UDAKO SERIEA. Gatazka ahaztuak (III). Afrika Erdiko Errepublika

Mendeku goseak itsututa

Adrian Garcia -

2014ko uztailak 24
1960. urtean independentzia eskuratu ostetik, agintariek estatu kolpeen bidez hartu dute boterea Afrika Erdiko Errepublikan. 2012an piztu ziren milizia kristau eta musulmanen arteko borrokak; milaka hildako eta ia milioi bat iheslari eragin dituzte. NBEk genozidioaren arriskuaz ohartarazi du.

Kolonialismoaren gehiegikeriak sufritzeari utzi zion Afrika Erdiko Errepublikak Frantziatik askatzean, 1960. urtean. Kolonia ohiarekiko zilbor hestea ez da guztiz eten, ordea, eta ez du bide samurra izan estatu independente gisa: estatu kolpe, matxinada eta diktadoreen gehiegikeriak jasan dituzte herritarrek. Halere, 2012. urte amaiera arte ez zuen bereganatu nazioarteko hedabideen arreta. NBEk eta giza eskubideen aldeko taldeek alarma gorria piztu zuten orduan: 2,3 milioi lagun giza laguntzaren beharrean daude, etnien arteko botere borroken ondotik. NBEk genozidioaren arriskuaz ohartarazi du.

Afrikaren erdi-erdian kokatuta, nabarmena da herrialdearen garrantzi estrategikoa. Horretaz baliatu da Frantzia, batez ere Gerra Hotzak iraun zuen bitartean. Herrialdea utzi izanagatik ere, kolonia ohiak kontrolatu ditu agintarien joan-etorriak eta bizitza politikoa. Eliseoaren interesen arabera finantzatu dituzte alderdi politikoak, kanporatu dituzte diktadoreak, jarri dituzte beste batzuk edo sustatu dute demokrazia.

Barthelemy Boganda izan zen lehen estatuburua, herrialdea oraindik Frantziaren menpeko zela. 1949an lehen alderdi politikoa sortu zuen: MESAN Afrika Beltzaren Eboluzioaren Aldeko Mugimendua. Hegazkin istripu batean hil zen, 1959an, independentzia eskuratu baino urtebete lehenago.

1993. urtera arte itxaron behar izan dute Afrika Erdiko Errepublikako herritarrek hauteskunde batzuetan herrialdeko presidentea aukeratzeko. Ordura arte, militarrek estatu kolpea izan dute boterea hartzeko tresna. Herrialde aberatsa da Afrika Erdiko Errepublika; baliabide mineral ugari ditu, eta nekazaritzarako aproposa da. Ustelkeria etengabeak eta gerrek, ordea, munduko txiroenetarikoa egin dute.

Hauteskundeek ez zuten giroa lasaitu, politikarien jarrerek ez baitzuten egoera egonkortu. Galtzean ez zituzten emaitzak onartzen, eta iruzurtzat jotzen zituzten hauteskunde oro. Alderdi politikoen ugaritasunak are zailagoa egin zuen herrialdea gidatzea. Bi milioi boto emailek 50 alderdiren baino gehiagoren artean aukera zezaketen. Testuinguru horretan, Ange-Felix Patassek irabazi zituen 1993ko bozak, baina haren ekintzek ez zituzten baretu herrialdeko gainontzeko etniak. Bayakoei, haren etniakoei, mesede egitea leporatu zion oposizioak.

Patassek bigarren aldiz irabazi zituen bozak 1999an, iruzur salaketa ugariren artean. Legealdi horretan piztu zen gerra zibilaren txinparta, François Bozize jeneralak bigarren saioan estatu kolpea jo eta boterea hartu zuenean, 2003an. Nazioartean ondo ikusi zuten Bozizeren jarduna, oposizioko hainbat kide onartu baitzituen gobernuan. Hitza eman zuen konstituzio berri bat egingo zuela eta hauteskundeetara deituko zuela.

Gerra zibila

Handik urtebetera matxinatu ziren UFDR Batasunerako Indar Demokratikoen Erakundea eta beste hainbat matxino talde, Michel Djotodia zutela buruzagi. Herrialdearen iparraldeko hiriak hartu zituzten, tartean Birao. Frantziako armadaren aire erasoen laguntzarekin eutsi ahal izan zion gobernuak erasoaldiari, eta bake akordioak sinatu zituzten 2007an.

Bozizek bake hitzarmena errespetatu ez zuela argudiatuta, matxinoek borrokari ekin zioten berriro 2012ko abenduan, lehen baino indartsuago. Seleka koalizioa osatu zuten gobernuaren aurkako iparraldeko taldeek, eta, Michel Djotodiaren gidaritzapean, iparraldeko, ekialdeko eta erdialdeko hiri ugari hartu zituzten, «bake hitzarmenak errespetarazteko». Seleka koalizioa osatzen duten milizien kide gehientsuenak musulmanak dira. Matxinoek aise egin zuten aurrera, eta, Bangi hiriburua hartzeko mehatxuak ikusirik, Bozizek laguntza militarra eskatu zien Txadi eta Frantziari. Txadek bidali zituen militarrak, baina ez zuten askorik egin matxinoei bidea oztopatzeko. Parisek uko egin zion tropak bidaltzeari.

2013ko martxoan, bake negoziazioetan hasi ziren matxinoak eta gobernua. Selekak eskatu zuen presoak askatzeko, borrokalariak armadan sartzeko eta hauteskundeak antolatzeko. Selekako hainbat kide batasun nazionaleko gobernuan sartu ziren. Martxoaren erdialdean, baina, negoziazioak hautsi, eta borrokei ekin zieten. Bi astetako borroken ostean, hiriburua hartu zuen Selekak, eta Djotodia egin zuten presidente.

Bake elkarrizketak

Erlijio gatazka baten zantzuak hartu ditu Afrika Erdiko Errepublikako gerra zibilak. Seleka milizia musulmanaren oldarraldiari aurre egiteko, 2013ko irailean Anti-balaka (Matxeteen aurka) milizia sortu zuten, Bossangoa mendebaldeko hirian, Bozize presidente ohiaren gotorlekuan. Kristauak dira nagusiki Anti-balakako kideak. Gerra ez da mugatu bi milizien aurkako borroketara. Mendeku goseak itsutua, milizia bakoitzak beste erlijioetako herritarren aurkako erasoak egin dituzte. Human Rights Watch giza eskubideen aldeko erakundearen arabera, 10.000 etxe baino gehiago erre dituzte. NBEk milioi bat errefuxiatu inguru zenbatu ditu.

Anti-balakek, indartsu egin, eta Bangi hartzeko saialdia egin zuten iazko abenduan. Nazioartearen presioaren ondorioz, Djotodiak presidentetza utzi zuen, baina hura ordezkatu zuen behin-behineko gobernu ahulak ez du indarkeria etetea lortu, Afrikako Batasunak 6.000 eta Frantziak 2.000 soldatu bidali arren.

Anti-balaka eta Selekako ordezkariak Kongoko Errepublikan bildu dira egunotan, bake elkarrizketei heltzeko. Prozesu politikoari heldu baino gehiago, su-etena ezarri nahi dute milizien artean. Oraingoz ez dute halakorik lortu. Selekak negoziazioak utzi ditu. Aurretik, halere, proposamena helarazi du: herrialdea bitan banatzea.

Amnesty Internationalek eskatu du ez uzteko zigorrik gabe gerra krimenak egin dituztenak. Erakundeak argitaratutako txostenaren arabera, Bozize eta Djotodia presidente ohiak, eta Anti-balaka eta beste milizien buruzagiek zibilen aurkako erasoak egin dituzte. Gainera, Frantziari eta Txadi eskatu dio errudunak ez babesteko. Izan ere, bake elkarrizketetan ordezkari politiko legitimo gisa azaldu dira, eta erakundea beldur da herritarren aurkako gehiegikeriak zigorrik gabe geldituko ote diren.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna