Turkiako bi polizia etxeren aurka su egin dute Ipar Kurdistanen

Adrian Garcia -

2014ko abuztuak 22
Polizia egoitza bati eta jendarmeriaren beste bati eraso zieten herenegun gauean HPG Kurdistango Herri Defentsei lotutako ekintzaileek Karaz herrian, Diyarbakir probintzian, Turkiaren menpeko Kurdistanen. Halaber, segurtasun indarren etxebizitzen aurka egin zuten. Firat News albiste agentzia kurduaren arabera, ez zuten inor hil edo zauritu erasoetan. Poliziek erasoei erantzun zieten, eta, ondoren, ekintzaileak aurkitzeko operazioa hasi zuten.

Azkenaldian bake prozesua bide onetik doala esan dute Turkiako Gobernuko zein kurduen ordezkariek. Azkena Abdullah Ocalan PKK Kurdistango Langileen Alderdiko buruak. Halere, Mahsum Korkmaz PKK-ren sortzaileetako baten estatua kendu izanaren ondorioz, tentsioa igo da eskualdean. Lice herrian manifestarien aurka tiro egin zuten astelehenean, eta gazte kurdu bat hil zuten. Hurrengo egunean, PKK-k Turkiako militar bat hil zuen tiroketa batean.

Davutoglu gobernuburu

Ahmet Davutoglu Turkiako Atzerri ministroak ordezkatuko du Recep Tayyip Erdogan. Horrela erabaki zuten atzoko AKP Justizia eta Garapenaren Alderdiko zuzendaritzaren bileran. AKPko buru izango da Davutoglu, eta Turkiako lehen ministro. Hilaren 29an emango dio Erdogan presidente hautatuak gobernua osatzeko enkargua.

Nazioarteko harremanetan aditua da Davutoglu. Berandu sartu zen politikan, 50 urte zituela. Erdoganek Atzerri Ministerioko aholkulari izendatu zuen 2003an. Atzerri ministro zela hainbat gatazkatan bitartekari aritu zen, hala nola Siriako gerran, Palestinan, Irango energia nuklearraren auzian eta Kaukasoko gatazketan. Erdoganen gertukoa da, eta haren politika jarraituko duela uste dute analistek. Izan ere, presidentearen karguari eskumenak handitu dizkiote, eta politologoek diote Erdoganek gidatuko duela gobernua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna