UDAKO SERIEA. Kantuan diren lekuak (IV)

Emakume zen Xenpelar

Badaude hitz egiten duten lekuak, eta badaude ibil daitezkeen hitzak. Bestelako bertsogintza bat eta bestelako Errenteria bat pasea dezake, adibidez, Joxepa Antoni Aranberri Petriarena 'Xenpelar' bertsolariaren doinuetan dabilenak.
Errenterian, Frantzisko Petriarena <em>Xenpelar</em> bertsolari eta Joxepa Antoni Aranberri Petriarena <em>Xenpelar</em> bertsolariaren osabari eskainitako plaza eta eskultura.</em> </em>
Errenterian, Frantzisko Petriarena Xenpelar bertsolari eta Joxepa Antoni Aranberri Petriarena Xenpelar bertsolariaren osabari eskainitako plaza eta eskultura. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Iñigo Astiz -

2014ko abuztuak 29
Jeneralian erretratuan / ikusten da familiya, / jostundegi edo lantegietan / berriz jende gazteriya; / alde ortatik ez naiz ibilli, / esango diet egiya: / pentsatu nuen neskazar bati / egitia konpañiya». Errenteriako jostundegiko neskekin erretratatu zuen bere burua Joxepa Antoni Aranberri Petriarena Xenpelar bertsolariak (1865-1943), eta bertsoa ere jarri zion irudiari. Ibiltzeko zail diren lurrak dira haren kantuak ikusten uzten dizkigunak. Gutxitan bisitatu ahal izan den koba batean ezker-eskuin hazten diren estalaktita eta estalagmitak balira bezala. Hitzez hitz, tantaz tanta. Plazako bertsogintzaren gerizpean egon den bertsogintza erakusten dute; emakumezkoena. Frantzisko Petriarena Rekondo Xenpelar bertsolari (1835-1869) ezagunaren iloba, harekin bertsotan aritzen zen Maria Luisa Petriarena Rekondoren alaba, fabrikako langile, jostundegiko bilkuretako bertsolari... Xenpelar izan zen Joxepa Antoni Aranberri ere, baina Xenpelarren sonarik gabe. «Nere denboran izandu diyot / afiziyua kantari, / iñon bertsorik azaltzen bazen / eosi ta irakurri; / umore ona lagun artean, / ori gustatu zait neri». Gerizpeko mundu horretan ibil daiteke Errenterian Xenpelarren bertsoak ezpainetaratzen dituena. Badaudelako hitz egiten duten lekuak, eta ibil daitezkeen hitzak.

Emakume zen Xenpelar da Joxepa Antoni Aranberri, eta besteren itzalean jarri ditu luzez oinak horregatik. «Xenpelar, izan ere, bertsolaritzaren zimendu eta giltzarria degu. Arek idikitako bideetatik ibili dira geroztikako bertsolari geienak». Antonio Zabala ikerlariaren hitzak dira, Xenpelar eta bere ingurua liburuan datozenak (Sendoa, 1993). Frantzisko Petriarena Rekondoz ari da bera Xenpelar aipatzen duenean, baina ari zitekeen Joxepa Antoni Aranberriz ere. Xenpelarrez, alegia, Xenpelarrez aritu beharrean. Osabaren modura, urratzaile izan baitzen iloba ere. Horregatik eskaini zion Estitxu Eizagirre kazetariak emakumezko bertsolariei eskainitako Bidea urratu duten bertsoak liburuko bigarren biografia, adibidez. «Bilduman agertzen diren bertsolariek bazituzten bertso hobeak ere, lehendik asko zapaldutako bideetan boteak. Urratzaileen bila atereak gu, ordea». Eta horregatik Aranberriren aipamena bertan; urratzaile izan zelako. Bidegile Xenpelar, beraz, eta bidegile Xenpelar ere. Eta neurri batean, Errenteria ezberdina da bakoitzaren hitzen atzean igar daitekeena.

Plazako Xenpelar

«Atoz gure kalera / baserritar legera / musika hoiek utzita; / Errenterian bizi naiz eta, / egin zaidazu bisita». Errima horrekin bukatzen da Xenpelar osabaren bertsorik ezagunenetariko bat, eta, hura hil eta 145 urtera, oraindik ere bizirik da doinua Errenterian. Plaza giroko bertsogintza deskribatzen du, eta orain ere badago herriko plazan haren oihartzuna bisitatzerik. Hiri erdialdean dago Xenpelar izeneko plaza, eta eskultura bat ere jarri diote gainera. Metal gorriko zuhaitz bat. Haren gerizpean, kale saltzaile batzuk eta neska talde bat hizketan.

Bi xenpelartarretan zaharrenari eskainitakoa da eskultura eta baita plaza ere: gizonezkoari. Izan ere, Xenpelarren osteko Xenpelar baita oraindik ere Aranberri. Xenpelarren itzaleko Xenpelar.

Kapitulu betea eskaini zion, halere, Zabalak Aranberriri Xenpelar eta bere ingurua liburuan. Herriko etxeetako bazterretako orri puska guztietan bilatu zituen haren bertsoak ikerlariak, eta liburuan bildu zituen denak. Zabalaren hitzetan, gainera, Xenpelar osabaren lanak ezagutu ahal izateko klabea izan zen Xenpelar iloba. Izan ere, Joxepa Antoniri esker dira oraindik ezagun Frantziskoren kanta batzuk; ilobak jostundegian abestu, eta kide zituen emakumeek ere ikasi zituztelako. Hari zor zaio, adibidez, Aizak hi mutil, mainontzi eta Pasaiako plazatik bertsoen iraupena. Kapitulu da, halere, Aranberri, Zabalaren liburuan.

Gehiago ere merezi zuen, ordea. Hori dio Elixabete Perez Gaztelu Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlariak: «Inoren ez-dakit-zer izan gabe, bere lekuaren jabe da». Horregatik idatzi du orain hari buruzko liburua, eta sarean jarri du osorik: www.errenteria.info/files/Joxepa_Antoni_Aranberri.pdf. «Zabalak Joxepa Antoni Aranberri Petriarenari kapitulu bat eskaini zion Xenpelarri buruzko liburuan, haren iloba zenez, eta nire helburua izan da hura adar izatetik bere lekua izatera eramatea».

Izenaren geografia

Xenpelar. Geografia zehatza du izenak. Errenteriaren eta Oiartzunen mugan dago Senperelarre izeneko gunea. Han eraiki zuten etxea petriarenatarrek 1820an, eta handik hartu zuen izena Frantzisko Petriarena Rekondok. Hortxe Xenpelar osabaren sustraiak. Baina bestelakoa da ilobaren kasua, emakumezkoarena. Bazuen Xenpelar baserrikoen odola, eta handik hartu zuen berak ere ezizena. «Adios Juliana/ adios betiko, / Xenpelarrek etzaitu / geiago ikusiko; / bañan zu aztutzia / ori ez du naiko, / amak eskutitztxo bat / dizu bialiko: / Xenpelar il dela ta / enkomendatzeko». Inoiz ez zuen harreman zuzenik izan, halere, baserri harekin. Kalean sortua, kalean hazia, eta kaleaz aritua; industrializaziorako jauzian den Errenteria ageri da haren kantuetan.

12 urterekin hasi zen fabrikan, eta estua zen bizimodua, Perez Gazteluren liburuan biltzen denez. Agustin Mendizabalek La pequeña Manchester liburuko hitzaurrean bildutako datuak aipatzen ditu ikerlariak giroa deskribatzeko: «Ehuleen artean, 1864an jaiotakoen bizi itxaropena 23 urtekoa zen eta nekazariena berriz, 44'3 urtekoa [...] Umeen heriotza tasa ikaragarria zen, eta tuberkulosia zen hiri barnean heriotza kausarik ohikoena; emakumeak, bestalde, gizonezkoak baino are gazteago hiltzen ziren, bataz beste. Osasun eta bizi baldintzak, goi-maila sozialekoak ez zirenentzat oso gogorrak ziren». Eta ehulea izan Xenpelar. Ehulea, eta emakumea. Bere bizitzako azken 20 urteak itsu eman, eta 1949an hil zen.

Gosearen doinua

Gosearen bertsoak. Hala izendatu ditu Eizagirre kazetariak Xenpelarrek 1942-1943ko gosete garaian idatzitakoak. Fabrikako bertsolaria da hor ageri dena. «Gure lantegi handi horretan / pasea urte gehiena, / Migel Mari da, horixe dugu / denetan zaharren-zaharrena; / bigarren, berriz izenik gabe / denek ondo dakitena». Lau bertso dira, orotara, fabrikako nagusiari zuzendutakoak guztiak; goseak piztutakoak denak. Bagues jaunak langileen artean banatu ohi zituen Markola mendiko lurretan ereiten zituen patatak, baina banaketan bertsolaria ahaztu, eta horregatik idatzi zituen bertsoak Xenpelarrek; eskearen eta salaketaren arteko oreka zailean. «Hirurogei bat urte aldean, / oso ez badira ere, / gure lantegi handi horretan / lana eginak gerade, / uste dudanez bi gizonekin / bost bat emakume gaude; / Bagues jauna, ez haserretu / bertsoak gaizki badaude».

Gosea ahoratzen du bertso horiek ezpainetaratzen dituenak. Eizagirrek: «Bertsoa oso lotuta dago jendartearekin. Garaian-garaian bertsoa egunerokoaren kronika izan da». Eta hori da Xenpelarren hitzek erakusten duten egunerokoa. Baina, hain zuzen ere, gizonen bertso egunerokoaz bestelako eguneroko bat erakusten digu Xenpelar honek. Beste Xenpelarrenaz bestelako paisaiak dira Xenpelar honen hitzekin pasea daitezkeenak. Jostundegiko giroa, adibidez. Han aritzen baitziren ikastera joaten ziren neska gazteak, irakaslearekin hizketan eta kantuan, Xenpelarren, Txirritaren, zabaletatarren eta beste hamaika bertsolariren bertsoak abesten. Eta hantxe egoten baitzen Joxepa Antoni Xenpelar ere. Santxoenea kaleko 25.ean. Egun Xenpelar deitzen den plazaren atzealdean. Hortxe, emakumezkoen plaza. Hemen.

Emakumezko Xenpelar haren arrasto handirik ez da ageri egun: oihartzun ahul bat. Orain hamar urte inguru berrituta dago hiru solairuko eraikina, harribitxi denda bat etxabean, botika denda handi bat, eta oharra atarian: «Ez dugu propagandarik nahi». Berriegi dena Xenpelarren bertsoen oihartzuna mantentzeko. Baina kale bereko 23.ak oraindik gordetzen du zurezko terraza zahar bat. Bertan, etxabeko okindegian 60 urte inguruko bost emakume croissantak eta kafeak hartzen, hizketan, gutxi gorabehera Joxepa Antonik ezagututako leku berean, gutxi gorabehera giro alai bertsuan, baina Santxoenean jostundegirik izan zelako arrastorik izan gabe. Izpi txiki bat baino ez: «Maniki batzuk izaten omen ziren erakusleihoan, amantal batzuekin». Desagertutako zerbait da Xenpelarren bertsoetan igartzen dena hemen.

Aurrekoaren ondorengo

«Progatu dezu bertso abekin aurrekoan ondorengoa zerala». Sekulakoak eta bi bota zituen ezkontzen ez ziren nesken aurka Enrike Elizetxe bertsolariak. 1902an Ibaizabal aldizkarian datoz haren bertsoak. Etsita deskribatu zituen, aurpegi zimur, mingain luze, begi zorrotz, hezurrak gogor, zital, marmarrean, beti elizan eta errietan... Errenteriako emakumeei hori batere gustatu ez, eta konbentzitu egin zuten Xenpelar: erantzun egin behar zituen bertso haiek. Hark onartu, eta eskutitzez helarazi zion erantzuna Elizetxeri. Hark irakurri, eta Ibaizabal aldizkarira bidali zituen gero. Xenpelarren lanik ezagunenetariko bat da egun, eta buelta horiekin egin zuen Xenpelarrek etxe girotik plazarako jauzia ere. «Neskazaharraren izenak denak / dituela ikaratzen, / horien jabe egin ezkero/ egongo dela erretzen, / zerbait dutenak izanagatik / ez hasteko hoiek hartzen... / guretzat beste disparaterik / ez al zaizu gogoratzen?». Eta bertso horien osteko komentarioan utzi zuen idatzita Elizetxek esaldia aldizkarian: «Progatu dezu bertso abekin aurrekoan ondorengoa zerala». Xenpelar bazela Xenpelar, alegia.

Aldizkarietan argitaratutakoez gain, zimendu handirik gabea da halere Xenpelarren bertso gehienei eutsi dien soka. Perez Gazteluk azaltzen du: «Nahiz eskribau lana Antonio Zavala gizasemeak egin, Joxepa Antoni bertsolariaren berri dakigu batez ere emakumeek gorde dutelako gogoan. Estimatzekoa da eta, seguruenik, gutxiegitan aitortua, emakumeek transmisioan (etxekoan batez ere) bete izan duten lekua». Ia leku izatera heltzen ez den leku hori da Xenpelarren bertsoetan igartzen dena. Ahoz ahoko haize hori. Ahoz ahoko haize hau.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna