EAEko hezkuntza, sindikatuen ikuspegitik (II). Miren Zubizarreta (ELA).

«Sindikatuok ezin diegu babesa eman murrizketa politikei»

Hezkuntza sistemaren finantzaketa handitu arte «politika neoliberalak» ezartzen jarraituko dutela iruditzen zaio Zubizarretari. «Ez dut uste akordio zabala lortuko dutenik».
JAIZKI FONTANEDA / @FOKU

Jon Rejado -

2018ko maiatzak 17
«Aukera galdu» gisa ikusten du ELAko ordezkari Miren Zubizarretak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1979) astelehenean hezkuntzan lortutako akordioa. ELA izan zen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren eskaintza sinatu ez zuen sindikatu bakarra. «Mobilizazioak eteteagatik, aukera galdu dugu gure hasierako aldarrikapenetatik askoz ere gertuago egoteko».

Hezkuntza publikoko mobilizazioen hasieran 2008ko datuak hartu ziren erreferentzia gisa. Akordioa datu horietara gerturatzen al da?

Urrun dago. Oraindik ere hor daude hezkuntza publikoaren behin-behinekotasun egoera ekarri duten elementu, erabaki eta murrizketa ia guztiak.

Non ikusten dizkiozue hutsune nagusiak Hezkuntza Sailaren proposamenari?

Gure aldarrikapenetatik urrun dauden eskaintzak egiteaz gain, alor askotan ez du ematen etorkizunera begirako bermerik: behin-behinekotasuna, gaixoaldiak zigortzea, erosahalmena, sektore feminizatuen soldata arrakala, Haurreskoletako kuotak... Datu argigarri bat dago: 2009an baino aberastasun handiagoa sortzen dugu egun. Urte horretan, CCOOk eta UGTk akordioa sinatu zuten Hezkuntza Sailarekin; LABek, Steilasek eta ELAk ez genuen sinatu, pentsatu genuelako ez zituela nahiko eduki. Bada, orain sinatu duten akordioa 2009koa baino eskasagoa da.

Ratioak ere adostu gabe geratu dira.

Ratioak %10 jaistea proposatu genuen, baina, horren ordez, Jaurlaritzak indize bat jarri zuen mahai gainean. Apirileko mahaian. Ustekabean. Indizearen atal zehatzetan dauden ikastetxeei baliabide gehigarriak emango dizkietela. Ordea, ez du argitu nola kalkulatu duen: irizpideen pisua, indizearen atala zehazteko puntuazioa... Edozer erabaki aurretik, informazioa nahi dugu: dena ondo lotuta egotea.

Mobilizazioak aipatu dituzu. Zer iruditu zaizu prozesua?

Gauza oso larriak gertatu dira. Mobilizazioak une oso onean zeuden, langileek babestuta. Horri esker lortu dugu Jaurlaritza mugiaraztea. Horri esker heldu gara positiboki baloratzen ditugun lorpenetara: ordezkapenak lehen egunetik egitea, kasurako. Aurrera egiten jarraitzeko aukera genuen, baina sindikatu batzuek, LABek batez ere, desmobilizazioa bultzatu dute. Larria da hori.

Sindikatuen arteko desadostasunak agerian geratu izan dira.

Horrelako egoera batek ez dio inori mesede egiten. Sinetsita gaude murrizketa politika honi aurre egiteko mobilizazioak eta grebak aktibatu behar direla. Sindikatuen egitekoa antolatzea izango da, langileek eraso horiei aurre egin diezaieten. Aliantzak oso garrantzitsuak izango dira.

Astelehenean, ELA bakarrik geratu zen.

Bakarrik geratu gara, baina arrazoitu dugu zergatik egin dugun hori. Iruditzen zaigu horrelako egoera batean sindikatuok beste rol bat izan behar dugula. Ezin diegu babesa eman murrizketa politikei. Ezin dugu rol hori hartu. Ezin ditugu eskerrak eman gobernuak —kasu honetan, Jaurlaritzak— itzuli egin duelako aldebakarrez inposatu dituen murrizketen zati txiki bat. Uste dut pedagogia, lanketa eta antolaketa egin behar dugula langileekin.

Hezkuntza legerako itunari dagokionez, kritikoak izan zarete hasieratik. Zein da egoera?

Abenduko bileran eseri ginen azkenengoz mahai horietan, eta ordutik ez gara itzuli. Edukietan eta prozeduran akatsak zeudela salatu genuen hasieratik. Prozedurak gabezia demokratikoak zituen. Edukietan, gure ustez, gai batzuk nahi eta nahi ez aztertu behar ziren, benetan balizko hezkuntza lege baterako balioko duen itun bat lortu nahi bada: hezkuntza inbertsioa, estatuaren esku hartzeen aurreko jarrera... Ordea, Hezkuntza Sailak ez zuen nahi.

Beraz, zail ikusten duzue proposamenik sartzea itunean?

Uste dugu egungo hezkuntza sistema bere horretan mantentzeko helburua dutela. Are gehiago, hezkuntzaren merkantilizazioan pausoak ematekoa.

Akordiorako oinarrietan, bizikidetzaren alorrean, eskola segregazioaren inguruan martxan den herri ekinbide legegilearekin zati batzuk partekatzen dira. Nahikoak al dira?

Proposamenak kosmetikoak direla uste dugu. Erabat eskasak. Jaurlaritzaren kontrol bat behar da, ikasleak ikastetxeetan modu orekatuan banatzeko. Oro har, sare publikoan kontzentrazio handiagoa dago. Ordea, itunpeko sarean ere aldeak daude: ikastoletan, adibidez, atzerrian jaio edo indize sozioekonomiko baxua duten familien seme-alabak gutxiago dira, beste itunpeko batzuetan baino. Ikastetxe bakoitzean oreka mantendu behar da.

Gurasoek ikastetxea hautatzeko aukera jarri behar al da mahai gainean?

Kohesio soziala arriskuan ez dagoen bitartean, ikastetxea aukera daitekeela uste dut. Balio batzuek lehentasuna izan behar dute: ikastetxea hautatzeko eskubidea ezin da egon gizartearen kohesioaren gainetik.

Finantzaketa publikoaren eta pribatuaren gaia falta izan dela uste dute eragile askok.

Jaurlaritzak erabaki behar du zein hezkuntza sistema nahi duen, baita zeren alde egin ere. Benetan eztabaidagarria dena da administrazioa prest ote dagoen hezkuntza sisteman inbertsioa igotzeko. Hori ez dagoen bitartean, politika neoliberalak aplikatzen jarraituko du, sare publikoaren eta itunpekoaren arteko gatazka bat bultzatuz. Horrek ez du hezkuntza bultzatuko, baizik eta sareen arteko lehia bat.

Euskararen ezagutzaren arloan, B2 maila ezarri du proposamenak. Nahikoa al da? Eremu soziolinguistikoa kontuan hartu behar al da?

Gauza bakarra dugu argi: gaur egungo esparrua agortuta dagoela, eta hori gainditu egin behar dela. Helburuei dagokienez, guztientzat berdin izan behar dute, eta, eremu soziolinguistikoaren arabera, baliabide batzuk edo beste batzuk jarri. Hori gertatzen da gainontzeko alorretan ere: desberdintasuna baliabideetan dago, ez lortu nahi diren helburuetan.

Akordiorik aterako ote da hezkuntzako itunean?

Nire ustez, ez. Ez, behintzat, akordio zabal bat. Ez abiarazi duten prozedura honetatik. Gero, ez dakit Hezkuntza Sailak zer erabaki hartuko duen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna