UDAKO SERIEA. Kantuan diren lekuak (eta VI)

Gasteizko tropikoa

Badaude hitz egiten duten lekuak, eta badaude ibili daitezkeen hitzak. Oraindik ere sumatu daiteke Hertzainak taldeak 1984an amestutako Euskadi tropikalaren arrastoa egungo Gasteizko kaleetako harlauzen artean.

Aiztogile kalean, Zapatari kalean eta Aihotz plazan ezagututakoak dira Hertzainak taldeak bere abestietara eraman zituenak, eta oraindik ere ezagut daiteke hiria haien doinuetan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Gasteiz
2014ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Nik enkargatua izan nahi nuen,/ baina denok izatez jaiotzatik/ puta seme batzuk besterik ez gara». Kalea jarri zuen hizketan Hertzainak taldeak. Oso zeharkakoak dira hiriari buruzko aipamenak beren kantetan, baina Gasteiz dago taldearen muin-muinean. Itsasorik gabeko hondartza hauetan sortu zen beren ametsa: Euskadi libre eta tropikala. Zapatari kalea, Aiztogile kalea, Aihotz plaza... Palmondoak landatu nahi zituzten harlauza arteko zirrikituetan. Alferrik, noski, baina, oraindik ere, lehen diskoa kaleratu zutenetik 30 urte bete direla, haien kantetan ibil daiteke Gasteizen dabilena. Sigarrillos amariyos abestiaren oihartzunean, adibidez. «Baina la bida sigue igual zerak esaten zuenez/ Shakespearek? Ez, Julio Iglesias lerdoak/ [...] langabe nago/ ezin diat gasteizen paratu/ beloradora joango nauk/ beloradotik Malagara/ Malagatik zeutara/ ta zeutatik txironara/ destinu petrala./ Hauxe duk hauxe». Kantua jarri zioten hiriari, eta hiria bisitatu daiteke orain kantuan. Urrats bat, abesti bat. Badaudelako hitz egiten duten lekuak eta ibil daitezkeen doinuak.

«Garai hartan zeuden kantautoreak, eta hitzetan herria aipatzen zuten, baina oso idealizatuta. Ematen zuen Euskadi zela gauza bat flotatzen zuena. Eta, bueno, ba ez, guretzako herria zen gure taberna, gure giroa, larrua jotzea, eta ez dakit... bizitzea!». Salda Badago dokumentalean datoz Josu Zabala Hertzainak taldeko musikari eta baxu jotzailearen hitzok; argi azaltzen du zertarako nahi zuten taldea. «Sex Pistolsek beren erreginari buruz esaten zutena guk ere esateko herriari buruz eta geure bizitzei buruz». Hemen ere erregea biluzik zegoela oihukatzeko, alegia. Eta hori guztia euskaraz, eta hori guztia Gasteizen. Urrun baitzuen orduan rocka euskal giro ofizialak, eta urrun baitzuen orduan euskara Gasteizko giro alternatiboak. Baina arrakala horietan sortu zen Hertzainak. Euskal Herritik Tropikora alde egiteko gogoz batzuetan. «Noiz joango gara Jamaikara?». Eta Tropikoa Euskal Herrira ekartzeko asmoz besteetan. «Eta bukatzeko Gernikako arbola/ palmera lirain bat bihurtuko da, eh! Euskadin guztiok ibiliko gara/ ipurdia mugitzen bermudetan».

Kalearen konkista

Beste kanta bat. «Euskadin rock & rollak ez du inoiz dirurik emanen/ inon baino alaiagoa izanen da/ ta zer ez da berdin». Bizi ezagutu zuen hiria Iñaki Garitaonaindia Gari abeslariak, taldea abiatu zuen Xabier Montoiaren lekua betetzera heldu zenean. Hiriburu zen orduan hiriburua, Hertzainak. La confesión radical liburuan zehazten duenez: «Ni heldu nintzenean, zerbait egosten ari zela igartzen zen Gasteizen, Euskadiko beste hirietan baino gehiago. Alor askotako jendea ikusten zen, eskultoreak, margolariak, musikariak, kazetariak...». Bestelakoa da orain irudia. Udako astegun arratsaldez, bero galdatan, isil dira Garik bizi ezagututako kaleak. Baina mantentzen da oraindik kale haien giroa egungoetan. Pixkanaka badoaz gaztez betetzen ostatuak arratsa hoztuz joan ahala, eta igartzen da musika ere taberna atarietako kartel eta abisuetan. «ADI! Ska talde bat osatzeko 16 eta 17 urte bitarteko jendea behar dugu. Bateria, gitarra, bajoa edo tronboia jotzen baduzu, bidali mezu bat zenbaki hauetara: 688 84 57 11 edo 688 65 73 15».

«Musika jotzeko edota elkartzeko leku fisikoen faltan, okupa mugimendua jaio zen, eta, horrekin, gaztetxeak, euskal rocka subkultura bezala gizarteratzeko beharrezko tokiak. Interesgarria da puntu honetan Sarryn Kasmirrek dioena gogoratzea: rocka momentura arte beste kultura-agente batek ere eskatu ez zuen geografia berri baten jabe egin zen: kalearen jabe». Ibai Atutxa ikerlariaren Tatxatuaren azpiko nazioaz liburuan dator 80ko hamarkadako giroaren erretratua, eta balio du orduko mugimendua ulertzeko. Ordukoa izateaz gain, egungoa ere badelako. Izan ere, bizirik daude oraindik orduan sortutako batzuk Gasteizen. Zutik 1988an okupatutako gaztetxea, eta martxan 1983an sortutako Hala Bedi irrati librea ere. Blog batean parte hartzeari buruz hizketan oraintxe neska gazte talde bat, irratiak Aiztogile kalean duen tabernan. «Lagun batek eskatu dit, eta badut zerbait, baina ez dakit...». Gune horietan igartzen da Hertzainak-ek kantatutako Gasteiz, eta gune horietan dago Hertzainak-en doinuekin ezagut daitekeen Gasteiz ere. Gune hauetan; kantaz kanta.

Itzalpeko poliziak

«Nork ez du maite askatasuna/ nahiz ta leher dedin esku artean?». Poliziak, kontrolak, atxiloketak eta leherketak, guztiak ageri dira Hertzainak-en kantetan. Hori ikusi zuten kalean, hori kantatu zuten kontzertuetan, eta oraindik ere begiratu daitezke kaleak doinu horien erritmoan. Aiztogile eta Zapatari kaleetan, adibidez. Ia pintura idortzerako, gehienetan, ezabatu egiten dituzte udal zerbitzuek pintaketak orain, baina Hertzainak-en garaian mintzo ziren gisakoez mintzo dira oraindik ere hormak. Estatu española hiltzailea; Palestina askatu; Amnistia... Ezabatuta daude horiek guztiak orain, baina argi irakurtzen da haien arrastoa oraindik paretetan. Eta ezabaketaren gainean pilatzen da ezabaketa, esaterako, San Frantzisko Kantoiko horman. Kasik ulergarri, baina, halere, ulergaitz. Apurtutako lelo meta bat: Torturakepaiketaohoretz. Izan ere, historia lezio bat ere badira hormak; arkeologia bertikal bat. Ezabatuta dago, adibidez, errifle baten miran PSOE alderdiaren izena ageri duen pintaketa zaharra, eta handik metro gutxira ezabatu gabe egin berri bat: Presoak etxera.

Baina nola aldatzen diren gauzak, kamarada. 34 gradu eguzkitara, Santo Domingo Kantoian udaltzain auto bat motorra martxan, itzala hasten den lekuan aparkatuta. Bi polizia barruan aire girotuaren goxotasunean, egonean, Coca-cola zaporeko Calipo izozki bat jaten kopilotua. «Erakusteko zer zeran/ bat gutziago edo agian/ derrigor ondeztu behar den azken numeroa/ Si vis pacem parabellum». Lehen baino sotilago dira orain aurrez aurrekoak; ezkutuago. Sofistikatua da orain epaitegi eta zigor ekonomikoen protokoloa. Horrek ez du esan nahi, ordea, desagertu denik tentsioa, adibidez, izozki urtu bat bezala.

Baskoak ez ikusteko

«Hainbeste alegindu biar naiz/ euskalduna izateko?». Estu ere irudikatzen dute Gasteiz zenbait abestitan. Nabarmen, adibidez, Drogak AEK abestian. Kideek deskribatzen dutenez, kolektibo xamarra zen hitzen sorkuntza taldean. Azaldua dutenez, hogei pertsona inguru biltzen ziren hasierako entseguetan, eta jende talde horretakoek pasatzen zizkieten hitzak. AEKn irakasle zebilen Bego Arrietak, adibidez. Euskalgintzak eskaintzen zion giro estuaz nazkaturik zegoen neskak. Zabalak azaltzen du haren sentimendua: «Euskaldunak baginen, baina basko ofizialez oso ezberdinak sentitzen ginen. Begoren egunerokotasunaren parte zen defenditzea haien aurka». Eta amorru hori ahoratzen du Hertzainak-ek. «Egunero klasera joan ta kolegak kalean/ eta arrotza sentitzen naiz/ kanutoa zeini pasa,/ zeini konta kaleko azken mobida/ zetako? Ez dabe entenditzen/ ez dia beinbez kalian bizi izan/ ta ondio ez dabe betiko eskemak/ apurtu: Jaungoikoa, lege zaharra/ ta H.B.ri botua eman./ Eulixak najak eta drogak nahi ditut AEK-n/ itsu egoteko/ baskoak ez ikusteko». Eta kanta entzunda, basko haiek, noski, haserre.

Argi, halere: erdaraz bizitakoak dira Hertzainak-ek euskaraz kantatuko asko. Horixe da, adibidez, Sigarrillos Amariyos kantaren kasua. Orain hilabete azaldu zuen Zabalak kantaren jatorria, Bilbo Hiria irratian egindako elkarrizketa batean. Alfredito izeneko lagunak bazkaloste batean sutsu esandakoa da haiek sutsu kantatutakoa. Hitzez hitz, kasik. «Bazkaloste batean, enrollatu ginela, eta pare bat kanuto erre eta patxaran bi edan, eta halako batean haserretu zen kristo guztiarekin Alfredito, altxatu zen bere bizitzako diskurtsoa botatzeko, eta horixe kontatu zuen». Kantua kontu, alegia. «Nik enkargatua izan nahi nuen/ baina denok izatez jaiotzatik/ puta seme batzuk besterik ez gara». Ez du Zabalak esaten, baina ziurrenera gazteleraz botako zuen hitzaldia Alfredito hark. Eta ez da kasu bakarra.

Karra Elejalde aktoreak hamahiru kanta inguru idatzi zizkion taldeari, eta guztiak dira gazteleraz idatzitakoak. Hori , esaterako, Hertzainak-ek euskaraz abestutako Salda Badago kantuaren kasua. Eta hor, Gasteizkoen diskografian hiriari egiten zaion beste erreferentzia ñimiñoa, jada desagertuta dagoen Aihotz plazako Txato taberna mitikoa aipatzen baita bertan. «Gaur beti bezela euria ari du hemen/ eta danok estalita goaz belarritaraino/ Salda pixkat da behar duguna,/ goazen Txatora/ edo hobe hire etxera lasai egitera./ Ostia hi! Berotu eskuak/ beste leku batean/ izoztu egingo naun eta salda badago./ Egun grisa hotza kalean/ negu gogorra herri puta hontan/ bizitzak emandako plazer txiki/ hoiengatik ez balitz».

Harlauza peko hondartza

Urrun dira orain hotzak eta desagertuta saldak, baina hemen sortu zen abesti hori: San Frantzisko Kantoian, neguan. Bertan zeukan etxetik ikusi zuen polizia karga kontatzen du abestian Elejaldek. «Zarata bat entzun, kristala garbitu, eta pin, pan, pun!, begira, salda badago. Oso famatua zen orduan Casa Vascako salda, salda beroa, eta zera esan nahi nuen: 'Ze ongi egoten den etxean, babesean, ze hotza egiten duen kanpoan, baina jendeak berotzeko gogoa du, eta sekulakoa muntatu dute, begira, begira, badator polizia, lasai, inor ez da izoztuko zeren bero dago kalea'». Hertzainak. La confesión radical liburuan dator kontaketa, baina onartzen du errezeloa ere. «Sentsazioa dut askotan ez direla ongi itzuli nire kantak euskarara. [...] Nik idatzi baino askoz zuzenagoak dira euskaraz». Bada alderik, beraz, jatorrizko Hay caldo hartatik, taldearen Salda badago-ra.

Askotan estu, besteetan zabal, euskaraz bilatu zuen bere tropikoa, ordea, Hertzainak-ek Vitoria eta Gasteiz arteko tarte horretan. Eta igar daiteke hondartza hura oraindik, harlauza hauen azpian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.