UDAKO SERIEA Mugarriak eta bidegurutzeak (IV). EPKren legeztatzea.

Larunbat gorri hura

1977ko apirilean legeztatu zuten Alderdi Komunista; trantsizioaren garaian eragile garrantzitsua izan zen, baina interpretazio kritikoak eta iritzi kontrajarriak daude orduan izandako parte hartzeaz.
Euskal komunistak PCEren lehenengo jaialdian, Madrilen, 1977ko urrian.
Euskal komunistak PCEren lehenengo jaialdian, Madrilen, 1977ko urrian. EZEZAGUNA / EZEZAGUNA

Gotzon Hermosilla -

2017ko irailak 8
Aurten berrogei urte bete dira PCE Espainiako Alderdi Komunista legeztatu zutenetik. 1977ko apirilaren 9an izan zen, Aste Santuko oporraldiaren erdi-erdian, Pazko bezperan —larunbat santu gorria deitu izan diote egun hari—. Zenbait historialariren aburuz, eguna ez zuten ausaz aukeratu: Espainiako gobernuburu Adolfo Suarezek bazekien erabaki zaila zela, espero izatekoa baitzen Espainiako Armadako buruzagi frankista asko kontra agertuko zirela.

Euskal Herrian ere, komunismoak tradizio historiko luzea zuen, eta, beste kultura politiko batzuek ez bezala, modu aktiboan jardun zuen diktaduraren garaian frankismoaren kontrako borrokan. Gainera, bazuen «estrategia eta proiektu politiko bat», Roberto Lertxundi geroago EPK Euskadiko Partidu Komunistako idazkari nagusi izango zenak (Bilbo, 1948) dioenez: «Antifrankismoan, Euskal Herrian bi proiektu zeuden. Bat ETArena zen, jarduera armatuaren bidez erregimen frankista bota nahi zuena, eta bestea PCErena, greba orokorraren bidez frankismoaren babesak higatu eta botere hutsunea sortu nahi zuena. Haustura demokratikoa deitzen zioten horri».

Lertxundi, eta harekin batera beste ehun bat gazte —ikasleak gehienbat, horietako asko ETAren Fronte Kulturaletik zetozenak—, batera sartu ziren PCEn, alderdiaren zuzendaritzarekin negoziatu ostean. «Guk argi ikusten genuen ETAren bidea amaiturik zegoela, errepresioa handitu eta langileen eta herri mugimenduen esku hartzea murriztu besterik ez zuela lortzen, eta PCEn sartzea negoziatu genuen. Euskal kutsuko alderdi bat lortu nahi genuen, garai hartan askapen nazional eta soziala zeritzona ondo uztartuko zuena».

Negoziazio horren emaitzak EPKren II. Batzarrean gauzatu ziren, 1974ko abuztuan, Parisen —EPKren lehenengo Batzarra 1935ean izan zen, Bilbon; geroztik ez zuten beste batzar nagusirik egin—. Horren ondorioz, gazte horietako asko zuzendaritzan sartu ziren, eta Lertxundi bera Bizkaiko idazkari izendatu zuten.

Begoña Vesga ere (Quintanilla San Garcia, Espainia, 1951) EPK-ko kidea izan zen 1970eko hamarraldian, haren ibilbidea desberdina izan bazen ere: PCE(i) Espainiako Alderdi Komunista Internazionaleko kidea izan zen Eibarren (Gipuzkoa) —Roberto Perez Jauregi, Burgosko auziaren kontrako protestetan Guardia Zibilak 1970eko abenduan hildako gazte eibartarra, zelulako kide izan zuen—, eta 1971n hilabete batzuk eman zituen espetxean.

Espetxetik irtendakoan, PCEra gerturatzen hasi zen: «Alde batetik, nire bikotekidea PCEkoa zen; bestetik, PCE(i)-koak oso maximalistak ziren zenbait kontutan, eta gaizki hartu zuten ni espetxetik atera ahal izateko gurasoek diru bermea ordaindu izana; eta, batez ere, ni oso minduta sentitu nintzen Roberto Perez Jauregiren hilketaren inguruan hartu zuten jarrera zela eta. PCE(i)-k bazuen klandestinitatearen kontzeptu oso estua, eta urte asko igaro arte ez zuten Roberto alderdiko kide gisa aitortu. Horrek mindu egin ninduen».

Legeztatzea

Trantsizioa zabaldu zutenean, alderdi politiko batzuk legeztatu zituzten, eta, Lertxundik dioenez, komunistek ere ez zuten prozesu horretatik bazterturik gelditu nahi izan: «Garai hartan, PSOE oso alderdi ahula zen, oso pasiboa, batez ere kanpoko diplomaziaren tresna erabiltzen zuena. Eta, 1977an, PSOEk tentazioa izan zuen PCErik gabeko hauteskunde prozesu bat onartzeko. Hori ikusirik, legeztatzea PCEren lehentasun bilakatu zen».

Horren ondorioz, PCE prest agertu zen «hasieran onartzeko modukoak ez ziren zenbait kontu» onartzeko, legeztatze horren truke: «Monarkia, ikurrak —bandera eta ereserkia— eta beste zenbait kontu onartu ziren, hauteskundeetan iruzurra egiteko PSOEren planteamendua apurtzeko xedez. Eta Suarezek Aste Santuko oporrak baliatu zituen, bazekielako mundu guztia erdi despistaturik zegoela, jeneralak batez ere».

Larunbat hartan, legeztatzearen albistea iritsi zenean, Lertxundi Errioxan zegoen, lagun batzuekin. Segituan, harremanetan jarri zen zenbait burkiderekin telefono bidez, eta elkarretaratze bat antolatu zuten hurrengo egunerako Zornotzan (Bizkaia): «Garai hartan, EPK-k 7.500 kide zituen; batzuk, aspaldiko militanteak, baina beste asko, Franco hil ostean sartutakoak».

Oporraldia izanik, Vesga ere bidaian harrapatu zuen albisteak, Zaragozan (Espainia). «Autoan geunden, eta irratian entzun genuen berria. Itzuliko bidaia osoa ikurrina autoan eskegita generamala egin genuen, ospatzeko».

Lertxundiren ustez, Alderdi Komunista legeztatzea «ezinbestekoa» zen trantsiziorako: «Ezinezkoa zen prozesu demokratiko bat abiaraztea PCE kanpoan utzita, haren indarragatik eta antolatzeko gaitasunagatik». Vesgaren ustez, «berandu» iritsi zen legeztatzea: «Gainera, PCEren ezkerrean talde pila zegoen, eta, nire ibilbideagatik, talde haietako jende asko ezagutzen nuen. Kritikatzen zuten PCEk legeztatzea onartu izana beste batzuk oraindik legez kanpo zeudela jakinda, eta ni ere kritikoa nintzen».

Jon Hernandez (Irun, Gipuzkoa, 1978) jaio gabea zen EPK legeztatu zutenean. 2001ean sartu zen alderdian, eta gaur egun idazkari nagusia da. Garai hura ezagutu ez zuen arren, orduko kide askorekin mintzatu da: «Legeztatzea kalean irabazi zela esan dit garai hartako burkide askok», azaldu du; «ezinezkoa zen PCE legez kanpo uztea eta sistema politikoa homologatzea, orduko alderdirik handiena zelako, auzoetan eta lantegietan zegoelako eta frankismoaren kontrako borrokan nabarmendu zelako. Legeztatzea beste aukerarik ez zuten».

Legearen bermea lortuta, PCEk aurkezterik izan zuen 1977ko ekainaren 15eko lehenengo hauteskundeetan, beste indar batzuek ez bezala. PCEk uste zuen gizarteak saritu egingo zuela frankismoaren garaian erresistentziaren suziriari eutsi izana. Baina gauzak oso bestela gertatu ziren, eta PCEren emaitzak kaskarrak izan ziren. Hego Euskal Herrian, esaterako, EPK-k ez zuen diputatu bakar bat ere lortu, 50.000 botoren langa ozta-ozta gaindituta.

«PCEk askoz emaitza hobeak lortzea espero zuen», azaldu du Lertxundik. «Ez hori bakarrik: PSOErekin aurrez aurre lehiatzea espero zuen, baina ez zen horrelakorik gertatu, ezta hurrik eman ere. Hauteskundeen ikuspegitik, porrota izan zen hura. Ez ginen konturatu frankismoak urte askoan egindako propaganda antikomunistaren indarraz; alderdia ez zen berriztatu PSOE berriztatu zen bezala, eta, horren ondorioz, porrota erabatekoa izan zen. Dena dela, geroago ikusi genuen hura Europa osoko joera izan zela».

Hauteskundeen ostean, 1977ko irailean, III. Batzarra egin zuen EPK-k, Leioan (Bizkaia), eta han Lertxundi alderdiko idazkari nagusi izendatu zuten. Hurrengo urteetan, ezkerreko indarrak biltzeko saialdi bati ekin zioten, Euskadiko Ezkerrarekin bat eginez.

1977ko urriaren 15 eta 16an, lehenengo jaialdi handia egin zuen PCEk Madrilen. Euskal komunistak ere han izan ziren; hangoa da erreportaje honetan ageri den argazkia. «Gogoan dut [PCEko orduko idazkari nagusi] Santiago Carrillok hitz egin zuela, eta denbora gehiago eman zuela Moncloako Ituna defendatzen beste ezertan baino», esan du Vesgak. «Hura arraro egin zitzaidan».

Ikuspegi kritikoa

Espainiako historia ofizialean, «eredugarritzat» jo izan dute trantsizio prozesua, eta urte askoan PCEk, eta Carrillok bereziki, prozesu horretan izan zuen parte hartzea laudatu eta goraipatu izan dute historialari eta kazetariek. Azken urteotan, baina, agertu dira Espainian trantsizioaren irudi idiliko hori, konstituzioa eta 78ko erregimena ezbaian jartzen dituzten ahotsak, eta bitxia da ikustea gaur egungo PCE bat datorrela trantsizioaren ikuspegi kritiko horrekin.

«Garai haren analisi kritikoa egiten duen militante belaunaldi batekoa naiz», dio Hernandezek, «baina uste dut abagune historikoa ezagutu behar dela erabaki batzuk zergatik hartu ziren jakiteko. Harro gaude gure historiaz, eta, esaterako, alderdiak ekarpen garrantzitsua egin zuen egungo demokrazia eraikitzeko, inperfektua izanik ere. Hori esanda, uste dugu okerrak egon zirela, eta onartu behar ez ziren zenbait gauza onartu zirela, monarkiari, banderari, estatuaren ereduari eta beste arlo batzuei dagokienez. Oker horiek abagune historiko jakin batean ulertu behar dira: indar korrelazioak eta egoera orokorrak behartuta hartu zituen alderdiak zenbait erabaki, egungo ikuspegitik okertzat jo ditzakegunak».

Hernandezek ez du uste trantsizioa «eredugarria» izan zenik, kontakizun ofizialak nabarmentzen duenaz bestera: «Erakunde marxista batek etengabe berraztertu behar du egindakoa, eta, gure kasuan, trantsizioaren ikuspegi kritikoa ez da oraingoa; 1978ko Konstituzioaren inguruko jarrera kritikoa 1996tik dator gutxienez. Urte hartatik ari gara esaten konstituzioaren alde soziala, lan eta etxebizitza eskubideaz edo ekonomiaren planifikazioaz mintzo dena, ez dela garatu eta ez dela garatuko, eta apurtutzat jotzen dugula orduko ituna. Hausturaren eta prozesu konstituziogile berri baten aldekoak gara».

Vesga kritikoa zen garai hartan, eta hala da egun ere: «Trantsizioan galga jarri zieten PCEren zenbait planteamenduri; Espainiako ikurrarenari, adibidez. Gainera, PCE oso maximalista zenez, bat-batean bandera monarkikoa alderdiaren egoitza guztietan jarri behar zen, eta nik ezin nuen hori eraman; ni baino gehiago zen. Esaten zuten gure printzipioei ez geniela uko egiten, baina, azken buruan, nik uste dut baietz, uko egin zitzaiela, eta historia da lekuko: itunaren eta onarpenaren bide horretan sartu ginen, eta hortik indar frankistek baino ez zuten onurarik atera».

1979ko udal hauteskundeetan, zinegotzia izan zen Vesga Ermuan (Bizkaia) EPKren zerrendetan. Egun, Alternatibako kidea da, eta, EH Bilduko ordezkari gisa —koalizio horretako partaide da Alternatiba—, zinegotzi izan zen Eibarren 2011tik 2014ra. «Nire gune naturala dela uste dut», azaldu du. «Oso eroso sentitzen naiz beste zenbait sentsibilitatetako jendearekin ezkerraren batasuna eraikitzeko ahaleginean».

Trantsizioaz egiten diren «kritika horietako askorekin» bat datorrela dio Lertxundik: «Nik uste dut trantsizioan ahal zena egin zela, eta ez genuela indarrik izan gehiago egiteko. Baina horrek ez du esan nahi urte batzuk geroago gauzak berriro planteatzerik ez dagoenik, [Espainiako gobernuburu] Zapaterok egin zuen bezala, Memoria Historikoaren Legea egin zuenean. Ni ez nator bat esaten dutenekin trantsizioa kaka hutsa eta traizioa izan zela, baina uste dut badagoela urrunago joatea eta orduan ezinezkoak zirenak planteatzea. Ni neu, esaterako, errepublikaren aldeko mugimenduko kidea naiz. Arazoa da, seguru asko, indar korrelazioa orduan baino eskasagoa dela orain. Ez dut uste 1978an lortu ezin genuena orain lortu ahal izango dugunik».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna