SERIEA. Kolonbiako bake prozesua (IV). Genero ikuspegia.

Kalte ikusezina bistaratzeko

Gatazkari konponbidea eman dion bake itunak aintzat hartu ditu emakumeen eta LGTBI komunitatearen eskubideak. Gerrako urte luzeetan, alta, haiek sufritutako oinazea ezkutatu egin dela salatu dute elkarte feministek.

La Escombrera auzoan 2002an hil zituzten biktimen aldeko ekitaldia. Medellinen. Orion operazioa izenarekin izan zen ezaguna esku hartze militar hura. LUIS EDUARDO NORIEGA/EFE.
Adrian Garcia.
Bogota
2016ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Kolonbiako gatazkak milioika biktima eragin ditu mende erdian, baina horien artean badira ia ikusezin igaro direnak: emakumeak. Gerrako bi aldeen sexu jazarpenak jasan dituzte. Baina ez hori bakarrik: Kolonbiako gizarte patriarkalean, emakumeak arduratu dira familia desegituratuak aurrera eramateaz, desagerrarazitakoak bilatzeaz. Haien sufrikarioa amaigabea izan da. Beste herrialdeetan ere hala gertatu izan da, eta akordio bidez konponbidea lortutako gatazka batzuetan aipatu dute genero ikuspegia bake itunean, baina aipatu besterik ez. Kolonbiako bake prozesua iraultzailea da alor horretan, itun guztiari genero ikuspegia txertatu diotelako. Akordioaren puntu guztietan bermatzen da emakumeek eta sexu orientazio eta nortasun desberdinak dituzten pertsonek gatazkarik gabeko herrialde batean bizitzeko duten eskubidea.

Hala ere, ez da FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak-Herriaren Armadaren eta gobernuaren ekinaldia izan, emakume elkarteen bultzada izan baitzuen genero azpibatzordearen sorrerak. «Prozesua hasi zenean, mahaian gizonak bakarrik zeuden eserita, eta hori auzitan hasi ginen jartzen», azaldu dio BERRIAri Marina Gallegok, Ruta Pacifica De Las Mujeres elkarteko koordinatzaileak eta haren sortzaileetako batek. Orain hogei urte sortu zuten elkartea, emakumeek gerran sufritzen zituzten gehiegikeriei erantzuna emateko, eta, egun, herrialde osoko 300 elkarte feministen plataforma da.

Genero azpibatzordea

Bakerako Goi Mandatariarengana jo zuten. «Lurren inguruko ituna prest zuten, eta, nahiz eta landa eremuan lan egiten duten asko eta asko emakumeak izan, ez zituen haien eskubideak aintzat hartzen», adierazi du Gallegok. Beste emakumeen elkarteekin bilkura bat egin ondoren, bake elkarrizketak egituratuta zeuden bost puntuetatik aldendu gabe, bakea nola ikusten zuten helarazi zioten Bakerako Goi Mandatariari. «Bilkura hartatik urtebetera, bi aldeak ados jarri ziren genero ikuspegia lantzeko azpibatzordea sortzeko». 2014ko irailean ezarri zuten azpibatzorde hori, eta hark moldatu du ituna denen eskubideak kontuan hartzeko.

Nekazaritzari buruzko lehenengo puntuan, esaterako, onartzen dute emakumeek lurrak erosteko eta mikrokredituak jasotzeko zailtasun handiagoak dituztela, eta, horrenbestez, sortuko duten funtsean lehentasuna izango dute lurrak jasotzeko. Berdin maileguak jasotzeko orduan ere.

Bestalde, emakumeen parte hartze politikoa sustatzeko konpromisoa hartu dute, nahiz eta kuota jakinak ez dituzten ezarri. Biktimen alorrean ere, Bakerako Jurisdikzio Berezian departamentu berezi bat sortuko dute indarkeria sexualari lotutako delituak ikertzeko. Gainera, delitu horiek egin dituztenek ezin izango dute amnistia jaso.

Ikusezintasunetik atera ditu emakumeak ikuspegi berriztatzaile horrek. «Emakumeei bake akordioez gozatzeko aukera ematen die, bakea ere haientzat izan dadin. Gatazka gehien sufritu duten eta desberdintasun handienak dituzten lurraldeetara iritsiko da». Halere, Gallegok ohartarazi du zailena egiteko dagoela. «Oso ederra geratu da testuan, baina ez bada dirua inbertitzen hura betetzeko, ezerezean geratuko da».

LGTBI komunitatearen jazarpena eta aukera berdintasun falta ere kontuan hartzen dute itunean. «Aniztasunaren ituna da, eta haiek ere parte hartu zuten Habanan». Exekuzioak, torturak eta beste hamaika jazarpen sufritu dituzte haien joera sexuala dela eta.

Gallegok garrantzitsutzat jo du delitu sexualak ikertzeko sail berezia sortzea, baina uste du badaudela indarkeria sexuala baino jazarpen larriagoak. «Gure ikerketen arabera, indarkeria sexuala gutxiago gertatzen da beste oinaze batzuk baino». Landa eremuetan elkarrizketatutako emakumeek lauzpabost jazarpen desberdin sufritu dituzte. «Batzuk bortxatuak izan dira, baina ez denak».

Zeharkako kaltea

Luzea eta odoltsua izan da mende erdi iraun duen gerra; gogortasuna, baina, ezberdina izan da paraje batzuetan eta besteetan; eremu gatazkatsuetan era zuzenean sufritu dute, baina herrialde osoa ez da gerra eremu bihurtu. Herritarrengan, hala ere, eragin handia izan du; batez ere, emakumeengan. «Emakume askok zeharka baina oso denbora luzez sufritu dute gatazka», dio Gallegok. Senitartekoak bilatzeak, seme-alabak hilda ikusteak, familia baliabide eskasekin aurrera eraman behar izateak, senitartekoak gatazkan nahastuta ikusteak... «Familiaren oinarri dira emakumeak, eta errudun sentitzen dira gertatutakoagatik. Gaixo hiltzen dira asko, penaz. Gizonak hiltzen dira, baina emakumeen biktimizazioa ezkutuan geratzen da».

Ituna, beraz, aurrerapauso handitzat ikusten du, «nahiz eta ez izan agenda feminista». Espero du akordioa baliagarria izatea gizartean eragina izateko. «Garrantzitsua da justizia trantsizionalak ikusgarritasun handia izatea, kultura matxista desmuntatzeko. Bakea ez da sinadurarekin ezarriko. Egunero-egunero lan egin beharko dugu horretarako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.