UDAKO SERIEA. Euskararen hauspo berria (IX) Jon Sarasua

«Ametsa ekoiztu behar da berriro»

Etorkizun ikuspegia «lausotuta» ikusten du Sarasuak. Elkarlana nahitaezko jo du, baina nabarmendu du euskalgintzak «diskurtso autonomoa» eraiki behar duela.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Aretxabaleta
2014ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Euskaltasunari buruz pilatutako ideiak Hiztunpolisa liburuan bildu ondoren, plazan, hitzaldietan dabil berriro Jon Sarasua (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1966). Irakaslea da Mondragon Unibertsitatean. Beste estrategia batzuk martxan jartzeko aukera badagoela uste du; azken hamarkadetan ikasitakotik, beste urrats bat egin litekeela.

Beste pauso baterako unea dela zabaltzen ari da. Ziklo berri bat?

Ez nuke ahoa beteko ziklo amaieraz hitz eginez. Euskalgintza modernoaren aro hau 50 urtean kokatu beharko genuke. Ardatz nagusiak martxan daude, eta segitu beharko dute: corpusa, hezkuntza, hedabideak, helduen euskalduntzea, kulturgintza, enpresena... Beste kontu bat da badagoela aro baten balantzea egiteko arrazoirik, badaudela sintoma kezkagarri batzuk; bestetik, baldintza soziopolitiko eta soziologiko berri batzuk usaindu ditugu. Horrek marka dezake estrategia berri batzuk martxan jartzeko komenentzia. Estrategia bisioaren alaba da. Eta bisioa dago lausotua. Ametsa ekoiztu behar da berriro.

Diskurtsoa berritu behar da?

Doinu beregain bat ekoitz dezake euskalgintzak. Kontua ez da diskurtso bat bestearen ordez kokatzea. Uste dut euskalgintzak asmatu behar duela gizarte osoari —gizartea oso zabala eta askotarikoa da— helarazten euskararen ametsaren doinu autonomo bat, alderdi blokeek transmitituko dizkioten doinu elektoralez beste usain propio bat izango duena.

Alderdiak alde batera utzita?

Ez. Alderdiak ezin dira alde batera utzi. Gai hau polistikoa da eta, horren barruan, politikoa ere bai. Alderdiak inportanteak dira, eta beren esparrua dute. Egin behar ez duguna da esparruak nahastu, euskalgintzako erakundeak alde batera etzan edota gai hau erabili alderdien indar metaketarako. Euskararen aldekotasun sakonena gizarteak alderdi edo bloke batekin subliminalki identifikatzea bloke horrentzat oso tentagarria da. Baina euskararentzat tamalgarria litzateke. Ez gaude horrelako akats estrategikoak onartzeko moduan. Rol banaketa posible da: batetik, zer doinu, diskurtso eta amets jariatu behar duen euskararen komunitatearen erdigune antolatuenak, alderdien usainetik erabat urrun. Bestetik, gai honekiko zein den alderdien rola.

Akordiorako aukerarik badago?

Bai. Eraiki liteke zoru komun bat, ezkontzarik gabeko adostasuna. Edo garrantzitsuagoa dena: identifikazio subliminalik gabea. Identifikazio zuzenik ez da egiten, baina identifikazio subliminalak, bai. Zorrotzago saihestu behar ditugu. Euskalgintzaren mezu autonomoaren uhina sinesgarritasunez hedatzen bada, doinu berri moduko bat sortzeko gai bagara, gauzak hobeto egin ditzakegu.

EAEra mugatuta, legebiltzarreko alderdiak ados jar daitezke?

Zailtasunak handiak dira, eta adostasun sendoa lortzerik ez da izango. Baina zertarako dago alderdien jokoa? Alderdien artean ikusi behar da zer blindatu, zertan ez lehiatu. Dena uzten bada demagogiarako, gutxiago aurreratuko dugu. Kontua da euskalgintzaren erdiguneak bere doinua eta erdigunea markatzea. Gero alderdiek ikusiko dute zer kalkulu egin. Badakigu dena ezingo dugula besarkatu. Euskal hiztun komunitatearen geruza zibil antolatuak ekoitz dezake bere doinu propioa. Eta alderdiei jokaleku adostuago bat eskaini, zoru komun minimo batean. Sinesgarritasun zeharkatzailea irabazi behar du, orain arte baino handiagoa.

Nafarroan eta Iparraldean, erakundeen babesik gabe, nola jokatu behar luke euskalgintzak?

Susmoa badut, adibidez Iparraldean, euskararen bandera ez ote den hartu minoritarioa den ideologia abertzale ezkerzaletik. Ez du lortzen euskararen gainbehera geratzerik. Barnealdeko herrietan hiztunen hariak lotu eta komunitatea eratzekotan, nondik hasi eta zer tonurekin egin? Euskara ekarri duten, eta mundu politiko abertzaletik oso urrun dauden pertsonekin zoru komuna osatzen hasiz gero? Galdera polita da gainerakoan noizko kalkula litekeen Baiona edo Ortzaize euskal estatu batean. Gaur bizirik gaudenok ikusiko ez dugun zerbaiten izenean merezi du Urepeleko hiztun komunitatea erabat pitzatzea? Aho txikiarekin diot, gutxiegi baitakit. Arlo batzuetan pista asko ematen dizkigute Bidasoaz bestaldeko eta Nafarroako euskaldunek.

Abertzale ez direnak erakartzen asmatu da?

Gutxiegi. Hezkuntzatik, elkarteetatik eta abarretatik asko egin da. Bestetik, beste musika batzuk izan dira nagusi herri honetan, politikoak, armatuak eta abar. Egoera horretan, ahal zena egin da. Abertzaletasunaren garrantzia handia izan da euskarari eusteko eta garatzeko; bakoitzari berea. Bestetik, euskaltasunarekiko atxikimenduak abertzaletasuna gainditzen du. Gure idazle sonatuenetako batzuk ez-abertzale argi agertu dira. Kontua da hemendik aurrera zer hamarraldi datozen, zer soziologia, zer jokaleku, eta hizkuntza komunitate gisa nola egin behar dugun bidea.

Aukera ikusten duzu erakarpen horretan pausoak emateko?

Baditugu indarguneak. Arlo emozionala ez daukagu kontra. Baina askotan gertatzen da euskalgintzak zirkulu euskaltzaleetatik pentsatzen duela, jende baten zirkuitu txikietatik. Garraio publikoan bidaiatu behar da Iruñean eta Irunen, Ezkerraldean eta Baionan. Eta liberalismo pluralista oinarri duen gizartean biziko gara. Zuk ez diozu esango autobusean alboan duzunari zer telefono erosi eta zer hizkuntzatan nabigatu. Euskaraz eta kitto! bezalako berbandi horiek tokitan daude benetako gure demolinguistikan.

Euskal Herri osoa euskalduntzearen ametsa doitzeaz ari zara?

Etorkizun ikuspegiak edo ortzimugak zabala izan behar du, anbiziotsua, tira egin behar dio praktikari. Ortzimuga errealitatetik harago jartzea ezinbesteko ariketa da. Exijentea da, hor urtu behar direlako iraganaren ezagutza, esperientzia, orain arteko estrategien maneiua, datorrena usaintzeko gaitasun intelektuala... Ortzimugak adimentsua eta mobilizatzailea izan behar du. Etorkizun ikuspegiaren plano horren azpian kokatu behar dira proiektu edo amets doituak. Kolektibo eta belaunaldi baten gaitasun errealei egokitutako ametsak. Doitu, horiek egin behar dira, amets kolektibo zehatzak. Baina ortzimugak zabalagoa izan behar du, eta nire ustez, gaur egun, lausoa, kolore batzuk zeruertzean, amets zehatz asko kabitzeko.

Eskema egokia izan da? Ezagutzan jarri indar handia, uste izanik erabilera etorriko zela hala.

Hori izan da 50 urte hauetako aroaren diseinua. Eta ez zen marrazki txarra garai hartarako. Pisu guztia ez zen jarri hezkuntzan. Itxaropenaren zati handia jarri da hezkuntzan, kopuruetan. Orain gehixeago dakigu. Hizkuntzaren biziberritzea zuhaitz bat da, adar-enborrak ditu, eta adar-enbor bakoitzak bere adarrak eta zotzak. Hezkuntza da adar-enbor bat. Egin ditzakegu gauzak hobeto, eta, bestetik, galde dezakegu egiten ari garena ote den egin behar duguna. Kontua ez da soilik A eta B ereduak D eredura migratzea. D ereduak berak du gaitza barruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.