UDAKO SERIEA. Kantuan diren lekuak (V)

Okerbideak ez baitaki mintzaerarik

Badaude hitz egiten duten lekuak, eta badaude ibil daitezkeen hitzak. Egungo Bilbo ulertzeko balio du horregatik Gabriel Arestik deskribatutako Bilbok. Mingarri eta gatazkan ageri dira kaleak haren hitzetan.

Inigo Astiz
Bilbo
2014ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Bilboko zimaurtegian/ lore bat/ aurkitu nuen». Horra aurrera jarraitu ahal izateko edertasun dosi minimoa. Salbuespena da lorea, baina horri heldu behar, bestela, etsigarria izan baitzen Gabriel Aresti Segurolak (1933-1975) egindako saiakera. Profetikoa. Bilboren aurka eraiki nahi izan zuen Bilbo. Mingarri zitzaion sorterri zuena; erdalegi euskal hiri nahi lukeena, eskuinegi euskal giroa eta erdalegi ezker mundua. Baina Francoren diktadura peko lur labainkor horretan igarri zuen bere mandatua, eta lur horri eskaini zizkion bere poema ederrenetariko batzuk. «Zergatik metitu ote naiz/ halako enplego txar batean?/ Zergatik sartu ote nituen/ sudurrak/ hain kirats txarreko/ zer-egin honetan?/ Baina zergatik?/ Eznintzen ni ederki bizi/ Bilboko hirian,/ gaztelaniaz/ hispanidadean? Baina ez». Talka horretan ditu sustraiak haren idazkerak, eta Harri eta herri liburua argitaratu zenetik 50 urte bete diren honetan, oraindik ere pasea daiteke hiria haren hitzetan. Badaudelako hitz egiten duten lekuak eta ibil daitezkeen hitzak.

«Hau da Bilbo esan zuen gizonak./ Kapela zuria zeraman gizonak, eta/ Hau da Bilbo esan zuen. Hau da/ Pinturaren Museoa, esan zenuten./ Peut-être, esan nuen, eztakit./ Eznenkien. Ta zer? Eznaiz lotsatzen./ Zergatik burjesa egonen da/ museo honetan izenez, laudorioz,/ (Halako konteak eman zuen pintura hau),/ pilotuaren eta marineruaren/ izenak/ hilobi baten gainean eztaudenean?». Arte Ederren museoan sartzen da Aresti liburuko bigarren poeman. Eta hor marrazten du talka. Zapalkuntza igartzen du poetak, baita lore artean ere. Hitz horiekin hasten da Souvenir d'Espagne pour mesdemoiselles Solanje et Helena Gereziaga poema. Eta nabarmena da haren oihartzuna oraindik ere hirian. Jar daiteke urratsa Arestiren ahotsaren gainean. Oraindik ere hori baita Bilbo, finean, kanpotik heldutakoentzat, museo bat. Bi museo. Arte Ederrena bata, eta Guggenheim bestea, Arte Ederren museoari itzal egiten diona. Eta turistak orain ere bietan souvenir eske. Euro batean postalak, 20 euroan poltsak, garestiago harribitxiak. 35 graduko tenperatura kalean.

Bizitoki den salaketa

«Guri orain Bilbo bizigarri egiten bazaigu eta ez gorrotagarri, neurri handi batean Arestiri esker da». Karmelo Landaren hitzak dira, 2005ean Patxo Telleriak zuzendutako idazleari buruzko Diot dokumentalean esandakoak. Literatura irakasle da Landa, eta baita Arestiren lanean aditu ere. Hura izan zen Susa argitaletxeak idazlearen lanekin osatutako bilduma bultzatu, eta orain urte batzuk Bilbon Arestiri eskainitako ibilbide gidatua osatzen lagundu zuen pertsonetariko bat. Argi dio: balio du oraindik ere Arestik amestutako Bilbok egungo Bilborentzat. Eraiki daiteke hiria haren hitzekin, eta bizigarri da haren salaketa. 1968ko hitzaldi batean hitzez hitz esandakoa, adibidez: «Bilbo ez da inoiz ona izan artistentzat, bai ordea politikari eta ekonomistentzat».

Eta berriz poemara: «Zer da hori? Seinalatu zenuten leihotik./ Deustuko Eskola. Jesuitena./ Ez, hangoa. Egurrezko etxe haek./ Ijitoak, esan nuen lotsaturik./ Hurrutian entzuten zen trumoia./ Grekoa. Goia.» Desagertuak dira Arestik deskribatzen dituenak. Txabolarik ez jadanik Deustuko Unibertsitate gainean; basoa, jauregi bakar batzuk, eta eroritako baserri bat baino ez. Industriatik turismora irauli dira Arestik ezagututako kaleak, eta Frank Gehry arkitektoak eraikitako museoa dago egun, idazleak langilez eta itsasontziz beteta ikusitako portua zegoen lekuan. Europa parkea izenekoa orain museo aurrean, kristalezko Iberdrola dorre erraldoia, eta haren kristalak garbitzen garabitik zintzilik garbitzaile ñimiñoa. Baina bada orduko Bilborik egungo Bilbon ere. Arestiren hitzek mantentzen dute bizirik haren oroitzapena. Museoko hormetan igar daitekeelako oraindik ere Arestiren haserrea. Bertan eskegita Grekoa. Bertan eskegita Goia. Bertan, Arestiren trumoia.

Kristo gurutziltzatu erromanikoak, pietateak, giza eskultura klasikoak, zeta finez apaindutako neska eder bat bahitzen duen zezen zuria... Aretoetako isiltasunean igar daiteke oraindik poeman deskribatutako ezinegona. Orduko bezain oraingo da hor Aresti. Nabarmen, koadroen alboko azalpenetan. «San Nikolaseko Maisua. Olioa intxaurrondo oholean, Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe anderearen dohaintza 1943an». «Martin de Vos. Anberes, Belgika, 1532-1603. Europaren bahiketa, 1590. Horacio Echevarrietaren dohaintza». «Pedro Orrente, Issaken sakrifizioa, 1616. Luis Castells Toha jaunaren dohaintza». «Nicolas Solana. Igokundea, 1401-1441 artean. Laureano de Jado jaunaren legatua, 1927an. Zaharberritzea 'Iberdrola Fundazioa'-ko laguntzari esker». Turisten poza aurrerago, Aureliano de Bernate artistaren paisaiaren aurrean. «C'est Basque!». Eta lagunak ere baietz, sortzailearen abizena begitan. «Oui, oui, c'est Basque». Horrekin guztiarekin apurtu nahi zuen Arestik, eta hori da apurtzea lortu ez zuena.

Bertan den erbestea

Barne erbestean deskribatzen du idazlea bere sorterrian Koldo Izagirrek, irla baten modura, Harri eta herri liburuari egindako hitzaurrean. Bilbo barruan, eta, aldi berean, Bilbotik kanpo. «Lurralderik gabe idazten du Arestik ere, idazlea bera da uharte, eta bere herriaren maitasunez egiten ari den ahalegin gaitzak barne-erbestea dakarkio, 'beste' hizkuntza bat hautatu du, 'beste' gizarte bat amesten du». Eskuin zen euskal giroa ezker bihurtu nahian, ezker mundua euskal bilakatu nahian, eta erdal zen hiria euskal egin nahian. Azken borroka horretan kokatzen du idazlea Xabier Kintana euskaltzainak ere, Gabriel Aresti, luma zikina dokumentalean. «Konturatzen zen Bilbok, euskararen galtzaile izan zen bezala, euskararen suspertzaile izan behar zuela. Euskara ez zela salbatuko Gernikan egiten zelako, baizik eta Bilbon egiten hasiko zenean. Eta nahiz eta Bilbo madarikatu, Bilboren alde egiten zuen aldi berean».

Fantasmaz beteta dago Zorrozako portua. Jaelmac, Otevisa, QAP... Mamu izenak dirudite ibaiertzean abandonatutako denden eta fabriken izenek. Hormak erdi erorita, zerua sabai. Isil giroa lan egunez, paseora eta korrika egitera joan diren herritar batzugatik ez bada. Beste nonbaitekoa dirudi hor Arestiren ahotsak, baina bertakoa da. Hortxe Arestiren gudu zelaia. Bertan kokatzen baita haren poemarik ezagunenetariko bat, eta baita haren aldarririk ezagunenetariko bat ere. «Beti paratuko naiz/ gizonaren alde». Herri girotik hiri girora eraman zuen hor Arestik euskal poesia. Baserritik lantokira. Jainkoari eta aberriari begira egoteari utzita, langileen izerdi konkretuari erreparatu. Eta horregatik irainak eta horregatik nekeak. «Aleman barkua atrakatu da Zorrotzan./ Zimentua dakar, ehun kiloko sakoetan./ Bien bitartean/ Anton eta Gilen zeuden/ zerrarekin/ tronko hura erdibitzen./ Sokarekin.../ Eztago kablerik.../ Bestela.../ Tira eta tira,/ orain Anton,/ gero Gilen,/ eznaiz hilen,/ Gilen./ Hemen euskaraz/ ta han erdaraz./ Okerbideak ezpaitaki mintzaerarik,/ berdin tratatzen baitu/ erdalduna/ eta/ euskalduna».

Langile arteko langile

Bertatik bertara bizi izandakoa deskribatzen du Arestik hor. Bere geografian du bere borroka. Compañia Vasco Africana enpresako kontuak eramaten zituen, eta denbora ematen zuen Zorroza inguruan berak ere. Langile artean, bera ere langile. Egun paseo gune den leku ber horretan. Kontuak egiteko makinaren aurrean egunez, idazmakinari joka gauetan. Hala deskribatzen du senar izan zuena Meli Estebanek. «Bizilagunek ere entzuten zuten, eta zera esaten zidaten: 'Gaur zure senarra berandu arte egon da lanean!'». Eraikineko hormetan oihartzun egiten idazlearen hitzak. Eta oraindik ere oihartzun egiten bere Bilbo egungo Bilbon. Oraindik ere jar daitekeelako urratsa haren hitzetan.

Areago. Alderik alde gurutza daiteke Gabriel Aresti Bilbon. Txakurra ere pasea daiteke haren gainean. Otxarkoaga auzoan bada Gabriel Aresti izeneko zumarkale bat. Leioan bada Gabriel Aresti izeneko kale bat. Donostian, Hondarribian, Barakaldon, Gasteizen... Halakoen aurka azaldu zen idazlea Nire izena poeman; alferrik. «Jainkoak eztezala nahi Bilboko karrika bati/ nire izenik eman diezaiotela./ (Eztut nahi bizargile hordi batek esan dezala:/ Ni Arestin bizi naiz, anaiaren/ koinata nagusiarekin. Badakizu. Maingua)». 1999an argitaratutako Bazka aldizkarian aipatu zuen anekdota Xabier Mendiguren idazleak. «[Donostiako] kale hau ere ez dugu karrika, baizik pasealekua, eta lauzaren ordez kartoizko panel handi bat dago aspaldian kalearen sarreran: 'Gabriel Aresti cortado por obras'. Poesia hutsa».

Botaka egiten zuen Aresti

Etxekotutako Aresti bat ez ote den gurtzen. Kezka hori zuen Mendigurenek artikulu hartan. «Ertzak leundu dizkiotela, asimilatu-edo; kalea jarri diotela, azken batean». Izan ere, bere garaian handiak jaso zituen idazleak beste hizkuntza hartan beste gizarte hura amesteagatik. Kontra egin zioten ezkerrek, eskuinek eta euskalek. Polemista zen, baina ez du horrek esan nahi erasoak jasatea erraza egiten zitzaionik. Haren emazte izandako Meli Estebanek Gabriel Aresti, luma zikina dokumentalean gogoratzen du idazlearen ezina. «Hitzaldi batzuk bukatu eta botaka ikusia dut nik, gelditzen zitzaion ondoezagatik, español deitzen bazioten, ezin zuelako bere burua defendatu, zeren nola defenditzen duzu garai hartan ez zarela españolista kartzelan bukatu gabe?».

Lur zail hori da, ordea, Arestiren ahotsak kantatzen eta salatzen duena. Haren orrietan altxatzen da Bilbo hura. Eta Bilbo haren osteko Bilbo honetara heltzen da haren oihartzuna. «Hau da Bilbo esan zuen gizonak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.