Herritarren %40, albisteak saihesten

2019tik, bederatzi puntu handitu da albisteak jasotzeari uko egiten diotenen kopurua, Reuters Institutuaren ikerketa baten arabera

Kubako herritar batzuk, sakelakoarekin eta egunkariekin. YANDER ZAMORA / EFE.
jakes goikoetxea
2022ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Informazioaren garaiak desinformazioarena ere eragin du. Informazioaren garaian, badira informatzeari edo komunikabideak erabiltzeari uko egiten dioten herritarrak. Hamar herritarretik ia lauk (%38) nahita albisteak saihesten dituzte batzuetan edo sarritan. Kopurua handitzen ari da, %29 baitziren 2017an. Munduko herrialdeen artean, nabarmentzekoak dira Brasil eta Erresuma Batua. Informatzea saihesten dutenen kopurua bikoiztu egin da bost urtean: %54 dira Brasilen, eta %46 Erresuma Batuan.

Kazetaritzaren Ikerketarako Reuters Institutuak eta Oxfordeko Unibertsitateak eman dituzte datuak, 2022. urteari buruzko txostenean. Inkesten bidez eskuratzen dituzte datuak: munduko 46 herrialdetako 93.000 herritarri galdetu diete komunikabideak erabiltzeko —«kontsumitzeko»— dituzten ohiturez.

Eta zergatik saihesten dituzte herritarrek albisteak? Erantzunen arabera, politikari eta COVID-19ari buruzko informazio gehiegi dagoelako (%49); haien aldartean eragin negatiboa dutelako (%36); albisteen kopuruak nekatu egiten dituelako (%29); albisteez ez direlako fio (%29); albiste horiek eragindako eztabaidak saihestu nahi dituztelako (%17); eta informazio hori erabilgarria ez delako (%16). Albisteak aldarte txarrean ez egoteko saihesten dituztenen proportzio handienak Erresuma Batuan (%55) etaAEBetan daude (%49).

Inkesta egiten dietenei galdetu diete ea komunikabideren bat erabili duten azken astean.AEBetan eta Japonian erantzun zutenen %15ek ez zuten bakar bat ere erabili. Erresuma Batuan, %9 dira, eta Frantzian, %8. Herrialde gehienetan kopuruak %10etik beherakoak dira, baina urtez urte hazten ari dira.

Badira albisteei buruzko interes handia edo izugarria duten herritarrak. Baina horiek ere gero eta gutxiago dira, Reutersen eta Oxfordeko Unibertsitatearen ikerketaren arabera. Jaitsiera nabarmena izan da azkeneko zazpi urteetan, COVID-19aren pandemia luzatu ahala bereziki: Espainian, %85etik %55era; Argentinan, %77tik %48ra; eta Brasilen, %82tik %57ra, esaterako.

Albiste faltsuen garaian, albisteetan konfiantza txikitu egin da herrialdeen erdietan, eta zazpitan soilik igo da. Konfiantza hori Finlandian da altuena (%69);AEBetan, apalena (%26). COVID-19 pandemiak goia jo zuenean, albisteetan konfiantza ere handitu egin zen herritarren artean. Ordutik, konfiantza jaitsi egin da aztertutako 46 herrialdeetatik 21etan.

Gero eta gutxiago irakurtzen dira egunkariak, gero eta gutxiago ikusten dira telebistak. Sare sozialen eta webguneen bidez, aldiz, gero eta gehiago informatzen da. Hala ere, ikerketaren arabera, batzuen igoerak ez du besteen jaitsiera berdintzen. Albisteen inguruko interesa %63tik %51ra jaitsi da 2017tik 2022ra.

Ikerketaren egileek uste dute komunikabideen harpidetza digitalen hazkundea geratzen ari dela: «Industriarentzat kritikoa da gazteei sinetsaraztea ordaindu egin behar dutela. Albiste digitalen harpidedunen batez besteko adina 50 urtekoa da».

Facebook nagusi

Facebook da gehien erabiltzen den sare soziala, bai informatzeko, bai beste helburu batzuetarako. Hala ere, inkesta erantzun dutenetako askok esan dute ez dutele propio jotzen Facebookera informazio bila, baizik eta sare sozial horretan egiten dutela topo albisteekin.

Facebook da nagusi, baina ez gazteenen artean. Tik Tok da gehien hazi den sare soziala: 18 eta 24 urte artekoen %40k erabiltzen dute. Tik Token erabiltzaileen %15ek albisteak jakiteko baliatzen dute. Tik Token erabilera handiagoa da Latinoamerikan, Asian eta Afrikan, AEBetan eta Europa iparraldean baino. Instagram, Tik Tok eta Telegram dira azken urtean aurrekoan baino gehiago erabili diren sare sozial bakarrak.

Herritarrei galdetu diete goizean zein den informatzeko erabiltzen duten lehen gailua. Sakelakoa da nagusi herrialde gehienetan. Frantzian eta Japonian ez, telebista ohikoagoa da telefonoa baino. Gehienak goizean sakelakoaren bidez informatzen dira, baina nora jotzen dute informazio bila? Gehienek sare sozialetara (%39), aplikazioetara eta webguneetara baino gehiago (%31).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.