UDAKO SERIEA. Sortzailea eta konplizea (I) Harkaitz Cano eta Gorka Arrese.

Libururainoko hobekuntza

Sei sortzaile ezagun beren konplizeekin bilduko ditugu serie honetan: Harkaitz Cano eta Gorka Arrese; Itziar Okariz eta Jon Mikel Euba; Koldo Almandoz eta Marian Fernandez Pascal; Ainara Gurrutxaga eta Oier Guillan; Mixel Etxekopar eta Jean-Christian Irigoien; eta Xabier Montoia eta Ibon Rodriguez.
Argitaletxearen egoitzan edo ostatuetan ez ezik, paseoak emanez ere solasten dira elkarrekin Harkaitz Cano eta Gorka Arrese, eta ez soilik liburuez.
Argitaletxearen egoitzan edo ostatuetan ez ezik, paseoak emanez ere solasten dira elkarrekin Harkaitz Cano eta Gorka Arrese, eta ez soilik liburuez. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Juan Luis Zabala -

2014ko abuztuak 12
Liburu hau ez diagu argitaratuko. Egin ezak bat hobea, eta hura bai». Horixe esan zion Gorka Arresek, Susa argitaletxeko editoreak, Harkaitz Cano 18 urteko idazleari 1993an, hark erakutsitako poema sorta irakurri ondoren taberna batean elkartu zirenean. «Ez nekien miseriarik sakonenean hondoratu behar nuen liburua onartu ez zidalako, edo pozik egon behar nuen liburu bat argitaratzeko aukera nuelako», dio Canok, une hura gogoan. Arreseri kasu eginez, liburu hobea osatu zuen, eta hurrengo urtean iritsi zen plazara Kea behelainopean bezala, Canoren estreinako poema liburua, Susak argitaratua. Bizi-bizirik dirauen konplizitate luze baten hasiera izan zen.

«Ez naiz gogoratzen horretaz, baina nire estiloa da», komentatu du Arresek, Canok kontatutakoa entzun orduko. «Askotan erabili dut estrategia hori libururik argitaratu ez duten idazleekin. Harrituta gelditu nintzen Harkaitzek nola idazten zuen ikusita, baina Susak urte hartarako plan bat zeukan antolatua, eta ezin genuen liburua hurrengo urtera arte argitaratu. Hori kontuan izanda, nire asmoa zen ikustea nola erreakzionatzen zuen Harkaitzek, eta ea liburua hobetzerik bazuen. Nire estiloa da beti neurtzea idazle batek zer eman dezakeen».

Testu literariotik libururainoko hobekuntza du ardura editoreak, izan ere, Arreseren ikuspegian, eta ikuspegi hori aplikatu zien orduan Cano gazteak erakutsi zizkion poemei: «Argitaletxera poema liburu bat ekartzen duen idazleak 'hemen daude nire poemak' esaten du. Baina poemak ez dira, berez, liburu bat, eta nik probokatu, estutu, behartu egin nuen kasu honetan poeta; batetik horretarako denbora bagenuelako, hurrengo urtera arte argitaratuko ez genuenez; eta bestetik, Harkaitz egin nahiko lukeen liburua atontzen jartzeko, gero damurik ez izateko».

Geroztik maiz errepikatu dion aholku bat ere eman zion garai hartan Arresek Canori: adjektiboekin kontuz ibiltzeko, zorrotz jokatzeko. «Alejandro Carpentierrek esaten zuen adjektiboak zimurrak bezalakoak direla, errazen zahartzen diren hitzak…», dio Canok. «Seguru asko nik bidali nizkion poemetan substantibo bakoitzak adjektibo bat izango zuen ondoan, eta idazteko molde horren arriskuez ohartarazi zidan Gorkak. Geroztik beti kontuan hartzen ditudan hainbat gauzari buruzko ohartarazpenak egin zizkidan. 20 urterekin edo gutxiagorekin honelako editore batekin topatzeak koordenatu batzuk ematen dizkizu».

Harrezkero beste poema liburu bat, narrazio liburu bat eta hiru eleberri argitaratu ditu Canok Susarekin, Arrese editore duela; azkena Twist laudatu eta arrakastatsua, orain dela bi urte. Bien arteko adiskidetasun eta konfiantza sustatu du elkarlan horrek, gero eta handiagoa egin den konplizitatean.

Canok badaki idazle batzuek «errezelo handia» dutela liburua argitaratu arte beren istorioak kontatzeko, eta amaiera arte «gordetzen» dituztela. Bera ez da, ordea, horietakoa. «Niri gustatzen zait kontatzea, eta kontatu ahala deskarteak egiten dituzu. Batzuetan kontatu ahala jabetzen zara kontatzen ari zarenaren ahultasunez, interlokutorearen erreakzioak salatzen dituelako».

Idazlearen irekitasun horrek indartu egin du editorearekiko lotura. «Ez dugu beti testuan oinarrituta hitz egiten», dio Arresek. «Batzuetan, nobela baten tramari buruz ere hitz egin izan dugu, ahoz, nik testua irakurri baino lehen». Eta solasa aise doa Canok idatzitako testuaren eta Susak argitaratuko duen liburuaren esparrutik kanpoko kontuetara ere. «Urteetako konfiantzan oinarrituta, arteaz, musikaz edo literaturaz hitz egiten dugu, zer ikusi, entzun edo irakurri dugun azkenaldian, eta gisakoak. Niri ibilian hitz egitea gustatzen zait, ibiltzeak pentsatzen laguntzen duela iruditzen zaidalako, eta paseo batzuk eginak ditugu Harkaitzek eta biok, gauza askori buruz pentsatuz eta hitz eginez».

Editorearekiko harreman hori liburuaren onurako delakoan dago Cano. «Editoreak ezagutzen ditu idazlearen herrenak, eta alderantziz. Hor sortzen da bien arteko dialektika. Batak badaki zein den bestearen jokaera naturala, zerk eragiten dion nagitasuna, eta hor dago jokoa. Joera natural horien kontra saiatzea ere aukera bat izan daiteke».

Izan ez diren nobelak

Idazlearen esku dago beti, hala ere, editoreak esandakoari kasu egitea edo ez egitea. «Abizen euskalduna duen tronpetista beltz baten istorioa idazteko asmoa diat», esan zion Canok Arreseri Beluna Jazz nobela idazten hasi zen garaian. «Eta zergatik ez Buenos Airesko soinu jotzaile bat?», erantzun zion Arresek. «Hor erabaki bat hartzen da, eta desberdina da bide bat hartu edo bestea», egin du gogoeta Canok. «Hori polita da. Izan ez diren nobela guztiak ere hor daude».

Beste bide batzuetatik ere hel daiteke hobekuntzarako laguntza eta bultzada: «Beluna Jazz nobela nahiko aurreratuta nuela, Jose Luis Otamendik, jakinik zer idazten ari nintzen, Malcolm Lowryren Piedra lunar [Lunar Caustic jatorrizko bertsioan] utzi zion Gorkari, nik irakur nezan. Liburu horrek inpaktatu egin ninduen, eta eragin handia izan zuen azken atalen idazketan».

Arresek argi du obra idazlearena dela, eta harena dela azken erabakia. Haren aldaketa proposamenak, horrenbestez, egileak berak egingo duen hobekuntzarako akuiluak dira funtsean. «Nire asmoa izaten da idazleak pentsatu duena osatzea, indartzea, hobeto egituratzea, nik arin edo gaseoso samar ikusten dudana solidifikatzea», azaldu du editoreak. «Auzitan jartzen ditut gauzak, ez aldatzeko, baizik eta nahi dudalako idazleak indartu dezan». Poker jokalari baten pare ikusten du horretan bere burua. «Kartak berak dauzka, idazlearenak dira karta onak. Baina nik apustutxoak egiten dizkiot, ikusteko ea benetan ausartzen den joko horrekin aurrera egiten; edo berak dauzkan karta on horiekin, bertan goxo egin beharrean, apustu handiagoak egin ditzan».

«Zenbat eta gehiago ezagutu, errazagoa da editorearekin harremana izatea», Canoren ustez. «Editore bati, kritikari bati bezala, eskatzen zaio koordenatuak ez mugitzea gehiegi lekuz, eta aldi berean gaurkotuz joatea norberaren gustuak eta joerak. Susa, alde horretatik, edo Gorka zehazki, editore anglosaxoien eskolako editorea iruditu zait beti; Espainiako editoreengandik nahiko urrun dago. Baita hizkuntzaren ereduan ere: beti gutxiago, lehorrago, sintetikoago, barrokismorik gabe… Ken-ken-ken joera horrekin. Ni, atzera begiratuz, ez naiz damutzen kendu izanaz. Hori ere ikasketa bat da».

«Nik beti aholkatzen dut kentzea, gehiegi ez ematea», berretsi ditu editoreak idazlearen hitzak. «Kenzalea naiz. Uste baitut testu masa handiek, adjektiboen ugaritasunak, sintaxiaren bihurrikeriak eta horrelako gauza guztiek estropezu edo traba egin diezaioketela testuari gero, aurrera begira, unean berean baino gehiago. Nik beti pentsatzen dut: 'Eta urtebete barru, zer? Edo hiru urte barru, zer? Nola irakurriko ote dugu hau?'. Entusiasmo inmediatoari ez diot konfiantza handirik eman nahi izaten, eta beti aholkatzen dut kentzeko eta kentzeko».

Liburuak hobetzeko izan dezaketen eragin hori garrantzitsua dela aitorturik, bestela ere estimu handia die Canok editorearekin dituen solasaldiei. «Literatura, istorioak, zinema, artea… Gorkak gustatzen zaizkigun gauzei buruz duen apasionamendu fundamentalista hori, hizketan ere igartzen zaiona, konpartitzea… hori da ederrena. Hortik emaitzak etorri edo ez, hori gustatzen zait, horrekin gozatu egiten dut».

Editore mota asko daudela ohartarazi du, hala ere, Arresek, eta batzuek enpresari lana baino ez dutela egiten. «Argitaletxe batzuek ez dute editore artistikorik. Susaren kasuan, hasieratik egin izan da lan hori, eta akaso gehiegi ere bai batzuetan».

«Promiskuitate editoriala»

Susarekin ez ezik, beste argitaletxe batzuekin ere kaleratu ditu Canok liburuak: Alberdania, Elkar, Erein, Edo… Ez du argitaletxe batera edo bestera jotzeko irizpide finkorik ere. «Erabaki dezakezu idazten ari zarena argitaletxe bati edo editore bati ematea idazten ari zarena haren oso kideko sentitzen duzulako; edo erabaki dezakezu gauza bera kontrakoa uste duzulako; hau da, alderantziz, editorea izan daitekeela aski erretxina liburu horri etekin handiagoa ateratzeko. Beharbada, hori behar du liburuak, erraz onartuko ez duen editore batek emandako astinaldia». Arreseren barrea eragin du Canoren komentarioak: «Ona, ona!», dio. Arreseren ustez ere idazlearentzat mesedegarri da editore batekin baino gehiagorekin lan egitea, «esperientziagatik besterik ez bada ere».

«Editore bat gehiago arduratuko da hizkuntzaz, beste bat istorioaren ildoaz, beste bat egituraz…», dio Canok, berak «promiskuitate editoriala» deitzen duenak eman dion eskarmentuaren berri emateko. «Nik editore guztiekin ikasi dut zerbait. Azken batean, editore bakoitzak, idazle bakoitzak bezala, badauka bere gustuko estiloa, bere gustuko idazleen taldetxoa, eta hori ez da normalean zabaltzen, gotortzen baizik [Arresek lagundu dio hitz zehatza bilatzen, eta Cano ados dago hark proposatu dionarekin], eta, batzuetan, editore batekin harremana izan ondoren, beste editore batekin hitz egitean, bi gotortze horien alderaketa, kanpotik begiratuta, komikoa gertatzen da. Horrelakoetan, neure artean pentsatzen dut, ezer esan gabe, jakina: 'Zer ardura daukan honek kontu honekin!'. Horrek gauzak erlatibizatzen laguntzen du».

Autoedizioaren «linboa»

Editorerik gabeko argitalpena, aldiz, autoedizioa, ez da inondik ere ageri Canoren asmoetan. «Literaturaren mundua ezagutzen ez dutenek askotan esaten digute idazleoi zergatik ez dugun egiten dena guk, gero irabaziak ere osorik jasotzeko [gaur egun, onenean, jasotzen duten %10 edo %12 jaso beharrean]. Ni, horretan, oso eskola zaharrekoa naiz. Musikarekin ikusten dizkiot parekotasun asko kontuari. Musikaria estudio batean sartzen denean teknikari batekin, teknikariak musikariari eskatzen dion lehen gauza da hiru diskoren izenburuak emateko. Horrela, teknikariak badaki zertara hurbildu nahi duen musikariak, badaki nola produzitu behar duen diskoa. Kanpoko begirada hori oso lagungarria izaten dela uste dut, diskoaren ekoizpenean bezala liburuarenean ere».

«Gainera, liburuak ez dira bakarrik bizi», gehitu die Arresek Canok autoedizioaren desabantailei buruz garatu dituen argudioei. «Twist, esate baterako, euskal narratibaren eta nobelistikaren barruan bizi da; baina ez hori bakarrik, baita Susako narratiba saileko beste liburu batzuen aldamenean ere. Harkaitzi esaten diote berak argitaratzeko bere liburuak. Baina idazleak ere ez al du nahi bere liburua beste liburu batzuen ondoan ateratzea, bilduma baten barruan, nolabaiteko dialogo baten barruan, une horretako irakurle, kritikari eta hedabideekin, une horretako giro osoarekin? Bere liburua beste idazle batzuen liburuen aldamenean kokatu beharra ere sentitzen du idazleak».

Modu sintetikoan adierazi du Canok Arresek esandakoarekin ados dagoela: «Bere abantailak izan ditzakeela aitorturik ere, kontziente izan behar da autoedizioa linbo bat dela».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna