Historia, aldatzeko bidean

AEBek eta Kubak harremanak normaltzeko akordioa egin dute, eta bortz hamarkada iraun duen bahimendua kentzeko neurriak hartzeko asmoa agertu du Barack Obama AEBetako presidenteak
Barack Obama AEBetako presidentea, atzo, Etxe Zurian.
Barack Obama AEBetako presidentea, atzo, Etxe Zurian. DOUG MILLS / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko abenduak 18
Berlingo Harresia eraiki zuten urte berean hartu zituzten AEBek Kubaren aurkako lehenbiziko neurri ekonomikoak, 1961ean. Harresiak 28 urte egin zituen zutik, eta haren eraisteak Gerra Hotzaren bukaera sinbolizatu zuen. Baina Kubaren aurkako bahimenduak hor jarraitu du, bertze mende laurdenez. Historia aldatzear dela iragarri dute, ordea, Barack Obama AEBetako presidenteak eta Raul Castro Kubakoak. «Beste atal bat hasiko da Amerikako nazioen artean», adierazi du Obamak, Etxe Zurian egindako agerraldi berezi batean. Castrok, ordu berean Kubako telebistatik egindako bertze agerraldi berezi batean, berretsi du AEBekin negoziatzen aritu direla, eta harremanak normaltzeko konpromisoa hartu dutela, baina azken xedea ez dela oraindik gauzatu oroitarazi du: «Bahimenduak bukatu behar du», erran dio Washingtoni. Oraingoz, espioitzat jotako presoak trukatu dituzte, eta AEBek jada jakinarazi dute harremanak berrezartzeko hartuko dituzten zenbait neurri, horien artean Habanan enbaxada berriz irekitzea, ia 54 urteren ondoren; Kubak beste hainbeste eginen du Washingtonen.

Etxe Zuriak argitaratutakoaren arabera, gutxienez maiatzetik egin dituzten negoziazioen ondorio izan da bi estatuburuek iragarritako biraketa diplomatikoa. Obamak eta Castrok adierazi dute elkarrizketetan Kanada eta Vatikanoa izan dituztela bitartekari, eta bi herrialde horiei eskertu diete lan hori. Obamak eta Castrok erran dute herenegun telefonoz mintzatu zirela, akordioaren azken xehetasunak zehazteko, eta presoen trukea nola egin erabat erabaki ondoren azaldu dute jendaurrean akordio historikoa.

Obama baino laburrago mintzatu da Castro; azalpen gutxiago zeuzkan emateko, akordioak erabateko jarrera aldaketa gehienbat AEBei eraginen dielako, denbora luzez eta lobby boteretsuen presioarekin egindako politika bat aldatuko dutela iragarri dutelako. Obamak erran du 1961ean bahimendua «asmo onenenekin» hasi zela, eta argi utzi du Kubako sistema politikoa gogoko ez duela ere, baina, oro har, irakurketa kritikoa egin du neurriaren inguruan, eta AEBetako presidente baten ahotik aditzea ezinezkoa ziruditen adierazpenak egin ditu: «Eragin txikia izan du, eta, gaur egun, 1961ean bezala, Kuban castrotarrek eta Alderdi Komunistak agintzen dute».

Kubako sistema politikoa aldatzea nahi duela ere argi erran du Obamak, baina bahimendua edo mehatxuzko bertze edozein neurri hartzearen aurka agertu da. «Ezin dugu gauza bera egiten segitu eta emaitza aldatuko dela espero. Ez da Amerikaren interesen aldekoa, ezta Kubako herriaren aldekoa ere, Kuba kolapsorantz bultzatzea. Modu gogorrean ikasitako esperientzietatik dakigu hobe dela erreforma babestu eta bultzatzea, herrialde bat huts egindako estatu bat izatera eraman dezaketen politikak babestea baino». Jarrera aldaketa arrazoitzeko, Txina eta Vietnam ere aipatu ditu, alderdi komunistak agintean dituzten herrialde horiekin harremanak normaldu baitzituen Washingtonek. Gainera, Kubarekin izan duten jarrerarekin nazioartean edukitako bakardadea ere nabarmendu du Obamak, eta onartu du «nazio bakar batek ere» ez duela bat egin Kubaren aurkako zigorrekin, eta bereziki azpimarratu du politika horrek AEBak «aldendu» egin dituela Latinoamerikatik. Hitzaldia gaztelaniaz bukatu du Obamak, «todos somos americanos [denak amerikarrak gara]» erranda.

Etxe Zuriak, oraingoz, neurri hauek hartuko ditu harremanak bideratzeko: estatubatuarrei malgutu eginen dizkie Kuban negozioak egiteko edo uhartera bidaiatzeko debekuak, nahiz eta oraindik turismoari ez dion bidea irekiko —turismoa diru sarrera handia litzateke Kubarentzat—; estatubatuarrek kreditu eta debitu txartelak erabili ahalko dituzte Kuban; Kuban familia daukaten estatubatuarrek uhartera diru kopuru handiagoa bidali ahal izanen dute; AEBak eskala txikian inportatzen hasiko dira habanoak eta alkohola —rona da Kubaren produktu nagusia—; eta John Kerry AEBetako Estatu idazkariak berraztertu eginen du Kubari emandako «terrorismoaren babesle» estatusa —1982an ezarri zioten—. Estatus hori kenduz gero, Etxe Zuriak zenbait zigor automatikoki kendu ahalko dizkio Habanari.

Castrok erran du Obamaren jarrera aldaketak «errespetua merezi» duela. Obamak Kubako sistema politikoa aldatzeko nahia agertu duen bezala, Castrok ere berretsi du «sakoneko desadostasunak» dituztela AEBen mundu ikuskerarekin, «burujabetza nazionalari, demokraziari eta giza eskubideei» dagozkien auzietan. Gainera, harreman diplomatikoa berrezarri arren «oinarrizkoena» ez dagoela «konponduta» erran du Kubako presidenteak, bahimenduari erreferentzia eginez. Bahimendua lege bihurtua dute AEBek, baina Castrok oroitarazi du hori hala izanda ere Obamak pausoak eman ditzakeela hori desegiten hasteko. «Berriz hitz eginen dugu», jakinarazi du.

Errepublikanoak, aurka

Presoen trukea izan da bi gobernuek jakinarazi duten lehenbiziko neurria. Kubak Alan Gross estatubatuarra eta herritar kubatar bat utzi ditu AEBen esku, eta AEBek, berriz, Bortzak izenarekin ezagun egin den taldeko azken hiru presoak itzuli dizkio Kubari. Gross USAID Nazioarteko Garapenerako Agentziaren azpikontrata bateko enpresari gisa joan zen Kubara 2009an, ofizialki Interneten hedapenean laguntzeko; Kubako Gobernuak, ordea, espioi izatea egotzi zion, eta Justiziak hamabortz urteko espetxe zigorra ezarri zion. AEBek ukatu egiten dute espioi bat denik. Horiez gain, AEBek preso politikotzat jotako bertze 53 kubatar askatzeko konpromisoa hartu du Habanak. Bortzak, berriz, 2001ean atxilotu zituzten AEBetan, espioitza egotzita; Kubako Gobernuak aitortu zuen bere agenteak zirela, baina adierazi zuen helburutzat zutela eskuin muturreko kubatarren talde armatuak zelatatzea.

Bahimendua erabat kentzeko, AEBetako Kongresuaren baimena behar du presidenteak, eta eztabaida bat bultzatuko duela hitzeman du Obamak. Bi ganberak errepublikanoen esku daude, ordea, eta horiek jada kontrako jarrera agertu dute. John Boehner Ordezkarien Ganberako presidenteak gogor kritikatu ditu «diktadura bati egindako kontzesioak». AEBetako kubatarren artean gaur egun gero eta gehiago dira harremanak normaltzearen aldekoak, baina lobby-a osatzen duten politikariak eta erakundeetako buruak aurka agertu dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna