Kazetaritzatik harago kazetari

Kazetaritzako nazioarteko biltzar bat egin dute, Bilbon. Amsterdamgo Unibertsitateko irakasle Mark Deuzek kazetaritza 'start-up'-en lan egiteko ereduaren berri eman du.

Mark Deuze, atzo, Bizkaia Aretoan Beyond journalism izenburuko hitzaldia ematen. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2019ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Zer da kazetaritza, kazetaritza ezaugarritzen duten elementu guztiak kentzen dizkiozunean? Zer geratzen da kazetaritza biluzten denean?». Galderak airera bota, eta hausnarketarako pausa egin du Mark Deuze Amsterdamgo Unibertsitateko irakasle eta kazetaritzan adituak. Muga bat hautsi, pauso bat urrunago joan, eta kazetaritza tradizionalaren egituratik at mugitzen den kazetaritza aztertzen ibili da Deuze azken urteetan. Hitzaldia eman zuen atzo irakasleak, Bilbon. Espainiako Kazetaritza Elkartearen nazioarteko 25. biltzarraren parte izan zen solasaldia.

Ikerketa bat abiatu zuen Deuzek 2014. urteanTamara Witschge Groningengo Unibertsitateko (Herbehereak) irakaslearekin batera, informazioaren eta horretan ari diren profesionalen mundua aldatzen ari zela atzemanda. Ordutik, hamabi herrialdetako 150 kazetari elkarrizketatu dituzte Witschgek, Deuzek eta euren ikasleek; eta Beyond journalism: Operationalizing the Future of the Profession liburuan bildu dituzte lekukotzak. Mundu osoko kazetaritza start-up-etan jarri dute fokua —teknologiekin harreman estua duten enpresa hasiberriak—, fenomenoa globala dela iritzita.

24 start-up-etako kide batzuk elkarrizketatu dituzte, enpresa hasiberrien eredua zein den ezagutzeko. «Emozioen kazetaritzarekin egin dugu topo, kazetaritzaren ezaugarri estandarren geruzaren azpian dagoen informatzaile gizatiarrarekin». Izan ere, ezaugarri berezituak dituzte, eta «betiko kazetaritzaren moldeetatik at» aritzen dira profesionalak. Teknologiekin eta komunikatzeko bide berriekin lotura estua izan ohi dute; eta, era berean, gazte ekintzaileak izan ohi dira halakoen sustatzaileak. Subjektu horretaz ere gogoetatu du Deuzek, irakaslea den heinean, «ekintzaileen iruditegia desmitifikatu» beharra dagoela uste baitu. «Ideia zoragarri batekin negozio bat irekitzen duen gizabanakoaren eredua txorakeria hutsa da». Dirua besterik bilatzen ez duen eredua dela uste du, errentagarritasunaren izenean informazioa «saltzen» duena. Horrek ezaugarritzen baitu kazetaritza, hori da kazetaritzaren goialdeko geruza. «Egia eta objektibotasuna herrialde demokratikoen ardatza dela... horrelako definizioen azpian gordetzen da kazetaritzaren benetako identitatea». Horren bila aritu da ikerketan, eta azpiko geruza horietan guztietan aurkitu ditu «zoriontsuak diren kazetariak».

Lan egitea eta zoriontsu izatea posible dela, hori frogatu diote egindako elkarrizketek Deuzeri; eta hari horretatik tiraka zerrendatu ditu horrelako langileen ezaugarriak. «Lan afektiboa egiten dute, norberaren identitatearekin zerikusia duen lana da, lan immateriala». Eta emozio horiek izan ditu ahotan etengabe, informazioa eskaintzeko ezinbesteko tresna balira bezala. «Kazetari horiek sentitzen dute beren burua sar dezaketela albistean; inork ez die esaten zer eta nola idatzi behar duten, ez dute inoren agindurik bete behar». Autonomia horrek egiten dituela zoriontsu dio Deuzek, eta horrela aurre egiten diotela kazetaritza eredu horrek izaten dituen oztopoei. Kazetari horiek baldintza oso prekarioetan lan egiten dutela azaldu du Deuzek, start-up-en eredua ez baita errentagarria. Horri aurre egiteko gaitasuna txalotu du Deuzek. «Nepalen lurrikara baten ostean jarraitu zuten informatzen. Kuban, pendrive-etan legez kanpo gordetzen dituzte albisteak».

Pasioa nabari zaio Deuzeri, kezkaz aztertu badu ere. «Pasioak arazo bat du: agortu egiten da. Muturreko sentimendu bat da; eta, beraz, ezin da intentsitate hori luzaroan mantendu».

Kazetaritzan lur hartzekoizan bada ere, filosofiara jo duHerbehereetako irakasleak;Friedrich Nietzsche filosofoalemaniarraren hitzak bere eginez. «Galdera bat egin zuen Nietzschek Honela mintzatu zen Zaratustra liburuan: Zein gizaki mota izango ginateke gizaki gisa eusten gaituzten gauza guztiak kenduko balizkigute? Zer litzateke gizakia biluztuko balitz?». Ariketa kazetaritzaren alorrean egin nahi izan du Deuzek,sektorearen zirrikituak, ereduak eta gaur egungo egoera aztertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.