ETAren ibilbidea. Elkarrizketak (III). Eloi Uriarte.

«Herri hau motelago iratzarriko zen ETAgatik izan ez balitz»

32 urte zituela alde egin zuen sorterritik, Soraluzetik, 1974an. ETArekin kolaboratzen zuen. Sasia, kartzela eta konfinamendua ezagutu ditu Uriartek, eta oraindik ere auzi batean daukate sartua: 'Fainsanen'. Nabarmendu du euskal herritarren babesa zuelako iraun duela hainbeste ETAk, baina aitortu du galtzen joan zela sostengua.
ENEKOITZ ESNAOLA

Enekoitz Esnaola -

2018ko apirilak 29
1976-1977an Yeu irlan (Bretainia) konfinatuta izan zeneko argazki bat du gogoan Eloi Uriartek (Soraluze, Gipuzkoa, 1942): «Sei militante ageri gara, eta neu bakarrik bizi naiz; besteak gaixorik edo istripuz hil dira, edo hil egin dituzte». Iazko urrian itzuli zen sorterrira, 43 urteren ondoren. Miarritzen bizi da oraindik, ordea; «behin honezkero...».

Zu nola joan zinen gaztetan euskal kontzientzia hartzen?

Gure gurasoek 1936ko gerra bizi izan zuten, baina sukaldean ez genituen politika kontuak, ez zuten nahi haiek. Kanpoan bilatzen nuen informazioa; bilera txiki batzuk izaten genituen, JOCen [Gaztedi Langile Katolikoa] egon nintzen... Batik bat, kezkak eta mobilizazioak sozialak eta lan mundukoak ziren, grebak-eta.

ETA 1958an sortu zuten. 16 urte zenituen. Zer zenekien?

Gauza handirik ez. Gu geure herrian mugitzen ginen, eta kanpoko kontu politikoez ez genekien ia ezer. Geroago izan genuen.

1960ko hamarkadaren erdialdean baziren ETA barruan bi joera, nabarmen: nazionala eta langileriarena. Non kokatzen zinen?

Artean ez genuen nahikoa heldutasunik horrelako kontu ideologikoez behar bezala jabetzeko. Handik urte batzuetara, ETA militarra eta ETA politiko-militarra zeudenean, posizionatzen hasi ginen, kanpotik herrira jendea etortzen baitzitzaigun batean edo bestean sartzeko eskatzen.

Non sartu zinen?

Militarrean. Nik uste dut hori zela lekurik egokiena parte hartzeko, baina, egia esan, nigana etorri zen jendearekiko konfiantzagatik sartu nintzen han. Kolaboratzeari ekin nion batzuekin.

32 urte zenituen ihes egitean. Ez zinen gazte-gaztea ere.

Bileretako-eta kide bat Bilbon erori egin zen, eta uste genuen atxiloketak besteongan eragina izan zezakeela. Bi egun izan nituen pentsatzeko: ihes egin ala ez. Ospa. Hurrengo egunean poliziak etxera eta lantokira joan ziren bila. Iparraldera etorri nintzen.

Zuk ihes egin eta urtebetera hil zen Franco. Euskal Herria bidegurutze batean al zegoen?

Bakoitza bere lekuan jartzeko balio izan zuen garai hark.

Harrezkero jendeak desberdin ikusten al zuen ETA?

Bai. Baina kontuan hartu behar da beldur handia zegoela jendearen artean. Etxean bertan nabaritzen zenuen beldurra zegoela, gurasoek ez zutelako hitz egiterik nahi eurek pairatutakoaz. Frankismoa bukatzean ere izugarria zen errepresioa, eta edozer pintaketa egiteagatik sufri zenezakeen. Jendeak ikusten zuen egoera zein zen. Hala ere, nabarmendu behar da kanpotik etorritako jendearen seme-alaba asko ETAren borrokara batu zirela.

Txibertan egon zinen, 1977an.

Bai, baina nik ez nuen parte hartu elkarrizketa mahaian. Gonbidatu modura baino ez nintzen egon.

Zer ikusi zenuen han?

Hasieran pentsatu nuen gerta zitekeela batasun bat. Bazegoen ilusio bat. Oinarrizko puntu batzuekin Madrili presio egin eta prozesu bat aurrera eramateko EAJ behar genuen bidaide, hura gabe ezinezkoa zen. Baina Txibertako batzarrak aurrera joan ahala, garbi ikusi zen EAJk ez zuela borondaterik. Segituan ikusi zen beste proiektu bat zeukala.

EAJrentzat arazoa zein zen, zure ustez, ETAren borroka armatua?

Bai. Oroz gain, borroka armatua desagertzea eskatzen zuen. Ez dut uste horretarako hura zenik unerik egokiena. Gainera, EAJk ez zuen borroka armaturik gabeko egoera baterako planteamendu zehatzik jarri. Ez dakit zer zentzu zukeen orduan su-eten batek; Horrekin ETAren eta EAJren arteko gerturatze bat egongo al zen? Ez. ETA ez zen horretan erori.

1979an onartu zen EAEko Estatutua. Bistan zen abertzaletasunean bi bide zeudela. Borroka armatuaren ziklo luzea aurreikus zitekeen. Prestatuta al zen ezker abertzalea horretarako?

Nahiz eta prozesurako bidelagun batzuen falta izan, ezker abertzaleak segitu egin zuen bidea eta borrokak luze iraun zuen. Hauteskundeetan ere ondo moldatu zen. Jakina, borroka armatuak beti dakartza desgastea eta tentsioak, eta ETAren historian zehar ere gertatu izan dira gaitasuna zeukan jende baten kanporatzea, bestelako auzi gogor batzuk…

Esana duzu [Jose Miguel Beñaran] Argala-k «azterketarako gaitasuna eta etorkizunerako bisioa» zeuzkala, eta haren azterketak indarrean daudela oraindik ere. Zeri buruz ari zara?

Argalak buruan zituen gauza asko gero gertatu egin ziren. Txibertatik aurrera gertatuko zena, adibidez, garbi iragarri zuen. Bazeukan bisio hori. Egundoko prestakuntza zeukan. Neuk ez dut sekula halakorik ezagutu. Beti entzuten zizun, eta zeure ustez ondo pentsatutako gauza bat esaten zenion, hark beste tesi bat azaltzen zuen, eta harenak ateratzen ziren aurrera.

1976an atxilotu zintuzten aurreneko aldiz. Urte hartan berriro atzeman, eta Bretainiako irla batean egon zinen konfinatuta.

Yeun. Ordurako bazeuzkaten han kide batzuk. Poliziak irlako bizilagunei esan zien terrorista eta bortxatzaile batzuk ginela. Arazoak sortu zizkigun horrek; kasurako, sartzen ginen taberna batean, eta jendea irten egiten zen. Kalean inortxok ere ez gintuen agurtzen. Txarra zen giroa. Irlako jende esanguratsu bati azaldu genion zein ginen, zer nahi genuen, eta abar, eta handik aurrera hobea izan zen egonaldia. Lan batzuk ere egin genituen: artzaintzan, arrantzan… Jendeak jada ez zuen tabernatik ospa egiten gu sartzean. Hiru hilabete egin nituen, eta joatean tokiko batzuk negarrez ikusi nituen.

ETAn jada bi adar zeuden. Yeun bietako kideak zeundeten.

Bi adarren bidea oso desberdina zen, eta harremana gaiztotzen joan zen, oso txarra izateraino. Hala ere, Yeun milien eta poli-milien arteko giroa ez zen txarra. Talde bakoitzak bere gauzak zituen, baina hartu-emana lasaia zen. Anekdota bat: han ezkondu zen Argala, eta aitabitxia mili bat izan zen —neu— eta bestea poli-mili bat. Horrelako keinuak ere izaten zituen Argalak.

ETAk pentsatzen al zuen estatuarekin negozia zezakeela?

Bai. Hainbat gobernu zabuka jarri zuten ETAren ekintza batzuek, eta [1981eko] O-23ko estatu-kolpe saioa orduan estatuan zegoen ezinegonaren ondorioa izan zen. Dena dela, Madrilek jakin izan zuen aguantatzen. Gainera, ETAk ez du izan IRAk izandako laguntzarik. AEBetatik sostengu handia jaso zuen IRAk. Frantziak ETArekiko jarrera aldatu zuenean, berriz, gu, azken batean, merkantzia bat izan ginen. Madrilek eta Parisek bazituzten interes ekonomikoak eta beste.

ETAren borroka armatuak gero eta babes txikiagoa al zeukan?

Bistan zen sostengua pixkanaka jaitsi egin zela, eta erakundea joan zen horretaz ohartzen. Babes sozial handirik gabe ezinezkoa da Europan bi estatu handiren erdian den herri txiki bateko erakunde armatu batek irautea. 60 urte dira ETA sortu zela, mende laurdena borroka armatua hasi zuela, eta hori gertatu da euskal herritar askoren babesa izan zuelako. Baina hori jaisten joan zen; nik esango nuke, batez ere, 1990eko hamarkadatik aurrera hasi zela nabaritzen hori.

Horretan eragin al zuen atentatu mota batzuek? Bonba-autoek…

Baliteke. Hautetsien aurkako ekintzek ere bai, agian.

1989an, ordea, Aljerko elkarrizketa mahaia. Aukera bat?

Nukleoan ez nengoen, baina uste dut erakundea asmo onez joan zela hara. Pentsatzen zen aukera bat zegoela zerbait ateratzeko.

ETAk uste al zuen autodeterminazio eskubidea lortu behar zuena bera baino ez zela?

Bai. Baina uste dut beste indar politikoek ere pentsatzen zutela orduan bidea irekiko zuena ETA izango zela, autodeterminazio eskubidearen aitorpena ETAk lortuko zuela. ETA zen alde horretatik bidea markatzen ari zena.

Aljerkoa bukatu eta hilabete gutxira atxilotu zintuzten berriro.

Eta Frantziako Estatuan batetik bestera erabili ninduten, sei-zazpi departamendutan konfinatuta: Perigueuxen, Dignen, Orleans inguruan… eta 1991n Parisen utzi ninduten. Han, denbora labur batez elkarrekin egon ginen [Isidro Garalde] Mamarru eta biok. Bakarrik uzten zintuzten halako tokitan, eta zeu moldatu behar zinen. Nahikoa zorte ona eduki nuen nik, leku batzuetan kuadrilla osatu nuelako. Tokiko jende esanguratsua nitaz interesatzen zen —medikua, abokatuak…—, ea zer nahi nuen jakin gura zuten, ea zer bilatzen zuten estatuek gu bezalako militanteekin… Perigueuxen eta Dignen txikiteoan ibiltzen nintzen han egindako lagunekin. Hoteletan bizi nintzen, Parisek ordainduta. Dozena erdi bat polizik zaintzen ninduten beti.

ETAren iraultza zerga-ren ardura izatea leporatu izan dizute.

Bai, baina akusazio serio bat balego, epaileak kartzelara bidaliko nindukeen. 1989an paper batzuk atzeman zizkidaten, baina frogarik ez zuten batere. Azken batean, ni zirkulaziotik kentzea zen haien helburua. Kartzelara ezin ninduten bidali; beraz, urrundu Euskal Herritik, konfinatuta han eta hemen. 1976an kartzelan izan nintzen, paper jakin batzuekin harrapatu nindutelako, baina, hala ere, espetxean hiru hilabetez baino ez nintzen egon. 2006an ere espetxeratu ninduten, Faisan auzian, baina frogarik gabe, ez zidatelako ezertxo ere aurkitu. Baina niri buruz istorio bat dagoenez idatzita, horretaz nahastu ninduten 2006an ere. Oraindik auzibidean dago kontua.

1995ean itzuli zinen Euskal Herrira, Iparraldera.

Lau urte neramatzan Parisen, eta bueltatzea erabaki nuen. Parisko polizia etxe batera joan behar izaten nuen sinatzera, eta behin, 1994 aldera, polizia batek esan zidan ea zer egiten nuen artean han. «Oraindik hemen?...». Lotsagorritu eta dena egin nintzen. 1995ean egin nuen ospa Paristik. Beste kide batzuk ere itzuli ziren, asignazioa hautsita, Baionako katedralean egon ginen itxialdi batean, eta Frantziak ez zuen gurekiko neurririk hartu. Gerora deportatu batzuk itzuli ziren eta haiekiko bai hartu zituztela neurriak, kartzela eta.

Nola hartu zenuen, 1998an, Lizarra-Garazi akordioa?

Franco hil ondoren iheslari askok, geneukan ilusioarekin, pentsatzen genuen ordu laurden batera bestaldean izango ginela. Erakundean goian zeudenek ez zuten, ordea, halakorik uste, eta arrazoi zeukaten. Lizarra-Garazin ere sortu zen ilusio bat. Pentsatzen genuen akordioak emango zuela fruiturik. Berriz ere, ordea, hautsi egin zen kontua. Beti ETAri egotzi zaio errua, baina nik uste Lizarra-Garazik ez zuela ETAgatik egin porrot. Eragileak ez ziren elkar ulertu, eta berriro batzuen protagonismoak eta interesek porrotera eraman zuten hura. Ezker abertzalea beti norabide berean egon da, lan ona eginez, eta hitz egiteko aukera egon denean hor egon da, baina EAJren eta konpainiaren interesek ezker abertzalea indar txikiarekin geratzea bilatu dute beti.

Badirudi badatorrela ETAren bukaera. Zein da zure balantzea?

Politikoki, positiboa. Dinamismoa ekarri zuen ETAk. Haren sorrera herri honentzat pizgarri bat izan zen, eta gero, Franco hil ondoren, bakoitza bere lekuan jarri zuen. Herri hau motelago iratzarriko zen ETAgatik izan ez balitz. Oso ondo ulertzen dut jendea borroka armatuarekin nazkatuta egotea; borroka armatua ez da broma bat, oso gogorra da, baina ETAn sartu zenarentzat ere bai, bai baitzekien gutxienez kartzelan bukatuko zutela, eta kide pila bat hil dira edo hil dituzte.

Ziklo aldaketaz zer diozu?

Batzuentzat, oraindik ez dago garbi borroka armatua utzi behar zela, badago ezinegon hori. Beraz, izugarrizko lana dugu egiteko.

Lana, nola? Zeinekin?

Ezker abertzaleak, lehen bezala, Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa nahi ditu, eta orain beste bide batzuk erabili behar ditu. Esaten denez, gauza bera lor daiteke soilik bide politikoak erabilita. Berriro diot: lan handi bat dugu egiteko. Ezin gara geu banandu; hori da etsaiak beti lortu nahi izan duena. Gaitasun handiko jendea dago ezker abertzalean, konpromisoa duen jendea. Kostatu egiten da fruituak jasotzea, baina ezker abertzaleak proposamen politikoak jarri behar ditu mahai gainean, jakinda beste alderdiek baztertu egingo dituztela, baina segitu behar du lanean, eta oinarriko jendeari ilusioa pizten. Ezin dugu, beti bezala, EAJri begira jardun. Egin proposamen esanguratsuak, eta EAJko boto emaileek ikus dezatela bere alderdiak zer baztertu duen.

Zer duzu lehentasun?

Nik, oraintxe bertan, buruan presoak dauzkat. Haien egoerak kezkatzen nau.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Enekoitz Esnaola

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna