UDAKO SERIEA. Errefuxiatuen munduak (II). Samina Muhakik.

«Nahiago dut etxera itzuli, ahanzturan erori baino»

Afganistango errefuxiatu gaztea harrapatuta geratu da Grezian. Urte luzez jazarpena pairatu duen hazara komunitatekoa da, eta errefuxiatuen artean «mailaketa bat» dagoela irizten dio.

«Nahiago dut etxera itzuli, ahanzturan erori baino».
Ane irazabal
Idomeni
2016ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Egunak beroegiak dira Greziako kanpalekuetan. Termometroak 40 gradu markatzen du, eta eguzkiak ez du atsedenik ematen. Zuhaitzik gabeko zelai baten erdian, Samira Muhakik eta haren familia daude, kanpadendaren kanpoaldean itxaroten. «Barruan ezin da arnastu», esan du neska gazteak. Bost hilabete pasatu dira Afganistandik alde egin zuenetik, eta triste sumatzen zaio Muhakiki. Egun batetik bestera, desagertu egin da Europan bizitza berri bat hasteko ametsa. «Txarrena eginda zegoenean, Suediara iristeko ezer geratzen ez zitzaigunean, dena pikutara joan da», esan du, atsekabetuta.

Muhakikek aitortzen du ez dakiela ezer Europako Batasunari buruz. Kontinente zaharrera alde egin baino lehenago, esan zioten oso erraza izango zela asilo politikoa eskatzea. Haren aitzinetik alde egin zuten bi lehengusuek azkar gurutzatu zituzten Balkanak. «Orain, Stockholmen bizi dira, eta etxe bat eman diete. Guri ateak itxi dizkigute».

Horregatik, Europako geografiari eta politikari buruzko ikastaro azkar bat egin behar izan du azken hilabeteetan: ate itxien Mazedonia, Viktor Orbanen Hungaria arrazista, Alemaniaren gatibu den Austria... Muhakikek ez dakinork bultzatu duen blokeo politiko hau, baina ez zaio justua iruditzen. «Grezian usteltzen utzi nahi gaituzte. Ez dugu onartuko. Gerrak ez digu duintasuna lapurtu; beraz, Afganistanera itzuliko gara», esan du, haserre.

Baina etxean ez du nork itxarongo dionik. Muhakiken gurasoak aspaldi joan ziren, eta talibanek senarra hil zioten. «Mendiez inguratutako herrixka bakartu bat da gurea. Gazte gehienek alde egin dute».

Muhakik 1989an jaio zen, Hazarajat eskualdearen bihotzean; hain zuzen, Sobietar Batasunak Afganistandik alde egin zuen urtean. Herrialdea lur jota zegoen, eta gurasoek pobrezian hezi zituzten Samira eta haren ahizpa Farxta. Bi neskatoei ondoko etxeko emakumeak erakutsi zien idazten eta irakurtzen. Eskolara joatea ez zen eguneroko ekintza bat, baina Muhakik autodidakta hutsa da, eta, denborarekin, primeran ikasi du ingelesa. «Ez dut haurtzaroko oroitzapen ederrik. Behe mailako herritarrak ginen, azkenaren azkenak. Izugarria zen gure komunitatearen kontrako bazterkeria», gogoratu du.

Ez da gutxiagorako. Izan ere, Muhakik eta haren familia hazara etniako kideak dira. Hizkuntza persiarra erabiltzen duen herri xiita horrek jazarpen sistematikoa pairatu du luzaroan. «Garbiketa etniko baten biktimak izan ginen 1990eko urte kaotikoetan; batez ere, talibanen eskutik», nabarmendu du Muhakikek. Hazarek Afganistango populazioaren %9 osatzen dute, eta, historialari askoren aburuz, Gengis Khanen garaiko armadaren ondorengoak dira. Horregatik, agian, inbaditzaile mongoliartzat jotzen dituzte Afganistango herritar askok. Hazarak talibanen, Estatu Islamikoaren eta gainontzeko talde sunita erradikalen biktimak izan dira —asteburuan, EIk 80 lagun hil zituen Kabulen hazaren manifestazio bati erasota—, eta, aldi berean, Kabuleko agintarien bazterkeria sufritu dute. 1970era arte, adibidez, ezin zuten administrazio publikoan lan egin, ezta unibertsitatean ikasi ere.

Gutxiengoen exodoa

Halere, Muhakikek uste du Hamid Karzairen gobernuarekin egoera pixka bat hobetu zela: «Sektakeriari eta bazterketa etnikoari amaiera emateko erabakiak hartu ziren, baina ekinaldi horiek beste tentsio batzuk sortu zituzten gainontzeko etniekin; batez ere, paxtuekin eta tajikekin».

Edonola ere, Muhakiken aburuz, atzerriko diru laguntzak ez dira iritsi Hazarajat eskualdera: «Nazioarteko indarrek errepideak egin dituzte, eta eskola berriak eraiki. Baina gutaz ahaztu dira». Gainera, NATOko tropen alde egiteak izua eragin du hazara komunitatean. Gutxiengoak garbiketa etnikoen beldur dira, eta horrek exodo handi bat eragin du.

NBE Nazio Batuen Erakundeak emandako datuen arabera, Afganistango diaspora munduko handienetarikoa da. Iranen 2,4 milioi errefuxiatu afganiar bizi dira, eta Pakistanen, 1,5 milioi inguru. Azken urtean, gainera, Balkanetako ibilbidea egin duten talde handienetan bigarrena da Afganistangoa, Siriakoen atzetik. 2015ean Europako Batasunean jaso ziren asilo eskaeren %14 egin zituzten afganiarrek, baina Bruselaren eta Ankararen arteko akordioak mugarri bat ezarri du. Afganistango herritarrak babes politikoa eskuratzeko aukera gutxirekin geratu dira, baita hazara komunitate jazarria ere.

Ihesaldi amaigabea

Hori horrela, Muhakikek berearen antzeko hamaika istorio aurkitu ditu bidean. «Senarra hil zidatenean jabetu nintzen gerraren benetako zoramenaz. Autobus batean zegoen, eta eraso egin zioten. Une batetik bestera joan zitzaidan», azaldu du. Gazte iheslariak ez du ezkutatzen bere ezkontza aurrez hitzartutako itun bat izan zela: «Nire lehengusua zen, baina harreman ona geneukan. Ez zidan inoiz ezer txarrik egin».

Bikoteak, ordea, ez zuen seme-alabarik izan, eta Muhakik bakarrik geratu zen. «Zoritxarrez, gure inguruko familia gehienek galdu dute kideren bat. Talibanentzat heretikoak gara», erantsi du. Muhakiken ahizpari ere senarra hil zion Al-Qaedak, baina berriz ere ezkondu da. Farxtak senar berriarekin eta seme gazteenarekin egin du ibilbidea.

Bi ahizpek behin eta berriz erakusten dituzte etxean geratu diren ezagunen argazkiak. «Semerik zaharrena Afganistanen utzi dut; ezin nuen nirekin ekarri. Familiari etorkizun bat eman nahi nion, eta, azkenean, Grezian amaitu dut atrapatuta», adierazi du Farxtak, tristuraz.

Izan ere, Muhakikek eta haren familiak 5.000 kilometro baino gehiago egin dituzte Europara iristeko. Gazte iheslariaren ustez, trafikatzaileek oso ondo antolatu dute ibilbidea: «Erraza da Afganistandik Iranera zeharkatzea, baina oso zaila egin zitzaidan Iran guztia gurutzatzea». Halere, gazte iheslariari oraindik harrigarriagoa iruditu zitzaion Turkiara heltzerakoan ikusi zuena: «Toki askotatik etorritako errefuxiatuekin bat egin genuen. Jainkoak denei batera dei egin baligu bezala zen», gogoratu du.

Edonola ere, Turkiaren ongietorria ez zen izan uste bezain ona. Muhakikek hainbat aste itxaron behar izan zuen Egeo itsasoa gurutzatzeko. «Zerrenda luze bat zegoen, eta txalupa gehienak gainezka zeuden». Gazteari Turkia ez zaio herrialde demokratiko bat iruditzen: «Ez nintzen seguru sentitu. Poliziak indarkeriarekin erantzun ohi zuen, eta ihes egiten ari zen errefuxiatu talde bat edo beste atxilotzen zuen».

Muhakikek egunero pentsatzen du Ankaran «galdu» zituen aste horietan. Idomenira lehenago iritsi izan balitz, ez zukeen muga itxita aurkituko. «Behin, mutil batek itsasoan itotako haurtxo baten argazkia erakutsi zidan [Aylan Kurdirena]. Haren gorpua hondartzan zegoen etzanda. Asko beldurtu nintzen, baina aurrera egin nuen».

Muhakiken familiak otsaileko gau ilun batean zeharkatu zuen Egeoa. Itsasoa oso bare zegoen, eta salbamendu talde batek Izmirreko kostatik atera zituen. Ondorengo ibilbidea, aski ezaguna errefuxiatu gehienentzat: Lesbostik Atenasera, eta hiriburutik, Idomenira. Baina Greziaren eta Mazedoniaren arteko pasabidea amesgaizto bihurtu zen, Skopjeko agintariak trabak jartzen hasi baitziren: «Iritsi ginenean, Siriako eta Irakeko errefuxiatuek bakarrik gurutza zezaketen. Iheslari afganiarrak blokeatuta geratu ginen». Handik egun gutxira, Mazedoniak muga itxi zuen.

Hori horrela, Europako errefuxiatuen kanpalekurik handiena bihurtu zen Idomeni. Egunero milaka pertsona iristen ziren mugaldera, baina inork ez zuen lortzen handik irtetea. «Hiru hilabetez, euriteak, elurra eta txingorra pairatu ditugu. Aire zabaleko kartzela batean bezala egon gara, eta lokatzetan bizitzera kondenatu gaituzte. Ez du ezertarako balio izan», salatu du. Bada, maiatzaren 24an Idomeni hustu zuen Greziako Gobernuak. Bertan geratzen ziren errefuxiatu gehienak ondoko kanpaleku ofizialetara eraman zituzten. Beste asko Idomeniren ondoan gelditu ziren.

Muhakiken familia nora ezean ibili da ordutik. Hasieran, mugaldeko gasolindegi bateko zelaian egon ziren kanpatuta. Iheslari asko zeuden haien egoera berean, eta komunitate polita sortu zuten. Halere, lursail horren jabeak zelaitik bota zituen, eta etxe abandonatu batera joan ziren. «Baina trafikatzaileen eta droga saltzaileen eremua zen, eta handik alde egin genuen», azaldu du. Gazte iheslariak ez du kanpaleku ofizial batera joan nahi, baina dagoeneko ez zaio dirurik geratzen: «Denak balio du euro bat: kafeak, ur botilak, teak. Oso garestia da hemen bizirik irautea».

Muhakik oso kritikoa da Europako eta Greziako agintariekin: «Idomenin babestuta sentitzen ginen. Kazetariak eta boluntarioak zeuden txoko guztietan. Kanpaleku ofizialetan, berriz, militarrak besterik ez dago. Nahiago dut etxera itzuli, ahanzturan erori baino». Blokeo horrek tentsio uneak piztu ditu, gainera. Grezian oso ohikoak dira errefuxiatu siriarren eta afganiarren arteko eztabaidak eta liskarrak. «Siriako familiek ez dute gurekin nahastu nahi. Askotan esaten digute beraiek direla benetako errefuxiatuak eta gu, berriz, haien egoerari probetxu hartu nahian gabiltzan migratzaile hutsak. Ez al dakite gu ere indarkeriaren biktimak garela? Non dago iheslarien arteko elkartasuna?».

«Etorkizuna lapurtu didate»

Horregatik, etsipenak jota dagoelako, etxera bueltatzeko prest agertu da: «Hemen ez dut beste aukerarik ikusten; beraz, borondatezko itzulera bat adosteko informazioa eskatu dut. Afganistanen, behintzat, etxe txiki bat daukat». Muhakik ez da trafikatzaileez fio, eta argi dio ez duela diru gehiagorik ordainduko Suediara iristearen truke. «Pozik nago haien helburua lortu duten errefuxiatu guztiengatik, baina ez dut ahalegin gehiagorik egingo ongi etorria ez naizen toki batera iristeko. Etorkizuna lapurtu didate. Afganistanen aitzineko miseria bera aurkituko dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.