UDAKO SERIEA. Errefuxiatuen munduak (I). Fahd Alkhedir.

«Azken bost urteetako gerra madarikazioa da»

Raqqako gaztea pasaporte faltsuarekin iritsi berri da Alemaniara. Esku zabalik jaso dute Berlinen. Halere, islamofobiak arduratu egiten du; batez ere, errefuxiatuak eta terrorismoa parekatzen dituztenen jarrerak.

«Azken bost urteetako gerra madarikazioa da».
Ane irazabal
2016ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Arrebaren etxean oso babestuta sentitzen da Fahd Alkhedir. Urtebetez hotel zaharretan, kalean, hondartzetan eta aterpeetan lo egin ostean, azkenean, Alemaniara iristea lortu du. Fahdi pozarren sumatzen zaio; izan ere, Europako Batasunak harturiko azken neurri murriztaileen gainetik Berlinera heltzea lortu duen errefuxiatu bakanetakoa da. «Eskerrak burugogorra naizela. Banekien lehenago edo geroago arrebarenera helduko nintzela», adierazi du.

Alkhedirren arreba, Reem, doktoretza ikasketak egiten ari da Berlinen. Azken sei urteetan Siriatik kanpo bizi izan da, eta gerra zibila diasporatik sufritu du. «Ez nuen inoiz imajinatuko egun batean Reemengana alde egin beharko genukeenik», dio gazteak.

Baina bizitzak buelta asko ematen ditu. Alkhedirrek BERRIArekin bat egin du Skypeko leihotik: «Tristea da errefuxiatu batek Estatu Islamikoaren doktrina besarkatu duela ikustea. Halako erasoek elikatu egiten dute iheslariak terrorismoarekin parekatzen dituztenen diskurtsoa».

Gazte siriarrak abentura handi bat balitz bezala kontatzen du bere istorioa. Irribarrerik galdu gabe: «Batzuetan uste dut oraindik ez dudala bizi izandako guztia asimilatu. Hobeto gogoratzen ditut txikitako pasarteak. Azken bost urteetako gerra madarikazioa da».

Gerraren hasiera

Fahd Alkhedir 1986an sortu zen, Raqqako familia dirudun batean. «Nire aita pediatra zen, eta txalet handi batean bizi ginen. Siriako gatazkaren aitzinetik gidari pribatua geneukan, eta urtero atzerrira joaten ginen oporretara». Mohamedek, aitak, Italian ikasi zuen, eta izen handiko medikua zen hirian. «Baina duela hamalau urte minbiziak eraman zuen, eta izugarrizko hutsunea utzi zigun familian», gogoratu du gazteak. Orduz geroztik, ama Imtissam babesten saiatu dira bost seme-alabak. Fahd gazteena da, eta oso harreman estua du matriarkarekin: «Familia guztia gidatzen duen iparra da».

2011 mugarria izan zen gaztearen bizitzan. «Unibertsitatea amaitu eta Egiptora joan nintzen master bat ikastera, baina iraultzak bete-betean harrapatu ninduen», gogoratu du. Harrigarria iruditu zitzaion hainbeste manifestari kalean ikustea: «Sirian pentsaezina zen halako protestarik antolatzea». Halere, Kairon egoera okertzen ari zela ikusita, etxera itzuli zen opor luze batzuk hartzeko asmoz. Nork esango zukeen berean ere halako zerbait gertatuko zela. Raqqara bueltatu eta aste gutxira matxinadak eztanda egin zuen.

Hasiera batean, manifestazioetan parte hartzen hasi zen Alkhedir; Poliziak tiroz erantzun zituen arte. «Gazte iraultzaileak desagertzen hasi ziren. Lagunak hil zituzten», gogoratu du iheslariak. Herri iraultzak laster hartu zuen gerra zibilaren forma, batez ere, atzerritik armak iristen hasi zirenean: «Egun batetik bestera oposizioa armatu egin zen, eta denak okerrera egin zuen».

Baina bizitzak aurrera egin behar du, eta, gerraren erdian, Raqqako telekomunikazio enpresa batean lanean hasi zen. «Dena nahiko ondo zihoan 2013ra arte; izan ere, martxoaren 15ean Siriako Armada Askeak Raqqaren gaineko kontrola eskuratu zuen, eta erregimenaren bonbardaketak hasi ziren».

Alkhedirren egun beltzak hasi ziren orduan: «Lana galdu eta Damaskora joan nintzen laguntza bila, baina Assaden Poliziak atxilotu egin ninduen. Erregimenarentzat terroristen eta islamisten hiria zen Raqqa. Konspiratzailetzat hartu ninduten». Hilabete batez torturatu, bakartu eta barau egitera behartu zuten, anaiak 10.000 dolar ordaindu zituen arte: «Aske utzi ninduten. Gazte errugabe asko komisarietan usteldu dira».

Estatu Islamikoa eta Errusia

2014ak, berriz, beste mugarri bat ekarri zuen. Siriako Armada Askeak boterea eskuratu eta urtebetera, Raqqan diskurtso islamista gailentzen hasi zen. «Dena oso azkar gertatu zen, eta, egun batetik bestera, Estatu Islamikoaren sorrera aldarrikatu zuten», nabarmendu du.

Alkhedirren iritziz, hiria kolorez aldatu zen orduan: «Dena bihurtu zen beltza. Emakumeek nikaba jarri behar zuten, gizonezkoek ezin zuten bizarra moztu, otoitz egitea derrigorrezkoa zen, eta agintari berriei zergak ordaindu behar zitzaizkien».

Hasieratik, gainera, atzerritik etorritako milizianoez bete zen Raqqa. «Behin, erdiguneko gimnasio batean, Alemaniako gazte batekin topo egin nuen. Nik dagoeneko buruan neukan handik alde egitea. Harrigarria iruditu zitzaidan kontrako bidea egiteko prest zegoen jendea ezagutzea. Jihadista bat zen, eta esan zidan Alemanian kuffar [fedegabeko] herritar asko zeudela».

Estatu Islamikoaren agintaldiaren aitzineko hilabeteetan barealdia itzuli zen Raqqara. «Kalifa-herriak diru pila bat bildu zuen, eta dolarrak edonon zeuden», gogoratu du. Baina bonbardaketak ez ziren berandutu; erregimenarenak, nazioarteko koalizioarenak eta Errusiarenak. Raqqa gerraren agertoki berri bihurtu zen; gazteari «aski» esateko unea iritsi zitzaion. «Amarekin elkartu, eta alde egiteko ordua iritsi zela erabaki genuen».

Gazteak ezin hobeki gogoratzen du maletak egin eta gau ilun batean jaioterriari agur esan zion eguna. «Reemek pasabide guztiak agortu zituen guretzat bisa bat lortzeko, baina Alemaniako enbaxadak ez zuen gure eskaera onartu». Fahd eta haren ama iragan otsailean iritsi ziren Ankarara. «Berlinen ezezkoak lur jota utzi gintuen. Blokeatuta geratu ginen; izan ere, arriskutsuegia zen Raqqara itzultzea».

Alkhedirren arabera, mafia sareen esku jartzera derrigortu ditu Europak: «Legezko bide guztiak erabili genituen, baina otsailaren 25ean txalupa batean sartu eta Izmirretik Lesbosera gurutzatu ginen». Iheslariari iruditzen zaio lotsagarria dela milaka eta milaka pertsona halako ibilbide bat egitera derrigortzea: «Ez dago eskubiderik. XXI. mendeko bideokamerek grabaturiko heriotza olde bat da Mediterraneoan eta Egeoan gertatzen ari dena».

Idomenin blokeatuta

Amesgaiztoa ez zen amaitu, ordea. Lesbosera iritsi ondotik, Balkanetako mugen itxieraren inguruan entzun zuen gazteak. «Shock egoeran geunden arren, korrika batean Atenasera bidaiatu eta handik Idomenira joatea erabaki genuen. Helburua zen lehenbailehen Mazedoniara gurutzatzea». Baina ordurako beranduegi zen.

Hedabideek ase arte erakutsi dituzten Idomeniko irudiak lehen pertsonan bizi izan dituzte gazteak eta haren amak. Hilabete eta erdiz pasabide horretan blokeatuta zeuden gainontzeko 10.000 errefuxituen artean nahastu ziren. Halere, uste du beste iheslariek baino zorte handiagoa izan zutela: «Guk aukera izan genuen hotel bat ordaintzeko eta gauero ohe bero batean lo egiteko. Milaka familia kanpadenda bustietan bizi ziren». Alkhedirrek eta haren amak 21 egun pasatu zituzten Idomenitik lau kilometrora dagoen ostatutxo batean.

«Baina Bruselaren eta Turkiaren arteko akordioa sinatu zenean konturatu ginen gure ahalegin guztiek ez zutela ezertarako balio izan. Balkanetako mugak behinbetiko itxi zituzten, eta deportazioen mamua errefuxiatu guztiengana zabaldu zen». Alkhedir eta haren ama Atenasera itzuli ziren, eta, une batez, Turkiara bueltatzea bururatu zitzaien. «Egun batean, lagun batek Raqqako trafikatzaile batekin kontaktuan jarri ninduen», azaldu du, «4.500 euroren truke beharrezkoak ziren pasaporte faltsu guztiak egingo zizkiguten Alemaniara hegaldi bat hartzearen truke». Familiak dirutza hori ordaindu eta hirugarren saiakeraren ostean Berlinera iritsi ziren; ama Italiako pasaporte faltsu batekin, eta semea Indiakoarekin. «Ordaintzeko prest dagoenarentzat beti dago alternatiba bat, baina eta gainontzeko guztiak zer?», esan du, etsipenez.

Berlinen, azkenean

Azkenaldian pasatako zorigaitz guztiak oroitzapen txar bat besterik ez dira gazte iheslariarentzat. Alkhedir iritsi da arrebarengana, eta amak ere lortu du alaba besarkatzea. «Hilabete hauetan guztietan antsietateak jota egon da Reem. Europako Batasunaren erabakiek egoera ulertezinak sortu dituzte: familia bereko bi kide Europan egon, bata Berlinen eta bestea Atenasen, eta elkar ikusteko aukerarik ez».

Orain, berriz, lasaitasuna arnasten da Berlin erdiguneko apartamentu txiki horretan. Fahdek eta Imtissamek asilo politikoa eskuratuko dute Alemanian, eta ez dituzte Greziara deportatuko, hasiera batean uste zen bezala. Lesbosera iritsi zirenean hatz markak hartu zizkieten, eta Grezian geratu beharko zutela pentsatu zuten. Baina Atenasko agintariek ez zuten prozesua bete, eta ez daude erregistratuta. «Txiripa hutsa izan da», dio, pozarren.

Berlinek esku zabalik jaso dituela irizten dio gazteak: «Alemaneko ikastaroa goizean eta babes politikoa lortzeko elkarrizketak arratsaldean, egunak azkarregi pasatzen dira». Baina hiriburuak ez du Alemania osoa ordezkatzen, eta gazteak badaki errefuxiatuen kontrako sentimendua gero eta bortitzagoa dela. «Beldurra eragiten dit joera horrek. Etxetik alde egin dut; ez dut berriz ere ihes egin nahi».

Horregatik, eta atzean utzi dutenarengatik, sendiaren baretasuna ez da erabatekoa. Alkheditarrak oso arduratuta daude Raqqan gertatzen ari denarekin; izan ere, anaia zaharrenak eta gainontzeko senideek han jarraitzen dute. «Gure familiak farmazia bat dauka, eta ezin dute Raqqatik alde egin», dio gazteak. «Inork ez ditu babesten Estatu Islamikoaren eta bonbardaketen artean harrapatuta geratu diren zibilak».

Hala, familiako kide guztiak sare sozialei lotuta daude une oro. Skypek bizirik mantentzen du zilbor hestea, eta matriarkak egunero agurtzen ditu etxean utzi dituen seme-alabak. Elkarrizketaren amaieran ere Skypeko leihora hurbildu da Imtissam: «Gauza bakarra eskatzen diot jainkoari: Siriara osasunez itzultzeko adina urte bizitzeko indarra eman diezadala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.