Abentura eten da; gogoa, ez

Boreal espedizioko Paxkal Elgartek eta Xiril Alvarezek Euskal Herrira itzuli behar izan dute, elur hautsak eragindako trabengatik. Egunotan, haien bideo eta irudiak ematen ari da Kanaldude.
Zirkulu artikoko bazterretan ibili dira Paxkal Elgart eta Xiril Alvarez.
Zirkulu artikoko bazterretan ibili dira Paxkal Elgart eta Xiril Alvarez. KANALDUDE

Urtzi Urkizu -

2019ko otsailak 9
Boreal espedizioak ez ditu bete hasierako asmoak: Kanadan hiru etapa egin ostean, Euskal Herrira itzuli behar izan dute Paxkal Elgart eta Xiril Alvarez abenturazaleek. Baina zirkulu artikoko inguruetara itzultzeko gogoa ez zaie akitu, eta Elgartek iragarri du bi urte barru hara itzuliko dela. Abenturaren irudiak Kanaldude telebistan ikus daitezke egunotan: gaur, 11:00etan emango dute espedizioko saioa, eta bihar, 14:00etan. Halaber, asteotan bildutako materiala Kanaldude.eus/boreal webgunean ikus daiteke. Bideo bitxiak badira bertan; esate baterako, elurretan sua nola piztu jasotzen duen bat.

Eki Pagoaga Kanaldudeko errealizadoreak zeharkaldiaren inguruko dokumental luze bat egiteko asmoa zuen, baina, abentura etenda, ezingo du halakorik egin. Izan ere, espedizioak sei hilabeteko iraupena izatea zen xedea. Yelloknife herritik abiatu, eta Tuktoyaktukera iritsi nahi zuten —1.700 kilometroko bidea eginda—, baina Behchoko inguruan eman behar izan zioten amaiera bideari. «Topatu genuen elur bat, zeinetan molekulak ez diren kolatzen, eta irudi zuen hondartza batean ginela, ezin aitzinatuz», azaldu du Elgartek. «Sekulako indarra egin behar genuen karga guztia tiratzeko. Harea ematen zuen elurrak; leran sartzen zen, ezin genuen aurrera jarraitu». Egoera ezinezkoa zela gaineratu du: «Hain zen handia egin beharreko indarra, goizetik gauera izerditan blai geunden. Izerdi hori hormatzen da gainean, jantzi guztietan. Den-dena bustitzen zuen izerdiak». Tokiko jendeak esan zien ez zutela ezagutzen halako elurrik sasoi horretan.

Trebakuntza kamerarekin

Pagoagak trebatu zituen Elgart eta Alvarez ikus-entzunezkoen grabazioetan, Kanadara irten aurretik, haiek gero bideoak bidal zitzaten. «Gure proiektua ahalik eta gehien zabaltzea zen gure asmoa. Lekukotasun bat ekarri nahi genuen, horregatik aritu ginen Kanalduderekin lankidetzan», esan du Elgartek. Dena den, abenturazaleak adierazi du zailtasunak izan dituztela espedizioko etapetan grabaketak egiteko: «Filmatzea ofizio bat da. Hainbeste indar eginda halako testuinguruan, zenbaitetan ia ezinezkoa da kamera bera ateratzea. Antolaketa berezia eskatzen du. Hurrengorako hobeto pentsatuko dugu kontua».

Pagoagak azaldu duenez, espedizioaren hamar bideo eman ditu Kanaldudek. Ez dira berri gehiago iritsiko. «Baina Elgart eta Alvarez jada ari dira gogoetatzen hurrengo espediziorako. Espero dut Kanaldudek horren berri ere eman ahalko duela etorkizunean». Iruditzen zaio bi abenturazaleek Kanadan egindako grabaketak teknikoki oso ondo egin direla, eta bizkor ikasi zutela grabaketak fin egiten.

«Mamia egon da bideoetan, haien helburua ez baitzen soilik balentria edo kirol lorpen bat. Hango jendearengana hurbiltzea zen xedeetako bat», gaineratu du Kanaldudeko langileak. Alde horretatik, esperientziarekin pozik bueltatu da Elgart: «Bizipena izugarri aberatsa izan da, interesgarria. Topaketa oso ederrak egin genituen hango indianoekin; harreman politak izan genituen». Hango jendearen errealitatea ageri da Kanaldudek argitaratu dituen bideoetako batzuetan.

Pagoagak nabarmendu du, halaber, klima aldaketaren ondorioen isla ere azaleratu nahi zutela Boreal espedizioan. «Ipar parte horietan egoera zertan den jaso nahi zuten. Hori ikusi ahal izan dute ezohiko elurrarekin».

Kanaldudeko errealizadoreak edertzat jo du espedizioak —Kanboko (Lapurdi) Xalbador kolegioaren laguntza txiki bat ere izan du— utzitakoa: «Hara, munduaren beste puntan, bi euskaldunen abenturen jarraipena. Politagoa izango zen sei hilabeteak bete izan balitu, potentziala handia baitzen. Esperientzia jaso dugu haiek eta guk, eta hurrengoa hobea izango den itxaropena daukagu: urrunago iritsiko dira».

Elgartek espero du esperientzia errepikatzea, «baldintza hobeekin». 2020ko negua buruan duela, iruditzen zaio iparrerago hasi beharko lukeela bidea, Tuktoyaktuken, Ozeano artikoaren ertzean. «Eta, handik, beherantz egingo genuke, Yelloknifen bukatzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: