Albistea entzun

UDAKO SERIEA. Korsika (III). Gilles Simeoni Bastiako alkateari elkarrizketa

«Bastia egiazko hiri korsikar eta mediterraneoa bihurtuko dugu»

JON OLANO Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2014ko uztailak 10 - Bastia

Hiru hilabete dira Gilles Simeonik irlako bigarren hirian garaipen historikoa lortu zuenetik. Yvan Colonna presoaren abokatua eta Femu a Corsicako hautetsia ere bada Korsikako Biltzarrean, eta udal eta nazio ikuspuntuak uztartzen ditu une oro.

Cafe de la Paix tabernan jarri du hitzordua Gilles Simeoni Bastiako alkateak. Udaletxerako bidean dauden 200 metro inguruak egiteko hamar minutu behar izan ditu; zorionak eta eskerrak emateko, agurtzeko nahiz iradokizunak egiteko, gurutzatu dituen ia herritar guztiek geratu dute.

Lehen aldiz, Bastiako alkatetza lortu du alderdi abertzale batek. Zergatik orain?

40 urtean, hainbat belaunalditako militanteek lan politiko handia egin dute, atzo gutxiengoarenak ziren ideia abertzaleak gaur Korsikako herritarren gehiengoarenak izateko. Abertzaleen aldarriak izandakoak defendatzen dituzte orain euren burua abertzaletzat ez dutenek ere. Bestalde, egoera politiko berezia zegoen Bastian. Duela zazpi urte emaitza onak izan genituen, eta auzoetan lan politikoa eta soziala egiten segitu genuen, elkarteei eta auzoen arazoei zabalik. Beraz, epe motzeko eta luzeko batuketa horrek eraman gaitu garaipen politikora. Gainera, Bastiako erregimen zaharraren ikurra antiabertzaletasuna zen, eta aurrerapen ideia guztiak baztertzen zituen. Jean Zuccarellik eta haren dinastiak identitate korsikarraren ukazioa irudikatzen zuten, baina ideia hori oso errotuta dago.

Eskuinarekin aliantza eginda irabazi duzue. Nolabait, baldintzatuta zaudete zenbait politika ezartzerakoan.

Corsica Liberarekin ez zen posible izan akordioa, eta eskuinarekin eta ezkerreko alderdi batekin egin dugu aliantza. Legealdirako itun bat egin dugu, eta gure ideia nagusiak eta ibilbide historikoa jasota dago bertan; eleaniztasuna, gardentasuna gai publikoetan, klientelismoaren bazterketa —oso errotuta baitzegoen Zuccarellirekin—, garapen ekonomikoa eta nekazaritzaren babesa. Egia da udal mailako akordio bat dela, eta ez duela lurralde mailako gobernu akordio baten dimentsio bera.

Zeintzuk dira alkatetza abertzaleen esku egotearen ezberdintasun nagusiak?

Lehenik, Zuccarellik ordezkatutako sistema zaharrarekiko erabateko haustura. Zehazki, enpleguan xantaia —hiru lanpostutik bat publikoa da Bastian-; etxebizitza sozialak —Zuccarelliri botoa emanez gero lor zenezakeen bat-. Bigarrenik, Bastiaz benetako hiri korsikar eta mediterraneoa egitea. Alegia, elebitasuna orokortzea hezkuntzan nahiz bizitza publikoan. Ekonomikoki, mendekotasunean egon da hiri hau luzaroan; beraz, bertako enpresak babestu, eta nekazari lurraldeekin elkarlanean arituko gara.

Zein pauso emango dituzu elebitasuna lortzeko bidean?

Udalean, korsikera eremu publiko guztietara zabalduko dugu, era progresiboan. Ezin dugu ahaztu korsikera, gure ondare kulturala izateaz gain, integrazio faktore bat dela. Bestalde, estatuak ezezkoa eman dio koofizialtasunari, eta, nire ustez, ezezkoan jarraituko du. Horrek eskatuko digu politikoki indartzea, Parisen onarpena itxaron ordez Korsikako Biltzarrak koofizialtasun politikak gauzatzea eta koofizialtasuna duten estaturik gabeko beste nazioekin elkarlanean jardutea.

Ez zara prefetaren beldur?

Dardarka nago [barrez]. Gerra juridikoa deklaratuko digu, baina beharrezkoa da gerra juridiko hori onartzea eta, horrekin batera, borroka politikoa sendotzea.

Frantzia «kontinentalaren» aldean, Korsikaren mediterraneotasuna defendatu duzu.

Irmoki. Beti defendatu izan dugu, baina uste dugu ardatz estrategikoa dela. Egungo elkarrizketa faltak erakusten du Parisen ezkerra nahiz eskuina egon Frantziako Estatuak beti uko egin diola kontuan izateari Korsikaren dimentsio nazionala. Ukazio sakona da, burugogorra, Korsikaren izaera historikoa haren doktrinaren aurka doalako. Beraz, harresi bat dugu, eta bi aukera: eraitsi edo jauzi egin. Nire ustez, egun ez dugu giza baliabiderik, ezta militarrik ere, harresi hori eraisteko; beraz, salto egin behar dugu. Horrek esan nahi du Korsikan bertan emantzipazio eta autodeterminazio prozesu bat eraikitzea, gure ideiak onenak direla konbentzituz. Estatuaren gainetik igaro behar dugu benetako kanpo politika baten bidez, Sardiniarekin, Mediterraneoarekin, Kataluniarekin, Euskal Herriarekin… zuzenean Europako erakundeekin eztabaidatuz, Frantziako estatua mugitzera behartzeko.

Zer iruditzen zaizu FLNCren erabakia? Ezustekoa izan al da?

Ez. Gure borrokaren eboluzio historikoan eta testuinguru globalean kokatzen dut. Klandestinitatea ez da ezerezetik jaio. Jardun demokratikoaren aldekoa naiz, baina mundu guztiak daki klandestinitatearen atzean arazo politiko bat dagoela. Korsikak jasandako injustizia egoeraren aurka jaio zen klandestinitatea.

FLNC garrantzitsua izan da emantzipazio prozesuan. Talde klandestino guztiek bezala, akatsak izan ditu, baina borrokaren beste fase batera igaro beharra dago; jardun demokratikoaren bidez modu indartsuagoan egingo dugu aurrera. Gizarte korsikarrak eboluzio bat izan duelako eta Europan gertatutakoa ikusi behar delako: IRA desarmatu zen eta ETA desmilitarizazio prozesu batean dago; beraz, historiaren logikari jarraitzen dio FLNCk. Uste dut erabaki horrekin arerioak, edozein aurrerapen politiko ukatzeko indarkeriaren aitzakia zerabiltenak, argudiorik gabe utzi dituela; estatua, orain, bere kontraesanen aurrean dago.

Zein kontraesanez ari zara?

Korsikako Biltzarrean koofizialtasunaren eta egoiliarren estatutuaren alde bozkatu dugu, eta estatuak ezetz dio. Horrek esan nahi du demokraziak soilik guk galtzen dugunean balio duela. Guk irabazten dugunean, ez dago demokraziarik.

Zenbateraino alda dezake FLNCren erabakiak Korsikako politika eta giro soziala?

Uste dut oso garrantzitsua izango dela. Mugimendu nazionalaren joerak gerturatzea erraztu, eta estatua bere arduraren aurrean jarriko du; FLNCk desmilitarizazio prozesu bati ekiten badio ere, bide demokratikoetatik urratsik ezin bada egin, zeinek galaraziko dio belaunaldi berri bati armak hartzea? Hortaz, estatuari esan behar diogu garai historikoa dela, eta 50 urteko gatazkatik negoziazioaren bidez irten gaitezkeela.

Zertan da Yvan Colonnaren auzia?

Bizi guztiko zigorra ezarri zioten 2003an, eta 11 urte daramatza espetxean. Helegitea aurkeztu genuen Giza Eskubideen Europako Auzitegian, eta 2015ean ebatziko dute auzia. Estatu arrazoiaren izenean zigortu zuten, lehen unetik jo baitzuten prefetaren hiltzailetzat. Polizia antiterroristaren manipulazioak frogatu bagenituen ere, zigortu zuten. Judiziala ez, zigor politikoa izan zen.

Zergatik diozu hori?

Eskandalagarria izan zen Frantziak eginikoa. Orduko legearen arabera, auzitegiek ezin zituzten epaiak argudiatu, baina Frantziako Kasazio Auzitegiak argudiatu egin zuen gure helegitea baztertu izana, Estrasburgon jarriko genuen helegiteari aurrea hartzeko.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Kaledonia Berriko herritarrak FLNKS koalizio independentistako mitin baean, 2019an. ©FLNKS

Kaledonia Berriko independentistek lehenengoz ordezkaritza lortu dute Frantziako Senatuan

Maddi Iztueta Olano

FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakeko kide Robert Xowie independentista aukeratu dute goi ganberako senatari. Eskuin muturrak hiru senatari lortu ditu.

Emakume bat, Ukrainako soldadu bat irudikatzen duen mural baten aurretik pasatzen, Kieven, lehengo astean. ©EFE

Ukrainak segitzen du frontearen hegoaldean presioa handitu nahian

Igor Susaeta

Kievek jakinarazi du bederatzi pertsona hil zituela duela bi egun Krimean egindako bonbardaketan; aldarrikatu du, gainera, Zaporizhian «aurrerapauso handiak» ematen ari dela kontraerasoan
Pertsona batzuk Europako Batasunaren bandera baten aurretik pasatzen, Berlinen. ©OMER MESSINGER / EFE
Ukrainako armadako soldadu bat, tanke bat ondoan duela, aurreko uztailean Donetsk eskualdean (Ukraina). ©OLEG PETRASIUK / EFE

Fronteko lerroa ia ez da mugitu

Igor Susaeta

Hiru hilabete igaro dira Ukrainak kontraerasoa hasi zuenetik, baina ezin izan du eman aurreikusitako aurrerapausorik. Horrek eragina izan dezake Mendebaldearen jarreran.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...