentzia handiagoa erakutsi du biolentzia ororen presentziarekin. 2000. urtetik aurrera Euskal Herrian egiten zen borroka armatua mundu mailan ezker iraultzailearen estrategia bakezalearekin eta instituzionalistekin kontraesanean zegoen, Uruguain, Venezuelan, Irlandan edota baita gure herriaren gehiengo batek ere biolentzia politikoaren erabilpenari ematen zion zilegitasun faltagatik. Erakundean zegoen kontraesan politikoak ere orduan du abiapuntua; hau da, intentsitate maila batetik beherako borroka armatua mesedegarri suerta zekiokeela estatuari.

Noiz hasi zinen kezka hori sumatzen ETAn?

Ospa egin nuenetik. Beste kontu bat da nola ixten duzun ziklo hori. Ekuazio zaila zen askatzeko; hau da, ez baduzu nahikoa gaitasun negoziazio prozesu bat behar den terminoetan egiteko, nola eman irtenbidea borroka armatuaren bukaerari eta gatazkaren ondorioei?

2003ko maiatzean Espainiako Poliziako bi kide hil, eta aldi luze batez inor hil gabe egon zen ETA. 2004ko azaroan Batasunak aurkeztu zuen Anoetako proposamena, ez ETAk. 1995ean ETAk aurkeztu zuen Alternatiba Demokratikoa. Zer esan nahi zuen aldaketa horrek?

Prozesuan osagai armatua lehen mailako elementu determinantea izatetik, bigarren mailakora pasatzeko bilakaera natural bat zegoen. Azterketa hori zegoen garai haietan erakundean, eta ezker abertzalean, oro har. Aurreko hamarkadetan ez zegoen. Dimentsio eta eztabaida politikoa zen indartu behar zena; eztabaida ezin zen termino politiko-militarretan mantendu. 1980ko hamarkadan, erreforma eman eta gero, talka militarra funtsezkoa zen bi parteen aldetik, indartsuen nor agertzeko, ea nork egingo kalte handiagoa besteari. Estatuak segitu zuen biolentzia erabiltzen, hor da GALen sorrera, eta geroago judizializatu egin zuen. Borroka armatua politikoa izan arren, bazegoen bataila politikoa lehen lerrora eramateko borondatea erakundean. Estrategia politiko-militarra zegoen estadio batera iristeko, baina bitartean eztabaida politikoa irabazi behar zen, eta ez armen bidez. EAJrekin dugun norgehiagoka politikoa ez da irabazten negoziazio prozesuan, ez da irabazten armen bidez, hori irabazten da herrian lan eginda, parlamentuan lan eginda, botoak aterata… Batasunak hartu zuen konponbide politikorako bandera, ezker abertzaleko antolakunde nagusia zelako, hura zelako ezker abertzaleko erreferentzia politiko nagusia, 1970-1980ko hamarkadetan ETA zen bezalaxe.

Errei politikoa –euskal eragileak– eta errei teknikoa –estatuak-ETA– proposatu zuen Batasunak 2004an. Baina 2005-2007ko prozesuan –lehen bi urteetan, batez ere– ETAk politikaz hitz egin zuen Espainiako Gobernuko ordezkariarekin: Jesus Egigurenekin.

Ez zeukan zentzurik errei politikoan ezer ez egin eta teknikoan korapilo nagusiak askatzea. Bi eremuak elkar elikatzeko nahia zegoen ezker abertzale osoan, eta bi hankako prozesu baten moduan ikusten zen. Erakundeari ziurgabetasun handia eragiten zion etsaiak hasieratik izandako jukutriak; bazeuden aurrekariak, gainera. Gatazkaren ondorioak konpontzea bigarren mailakoa zen; gatazkaren oinarri politikoa konpontzeko abiapuntu bat jarri behar zen, gutxienez.

2007an Genevan, prozesuaren bukaeran, bi mahai egon ziren: politikoa eta teknikoa. ETA teknikoan zegoen. Hori ez zen hain argi ikusi aurretik. Baina ez ETAren aldetik bakarrik, Egigurenek politikaz hitz egin zuelako ETAren ordezkaritzako kide Josu Urrutikoetxearekin 2005etik aurrera. Galderak dira: ezker abertzalean artean ETAk pentsatzen al zuen hau –gatazka politikoa– nik konpondu behar dut? Eta Madrilek pentsatzen al zuen hau ETArekin konpondu behar da?

Boluntarismo handia egon zen. Eta esperientzia ere falta zen bi erreien eskeman. Aljerren [1989] era batera egin ziren gauzak. 2005-2006koan ezker abertzalean eta erakundean borondate handia zegoen konfrontazioa beste termino batzuetara eramateko, baina erakundean deskonfiantza handiagoa zegoen Espainiako Estatuarekiko, ezker abertzalean baino. 2005-2006an prozesua hasi eta erakundeak su-etena [2006ko martxoa] eman aurretik, bi burkide hil ziren espetxean. Horrek ez zuen zalantzan jarri prozesua, baina su-etena abiatu, adostutako bermeak gobernuak bete ez, eta, Arnaldo Otegi atxilotzean, prozesuaren oinarriak zabuka egon ziren. Kezka zegoen. Gaizki hasi zen prozesua, eta ondo ateratzea ziurtatu nahi zuen erakundeak, zuzentzeko moduak jarrita. Inprobisazio bat egon zen, eta bi erreiren eskemari uko egin zitzaion maila batzuetan. Bazegoen beste arrazoi bat: etsaia hasieratik saiatu zen ezker abertzalea eta erakundea mareatzen, bi erreietan mezu kontraesanezkoak emanda. PSOEk ez zuen nahi prozesuak bilakaera erraza izaterik, eta oztopoz bete zuen bidea.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak 2006ko ekainean, Kongresuan: “Gobernuak errespetatuko ditu euskal herritarrek askatasunez, lege arau eta prozedurak, metodo demokratikoak, herritarren eskubide eta askatasunak betez eta indarkeriarik gabe hartzen dituzten erabakiak”.

Aljerren, erakundea asteak aritu zen testu bat adosten estatuko ordezkaritzarekin; mahaitik akordioa zutela altxatu ziren, baina Madrilek berehala aldatu egin zuen testua; ñabarduretan, baina ñabardura garrantzitsuetan. Horrekin casus belli bat egin behar al da? Agian, ez; ez dakit. Adostasunak anbiguoak izan ohi dira, eta gero bataila politikoan irabaz dezala onenak. Azkeneko prozesuan erakundearentzat gobernuak esan behar zuen Euskal Herriaren hitza eta erabakia errespetatuko zituela, eta hori termino juridiko-politikoetan paper batean idatzi behar zen. Haientzat, zerbait esateko modukoa izan behar zuen, eta ETArentzat, prozesuari ate bat irekitzeko modukoa. Era berean, estatuan eztabaida bat zabaldu behar zen, gobernuak aldaketa batzuk bideratzeko baldintza batzuk sortu behar zirelako: hitz egin behar zuten erreforma konstituzionalaz, presoez… Baina prozesuan oztopoak zeuden: atxiloketak, ilegalizazio prozesuak ez ziren eteten… ETAk uste zuen Aljerkoa egin zezakeela gobernuak. Adostutakoa gobernuak betetzen ez zuela ikusita, erakundeak pentsatu zuen: ez al dute betetzen? Bada, guk ere ez. Arma motzak konfiskatu zituen [Frantzia, 2006ko urria]. Etsaia baldintzatu eta prozesua zuzentzea zen helburua, baina, funtsean, prozesurako baldintzak makurtu besterik ez zuten egiten estatuaren ez betetzeak eta horri aurre egiteko erantzunak.

Prozesua une zailean egon arren, nolatan hasi ziren, 2006ko udazkenean, Loiolako elkarrizketak?

Errei politikoan ezker abertzaleko ordezkaritza zegoen, hasieran modu informalean Egigurenekin, eta gero forma hartu zuten elkarrizketek. Erakundean ere ikusten zen mahai horrek hiru hanka izan behar zituela, eta, beraz, EAJ ere sartu behar zela. EAJ sartzeak bazeukan zera negatibo bat, estatuaren interesak defendatzeko bakarra zegoen tokian —PSOE—, beste bat gehitzea zelako –EAJ–. Baina EAJ ez balego Loiolako mahaian, han adostutakoa aurrera ateratzeko arazoak leudeke, EAJk bere buruari beto eskubidea emango ziolako, kontra egongo zelako. Loiolan aurreakordio politiko bat egin zen, baina mahai teknikoko egoerarekin bazuen zerikusirik. Mahai teknikoan PSOEren eta ETAren artean ordurako konfiantza oso higatua zegoen, oso ahul, eta Loiolako aurreakordioko zehazgabetasuna sekulako mehatxu gisa hartzen zen ezker abertzaleko eremu batzuetan; bereziki, erakundean. Gailur politiko batera heldu ginen, baina ezker abertzalean bi ikuspegi egon ziren, eta tentsioa. Erakundean ez zegoen nahikoa konfiantzarik Loiolako mahaian sina zitekeenarekiko, ez zen fio haren garapenaz. Esaten zen: estatuak mahai ‘teknikoan’ adostukoak ez baditu betetzen, nola beteko ditu konstituzioari eragiten dioten gauzak?

ETAk zer zehaztasun eskatu zuen Loiolako aurreakordioaz? Lurraldetasunari buruzkoa?

Puntu klabea Hegoaldeko lau herrialdeek euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea izatea zen, eta anbiguotasunik gabe idatzi behar zen hori. Frankismoaren ondorengo sasierreforman hori izan zen ETAk borroka armatua jarraitzeko arrazoi nagusia: lau herrialdeek euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea ez onartzea estatuak. Loiolako hitzarmena ez zen publikoa izango, eta horrek ere mesfidantza sortzen zuen. Ezker abertzalean ez zegoen arazorik hori publiko egiteko, eta publiko ez egiteak ezerezean uzteko arriskua zekarren. Ez zen Egigurenen edo [Josu Jon] Imazen borondatea zalantzan jartzen; zalantzan jartzen zena zen estatuaren aldetik hitzarmena aurrera eramateko gutxieneko borondaterik ba ote zegoen. PSOEk bake prozesua egin nahi zuen bakerako pausorik eman gabe, akordio politikoa egin nahi zuen hori betetzeko inolako keinu eta urratsik egin gabe. Eta EAJ ez zen hitzarmenaren alde agertuko PSOEk atzera egiten bazuen. 

Madrilen, T4ko atentatua egin zuen ETAk, 2006ko abenduaren 30ean, artean su-etenean zela.

Ekintza egiteko erabakia huts estrategiko izugarria izan zen. Bi ekuadortar hil ziren –bi langile–, eta erakundeak tragikoki bizi izan zuen hori. Ekintzaren balio politikoa erabat distortsionatuta geratu zen. Erabaki harekin ETAk bere estilo liburua albo batera utzi zuen une batean, taktizismo hutsagatik. Erakundearen akats nagusia espainolen jokoan erortzea izan zen, akordioa ez betetzearen estrategiari neurri berean erantzutea. Euskal Herriari gehiago begiratu behar zion –fase politikoa, indarkeriari buruzko hausnarketa, ezker abertzalearen ildoa…–. Begiratu behar zen herri gisa zer komeni zen. Su-etenaren haustura iragarri gabe ekintza bat egitea ETAren sinesgarritasunaren kalterako izan zen, eta hori oso inportantea izan zen. Ekintzak oso ahul utzi zuen prozesua, hankaz gora zegoen jada, eta bideraezin bihurtu zuen. Besteak beste, etsaiari baldintzak erabat okertu zitzaizkiolako.

Baina 2007ko udaberrian izan ziren berriro elkarrizketak, Genevan.

Etsaiak T4kotik aurrera nahi zuena zen haustura bat sortzea ezker abertzalearen eta erakundearen artean, azkenean denak ere ahul uzteko. Prozesua gaizki hasi zen, ibilbide kaskarra izan zuen, eta ikusten zen gaizki amaituko zela, Genevan azken saiakera izan zen arren. Gaizki bukatu zen, 2007ko maiatzean elkarrizketak amaituta.

Ezker abertzalearen estrategia aldaketaren ernamuin bat izan al zen orduko prozesuaren amaiera?

Ezker abertzaleko sektore batzuetan erakundearekiko konfiantza nahikoa urratuta geratu zen. Genevakoaren ondoren, erakundea determinazioz altxatu zen mahaitik, baina ezker abertzalea ez, metaforikoki esateagatik. ETAk ikusi zuen T4ko ekintzaren ondoren prozesuaren krisia areagotu egin zela, eta hausnarketa batzuk egin zituen. Bat: prozesutik ETAren posizioa ahulduta atera zen, nahiz eta prozesua ongi atera zedin borondate osoa izan. Zerbait gaizki ari zen egiten, beraz. Bi: erakundean eta ezker abertzalean zalantzan jarri zen borroka armatuaren eraginkortasuna, eta gogoeta bat egin behar zen borroka armatuaz. Hiru: ezker abertzaleko oinarri soziologikoan eta hango zuzendaritzetan urratu egin zen erakundearekiko konfiantza. Lau: zerbait berri asmatu behar zuen erakundeak, gure herria libertatera eraman nahi bazen. 

Zer ikuspuntu desberdin zeuden Batasunaren eta ETAren artean?

Erakundea oso kontziente zen bere eragin militarraren mugaz. Ezker abertzaleak iritzi bera zeukan, baina han ilusio bat zegoen paradigma berri bat sortzeko. Eta zein zen, haren ustez, horko berrikuntza? Elementu armatua hasierako momentutik ez egotea, panorama politikoa argituz; eta herri borroka eta estrategia demokratikoaren bidez askapen prozesu bat abiatu nahi zen, gatazkaren gakoak indar harreman zibil eta elektoralaren bidez askatzeko. Erakundean potentzialitatea ikusten zitzaion estrategiari, baina ez ezker abertzalean bezain argi, eta bertigoekin.

Zergatik?

Erakundeak ez zuen bat egiten, orduan, amaiera mota horrekin. Erakundearen kidegoan arazo ideologikoak zeuden; izan ere, borroka armatuaren errealitatearekin hazitakoak, borroka armatua negoziazio prozesurik gabe uzteko erabakiaren ataka historikoan aurkitu ziren. Oso erabaki ausarta zen, apustua borroka armatua uztea, autodeterminazio eskubidea termino estrategikoetara eramatea eta presoen kaleratzea Euskal Herriaren esku uztea zelako.

ETAk 2008-2009an batzar bat egin zuen, eta borroka armatuarekin jarraitzea erabaki zuen. Talka sortu al zen ezker abertzale barruan?

Bai. Sintonia falta bat zegoen. Erakundearen batzar hori nahikoa azkar egin zen. Apustua aurrera atera behar zuela uste zuen, baina borroka armatua segitzeko epe motzeko ikuspegia zeukan; izan ere, aldi berean, bazuen gogoeta estrategiko bat, azkeneko prozesuaren hausturak dimentsio estrategikoan irakasgai asko utzi zituelako. Estrategia bat agortu zelako zantzuak zeuden, baina ez klandestinitatean zeuden kideen artean bakarrik, espetxetik ere bidaltzen zirelako iritziak. Ikusten zen ETAren borroka armatu klasikoarekin estatua ezingo zela baldintzatu jada. Beraz, batzar bat egin eta amaitu bazen ere, hausnarketa estrategikorako tarteak irekita jarraitzen zuen, prozesu politikoa gripatuta ikusten zelako abertzalearen oinarrietan, baita ETAn ere.

Hala ere, ETAk 2009ko maiatzeko elkarrizketa batean zioen oraindik elkarrizketa bilatzen zuela estatuarekin, erabakitzeko eskubidearen aitorpena lortzeko eta independentzia gauzagarri izateko.

Beti egon da itxaropenik. 2011n bertan, borroka armatua uzteko garaian, bazeuden Espainiako Gobernuaren eta erakundearen arteko konpromiso batzuk, gero negoziatzeko; baina gatazkaren ondorioei buruzkoak ziren jada, ez gatazka politikoari buruzkoak.

Ezker abertzaleko eztabaidan bi txosten egon ziren: Argitzen eta Mugarri.

Bi txostenen arteko talka egon zen. Berez, ez zegoen hainbesteko alderik filosofian. Aldea zen Argitzen-en elementu armatua hasieratik baztertu nahi zela, eta ezinbestean, eta beste txostenean ez zen hasieratik hori planteatzen, baizik eta konponbide prozesu baten barruan sartu behar zen aukera hori. Edozein esparruko indar metaketarako eta ekintza politikorako gero eta arazo gehiago zeuden borroka armatuaren elementuarekin; aliantza politika aurrera eramateko zailtasun baten moduan ikusten zen, gero eta gehiago.

Eta zertan bat egiten zuten bi txostenek?

Konponbiderako ildo bat ireki behar zela esatean. Lizarra-Garazi eta Loiola irakaspenak zirela esaten zen, eta estrategia independentista eraginkor baten diseinua behar zela ere ikusten zen bietan.

2009ko urrian atxilotu zintuzten.

Testuinguru horretan, militante gehienen gisara, kezka politikoa nuen, ezker abertzalean talka zegoelako aterabideari buruzko eztabaidan. Beharrezkoa zen adostasun bat lortzea. Gainera, bazeuden baldintza politikoak prozesu bat irekitzeko. Ezker abertzaleak ezin zuen, beraz, bere zilborrari begira denbora askorik pasatu.

Azkar joan zen eztabaida. 2009ko azaroan aurkeztu zuen ezker abertzaleak publikoki, Altsasun, eta, Argitzen-en ildotik joz, 2010eko otsailean atera zen Zutik Euskal Herria adierazpena.

Azelerazio bat izan zen, agertoki berrietara lehenbailehen iristeko.

Gerora, erabakigarria izan zen Zutik Euskal Herria.

Zalantzarik gabe. Erabakia presa pixka batekin hartu zen; boluntarismo pittin bat zegoen, borroka armatua panorama politikotik kenduta dena oso azkar argituko zelakoan edo. Orduko apustuaren ardatz batzuk ez dira behar bezala garatu: alderdien mahaia, presoen inguruko akordioa, nazioarteko presioa Madrili eta Parisi… Baina uste dut hura zela aukera onena.

ETAren Zuzendaritza Batzordeak iazko barne dokumentu batean zioen denboraren premiagatik borroka armatua uzteko eztabaidan ez zela militante denen parte hartzerik izan. Zer arrisku izan zuen horrek?

Arrisku potentziala zen gaizki ulertzeak sortzea eta kidegoaren parte bat erabakiarekin ez bat etortzea, baina halakoak gertatu izan ziren aurreko eztabaidetan ere. Klandestinitateko eta espetxeko egoera ezagutu izan ditut, eta disidentzia edo eszisio militar baterako aukerarik ez zen egon, eta ez dago. 2009ra arte borroka armatua egiten zenean, baziren horrekin bat egiten ez zuten burkideak, baina beti diziplina eta talde izaera nagusitu dira. Orain, gauza bera egokitzen da.

ETAk 2012an egin zuen barne hausnarketa orokorra.

Presooi informazioa heltzen zitzaigun, era neurtu batean, ohi bezala. Erakundearen ildoa militante guztien ahotsa kontuan hartuz erabaki izan da, baina orduan kalean zeudenek egin behar zuten zirt edo zart.

Zeuk ere esan duzunez, ETAk eta PSOEren gobernuak konpromiso batzuk hartu zituzten gatazkaren ondorioez, 2011ko urritik aurrera Norvegian hitz egiteko. Ba al zegoen horiek garatzeko aukerarik? Urtea bukatzerako PP zegoen Moncloan.

Nire ustez, PSOEk segituta ere ez zegoen garapenerako aukerarik batere. Aurreko prozesuetako eskarmentua hor zegoen. Adibidez, azkeneko prozesuan, PSOE ez zen gauza izan atxiloketa politikoak gelditzeko, Iñaki de Juana askatzeko –ikusi zer egoeratan zegoen–, epaileen gurpil errepresioa geratzeko… Bestetik, irakaspena zen herri gisako indar harreman handiagorik gabe Espainiarekin ezin dela negoziatu. Madrilek ez du inolako borondaterik negoziatzeko ezer, ezta, ikusi zenez, gatazkaren ondorioak ere. Eta, gainera, estatuan bertan sortu duten giroagatik, gatazkaren ondorioetan pausoak emateak ez zekarkien onurarik PPri eta PSOEri. 2011ko urriaren 20tik aurrera, beraz, ez nuen ezer espero, Espainiatik euskaldunok gauza onik ezin baitugu espero. Guk soilik gure herritik espero dugu, eta ez dugu Espainiari ezer eskaintzeko ere. Hori ere bada aldebakartasuna.

Jarduera armatua utzi eta bost urte eta erdira armagabetu zen ETA. Eta desegin, sei urte eta erdira.

Bere bukaerara iristeko diseinu bat egin zuen erakundeak. Karta batzuk jokatu zituen, baina ez ziren atera; batez ere, armagabetzean. Desarmatze prozesua nazioarteko estandarretan gara zedin egin zituen saioak, baina estatuen jarrerek ez zuten batere lagundu. Beraz, erakundeak –eta Foro Sozialak eta nazioarteko eragileek ere bai–, sorkuntza politikora jo behar izan zuen, nazioarteko estandarrei eutsiz prozesua gure herrira begirakoa izateko. Horren paradigmarik handiena armagabetze eguna izan zen. Bide herritar bat garatzen asmatu zen. Bost urte pasara gertatu zen hori, handik urtebetera desegitea, eta egia da luzapenak berak prozesuari negatiboki eragin ziola.

2007an prozesua bukatzean, eta Madril eta Paris itxita zeudela, nazioarteko komunitateko eragile batzuek ez zuten haria moztu ezker abertzalearekiko –legez kanpo zen, epaiketa politikoak...–. Zer garrantzi izan du horrek?

Garrantzitsua izan da nazioartekoen parte hartzea, prozesu guztiari sinesgarritasuna eman diotelako. Ez du balio izan aldebikotasun bide bat irekitzeko, hasieran aurreikusi zen bezala.

2016ko urtarrilean geratu zinen libre. Baionan al zinen, iaz, armagabetze egunean?

Preso baten bisita nuen, eta gaueko hamaiketan heldu nintzen Baionara. Gogoa nuen hura bizitzeko, baina iritsi nintzenerako dena amaituta zegoen.

Eta nola bizi izan zenuen joan den maiatzaren 3koa, ETA ofizialki desegin zen eguna?

ETA erakunde politiko bat izan den arren, erabaki potoloagoa borroka armatua uztea izan zen, nire ustez, erakundearen borroka molde nagusia hori izan baitzen. Desegitea, berriz, sekuentzia baten urrats logikoa izan zen, eta azkeneko hilabeteetan nolabait iragarria zegoen. Nik uste asmatu duela hitzekin, desegin esan duelako eta ez desmobilizazio. Erakundea euskal boluntarioek sortu zuten, eta euskal boluntarioek desegin dute. Oso baldintza zailak jarri dizkioten arren, epilogoa oso txukuna izan da. Bereziki, armagabetzea; ingeniaritza eta sormen politikoaren maisulan bat iruditu zitzaidan.

Desegitea baino bi aste lehenago, “bere ibilbide armatuan eragindako kalteaz” adierazpena atera zuen ETAk. Zer iritzi?

Bukaeraren sekuentzia berean kokatu behar da. Erakundeak beti aitortu izan du bere jarduerak kaltea ere eragin duela, eta bukaera baino lehen horri solemnitate bat eman nahi izan zion. Agiri horrek kritikak jaso ditu EAJrengandik eta Espainiako indarrengandik. Espainiarrek diotena euskaldunoi ez zaigu asko axola behar; ez zen haientzako agiria. Baina ikusi: ETAk Espainiaren aurka indarkeria ekintzak egin izan ditu, ez ditu ekintzok ukatu, bere egiletza onartu du beti, eta bere kidegoak oso garesti ordaindu du hori guztia. Eta oraindik barkamena eska dezagula eskatzen digute, nork, eta bere ardura politikotik euskaldunon aurka biolentzia erabili, biolentzia hori ezkutatu eta euren ardura zigorgabetasun instituzionalean urtzen duten horiek. Barkamena eskatzeaz gain, ez al dituzte epaitu eta zigortu behar Euskal Herrian hamarkadetan kolore guztietako uniformez jantzitako manada armatuak eta haien arduradun politikoak? Haiek egia bederen ez al diote zor herri honi?

Bukatu du ETAk.

Premisa bat: ezin dut pentsatzen dudan guztia esan; iritzi hedatu eta indartsu askok ondorio judizial larriak dituzte oraindik orain. Herritar askorentzat ETA izan da etsaiari kementsu aurre egin dion bakarra, eta erakunde modura errespetu handia irabazia zuen herri eremu ez gutxitan, baita borroka armatuarekin bat egiten ez zuen jendearen artean ere. Galde diezaiogun euskal herritar bati goizeko seietan esne banatzailea ez den norbaitek etxeko atea jo behar badio, nor nahiago duen: etakide bat ala guardia zibil bat?

ETAk borroka armatua testuinguru zehatz batean egin zuen: indarkeriaren, gatazkaren eta eskubideen urraketen testuinguru batean; beraz, testuinguru politiko hori aintzat hartuta egin daiteke ETAren 60 urteei buruzko balorazio politikoa eta historikoa. Batzuek ez dute aintzat hartzen testuinguru hori, eta termino politiko-alderdikoietan mintzatzen dira, tranpa eginez. Herri honetako seme-alabek esango dute gerora zein izan den erakundearen ekarpena 60 urte hauetan. Askok beretzat hartzen dituzten 1978ko erreformako lorpen asko ere ETAren orduko borrokaren ondorio besterik ez ziren izan.

Bukatu du ETAk. 60 urte igaro eta gero, independentismoa esparru sozial garrantzitsua da; Ipar Euskal Herrian esparru politiko berri bat dago; elektoralki espainolismoa erresiduala da, eta lehia elektoral nagusia independentismoaren eta nazionalismo kontserbadorearen artean dago hiru herrialdeetan, eta, gainontzekoetan, abertzaletasuna inoiz baino sendoago; hiriburu historikoko alkatea abertzalea da; euskararen ezagutza eta erabilera 60 urtean areagotu egin dira, muga handiak baditugu ere; intelektualki eta akademikoki herri izugarria dugu; kulturalki eta herrigintza edo herri mugimendu aldetik ez dugu parekorik… Bai, bai, sekulako galtzaileak gara. Hobe lukete espainiarrek 60 urteko espainolismoaren balantzea egingo balute, edo 80 urtekoa. Zer irabazi dute haiek? Horregatik ez dituzte euskal preso politikoak askatzen; euren garaipen ikurra da, porrot politikoa estaltzeko trofeoa.

Etorkizunaz, zer?

Herri honek estatu edo errepublika bat izan dezan, mugimendu bat artikulatzea da lehentasuna. Gaur egun independentismoak okupatzen duen eremutik haragoko mugimendua behar da eratu, esparru guztietan. Independentziarik gabe, ikuspegi linguistiko, sozioekonomiko, kultural edo hezkuntzakotik gainbehera batean sar daiteke herri hau; estatuek badituzte herri bat bukatzeko moduak. 

Epe motzean, beharrezko ikusten dut barruan geratu zaizkigun preso politikoak kaleratzeko estrategia eraginkorra. Niretzat, oraingoa ez da eraginkorra, indar metaketa ez delako kaleratzean zentratu, arazoaren muina, konponbidearen funtsa eta herri honetan elementu ilusionantea hori izanik ere; eta ez dugu presoen kaleratzearekin porositate sozialik lortu, eta ez dugu ildo zabal eta aliantza politikarik abiatu. 

Epe motz-ertainera, berriz, iruditzen zait herri honek eskuin subiranista bat behar duela. Kataluniakoa eredu paradigmatikoa da, eta irakaspen asko dago, eta horietako bat da eskuin katalana subiranista dela eta prozesuan sartuta dagoela. Aldiz, hemengo eskuinak –EAJk–, abertzaletasunari gero eta uko handiagoa egiten dio; 1978ko erregimenaren defentsa egiten du, azken batean, eta gero eta erosoago sentitzen da esparru estatutarioan. EAJren diskurtso latentea da herri honek Espainiaren menpe etorkizun oparoagoa duela independentea izanda baino. Belaunaldiz belaunaldi gero eta berdinago agertzen zaizkie ideologikoki aberria eta statu quo-a. Zentro-eskuinean badira horrela pentsatzen ez duten abertzaleak, eta hori gorpuztea mesedegarria litzateke herri honentzat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna