UDAKO SERIEA. Gatazka ahaztuak (IV). Sri Lanka

Amaitu gabeko bazterketa

Adrian Garcia -

2014ko uztailak 25
Gehiengo sinhalarraren bazterkeriaren aurka matxinatu ziren tamil tigreak 1983an. Herrialdearen laurdena kontrolatzea lortu zuten, eta 'de facto' estatua sortu. 2009an amaitu zen ofizialki gerra, Sri Lankako armadak tamilen erresistentzia zapaltzean. Bost urte igaro dira, baina gutxiengoaren aurkako erasoak ez dira amaitu.

Gerra zibil luze eta odoltsua sufritu du Sri Lankak hogeita bat urtez, sinhalar budisten eta tamil hinduen artekoa. 1983. urtean piztu zen gatazka, nahiz eta etnien arteko arazoak eta indarkeria lehenago hasi. Ordutik, 100.000 lagun baino gehiago hil dira. Ofizialki 2009. urtean amaitu zen gatazka, Sri Lankako armadak tamil tigre gerrillariak guztiz inguratu zituenean. NBEren arabera, gerrako azken asteetan 70.000 zibil hil ziren. Gerra krimenak izan ote ziren ikertzeko gobernuaren geldotasuna ikusirik, NBEk berak abiaraziko ditu ikerketak. Gerra bukatu eta bost urtera, 30.000 iheslari daude herrialdean.

1948. urtean lortu zuen Sri Lankak Erresuma Batutik askatzea. Kolono britainiarrek aldeko tratua ematen zioten tamil gutxiengoari. Ez hori bakarrik: Indiatik tamilak ekarri zituzten, uharteko te eta kafe sailetan lan egiteko, eta bertako tamilei gehitu zitzaizkien. Horrela handitu zen sinhalar nazionalistek tamilekin zuten ezinikusia. Burujabetzaren osteko lehen hauteskundeak egitean, boterea haien eskuetan pilatu zen. Sinhalar gehiengoaren nagusitasunak gutxiengoaren eskubide politiko eta kulturalak urratu ditu ordutik.

Gutxiengoa zapaldu ahala, horien jarrerak eta aldarriak aldatu eta gogortu egin ziren. Estatu federal bat eskatzeari utzi, eta independentziaren alde egin zuten tamil askok. Velupillai Prabhakaranek 1976an LTTE Tamil Eelamgo Askatasun Tigreak taldea sortu zuen, uhartearen ipar-ekialdean tamilen estatua sortzeko xedez. Munduko gerrillari talderik boteretsuenetakoa izan da. Infanteriaz gain, abiazioa eta itsas armada izan ditu, eta urteetan lur eremu zabalak kontrolatu eta de facto estatua sortu zuen, lege eta gobernu sistemarekin.

1983an hasi zen gerra zibila, sinhalar gehiengoaren gobernuaren eta LTTEren artean. Beste tamil talde armatuak LTTEra batu ziren, nahiz eta ondoren hainbat banaketa izan. JVP sinhalar talde nazionalistaren ekintza armatuek are gehiago gaiztotu zuten giroa. 2000. urtetik aurrera, hainbat saialdi egin zituzten gatazka baketze aldera, baina hitzartutako su-etenek ez zuten egoera bideratu. 2004an tsunamiak uhartea jo, eta herritarren bizi-baldintzak are gehiago okertu ziren. 35.000 lagun baino gehiago hil ziren hondamendi naturalaren ondorioz.

2005ean, Manida Rajapaksak irabazi zituen Sri Lankako presidentetzarako bozak, eta martxan jarri zuen LTTE akabatu zuen estrategia militarra. Sri Lankako armadaren erasoaldiek uharteko ekialdetik kanporatu zituzten gerrillari tamilak, lehenbizi 2006an. Hurrengo urtean, iparraldea hartu zuten jomugan. LTTE bakartzea lortu zuen Rajapaksak. Lehenbizi, itsas armada hondoratuz armaz hornitzea galarazi zion. Nazioartean tamilek egiten zuten diru bilketa blokeatzea lortu zuen ondoren. Behinola uhartearen laurdena kontrolatu zuten gerrillarien gainbehera hasi zen orduan. Jaffar penintsula utzi eta azken erresistentzia gunea Mullaitivu oihanean ezarri zuten. Ez zuen asko iraun, eta, banan-banan, azken baseak galdu zituzten.

Zibilen aurkako erasoak

Gerraren azkenaldiak badu berezitasun bat: zibilen aurkako eraso basatiak. Human Rights Watch giza eskubideen aldeko erakundeak Kolonbo salatu du zibilak sarraskitzeagatik. Tamil tigreak akabatzeko aukera ikusirik, gupidarik gabe egin zuen armadak tamilen aurka; behin baino gehiagotan bonbardatu zituzten ospitaleak, eta iheslariak kontzentrazio eremuetan pilatu zituzten. Gobernuak ez erasotzeko gunea izendatu zuen kostaldeko Vanni inguruko 14 kilometro karratu. 400.000 iheslari inguru pilatu ziren eremu horretan. Etengabeak izan ziren gune babestu haren aurkako bonbardaketak. Horregatik ikertu nahi ditu NBEk gerra krimenak izan ote ziren. NBEk tamilei ere leporatzen die gatazka eremutik ihes egin nahi zutenei tiro egitea eta haur soldaduak erabiltzea.

Tamil tigreen buruzagi nagusi eta sortzailea hiltzean amaitu zen ofizialki gerra. Maiatzaren 17an eman zuten Prabhakaranen heriotzaren berri, eta lau haizeetara zabaldu zuten haren hilotzaren argazkia.

TNA Tamilen Aliantza Nazionala alderdiak estatu propioa sortzeko eskaria alboratu eta irtenbide federal baten alde egin zuen porrota militarren ondotik. Gobernuak adierazi zuen adiskidetze prozesua martxan jarriko zuela. Ez du, ordea, hitzemandakoa bete: giza eskubideen aldeko taldeek diote gutxiengoaren bazterketak bere horretan dirauela.

Iragan irailean, ipar-ekialdeko probintzietako hauteskundeetan TNA gailendu zen, baina Kolonbo eskumenak itzultzeko uzkur da, eta nahiago du aginte militarrari eutsi. Crisisgroup nazioarteko aholkularitza taldeak zaila ikusten du tamilen autogobernuak aurrera egitea, batez ere gainontzeko herrialdean «demokrazia defizita handia» delako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna