Shin Dong-Hyuk. Iheslari iparkorearra

«Inoiz ez naiz guztiz aske sentituko»

14. Eremua 'kwanliso'-an jaioa da Shin, eta ez da ezagutzen Ipar Koreako lan esparru batetik ihes egitea lortu duen beste presorik. Uste du aldaketak, etortzekotan, barrutik etorriko direla.

ANE IRAZABAL.
Ane irazabal
Turin
2014ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Film batetik ateratako gidoi bat dirudi Shin Dong-Hyuk iheslariaren (Ipar Korea, 1982) bizitzak. Erreala bezain krudela da, ordea. 14. Eremua deituriko kwanliso batean (lan esparrua) jaio zen. Bi presoren seme gazteena izaki, amaren zigor gelan bizi izan zen haurtzaroan. 13 urterekin, berriz, ama eta anaia zaharrena salatu zituen, eremutik ihesaldia antolatzen ari ziren bitartean. Biak Shinen eta bere aitaren aurrean exekutatu zituzten.

2005ean, zigor eremutik eta Ipar Koreatik ihes egitea lortu zuen. Geroztik, Seulen bizi da, eta bere istorioa mundu zabalean kontatzen dihardu. Baina kwanliso-an bizi izandakoaren arrasto fisiko zein psikologikoak agerikoak dira Shinengan. Haren bizitza jaso du Escape from Camp 14 liburuak.

Aurrerapen txikiak nabari omen dira Piongiangen. Hala da?

Inolaz ere ez. Ipar Koreako erregimenaren jarrera ez da aldatu. Kim Jong Un-ek bere aitaren lekukoa hartu zuenean, irekiera txiki bat iragarri zuten askok, baina ez zen hala izan. Nazioarteko komunitateak esperantza erreformistatzat jo zuen Kim III.arena. Baina estrategia hutsa da hori. Arazoa da munduak ez dituela serio hartzen Piongiangek bere herritarren aurka egindako basakeriak.

Preso politikoentzako zigor eremu batean sortu zinen zu, eta Hego Koreara alde egin arte ez zenuen besterik ezagutu. Esklabotzarekin konparatu ohi duzu han bizi izandakoa. Zergatik?

Kuriosoa da; izan ere, ihes egin arte normaltzat jotzen nituen torturak, bortxaketak eta exekuzioak. Uste nuen merezita neukala gehiegikeria horiek guztiak ikustea edo pairatzea. Nire gurasoak preso politikoak ziren, baina gaizkiletzat jotzen zituzten. Beraz, gaizkileen seme-alabak ere gaizkileak ginen. Batzuetan, iruditzen zait beste planeta batetik iritsi naizela.

Nolakoa da Erabateko Kontrol Eremu batean bizitzea?

Egunean-egunean bizi ginen, eta jana lortzeko egin beharrekoa egitea zen eguneko helburu bakarra. Sei urterekin hasi nintzen lanean, eta bertako eskolan irakurtzen besterik ez ziguten erakutsi. Ez genekien ezer politikari edo Ipar Koreari buruz. Zeharo bakartuta bizi ginen. Bestalde, fideltasuna kwanliso-ko zaindariei bakarrik zor nien. Amarekin bizi nintzen ni, baina harekiko harremana oso arrotza zen. Familia kontzeptua ez zen existitzen.

Zer da okerrena?

Gosea... eta hotza. Janaria lortzeko edozer egiteko prest geunden. Zaindariek esaten ziguten ondokoa salatzeagatik aparteko arroz anoa emango zigutela. Betebehar bat zen familia espiatzea.

Hamahiru urterekin, konturatu nintzen ama eta anaia zaharrak eremutik ihes egin nahi zutela, eta salatu egin nituen, zaindariei ohartarazi nien. Biak nire aurrean exekutatu zituzten, eta gero, gogor torturatu ninduten. Ez nuen penarik sentitu; merezia zutela iruditzen zitzaidan.

Baina ondoren zuk ere alde egitea lortu zenuen. Zigor eremu batetik ihes egindako preso bakartzat jotzen zaituzte. Ulertzen al du munduak Ipar Koreako errealitatea?

Ez dakit kasu bakarra naizen. Edonola ere, Ipar Korearen inguruko ezjakintasun handia dagoela deritzot. Jendeak esan ohi dit «erregimen xelebrea» iruditzen zaiola, eta horrek biziki mintzen nau. Izan ere, ez dute ezagutzen Piongiangen benetako krudeltasuna. Bestalde, oso gogorra egin zait nire bizitza kontatzea. Barruko mamuak uxatu behar izan ditut. Eta dena kontatu ostean, izugarria da sentitzen dudan ezin egona. Ziur naiz nik alde egin ostean aita eta lagunak torturatu edo hil egin zituztela. Eta izugarrizko atsekabea sortzen dit horrek. Ipar Korean bizi nintzenean, ez nuen ezagutzen sentimendu hori. Orain badakit inoiz ez naizela guztiz aske sentituko.

Piongiangekiko «jarrera geldia» salatu ohi duzu...

Ipar Koreak kikilduta dauka nazioartea; batez ere, arma nuklearren eta irismen handiko misilen mehatxuari probetxu hartzen diolako. Gainera, Kim Jong Un-ek jarrera alderrai eta kontraesanez betea dauka. Aldaketak Ipar Koreako herritarren eskutik etorri behar du. Barrutik eztanda egin behar du. Ez du ezertarako balio nik Nazio Batuen Erakundean hitz egiteak edo Frantzisko aita santuarekin biltzeak. Horrek ez dio minik egiten erregimenari. Zaila da nazioarteko presioan sinestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.