UDAKO SERIEA. Gatazka ahaztuak (V). Kongoko Errepublika Demokratikoa

Zorigaiztoko aberastasuna

Adrian Garcia -

2014ko uztailak 26
Hamaika estatu eta talde armaturen borrokalekua izan da Kongo 1998tik. 5,4 milioi pertsona baino gehiago hil ditu, eta ia bi milioi errefuxiatu eragin. Herrialdeko baliabide natural aberatsen kontrolak hauspotu ditu borrokak. Ekialdean egoera baretu arren, oraindik dozenaka talde armatu daude indarrean.

Herrialde erraldoia eta aberatsa da Kongoko Errepublika Demokratikoa, baina bi hamarkada pasatxotan pairatutako gerrek munduko behartsuenetarikoa egin dute. Mineralez josita dago zorua, baina herritarren mesederako behar zuenak haien zoritxarraren iturri bihurtu da. Gerra hauspotzeko erabili dituzte talde armatuek mineral preziatuak, eta gobernu ustel, nazioarteko multinazional eta gerraren jauntxo ugari erakarri dituzte. NBEko Giza Garapenaren Indizean azken lekuan da Kongo. Afrikako Gerra Handia gisa ezagutzen da 1998. urtetik aitzina herrialdea suntsitu duen gatazka. Hamaika herrialderen eta ezin konta talde armaturen borrokalekua izan da gerra zibila ofizialki 2003an amaitu zen arte. 5,4 milioi lagun baino gehiago hil dituzte, eta ia hiru milioik etxetik ihes egin behar izan dute. Beste askotan bezala, emakumeak izan dira kaltetuenak: milioika bortxatu dituzte. Gerra hotsak ez dira guztiz isilarazi, nahiz eta nazioarteko bake tropen presentzia handia izan.

Esklabotza, kolonialismoa eta ustelkeria. Horiek izan dira independentzia aurreko ezaugarriak, huts egin duen estatua sortzeko arrazoiak. Belgikako errege Leopoldok haren jabetza pribatua balitz bezala agindu zuen kolonian. Agintariek helburu bakarra zuten: mineralak ustiatu esklaboen lan eskua erabiliz. Belgikako agintariek apenas egin zuten inbertsiorik azpiegituretan, hezkuntzan eta erakundeetan, eta independentzia prozesu mingarria ekarri zuen horrek. 1960an, independentzia aldarrikatu zutenean, eskualdeen arteko borrokak izan ziren, eta herrialdea ia zatitu zen gerra zibilean. Patrice Lumumba independentzia mugimenduko burua hautatu zuten lehen ministro, baina Mendebaldeak babestutako matxinoek atxilotu eta exekutatu egin zuten. Joshep-Desire Mobutuk hartu zuen boterea 1965ean.

Mobuturen aroa

Mobutuk 32 urtez gidatu zuen Zaire —izen hori jarri zion herrialdeari—. Gerra Hotza pil-pilean zela, Mendebaldeak babesa eman zion, eta haren estatu autokratikoa onartu zuen, herrialdeko mineralak Sobietar Batasunetik kanpo uzten zituen bitartean. Estatuko eremu guztietara hedatu zuen Mobutuk ustelkeria. 1980ko hamarkadaren amaieran, lehengaien prezioen beherakadak diru iturriak urritu zizkion, eta boterea partekatzera behartu zuten.

Ruandako genozidioak bete-betean jo zuen herrialdea. Tutsien aurkako sarraskia burutu zuen gobernua erortzean, bi milioi hutuk baino gehiagok ihes egin zuten Kongora, tutsien mendekuen beldur. Tartean ziren genozidioaren erantzuleak. Mobuturekin aliatu ziren horiek, Kongoko tutsi etniakoei jazartzeko.

Hutu milizien aurka egiteko, Tutsien talde armatuak finantzatu zituen Ruandak, eta bertako beste talde armatuekin eta Ugandaren laguntzarekin AFDL Kongoko Indar Demokratikoen Batasuna sortu zuten. Kongo inbaditu, eta sei hilabetean Kinshasaraino bidea egin zuten, eta Mobutu boteretik kanporatu. AFDLko buru Laurent-Desire Kabilak hartu zuen boterea.

Azkar okertu ziren Kabilaren eta haren aliatuen arteko harremanak, besteak beste, presidente berriak baztertu egin zuelako hutuen milizien aurka egitea. Bigarren matxinada bat hauspotu zuen orduan Kigalik 1998an, eta Kongoko bigarren gerrari bide eman zion. Ruandak bultzatutako RCD Kongoko Batasun Demokratikoa ez zen gai izan Kabila boteretik kanporatzeko.

Borroka plaza erraldoi bat bilakatu zuten herrialdea. Gutxienez 11 herrialde nahastuta zeuden, eta lau eragin guneetan zatitu zen herrialdea. Milizia eta talde armatuak erruz ugaritu ziren. Batez ere odoltsua izan zen gatazka ekialdean, gobernuak bultzatutako talde armatuek jardunagatik. Oro har, talde armatuek zibilak hartu baitzituzten jomugan. 1999an, aldeek bake hitzarmena sinatu zuten, baina NBEk bidalitako soldaduek ez zuten lortu gatazka baretzea.

Gatazkan etsaitutako aldeek nazioarteko elkarrizketei heldu zieten berriro, eta bake hitzarmena sinatu zuten 2002an. Gerran aritutako atzerriko tropek Kongo utzi zuten, eta batasuneko gobernuak herrialdeko lehen hauteskundeak antolatu zituen 2006an. Joseph Kabila aukeratu zuten presidente, Laurent-Desire AFDLko buruaren semea.

2001etik agintzen du Kabilak Kongon, haren aita hil zutenetik. Iruzur salaketaz beteriko azken bozak ere irabazi zituen, 2011n. Mendebaldeko potentzien eta Hegoafrikaren eta Angolaren babesa du, eta haren agindupean herrialdeak milioika euroko kontratuak sinatu ditu atzerriko meatzari enpresekin. Human Rights Watch giza eskubideen aldeko taldeak salatu du 2006an presidente izendatu zutenetik oposizio politikoaren aurkako jazarpenak ez duela etenik.

Ekialdea, egonkortasun bila

Ekialdean ez dute lortu egoera baretzea. Aitzitik, lehen hauteskundeak egin zituztenetik okerrera egin du. Estatuaren ahultasuna ikusirik, matxino taldeek bere egin dituzte eremu batzuk, gerraren jauntxoen interes ekonomikoak defendatzeko.

Izan ere, urteetako gatazkak gerra ekonomia batean murgildu du Kongo. Elite batzuk gogor tematu dira gatazkak bere horretan jarrai dezan. Talde armatu eta inguruko herrialdeen estrategia militarrean berebiziko garrantzia izan dute Kongoko baliabide naturalek. NBE ez da gai izan ekialdeko matxinoak kontrolatzeko.

Gertakari larriena 2012ko azaroan jazotakoa da: M23ko matxinoek milioi bat biztanle inguruko Goma hiria hartu zuten kontrolpean. Abenduan utzi zuten, eta 2013 hasieran su-etena eman zuten. Harrezkeroztik egoerak hobera egin du nabarmen, eta tokiko erakundeek martxan jarri dituzte adiskidetze programa ugari. Badakite, halere, urrats gehiago egiteko daudela. 25 talde armatuk baino gehiagok indarrean jarraitzen dute ekialdean; edozein txinpartak pitz dezake hurrengo matxinada.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna