Gorka Otaegi. Kazetaria

«Saiatzen gara beste era bateko gaiak jorratzen»

Euskadi Irratiko 'Faktoria' saiokoek udako giro alaia eta atsegina transmititzen dute irratiko uhinen bidez. Udan, saioak kolaboratzaile berriak ditu; Gorka Otaegi da aurkezlea.

JON URBE / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2020ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Irrati «fresko eta naturala» egiten saiatzen dira Euskadi Irratiko Faktoria saioan, Gorka Otaegi (Tolosa, Gipuzkoa, 1988) esatari nagusiaren arabera. Udako saioa aurkezten du tolosarrak, eta «balorazio ona» egin du orain artekoaz.

Zerk bereizten du udako Faktoria ikasturteko programatik?

Udak beti ematen du aukera festa giro gehiago eta tonu alaiago bat edukitzeko; kolaboratzaile berriak ere izaten ditugu, beste estilo batekoak.

Uda berezi honetan ahalegindu gara festa giro horri apur bat eusten: nik uste dut jendeak behar duela poztasun pixka bat eta tonu atsegin bat irratian ere konpainia ederra egiteko.

Nola islatzen duzue udako giroa Faktoria-n?

Aurten, udako jaiak ez dira bere horretan egingo: sinbolikoki edo digitalki ari dira ospatzen, eta horiei buruz hitz egiten dugu. Aurten Euskal Herrian beharbada jaiak ez dira ospatuko normalean ospatzen ziren bezala, baina jai giroa izango dugu irratian.

Audioturismoa izeneko atal bat ere badaukagu: turismoa aurten askoz gutxiago egiteko aukera dugu, eta asteazkenetan irrati bidezko bidaia sentsorialak egiten ditugu, entzuleabeste leku eta giro batzuetara garraiatzeko.

Pintxo-potea egiteko tartea ere hartzen duzue.

Ostegunero zabaltzen dugu Faktoria-ko taberna, gonbidatu famatu batekin. Elkarrizketa egiten diogu nahiko giro informalean.

Uda hau nahiko berezia da. Nola eragin dio saioko eskaletari?

Gaurkotasuna bada gure saioaren gakoetako bat, eta koronabirusaren gaiak baldintzatu du gure eskaleta. Hala ere, saiatzen ari gara beste era bateko gaiak jorratzen: ez dadila gai bakarrekoa izan.

Horregatik, adibidez, kultura ere indartu dugu. Astelehenetan egiten dugu kontsultategi kultural berezi bat, Angel Erro idazlearekin. Entzuleek bidaltzen dizkiote beraien kezkak, eta idazleak proposamen kulturalak egiten dizkie horiei aurre egiteko: botika kulturalak proposatzen dizkie entzuleei.

Zergatik entzun beharko luke jendeak Faktoria, udan ere?

Saiatzen garelako entzuleei konpainia ona egiten, tonu atseginean irrati koral bat egiten, eta irrati freskoa eta naturala egiten. Eta edukiengatik: modu nahiko entretenigarri batean saiatzen garelako eduki interesgarriak jorratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.