UDAKO SERIEA. Kantuan diren lekuak (I)

Lanbroak ezkutatzen duena

Estua da Joxan Artzeren poemek paisaiarekin duten lotura, eta horregatik ia lurra zapal dezake haren hitzak irakurtzen dituenak. Gure bazterrak eta gure hitzak lotzen dituzten sei artikulu sortako lehen alea da hau.
Lesakako Agiña mendiko muinoan dagoen Jorge Oteizaren eskultura eta Luis Vallet arkitektoak diseinatutako ermita; Joxan Artze poetaren <em>Gure bazterrak</em> poema sortu zen lekua.</em>
Lesakako Agiña mendiko muinoan dagoen Jorge Oteizaren eskultura eta Luis Vallet arkitektoak diseinatutako ermita; Joxan Artze poetaren Gure bazterrak poema sortu zen lekua. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Iñigo Astiz

2014ko abuztuak 26
Lurralde ezezagunetan dabil hemen dabilena: bere baitan. «Maite ditut/ maite/ geure bazterrak/ lanbroak/ izkutatzen dizkidanean/ zer izkutatzen duen/ ez didanean ikusten/ uzten/ orduan hasten bainaiz/ izkutukoa.../ nere barruan bizten diren/ bazter miresgarriak/ ikusten». Zehaztapen geografikorik txikienik ere ez da ageri Joxan Artzeren poeman, baina Euskal Herrian paisaiei buruz idatzitako poemarik ezagunenetariko bat izango da. Edozein leku izan daiteke, baina leku hau da: Lesakako Agiña mendia. Hemen bihurritu zuen idazle eta Ez Dok Amairu taldeko kideak iparrorratza bere baitarantz, eta hemen ikusi zuen ikusezina, duela 40 urte inguru. Uda da orain, eta laino arrastorik ez da inon ageri; halere, igar daiteke idazleak harrapatu nahi izan zuen lanbroa orain ere. Hitzak zapaltzen ditu hemen lurra zapaltzen duenak, melodia bat ere bai, eta baita pertsona bat ere: norbera. BERRIAk kantua duten lekuei buruz prestatutako artikulu sortako lehen alea da hau. Igandera bitarte beste sei paisaia aurkeztuko ditu, hainbat euskal poeta, bertsolari eta kantari ezagunen lanen bidez: Xabier Lizardiren Tolosa bihar; Martin Larralde eta Joseba Sarrionandiaren Hazparne etzi; Joxepa Antoni Aranberri Petriarena Xenpelar-en Errenteria ostiralean; Gabriel Arestiren Bilbo larunbatean; eta Hertzainaken Gasteiz igandean.

«Poema ez duk Agiñako parajeei buruz». Artzek berak egin zion zehaztapena Zuhaitz Gurrutxaga aurkezleari ETBko Tumatxak saioan. Izan ere, beste da hark hemen ikusitakoa. «Lagun batzuk Lesakan egon gintuan, ardo pixka bat edango genian, eta gero esan genian: 'Joango gaituk Agiñara, eta hango paisaiaz gozatuko diagu'. Eta joan gintuan kasko hartara, eta dena lanbroak hartuta zegoan. Dena. Ez zuan ezer ikusten. Eta orduan beste zerbait ikusi genian». Horra poemako lainoa. «Zerbait definitzekotan, esan nezake poetak esan ezina esan beharko lukeela, ikusezina erakutsi behar lukeela, hori dela bere ofizioa gizarte batean». Horra Artzeren hitzetan poetak egin behar lukeena, eta horra poetak testu horretan egiten duena. Begiez ikusten denaz bestelako paisaia bat deskribatu nahi du hark. Horregatik mintzo da poema leku honi buruz, eta, aldi berean, beste bati buruz. Aldi berean dago beste inon eta bertan.

Bare da giroa gaur. Trabarik gabe doaz hodeien itzalak baso gainean, guztiz arrotz ez den alfabeto ulertezin bateko letrak balira bezala. Eskura da eskuragaitza hemen. Ikusten ez denaz mintzo da ikusten den guztia, bai, behintzat, Artzeren poemaren ispiluan. Egun-pasa etorri diren familien agurrak, «aupa!», mendi soilguneetan ikusten diren bordak, ardien joare hotsa, pago artean isilik haziz doazen pagoak, txorien kantua, haizeak mugitzen dituen iratzeek estalitako historiaurreko hilobiak, ermitaren gerizpean atseden hartzen duten pottokak... Hau guztia da Artzeren lainoak ezkutatzen duena, baina, haren hitzetan, paseatzen denak, eguzkipean ere, ikusten ez dena igar dezake ikusten duen guztiaren atzean. Izan ere, badira leku bat alda dezaketen hitzak.

Zaharrean berri

Garai bat ere bada leku hau. Hemen daude Artzeren hitzak, hemen Oteizak Aita Donostiari eskainitako eskultura, hemen Ez Dok Amairuren doinuak, hemen Nestor Basterretxearen Pilotari filmeko irudien jatorria... Historiaurrea eta modernotasuna uztartu zuen belaunaldi oso baten oihartzuna igar daiteke muino honetan. Garai baten gainean dabil lur honetan dabilena. Diktadura sasoia da, eta arte zaharretik arte berri bat egin nahi dute artistek, kantagintza zaharrari adi kantagintza berri bat egin nahi dute kantariek; dena da antzinako eta dena da aldi berean berri. Hori da hemen zapaldu daitekeen mezua, eta hori da Artzeren poemek agertu nahi duten egia ere. Aldi berean abangoardiako eta antzinako. Txalapartaren erabilera modernoaren sustatzaile nagusietariko bat ere bada; gainera, idazlea, eta handia da hotsei aitortzen dien garrantzia. Koldo Izagirrek ematen du azalpena XX. mendeko poesia kaierak bilduman eskainitako alean. «Artzek berbak ontzi ere badirela erakusten digu, barruan sartuta arkitektura miresten ari garela poetak jo egiten du; orduan durundi batek kordokatzen gaitu, hitzaren sustraira garamatza, ia aro aurre-semantikora, hotsera, totelkatze primigeniora».

Agiñako unibertsitateaz mintzo da Xabier Lete. «Bizitzan batzuetan gauzak ez dira ikasten denbora askoan, hilabeteetan edo urteetan, modu jarraituan, irakurriaz edo; batzuetan gauzak ikasten dira supituki. Barruan zerbait daramazunean. Eta niri arratsalde hark askorako balio izan zidan». Ez Dok Amairuren lehen emanaldi ondorengo bazkalostea deskribatzen du kantariak Eriz Zapirainek zuzendutako Zai, zoi bele dokumental sortan; Oteiza eta Basterretxearekin batera Irunen zuen etxean egindako otordua eta haren osteko mendi txangoa Agiñan. Han entzun zituzten Orioko eskultorearen azalpenak. Aita Donostiaren omenez egindako pieza azaldu zien artistak. Pieza hura bazela cromlech bertikal bat, bazela eguzki irudi bat, eta bazela beste zerbait ere. Beste zerbait handia. Artistaren hizkera imitatuz ematen du azalpena musikariak dokumentalean. «Eta ostia sagaratu bat ere izan daiteke [eskultura]. Bizitzan sentimenduzko, pentsamenduzko eta ekintzazko bi espazio metafisiko daude: erlijioarena da bata, sinesten dutenentzat, eta beste espazioa artearena da. Salbazio espazio bat da gizakiarentzat». Leteren ahotsez gero Leteren aitorpena: «Asko ikasi nuen arratsalde hartan». Agiñan, alegia. Hemen, beraz.

LanalanalanaGIZONAlana

Luzea da bertan igar daitekeen soka. Gune hau hautatu zuten Laboaren errautsak hedatzeko ere, eta ez zen kasualitatez izan. Cromlechez beteta daude soilguneak; hor da Luis Vallet arkitektoak diseinatutako ermita, eta hildako mendizaleen omenez landatutako zuhaixkak ikus daitezke haren atzealdean. Hilarri izkribu bat ere bai, 2003an hildako mendizalearen omenez: «Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak». Hitzen gainean dabil oinez lurrotan dabilena. Baina dena ez da transzendentzia. Giza izerdiaz ere mintzo dira Artzeren poemak, eta igar daiteke izerdi hori ere Agiñan. Oteizaren eskulturaz harago, beste mairu baratze baten ostean, enbor sorta bat dago pilatuta bide bazterrean, denak moztuta, adar arrastorik gabekoak guztiak, bata bestearen neurri berekoa. Milaka enbor. Eta 1970etik dator orain oihartzuna: Artzek Ez Dok Amairukoekin prestatutako Baga, biga, higa ikuskizunetik zehazki. Mantra moduko batean entzuten dira orduko grabazioetan taldeko gizonak, eta Lurdes Iriondoren ahots zorrotza tarteka kontrapuntuan. Eta Artzeren poema horri egiten diote ttakun bide bazterreko milaka enbor horiek. «LanalanalanalanalanalanalanalanalanalanalanalanalanalanalanalanalanalanalanalanalanalanalanalanalanalanalanaGIZONAnalanalanalanalanalanalanalanalanalana».

«Ederra da parajea, bai». Lekarozko bere etxeko leihotik begira dago Nekane orain, herriko plazako lehen eraikinetariko batean. Artzek eta Jose Angel Irigaraik 1970eko uztailaren 20ko goizean zabaldu zuten leiho beretik, alegia. «Elizondoko saihesbidea egiten ari zirenean beldur ginen autoen zarata etxeraino helduko ote zen, baina ez da deus aditzen». Isiltasun honetatik ikusten dena ikusi zuen idazleak. Leiho honetan sortu zen Baztan poema. Hemen egin zuten bat lekuak eta pertsonak. «Ez dakit garbi noiz/ bainan egunsentiarekin/ izango zen/ Baztango bazterrak/ isilka/ nere logelan hasi ziren/ sartzen eta sortzen./ Lekurik ezak nonbait/ esnatu ninduen/ segituan jausi nintzen/ non nengoen/ leihoa ireki nuen/ eta emeki-emeki/ Baztango lurrean/ Baztan baitan/ Baztan izan nintzen».

Ez zegoen etxean egun hartan, baina zehatz gogoratzen du data Nekanek: 1970eko uztailaren 20ko goiza izan zen, ziur. Senarra eta bera egun haietan ezkondu zirelako daki. Baztandarren Biltzarrean izan zuten saioa aurreko egunean Ez dok Amairu taldekoek, eta, Nekaneren familiakoak lagun zituztenez, etxera joan zitzaizkien lotara Artze eta Irigarai. Esperientzia mistiko bat balitz bezala kontatzen du ordukoa usurbildarrak Zai, zoi bele dokumentalean. Leihoa zabaltzean beste zerbait zabaldu balitzaio bezala. «Baztan olerkia hor etorri zitzaidaan, hor. Etxe horretan esnatuta goizez. Klaro, gauez iritsi gintuan, eta goizez, leihoak ireki, eta Baztan ikustea izan zuan ikaragarria». Orduan ikusitakoa ikusten da orain; edo gutxi gorabehera. Han jarraitzen du Abartan mendiak, Mendaurrek, Auzak, Zirolak, Saioak... Saihesbidea egiteko lanen ondorioz, ordea, soil dira orain lehen baso gune izandako batzuk. Eta zuhaitzak desagertzean agertu da heriotza paraje ederraren erdian, Gartzaingo hilerria ere ikusten baita orain leihotik.

Baztango matrioxka

Baina ez da soilik leihoa; paisaiaz betea dute etxea ere. Osaba zuen Jabier Ziga margolaria Nekanek, eta haren margolanek apaintzen dituzte orain etxeko hormak. Zintzilik Baztango mendiak, eskegita Baztango zubiak, paretan geldi Baztango ibaiak. Baztan irudikatzen duten irudiak Baztan baitan. Matrioxka jolas moduko bat, nor noren barruan dagoen argi ez balego bezala. Eta hori deskribatzen du poemak ere.

«Zu nor zaitugu?». Bizi gogoratzen du Artzek 1970ean Lekarozko etxekoandreak egin zion galdera. Sartu zen sukaldera jatekorik izango ote zuten galdetzera, eta han «irribarre gozoko amona». Nekaneren ama, alegia. Idazlea begi biziz azalpenetan. «Ez zakiat arrosarioa errezatzen edo babarrunak aletzen ari zuan. Begiak altxatu, eta esan zian: 'Eta zu nor zaitugu?'. Ah! Nor-zai-tu-gu... Geratu ginen... 'Nor zara zu' esango genian guk, baina ez. Nor-zai-tu-gu! Ze ederra! Hori duk harrera!». Bertako sentitu zen poeta etxe honetan, etxeko Baztango herri honetan. Eta baita Baztan ere, Baztango leiho honetan. Poeman dator: «Emeki-emeki/ Baztango lurrean/ Baztan baitan/ Baztan izan nintzen».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna