Itxaso Gonzalez. Aktorea eta sukaldaria

«Sukaldaritza aitzakia bat da, baina saioa oso dinamikoa da»

Zigor Iturrietarekin batera, ETB1eko 'Karabana' saioa aurkezten ari da Gonzalez uda honetan. Herriz herri dabiltza, eta toki guztietan harrera beroa izaten ari direla nabarmendu du.

urtzi urkizu
2019ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
ETB2ko Esto no es serio ¿o sí? esketxen saioan parte hartu zuen bi urtez Itxaso Gonzalezek (Bilbo, 1977). Sapos y culebras filmean (2014) ere aritu zuen. Madrilen bederatzi urtez aktore lanetan aritu eta gero, 2017an Euskal Herrira itzuli zen.

Zer moduz joan zaizkizue lehen asteak Karabana saioan?

Oso ondo. Oso gustura ibili gara, eta polita izan da jendearen aldetik jaso dugun erantzuna. Benetan harrera beroa jasotzen ari gara; herritarrek gero eta gehiago ikusten dute saioa, eta hori gero nabaritu egiten da herrietan. Publiko gehiago gerturatzen da grabazioetara, gero eta dei gehiago jasotzen ditugu.

Elkarrizketak egiten eroso sentitzen duzu zeure burua kameraren aurrean?

Niretzat, esperientzia berria izan da, orain arte kameraren aurrean soilik fikzioa egin dudalako. Gidoi ikasiak izan ditut beti, ongi prestatuak. Elkarrizketetan bat-batekotasun handiagoa dago, zerbait bizia da.

Zigor Iturrietarekin erraz doaz grabaketak?

Bai, erraza da harekin lan egitea. Iturrietak duen esperientzia nabaritu egiten da, eta horrek ziurtasuna ematen du programa aurrera ateratzeko momentuan. Bestalde, egunetik egunera gu erosoago gaude.

Sukaldaritza saio asko daude. Zein da Karabana-ren berezitasunik nabarmenena?

Batetik, sukaldea kalean ikusten da. Bi egunean behin, herria eta tokia aldatzen dugu: oholtza desberdin bat ikusten da, eta horrek freskotasuna ematen dio saioari. Sukaldaritza programaren aitzakia da, baina, aldi berean, oso dinamikoa da. Nahiz eta leku txikia izan, joko asko ematen digu grabazioetarako tokiak.

Zer saiatzen zarete erakusten herri bakoitzetik?

Erakutsia izan nahi dena ateratzen dugu. Zerbait kontatzeko duten pertsonak bilatzen ditugu; izan daiteke dantzari ezagun bat edo ortua modu berezi batean lantzen duen herritar anonimo bat. Biak dira protagonistak.

Karabana uda gehiagotan errepikatzeko moduko formula da?

Nik neuk errepikatuko nuke, zalantzarik gabe. Lantalde osoa zoragarria da, giro ederra dugu. Herri asko geldituko lirateke, uda gehiagotan aritzeko.

Eta, udazkenean, nolako saioa egingo zenuke?

Sukaldaritzan burua sartu dut azkeneko urteetan, eta, hemendik aurrera, nire bizitzako parte garrantzitsua izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.