ETAren ibilbidea. Elkarrizketak (II). Jose Manuel Pagoaga, 'Peixoto'.

«Arazo nazionala zen, eta da, bizkarrezurra; zalantza izpirik ez»

ETA sortu eta lau urtera sartu zen han Peixoto, 18 urte zeuzkala. Gertutik ezagutu zituen Txomin Iturbe edota Argala. 1979an, atentatu larria jaso zuen, eta ikusi zuen jada ez zuela «balio» erakundean militatzen segitzeko. Lizarra-Garazi antzeko bat nahiko luke; hura da barruan «benetan» daukan «arantza».
ENEKOITZ ESNAOLA

Enekoitz Esnaola -

2018ko apirilak 27
Bere hitz bakoitzari arreta eskaintzen dion horietakoa da Jose Manuel Pagoaga, Peixoto (Arrasate, Gipuzkoa, 1944). “BizipenaK, oroitzapenaK, sentipenaK, kontakizunaK, istorioaK… — bukaerako k horiek handiz idatzi, mesedez—. Hitz horiek behar den bezala bereizten ez ditugun bitartean, ez gara sasitzatik irtengo”. Hiru orduko elkarrizketan egindako azkenetako gogoeta du Peixotok.

1944an sortu zinen, Arrasaten.

Aranguren baserrian, Musakola auzoan. Baserritik herriko zentrora bi kilometro daude, eta bizia auzoan egiten genuen, jolasean, behorrak-eta harrapatzen. 9 urterekin auzoko eskolatik atera ninduten, baserriko lanetan amari laguntzeko. Aitak zerrajeran egiten zuen lan. Negarrez utzi nuen eskola. 14 urte egitear nintzela, lanera bidali ninduten, tailer batera, baina hilabete batzuetara erabaki zuten eskolara joan behar nuela, eta, orduan ere, negarrez ni. Gero, eskola profesionalean aritu nintzen, eta Maisutza bukatu nuen.

Nola joan zinen hartzen euskal kontzientzia?

Amaren etxekoak abertzaleak ziren, bero-beroak, eta amak 1936ko gerrako kontuak kontatzen zizkidan. Baserriko lan asko aspergarriak dira, eta, arintzeko, kontu kontari ibiltzen ginen; gerrakoak ziren asko. Bere anaia zaharrena zortzi urtean kartzelan izan zuen gure amak. 12 bat urterekin hasi nintzen Iparraldea hitza entzuten; ordura arte parte hori Frantzia zen, eta jakin nuen Iparraldean ere bazela euskara. Gu euskaraz bizi ginen, eta harrigarria egin zitzaidan Iparraldean ere asko hala bizi zirela jakitea. Zirimiriarekin bezala gertatu zitzaidan: konturatu orduko mela-mela egina nengoen, kontzientzia barruraino sartua nuen.

Zerk gehiagok izan zuen eragina zugan?

1960an, herriko bost gizonek alde egin zuten Iparraldera; entzute onekoak ziren bostak, adin batekoak —etxabetar bat-eta—, eta horrek inarroste bat eragin zidan. Garai haietan herrira joatean, euskaraz mintzatzen ginen beti, eta jende batek erantzuten zigun egiteko kristianoz, eta sumatzen hasi ginen adineko jende bat, gerra bizi izan zuen jende abertzale hori, gure alde zela. Euskara errespetaraztea izan zen gure borroka bat, kaleko lehendabiziko borrokatxoa.

ETAren lehen berriak, noiz?

Sasoi hartan, eskolan ETAren Zutik aldizkariak eskuratzen hasi ginen. Sekretu handiz heltzen ziren, eta eskuz esku pasatzen genituen. Misterio bat zen guretzat. Gogoan dut Zutik-en ikusitako lehen argazkia: Rafael Albisurena, ETAko sortzaileetako batena —orain kartzelan dagoen Mikel Albisuren aita—. Goitik behera irakurtzen nuen Zutik, baina ulertu… Adibidez, estatuaren eta nazioaren arteko diferentzia, hori guretzat mundu berri bat zen.

Esan izan duzu formakuntza politikorik ez zenuela gaztetan.

Formazio profesionala itxurazkoa genuen, baina hortik aparte… ETAn geure taldea egin genuenean, bi kidek formazio politiko polita zuten —bat Antxon Mendizabal, Tonino zena zen, gero EHUko irakasle izana—, eta haien eskutik jardun genuen gauzak ulertzen. Nik 19 urterekin leitu nuen lehen liburua, erakundeak berak emandako bat: Los condenados de la tierra, Frantz Fanon-ena. Ez nuen hamarretik bat ulertu. Berriz leitzeko gogoa daukat.

Urtebete lehenago sartu zinen ETAn, 1962an. Nolatan?

Neuk eskatu nuen. Konturatu nintzen kurtsoko bi lagun misterioaren inguruan zebiltzala. Ni hurbiltzean isildu egiten ziren, eta galdetu nien zergatik, ez al ginen ba lagunak. Azaldu zidaten zertan zebiltzan, eta erantzun nien nolatan ez zuten nirekin kontatu. Minduta sentitu nintzen. Taldean galdetu zuten, eta halaxe sartu nintzen ETAn. 18 urte nituen.

Zer lan egiten zenituzten?

Kartzelan zegoen jendearentzat dirua bildu, eskupaperak banatu, pintaketak egin… Kontuz ibili behar zen. Gero hasi ginen ikurrinak jartzen, eta hori pauso handi bat zen.

ETAk 1962an bertan egin zuen I. biltzarra. Ba al zenekiten zertaz zihoan kontua?

Ni ez, behintzat.

1965ean hasi ziren joera edo ildo desberdinak agertzen ETAn: nazionala, langilea… Zu non zinen kokatua?

Hor hasi zen tomate izugarria. IV. biltzarra zen, eta V.enean izandako zatiketaren harrapakari batzuk agertu ziren. 1965erako begiak irekitzen hasiak ginen, gu baino hobeto jantzita zeuden lagun batzuei esker. Langile ildoan buru egiten zutenak, normalki, ez ziren euskaldunak, eta gure taldera-eta hurbildu ziren, eta ohartu ginen arazo nazionala bigarren mailako kontu bat zutela. Hori ez genuen onartzen guk. Arazo nazionala zen, eta da, bizkarrezurra. Taldean ez genuen zalantza izpirik horretan.

Zein izan zen biltzarrik garrantzitsuena?

V.a, egia handi bat asmatu zelako, eta gezur handi bat ere bai. Bi partetan egin zen biltzar hura, Gaztelun 1966an, eta Getarian 1967an [Gipuzkoa]. Bazen ezkerrekoen ildoa, eta bazen abertzaleona. Txabi Etxebarrietak ezkerrekoei esan zien klase borrokarako Euskal Herria zela esparrua, eremu autonomoa zela Euskal Herria, eta lehentasuna arazo nazionalak zuela. Ezkerrekoek euren jardunerako kontuan hartzen zuten Espainiako Estatuko egoera. Harrapatu zituen hor Txabik. Egia handi bat zen harena. Juan Jose Etxabek behin esan zidan hori egia zela, baina gezurra ere bai. Etxabek zioen berak bazekiela berrehun urte barru klase borroka egongo dela baina ez zekiela Euskal Herria egon den. V. biltzarrean esaten zen txanponaren bi aldeak zirela klase borroka eta borroka nazionala, eta Etxabek esaten zidan txanpona Euskal Herria dela. Txabi Etxebarrietaren azalpen hura oso baliagarria gertatu zen, luzaz, baina Etxabek ere arrazoia zeukan; txanpona bera Euskal Herria da.

Ezkerreko ildokoak indartsu zeuden, ordea.

Eta zatiketa gertatu zen V. biltzarreko lehen partean, 1966an.

Joera bat ala bestea izan, borroka armatuaren beharra ikusi zen ETAn urte haietan, pausoa eman beharra. 

Aipatu egiten zen, baina ez zen egiten. Nik uste nuen hasi beharra zegoela, frankismoari behar bezala aurre egin behar zitzaiolako. 1960ko hamarkada, sintesi bat eginda, ereintza aroa izan zen. Orduan egosi zen dena. Ez Dok Amairu sortu zen, AEKri buruz lehen txostenak azaldu ziren, Udako Euskal Unibertsitateari buruzkoak ere bai, apaizen mugimendua bazen… Alde horretatik, Eva Forestekin lan luze bat egin nuen. Gure berri izan nahi zuen. Ikusi zuen hamarkada hartan dena ari zela egosten, irakiten. Ez Dok Amairu izan zen guretzat… Nazkatuta geunden Antonio Molina entzuteaz, eta, zer nahi duzu esatea, Arrate irratian entzuten genituen Zumarragako trikitilariak nahikoa txarrak ziren, baina ez zegoen besterik. Ondotik etorri diren hobeek, neurri batean, Zumarragakoei zor diete. 

ETAk 1962an eskuratu zituen lehen aldiz armak, eta 1968an pertsonen kontrako atentatuak egiten hasi zen.

1968rako ekintzak gogortzen hasi ziren, baina pauso klabea 1968an eman zen. Mixel Labegerieri esker sortu zen Ez Dok Amairu, eta abesti baten hitzak klabea izan ziren, nire ustez, ETAren testu asko baino gehiago: Kaskoin edo maketo ez dugu etsaia. Guk gaztetan tabernetan-eta borrokatxoak maketoekin egiten genituen, baina hitz haiek aditu eta ohartu nintzen tronpatuta nengoela. Etsaia estatua zen, frankismoa bera, ez hona lanera heldu ziren espainolak. Nahiz eta batzuek gurekiko jarrera despotak eduki —gaur egun ere hala gertatzen da—, tronpatua nintzen ni ere: etsaiak ez ziren haiek.

Eta ekin zion ETAk armekin.

Hasi ginen, armekin. Forestek galdetu zidan zein zen ereintza aro hartako erregaia. Ikusi zuenean ez nuela harrapatzen erantzunik, berak bota zidan: “ETAk frankismoari borroka armatu ttipiarekin aurre egitea da erregaia. Izan ere, borroka armatuak indiferentzia urtzen du” —gazteleraz, “la lucha arma dilue la indiferencia”, zioen—. Nik: "Baliteke; arazoa da ez dakidala nola neurtzen zen hori". Indiferentziaren kontu hori garbi azaldu zen Txabi Etxebarrieta hil zutenean, 1968an: hiletan plaza bete zegoen. Jendea ez zen indiferente geratu. Han nintzen neu ere, harri baten gainean hura hobeto ikusteko, eta ikusi nuen ETArena ez zela gazte burubero batzuen kontua, han herria zegoelako. Foresten esaldia grabatuta geratu zitzaidan; sentitzen nuen neuk, baina ez nintzen gai horrela adierazteko.

Noiz atxilotu zintuzten lehen aldiz?

1964an. Etxetik kanpora pasatu nituen lehendabiziko Gabonak izan ziren; kartzelan nengoen. 1965ean epaitu gintuzten, Madrilen.

Gero Ekuadorrera joan zinen.

1968-1971 aldian misiolari bezala egon nintzen han. Motzean esanda, nik ikusi nuen jantzi beharra neukala eta horretarako denbora hartu behar nuela. Ordura arte buru-belarri sartuta ibili nintzen. 1968ko irailaren 8an irten nintzen Arrasatetik Ekuador aldera, eta, justu, 1971ko irailaren 8an sartu Iparraldera.

Franco hil zen, 1975ean. Zerbait ireki zela sentitu al zenuen? Aukerarik ba ote zegoen?

Egun hartan epaiketa bat izan zen Baionan, eta joan egin nintzen. Aretoan ziren txistulariak, ikurrinak eta mundu guztia dantzan, Franco hil zelako. Ni, aldiz, harria baino hotzago nengoen. “Franco hil da, eta? Arazoak berdin-berdin segitzen dik hemen zutik!”, esan nion bati. Bete-betean sentitzen nuen hori. Frankismo garaian helburua Euskadi askatzea zen, Franco hil berritan ere bai, baita orain ere.

Euskal herritar askok ikusi zuten aukera berri bat.

Noski, jendea pozik zegoen Franco hil zelako eta beste zerbait etortzen ahal zela ikusten zutelako. Frankismoan nabaritzen zen ETAk egiten zuena ondo hartzen zuela hemengo jendeak, aldekotasun garbi bat zegoen herriaren aldetik. Gero hasi zen bakoitza poliki-poliki bere bidea hartzen.

Batera aritzeko une garrantzitsua izan al zen Txibertakoa? 1977a zen, eta han zinen zeu ere.

Oso berandu ibili ginela uste dut. Baina berandu ibili ginela handik hamabost bat urtera ohartu nintzen, datuak bildu ondoren. 1946-1947 aldean Parisen, Jose Antonio Agirre bizi zela, hasi ziren EAJkoak eta PSOEkoak frankismo ondoren gertatzen ahal zenaren trantsizioaz batzarrak egiten. Hori Xabier Arzalluzek berak esana da dokumental batean, EBBko buru zenean. Telesforo Monzon izan zen Txibertakoaren arima —ez zuen halako topaketa baten lehen saioa—, eta [Jose Miguel Beñaran] Argala eta Jose Luis Elkoro ere klabeak izan ziren. Monzon pozik zegoen EAJren ordezkaritzarekin —beti etorri zena Joseba Azkarraga izan zen—, “bihar edo etzi sailburu izango den jendea bidali duelako”. Azken-aurreko batzarrean EAJko batek esan zuen ez zeudela prest bidea pistola pean egiteko. EAJko ordezkariak martxa egiteko ate aldera zihoazela, Argala altxatu zen —argitasun handia zeukan, eta zutitu behar da han, e–, eta esan zien: “Une bat, mesedez. Hitz hori [pistola] lehen aldiz EAJko ordezkari batek esan du. Hemen inolako unetan ez da egon pistolarik. Zuek denok zarete lekuko nik diodana hala dela ikusteko. Hori bai, akordio bat lortzeko su-eten bat behar bada, pentsa daitekeen zerbait da. Iritzi pertsonal bat da hori. Saiatuko naiz hurrengo bilerara hain pertsonala ez den zerbaitekin etortzen”.

Zein zatekeen akordioaren oinarria?

Helburua zen Madrilera abertzale guztiak batera joatea, Hegoaldeko lau probintzientzat estatutua, amnistia eta alderdien legalizazioa eskatzeko. Nik uste EAJ Txibertara joan zela begirale bezala, ikustera ea zer ikusten zuen. EAJ ez da mutikotxo bat, gauzak ondo begiratzen ditu, urteak dituen alderdi bat da. Berehala ikusi zen jai genuela Nafarroarekin, ikusten zen alderdi batzuk legeztatzeko tramiteak hasiak zituztela. 

“Su-etenak” zer esan nahi zuen, armak uztea?

Ez. Tregoa. [ETAko] Zuzendaritza osoa Txibertakoan buru-belarri sartuta egon zen hiru hilabetez, merezi zuelako indar bat egitea. ETAk ez zuen ezer egin hiru hilabetez, eta jendea konturatu egin zen. Uste izan zen ETAk azpitik su-eten bat emana zuela, eta erakunde barruan arazo bat egon zen. Zuzendaritzak su-etenarena ez zuen sekula aipatu, baina hitz egin beharra izan zen militanteekin.

Bidegurutzetzat al duzu 1977koa?

Txibertako saioaren azkeneko batzarrean, Euskal Jain, Miarritzen, ez ja Txibertan [Angelu], dozena bat lagun bazkaltzera gonbidatu gintuen Monzonek. Han nintzen, eta Txomin Iturbe, Argala, [Dolores Gonzalez Katarain] Yoyes, Santi Brouard eta Elkoro ere bai, besteak beste. Gu nahikoa burumakur ginen, eta, kafeekin geundela, Monzonek berokiko mutur azpitik karta bat atera zuen. Zioen burumakur ez gindoazela inora, eta esan zuen: “Alderdiekin ezin bada batasuna egin, herriarekin egin beharko dugu, ezta?”. Hor sortu zen Herri Batasunaren pindarra.

Zuk esana duzu batasuna lortzea zaila dela, baina, behintzat, “bateratasuna” behar dela. 

Oso desberdinak dira biak. Batasunak askoz ere elkartze trinkoagoa eskatzen du. Bateratasuna posibleagoa da, denok gurdiari batera bultza egite hori. Txibertan ez nuen, ordea, bereizketa hori egiten. Gero, 40 urtean izan dut pentsatzeko denbora pixka bat.

ETAk ikusten al zuen babesa galtzen ari zela?

ETAren azterketan ekarleen artean ziren Santi Brouard, Monzon, Manex Goienetxe… eta Espainiako Konstituzioaren zirriborroak ikustean azterketa izan zen Nafarroa aparte jarri zutela, eta Monzonentzat hori zen sine qua non baten modukoa, Nafarroa bizkarrezurtzat baitzuen. KAS Alternatiban jarria zegoen Hegoaldeko lau herrialdeez osatutako estatutua, eta Monzon oso gurekin genuen. Harentzat KAS modu txukuna zen su-eten iraunkor bat emateko. Argalak eta biok harekin horretaz hitz egiteko aukera izan genuen. Monzonek Gasteizko mitin batean esan zuen oso konstituzio ona zela, baina oso ona, espainiarrentzat. Beraz, konstituzioa ez zetorren bide bat irekitzera. Baina konstituzioaren aurretik Espainiako hauteskundeak izan ziren, 1977an, Txibertakoa amaitu eta segituan, eta erraza zen ohartzea jendeak frankismotik irten eta bere iritzia emateko gogoa eta beharra sentitzen zuela. Guk zalantzan genuen hauteskundeetan sartzea komeni zitzaigun ala ez. Goienetxeri galdetu nion horretaz, oso gizon argia eta zehatza zelako niretzat, eta erantzun zidan: “Politika artzaintza bezala duk: mendian etxola bat eduki nahi baduk, han egon behar duk”. Politikan egon behar genuen.

Horrek zer esan nahi zuen, politika lehenetsi behar zela edo politikan ere egon behar zela?

Bigarren aukera ikusten zen. Terreno hori ere okupatu behar genuen. 1977ko hauteskundeetan izan ziren indar abertzale eta ezkertiar batzuk, eta 1979koetan eta geroztik, HB. Aldeko giro beroa sentitzen genuen, eta botoen bidez ere eskuratu nahi genuen berotasun hori. Lortu zen. Urte haietan ez genuen espero, ordea, HB lehen indarra izatea; EAJ aspalditik ari zen lantzen frankismo osteko garaia. Boto emaile leialak ditu EAJk, eta kontu hori oso ongi zaintzen duen alderdi bat da; kalez kale lantzen du, gaur egun ere bai.

Zein zen estrategia?

Estrategiaren azalpenak ez dira zabaltzen, gorde egiten dira. Baina ETAm-rena zen, sinpleki esanda: etsaia nahiko gogor jo behar zen, negoziatzera behartzeko. KAS Alternatibaren sorreran ez genuen ikusten etsaia negoziatzeko trenpuan, baina KASekin negoziazioa markatzen joan nahi zen, eta ikusi jendeak zenbateraino egiten zuen bere. Garrantzitsua da hau: eskaintza politikoa zen hori, KASek bloke zuzendari baten izaera hartu zuen, eta ETA ez zen KASen menpekoa, baina ez zuen egin behar KASen iritziaren kontrako ezer. Beraz, KAS zegoen, batetik, eta, bestetik, ETA militarrak bere jarduera armatua zuen. Ez ziren bi bideak nahastu nahi. Batek bat, besteak bestea. Bereizketa horren beste arrazoi bat: milien aurkako operazio batean ez erortzea, ordura artean bezala, dozenaka lagun. Ez zen hori ETApm-k hartu zuen bidea, eta… Iparraldeko jende esanguratsu batek esana zuen ea ETAko nahaste-borrastea noiz argituko zen.

ETA lehen aldiz 1976an eseri zen Madrilekin: Genevan. Han zinen.

ETAko bi adarretako ordezkaritza bana izan zen han, Espainiako armadako ordezkariekin hitz egiteko. Aurrenik pm-koak, azaroan, eta gero ETAm-koak, abenduan, [Jose Luis Ansola] Pello Zaharra eta biok. Monzonek iragarri zigun komeni zela joatea, entzutera bakarrik bazen ere, “entzuteak sekula ez baitu kalterik egiten”. Monzon bazen zerbait guretzat. Beraz, joan, entzun eta buelta, hori zen asmoa. Armadakoek zioten Adolfo Suarez gobernuburuak bidali zituela. Angel Ugarte komandanteak egiten zuen haien buru. ETAm-kook Argala falta genuen; Yeun zeukaten konfinatua, Bretainiako irla batean. Ugartek: “Zuek nahi baduzue, berehala ekarriko dugu Argala, hegazkinez”. Guk erantzun genion ETAren ordezkariak ETAk hautatzen zituela, ez Madrilek. Guk nahi genuen Argala egotea, baina ez Madrilek esaten zuelako. Espainiar militarrak su-eten bat lortu nahian aritu ziren, esanez Madrilek neurri batzuk hartuak zeuzkala: batzuk soldadutzatik libratu zituela, bikote militante bat kartzelan batera jarri zuela… ETA militarrekook txundituta geratu ginen. Pm-k gero bere bidea segitu zuen, Espainiak bereganatu zuen azkenerako; Berezietakoak guregana etorri ziren.

Elkarrizketan behin baino gehiagotan aipatu duzu Argala. 1978aren hondarrean hil zuten. Zer garrantzi politiko izan zuen hilketak?

Bazekiten zer egiten zuten Argala hilda. Ikuspegi estrategiko eta taktiko zorrotza zeukan Argalak. Oso pentsalaria zen, oso fina gogoetatzean. Haren esaldi batez oroitzen naiz orain: “Diziplinara jotzen dugunean, zerbait garrantzitsua huts egiten ari den zantzua da”. Zerbait ikasi badugu bidean, horrelako jendeari esker ikasi dugu. Monzonentzat Argala zen biharko lehendakaria. Komunista zen Argala, baina neuk ikusi nuen hura SESB zalantzan jartzen. 1978an hil zuten, eta begira noiz pentsatzen zuen hori. Datuak zituen, baina ez dakit nondik biltzen zituen. Hura ere komunista zen, baina, Alfonso Sastrek esan bezala, “etxeko komunista” zen. Etxetik hartzen zuen komunismoa, baina gero bazekien herriaren aurrean hitz hori kontuz erabili behar zela, eta [1978ko] KAS Alternatibaren puntu bat da: “Herri masen —eta, batez ere, langile klasearen— bizi eta lan baldintzak hobetzea”. Hori nork ez du onartzen? Hori oso neurtzen zuen Argalak; Brouardek ere bai. ETApm-k alderdi komunista bat sortu zuen: EIA. Argalak ikusten zuen alderdi komunista baten beharra.

Zure kontra ere egin zuten atentatua, 1979 hasieran.

Oinarrizko mekanismoa da beldurra, eta ez da txarra izatea. Txarra da beldurrak zu menpean hartzea eta izua izatea, inutilizatu egiten zaituelako. Ez genuen izurik izan iheslariok. Geure burua eta ingurua zaintzeko beharra genuen, baina izu itxurarik ezin genuen eman.

Frantzia iheslariekiko jarrera aldatzen joan zen.

Hasieran, batez ere, antifrankistak ginen Frantziako Poliziarentzat. Gero Frantziak, nonbait, ikusi zuen bestaldekook Iparraldea kutsatzen hasi ginela –ekarpen nabarmena andereñoek egin dute– eta, beste interes batzuk tarteko, jarrera aldatu zuen iheslariekiko.

Zer diozu Iparraldeko jendeak iheslariei egindako harreraz?

400-500 errefuxiatu ginen garai batean. Ipar Euskal Herriak egin zigun harrera ez dugu estimatu izan behar bezala. Iparraldekoentzat gu laguntzea askotan euren bizia arriskuan jartzea zen. Haien jarrera indartsu hura ezin da ulertu abertzaletasun sakon bat aintzat hartu gabe. Gainera, Iparraldean izan dugun pasaporterik onena euskara izan da. Ihes egin zuten gehienak kosta partean bizi ziren, Hegoaldearen antzik handieneko tokia izateagatik: kale giroa, taberna giroa… Saiatu ginen barnealdera bizitzera joan zitezen batzuk. Gehienek bizimodua aurrera ateratzen saiatu behar zuten. Guk, adibidez, Iparraldeko batzuekin, berotegi bat izan genuen; hortik lau familia bizi ginen, oso zuhur, orduko soldata txikiena baino gutxiago irabazita, baina bizitzen ahal zen.

Aipatu duzu Labegeriek esaten zuela etsaiak ez zirela gaskoiak eta maketoak. ETAk ez zuen herritar xehearen kontra jotzen, baina 1980ko hamarkada erditik aurrera herritar xeheak ere hasi ziren kaltetuak izaten, albo-kaltetu modura, bonba-autoekin. Jauzi bat eman al zuen ETAk?

Bonba-autoak jartzen hasi zirenean, ETAren ahulezia bat bezala sentitu nuen. Militarki huts egitea katastrofe bat da. Carrero Blancorenean ere gertatzen ahal zen zibil batzuk hiltzea, baina arrisku hark merezi zuen, orduko zuzendaritzaren ustez. Min hartuz geroztik ez naiz erakundeko militante sentitzen, ez dut-eta balio, baina bonba-autoekin hasi ziren garaian erakundeari helarazi nion ez zela bidea. Argalak esaten zuen ekintza bat egin aurretik kontu handia izan behar zela, jakin behar zela nork aipatu zuen aukera hori lehen aldiz, zer baldintzatan, zer testuingurutan, eta erne izateko, beraz, etsaiari interesatzen edo komeni zaion zerbait egin zitekeelako. Egindako ona eta txarra herriari zor dio ETAk, baina denbora behar da horretarako.

1987an Hipercor eta Zaragozako kuartela… Hala ere, 1989an, Aljer. 

Lehenago hasi zen Aljerkoa, baina nik horretaz dudan ezagutza bakarra Txomin Iturbe zenak egoeraz bidali zizkidan bi gutun dira, bere inpresioekin-eta. 

Zer zioten eskutitzek?

Ohikoa zen moduan, erre egin nituen; gaur egun balio bat lukete. Aljertik bidali zizkidan gutunak Txominek hara joan eta nahikoa segituan, eta esaten zidan sentitzen zuela elkar ulertze polit bat lortzen ari zela Aljeriarekin, eta bazitekeela Aljeriak bere esperientziatik negoziazioetan bide bat egiten laguntzea. Bestearen lekuan hamar segundoan jartzeko sena zeukan Txominek. Oso pragmatikoa zen. Eta esaten zuen erne ibili behar zela gure arerioekin ere, eta zein ziren gure arerioak? Beti ezkerretik etorri zaizkigu; begiratu historia: V. asanblada, VI.enean bi adar ETAn… Etsaia, berriz, estatua da.

1976ko saioaz geroztik pentsatzen al zenuen Madrilekin berriro eseriko zela ETA?

Hil baino urte erdiren bat lehenago Argalak esan zidan ez genuela batere-batere hitz egin biharko eguneko negoziazioez, eta iragarri zidan estatua saiatuko zela gu hobeto ezagutzen, baita mareatzen ere, eta, ahal bazuen, gu geu geure artean enfrentatzen edo zera okerragoa. Nik: “Okerragoa, zer?”. Argalak: “Segada mortal bat presta diezagukete”. Negoziazio baterako Argalak pentsatzen zuen ETAk su-eten luze baten ekarpena egin behar zuela, eta, ahal bazen, erabatekoa, baina horretarako behar zen helburu batzuk lortu, baita beteko ziren bermeak ere. Itxuraren arabera, 1976koa baino serioagoa izan zen Aljerkoa, baina onena da orduan han egon zirenekin hitz egitea.

ETAk abangoardia gisa jotzen al zuen bere burua?

Hala baitzen. Euskal Herria askatzeko borrokan abangoardia zen ETA, bertako militanteek hala sentitzen zuten, behintzat, eta herriaren zati handi batentzat hala ari zen.

Ez zen atera Aljerkoa. 1998an, Lizarra-Garazi akordioa.

Hori da benetan barruan dudan arantza. Ez nintzen protagonista, baina hor bai, nahi dut zerbait esan, hurbilagotik jarraitzeko aukera izan nuen, ez zelako Aljer. Lizarra-Garaziko akordioko testuan dago arazoaren hezurdura, eta da: hemen herri bat dago eta erabakitzeko eskubidea du —hitza eta erabakia, esaten zen—. Nik uste kalerik handiena izan dela Lizarrakoa. Horrelako hitzarmen batek bermeak eskatzen ditu, baina ez ziren egon. Batak besteari gezurti esanda ez da ezer argitzen.

Zein lirateke bermeak?

Hitzarmena betetzeko begiraleak, edo horrelako zerbait. Hitzarmeneko testua ez zen txosten baten tamainakoa, orrialde eta erdi zen, eta, begiraleak eta bestelako neurriak ezarriz gero, ikusiko zen testuan zetorrenetik irteten zenak apurtuko zuela hitzarmena. Baina ez zen ezarri bermerik, eta gauzak elkarri leporatzen aritu ziren.

Lizarra-Garazi martxan jartzean ikusi al zenuen bateratasuna?

Bai. Ikusi zen helburu bakar batzuetara elkarrekin gindoazela. Baina gero modu desberdinak erabili zituzten eragileek, zentzu desberdinetan ibili ziren. Iparra sekula ez da galdu behar.

ETAk 1999 bukaeran iragarri zuen su-etena hautsi zuela, 2000 hasieran —XXI. mendean ja— hasi zen ekintzekin berriro, Ipar Irlandan dagoeneko bazen akordio bat, 2001ean New Yorkeko atentatuak… 

New Yorkeko ekintzaren ondorioz gauza asko aldatu ziren mundu mailan. Eta, bestetik, Europan gero eta talde armatu gutxiago zeuden. Nire ustez, azken boladan ETAren egite moduetan gero eta garbiago sentitzen nuen ETA ardiak zaintzeko ordez ez ote zebilen otsoari jaten ematen. Esaldi hori oso bortitza den arren, ez du zipitzik apaltzen orduan borrokan zebiltzanekiko nire begirunea. Kanpotik akatsak topatzea erraza da, baina esango nuke neurtze fin baten falta egon zela barruan. 

Iaz armagabetu zen ETA.

Eta pozik nago egin zelako. Nik uste gauzak oso ondo egin zirela, baina ez nintzen Baionan izan, joateko eskatu zidaten arren. Neure burua ez nuen ikusten han orduan.

Badirudi badatorrela ETAren zikloaren bukaera.

Hasierak badu bere bukaera. Ez dut hartzen drama bat bezala. Mingarri zaidana egin ditugun kaleak —Lizarra-Garazi bezala— eta egin ditugun hutsak dira. Itxuroso bukatzea da inportantea, eta nik uste asmatuko dutela. Borroka armatua albora uztea pauso handia izan zen. Gero etorri zen armagabetzea. Orain hau. Hari beretik datorren erabakia izango da. Ondo baino gehiago, normal ikusten dut ETAk bere ibilbidea bukatzea. Ez dut sentitzen tragedia bat bezala.

Duela ia 60 urte sortu zen ETA. Zer balantze egin daiteke?

Eva Foresti esan niona datorkit burura berriro: arazoa da ez dakidala nola neurtzen den. Espainiako Estatuarentzat terrorista batzuk baino ez gara izan. Euskal politikari askorentzat ere, kaltegarri; hala esaten dute, behintzat, baina jakin nahi nuke barruan zer duten. Izan ere, politika da komeni dena esatea eta ahal dena egitea, baina, batez ere, komeni dena esatea eta ez esan behar dena esatea. Bada, esan, hori esaten dute hemen politikari batzuek.

Euskal herritar arruntek zer diotela uste duzu?

Hori beste kontu bat da. Herritar arruntei arreta handiz entzun behar zaie. Jendea bere artean lasai hitz egiten ari dela, jarri belarria, sentitzen dutena esaten ari direlako. ETAn zerbait egon bada, egon da helburu batzuekiko emankortasun beteko zintzotasun osoz aritu izana militanteak. 

Euskal gatazka politiko-armatua ez zen hasi ETAren sorrerarekin. Baina, ETAren aldiaz ari garenez, makina bat hildako izan da: mila pasa bai —800 inguru ETAk eraginda, 300 pasa gerra zikinaren eta bestelakoen bidez—…

…eta torturatuak eta beste. Mendeetako gau beltzetik gatoz gu, euskaldunok, eta ilinti txiki bat ixotu dugun aldi guztiz kanoikadaka itzali digute ilintia. Orain itxaropen handia daukat.

Zergatik?

Ezker abertzalean inoiz baino jende jantziagoa, sendoagoa dago; bide gogorra egin duena, gainera. Ondo trebatua dago, ondo landua. 

Zein dira lehentasunak?

Gure artean elkar hartu behar dugu, bestela ez dugu aurrerapen handirik egingo. Elkar entzun behar dugu lehenik, aintzakotzat hartu, elkar begirunez tratatuz, elkarrekiko konfiantza landuz. Lizarra-Garazi antzeko batera heldu beharko genuke. Bide bat dago egiteko. Etsaiaren egiteko moduak elkarrekin ulertzen hastea da eginkizun bat, eta hura bere lekuan jartzea. Etsaia itxura neofrankista hartzen ari da. Haren helburua da guk elkar ez ulertzea; horrela jada lanen erdiak eginak ditu Madrilek, eta horretan saiatzen da handik edo hemendik. 155. artikulua darabil orain; lehen, beste neurri batzuk, guk ondo dakigunez. Alde horretatik, ikasbide zoragarria eskaini digu Iparraldeak, batera ekimen zabal eta eraginkorrarekin. 

Zein dira elkar hartzeko moduko egitasmoak?

Auzolana. Hori da hemen emaitzarik onenak eman dituena. Auzolan herritarra esan nahi dut, eta sinplea. Musu truk egiten den zerbait da hori, eta bakarrik egin ezin den lana. Euskaldunon azken 60 urte hauetan izan dugun lorpenik handiena ikastolak izan dira. Oraindik ere, ordea, euskara hor dugu, arnasa beharrean. 

Azken hitza hartu nahi dut.

Bota.

BizipenaK, oroitzapenaK, sentipenaK, kontakizunaK, istorioaK… —bukaerako k horiek handiz idatzi, mesedez—. Hitz horiek behar den bezala bereizten ez ditugun bitartean, ez gara sasitzatik irtengo. Aurki 40 urte beteko dira horrela nagoela, eta, horrela nagoen arren, goizean etxeko atea neuk irekitzen dut. Lehenik, eguna agurtzen dut, beroki besarkatuz. Ondoren, berehala oroitzen naiz kartzelan ditugun lagunez. Madrilen mendeku gose asegaitzaren bazka bezala dituzte. Madrilek ondo baino hobeki daki horrela independentzia helburu dugun guztiok zigortzen gaituela. Azken boladan, zorionez, ezker abertzaletik kanpoko eta soilik euskaldun bezala sentitzen direnek ere zigortuak sentitzen direla diote. Zer esan euskañolez…; su horri ez genioke egur gehiago bota behar.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna