UDAKO SERIEA. Gatazka ahaztuak (II). Kaxmir

Hiru erraldoik harrapatuta

Hiru erraldoik harrapatuta.
Adrian Garcia.
2014ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Hiru potentzia nukleardunen, Indiaren, Pakistanen eta Txinaren, interesek harrapatuta bizi dira Kaxmirgo herritarrak. 1989. urtean Indiatik bereizteko borroka armatua hasi zuten. Ez da sekula egin NBEk agindutako erreferenduma.

Kaxmirgo gatazkak hiru herrialde nahastu ditu,arma nukleardunak hirurak, Erresuma Batuak India azpikontinentea utzi eta 1947an zatitu zuenetik: India, Pakistan eta Txina. Ia hirurogeita hamar urte horietan bost gerra sufritu dituzte kaxmirtarrek. Denak Pakistan eta Indiaren artekoak, 1962ko txinatarren eta indiarren artekoa salbu. 1989. urtean Indiaren menpeko Kaxmirren gehiengo musulmana matxinatu geroztik, 100.000 lagun inguru hil dira, giza eskubideen aldeko erakundeen arabera.

New Delhik du Kaxmirren eremu handiena: %43. Pakistanen esku dago %37 —Azad Kaxmir edo Kaxmir askea deitzen diote— , eta Txinak kudeatzen dubeste %20 inguru. Indiaren eta Pakistanen arteko liskarren iturri izan da eskualdea, bakoitzak beretzat aldarrikatzen baitu Kaxmirren eremu osoa. Pakistanek,biztanle gehienak musulmanak dituelako. Indiak, horrela egokitu zitzaiolako kolonia ohia zatitzean. Herritarren artean, bi joera nagusi dira: Pakistanera batu nahi dutenak, eta Kaxmir herrialde burujabea nahi dutenak. Indiari lotuta jarraitu nahi dute hinduek. Indiaren menpeko Kaxmirren %30 inguru osatzen dute. Ez da sekula egin NBE Nazio Batuen Erakundeak herrialdearen etorkizuna erabakitzeko agindutako erreferenduma.

Kaxmirgo auziak etsaitu ditu India eta Pakistan, burujabetza eskuratu zutenetik. 1846an, Erresuma Batuak India azpikontinentea kolonizatu zuen, eta Kaxmir eta Jammu estatua maharaja-ren —hinduen erregea— esku utzi zuen. 1947an, britainiarrek alde egitean, Hari Singhe maharaja Kaxmir eta Jammur estatuaren independentziari eusten saiatu zen. Bide horretan, Indiara edo Pakistanera batzeko erabakia atzeratu zuen, baina egoerak eztanda egin zion: gehiengo musulmana matxinatu, eta borrokak piztu ziren.

Egoera kontrolatu ezinik, New Delhira jo zuen maharajak, eta laguntza militarra eskatu matxinada zapaltzeko. Laguntza horren truke, Indiaren esku utzi zuen maharajak lurraldea, gehiengo musulmanaren nahiaren aurka. 1948. urtera arte luzatu zen gerra, harik eta NBEk su-etena bultzatu zuen arte. Orduan ezarri zuten egun indarrean jarraitzen duten bi herrialdeen arteko muga. NBEk Pakistani agindu zion borrokatzera bidalitako militanteak erretiratzeko, eta Indiari kaxmirtarren geroa erabakiko zuen herri galdeketa antolatzeko. Ez batak ez besteak ez dute hitzartutakoa bete, eta egoerak okerrera egin du ordutik.

Are gehiago zatitu zen Kaxmir 1962an, Txina sartu baitzen gatazkan. Indiako eta Txinako armaden artean borrokak izan ziren mugaldean, baina azkar nagusitu ziren txinatarrak, eta Aksai Chin deitu zioten eremua hartu zuten kontrolpean. Pakistanek bere kontrolpeko Kaxmirren zati bat eman zion Pekini.

Borroka armatua

Beste bi gerratan borrokatu ziren India eta Pakistan Kaxmir bereganatzeko, 1965ean eta 1971n. Simlako akordioarekin amaitu zuten azkena, eta bi herrialdeen arteko auzi guztiak NBEren bitartekaritzapean konpontzeko konpromisoa hartu zuten. Bi potentzien artean sinatutako beste akordioak nola, Simlako akordioa ere ez zuten bete, eta liskarrak etengabeak izan dira mugaldean. Bi herrialdeak banatzen dituen muga, 2003ko su-etena arte batez ere, munduko gunerik arriskutsuenetarikoa eta militarizatuena da. Ia egunero borrokaldiak izan dira bi armadetako mugazainen artean.

1980ko hamarkadaren amaieran beste norabide bat hartu zuen gatazkak. 1987an, Konferentzia Nazionala Indiari lerratutako alderdiak irabazi zituen bozak Kaxmirren. Iruzur salaketa eta protesta ugari izan ziren, baina gobernua jazarri egin zitzaien, eta politikari musulmanen atxiloketekin erantzun zuen. Horrek piztu zuen borroka armatuaren txinparta. Atxilotutako politikari horietako batzuk talde armatuak eratu zituzten gero, eta 1989an ekin zioten borrokari. Ordukoa da JKLF Jammu eta Kaxmirren Askapen Frontea erakunde laikoaren eta beste hainbat talde armaturen sorrera. Askotariko taldeak sortu ziren, ikuspegi politiko anitzetakoak. Talde batzuk, JKLFk kasurako, Kaxmirren independentzia eskatzen zuten. Beste batzuk, Pakistanera batzea. Edonola ere, talde guztiek zuten helburu Indiaren agintetik askatzea.

Konferentzia Nazionala alderdiko kideak eta Indiako Gobernuaren interesak zituzten jomugan. Islamabaden babespeko hainbat talde islamistek ere bat egin zuten borroka horretan. Matxinatuei aurre egiteko presentzia militarra areagotu zuen New Delhik, Kaxmir munduko herrialderik militarizatuenetakoa bilakatu arte; Indiako armadaren soldaduen erdiak daude han.

JKFL izan zen borroka armatuaren talderik nabarmenena, baina Indiako informazio zerbitzuek eta armadak ahulduta, 1994ean uko egin zion borrokari. Ordutik Pakistanen babespeko talde islamistak izan dira erresistentzia armatu nagusia. Sobietarren Afganistango okupazioa bukatuta, 1990. urtetik aitzina muturreko talde islamista ugari sartu dira Kaxmirren.

Bestalde, oposizio osoa Alderdi Guztiak Hurriyat Konferentzia (APHC) koalizioan batu zen 1993an, baina uko egin zioten Kaxmirgo hauteskundeetan parte hartzeari. Orain arte, koalizioaren jarrera izan da hauteskundeak boikotatzea, argudiatuta bozak «alferrikako ariketa» direla eta ez dutela balio herritarren nahiak betetzeko. 2008an egin zituzten azken hauteskundeak, eta Konferentzia Nazionalak eskuratu zituen boto gehien. Abstentzioa %50 inguru izan zen; kopuru handia, kontuan harturik oposizioaren boikota. 2014. urte bukaeran egin behar dituzte hurrengoak.

1989tik indarkeria zurrunbilo amaigabean bizi dira Kaxmirgo herritarrak. Urtero, gatazkari lotutako indarkeria ekintzen ondorioz, ehunka zibil, militante eta soldadu hiltzen dira. Gatazka egoera horretan, asko dira Delhiren errepresioan bizi direnak; hala salatu dute giza eskubideen aldeko elkarteek. Apetazko atxiloketak, torturak, sexu erasoak, desagertzeak eta ustezko militanteen exekuzioak egin dituzte soldaduek. Elkarte horiek leporatu dutenez, New Delhik hauspotuta, talde armatuen ekintzaileek musulmanen aurkako erasoak egiten dituzte zigorrik jaso gabe. Indiaren aurka ari diren talde armatuek ere giza eskubideak urratu dituztela salatu dute. 1989. urtetik bakarrik, gutxienez, 70.000 lagun hil eta 8.000 desagertu dira, CCS giza eskubideen aldeko erakundearen arabera. Indiako Giza Eskubideen Batzordeak (SHRC) 2011n jakinarazi zuen 2.730 hilotz aurkitu zituela Kaxmirgo landa eremuan lurperatuta. Horietako asko desagertutzat emandakoak dira. Indarkeriaren ondorioz euren etxeak utzita aterpe bila abiatu direnak ere asko dira. NBEren arabera, milioi bat eta erdi lagunek ihes egin dute Pakistanen menpeko Kaxmirrera 1989. urtetik. Indiako Kaxmir barruan lekualdatutakoak milioi erdi inguru dira.

Giza eskubideen urraketak

Pakistanen menpeko Azad Kaxmirren ere salatu dituzte giza eskubideen urraketak. Kazetariak eta gobernuaren aurkako ekintzaileak jazartzea egotzi diote Islamabadi. NBEren Giza Eskubideen Batzordearen txostenaren aburuz, gainera, muturreko talde islamistek Azad Kaxmirretik prestatzen dituzte operazioak, Pakistanen baimenarekin.

Kaxmir hartzeko azken saialdia 1999. urtean egin zuen Islamabadek. Pakistango soldaduak beste talde armatuen laguntzarekin Kaxmirren sartu, eta, neguko egoera zailak baliatuta, mendiko hainbat postu hartu zituzten. Errepidea blokeatu, eta Kaxmir ibarraren eta Ladakh hiriaren arteko komunikazioa eteten saiatu ziren. Indiak erantzun, eta bi herrialdeen arteko eskala handiko borrokak piztu ziren. Bi potentzia nuklearren arteko gerrak suntsipen handiko armak erabiliko zituzten beldurra eragin zuen nazioartean, eta, AEBen presiopean, Pakistango armada erretiratu egin zen.

Bake ekinbideak 2000. urtean hasi ziren. Hizbul-Mujahideen orduko talde armaturik handienak su-etena eman zuen, baina negoziazioek ez zuten aurrera egin. 2003. urtean, mugan su-etena adostu zuten Indiak eta Pakistanek, eta elkarrizketei ekin zieten. 2008an, lehen aldiz 60 urtean, blokeoa kendu, eta bi herrialdeen artean salerosketak egin zituzten. Nahiz eta borrokek jarraitu, eta urtero muga zaintzen duten soldaduen arteko tiroketak egon, erasoak gutxitu egin dituzte talde armatuek eta Indiako armada, eta hildakoen kopuruak behera egin du. APHC koalizioko hainbat buruk ere bide baketsuen alde egin dute, baina horrek koalizioa zatitzea ekarri du.

Halere, hainbat ekintzak egoera gaiztotu dute: batetik, 2008an,Indiako Gobernuaklanda eremu babestu bat eman zien hindu erromesei, eta bederatzi egunez protesta jendetsuak eta hindu eta musulmanen arteko borrokak izan ziren. Bestetik, urte bereko Bombayko erasoek bi gobernuen arteko tentsioa igo zuten. 2010ean, Indiako soldaduen presentziaren aurkako protestak izan ziren, eta Poliziaren jazarpenaren ondotik, 112 lagun hil ziren; tartean, nerabe asko.

Ez dirudi Narendra Modi lehen ministroa aukeratzeak egoera irauliko duenik. Aitzitik, Kaxmirgo autogobernuarekin amaitu nahi duen hindu ultranazionalistekin lotu izan dute lehen ministroa. Halere, Modiren BJP alderdiaren jarreraren kontrara, lehen ministroaren adierazpenek iradoki dute eskualdeari autogobernu berezia eskain diezaioketela. Halere, 1948an agindutako erreferendumari buruzko hitzik ez da espero haren ahotan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.