Ainhoa Azurmendi. Psikologia irakaslea eta kirol aholkularia

«Kirolean, oraindik definitzeko dago zer den abusua eta zer ez»

Kirolean sexu abusuei eta jazarpenari aurre nola egin azaltzeko gidaliburua idatzi zuen, eta Emakumeak eta Kirola Nazioarteko Kongresuan aritu da bere esperientzia azaltzen. Ahots aditua da genero ikuspegiaren eta kirolaren arteko harremanean.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko ekainak 5
Botswanatik itzuli eta aste batzuetara egin du solasaldia, Avento kirol aholkularitza bulegoan. Emakumea eta Kirola Nazioarteko Kongresuan parte hartu duen hirugarren aldia izan da, eta bertan, Realean eginiko lanaz mintzatu da Ainhoa Azurmendi (Hernani, Gipuzkoa, 1978). Euskal Herrian gutxik adina ikertu du emakumearen eta kirolaren arteko harremanaz, eta harekin hitz egitea entziklopedia bat irekitzea da.

Emakumea eta Kirola Nazioarteko Kongresutik etorri berria zara. Parte hartzen zenuen hirugarren aldia zenuen. Zein gai daude puri-purian?

Asko jorratu ditugu: emakumeak kirol arloko zuzendaritza postuetan egotea sustatu behar dela; emakume entrenatzaileen presentzia, eta epaileena... Oso garrantzitsua, eta puri-purian dagoena nazioarte mailan sexu jazarpena eta gehiegikeriak kirol arloan. Gero eta indarkeria kasu gehiago ateratzen ari dira.

Hitz gogorra da indarkeria. Zein dira emakumeek kirolean jasaten dituzten indarkeriak? Zeri buruz ari gara?

Gauza sibilinoetatik, sotilak eta agerikoak ez direnak, bortxaketaraino edo pertsona baten bizitza zapuztera irits daitezkeenak arte. Bizitza kontrolatzea, esaterako.

2015ean gidaliburu bat idatzi zenuten abusu eta jazarpenaren prebentziorako. Beharra ikusi zenuten seinale.

Bai, beharrezkoa zen, batez ere kasuak bazeudelako han eta hemen. Beste herrialde batzuetan: Norvegian, Txekian... bazeuden lanak, eta behar hori ikusi nuen hemen. Emakundera eta Kirol Zuzendaritzara joan, eta esan nien: 'Zerbait egin behar da honekin'. Dena den, oraindik ere badago lana, abusuak ikertzen: datuak, zenbat diren, non...

Mundu mailan oihartzuna lortu duten kasuez gain, AEBetako gimnastika selekziokoa esaterako, kasu esporadiko gisa hartu izan dira abusuak.

Besteak beste, kirolean ez delako definitu zer diren abusuak. Kirolean hainbat jokabide normalizatu dira, eta garrantzitsua da jakitea, umetatik heldutasunera arte, zer dagoen ondo, zer ez dudan nahi... eta nire gorputzarekin hori adierazi eta mugak jarri ahal izatea. Baita elitean ere; neskek, esaterako, hainbatetan, denbora asko egiten dute kontzentratuta. Entrenatzaile horrek kontrolatzen du kirolariaren bizitza; hasieran, heroi bat da, eta, gero, manipulatzaile bat. Asko dago ikertzeko hor. Sare sozial eta teknologiekin kontrolatzea errazagoa da.

Kirolak beti izan du babesleku itxura. «Kirolean ari den bitartean zaila ezer txarrik pasatzea». Hori desmuntatu behar da?

Guztiz. Gaur egun, esaterako, entrenatzaile izateko delitu sexualik ez egin izanaren ziurtagiria eskatzen da. Jaurlaritzak eskatzen du. Kontua da normalean eraso horiek ez direla salatzen. Orduan oso zaila da zuk historial bat izatea horrekin lotuta. Izan zaitezke abusatzailea eta inoiz salatua ez izana.

Erasoak zein egoeratan izaten diren diagnostika daiteke?

Prozesu bat izaten da normalean, konfiantza irabaztearena. Faboritoak izaten dira. Gerturatzea eta menpekotasun maila handitzen joatea, botere asimetria horretatik. Goi mailan argiago ikusten da, neska gimnastak adibidez, amets bat dute, eta gurasoek hor utzi dituzte, eta pertsona horrek bere boterea baliatzen du gero eta handiagoa egiteko. Harreman sekretuak dira, eta gero xantaia dago: «ez esan inori, agian ez baitzara joango». Formatuak egon behar dugu hori identifikatzeko.

Zein arlotan? Kirolariekin, entrenatzaileekin, gurasoekin...?

Guztiekin. Klubek lehenbizi garbi izan behar dute zein den euren politika gai horren inguruan, eta entrenatzaile berri bat baldin badator, hari ere garbi uztea zein den gure politika gai honekin. Nazioartean esaten da entrenatzaileek ez dutela bakarka lan egin behar, bakarkako entrenamenduak ume txikiekin ez dira beharrezkoak. Alegia, beti bi ume edo bi entrenatzaile egotea. Bilera bat egin behar badut kirolari batekin, ez naiz gelditzen kafetxo bat hartzeko ez dakit non, edo ez dut nire kotxean eramaten.

Hainbat abusu kasu azaleratu dira, baina asko isilpean pasatu direla uste duzu?

Bai. Baietz esango nuke. Baina garrantzitsuena da zehaztea zer den abusua eta zer ez den. Eta prebentziorako zehaztea, hau bai, eta hau ez. Esaterako, kontaktua kirol arloan normalizatua dago, baina gero eta material gehiago dago abusua zer den argitzeko. Uste dugu abusuaz hitz egitean bortxaketaz bakarrik ari garela, baina, ez, badaude begiradak, jazarpena, bizitzaren kontrola, edukiak konpartitzea taldeetan...

Zuk tesia egin zenuen emakumezko entrenatzaile eta epaileen esperientziekin. Hura indarkeriarekin lotuta, duela pare bat hilabete asko zabaldu zen emakumezko futbol epaile batek jasaten zituen irainekin. Beste indarkeria eremu bat da?

Ez da beste eremu bat, gai beraren beste mutur bat da. Zerk eramaten zaitu pentsatzera norbait iraintzeko eskubidea duzula? Jendeak esan izan dit, «baina gizonezko epaileak ere iraintzen dituzte», eta ni ere kritikoa naiz gizonezko epaileak iraintzearekin. Baina nik beti esaten dut, emakumeek irain matxistak jasotzen dituzte. Ez da gauza bera «zu tuntuna zara», edo «joan etxera harrikoa egitera» oihukatzea. Hernaniko bideoaren kasu horretan, taldean lantzen ari dira. Kasu honetan ez dut ardura taldearen gain jarriko, federazioarenean baizik. Jarri araudietan, horrelako irainak egiten dituenak denbora batean ezingo du partidarik ikusi. Zigor eredugarriak jarri.

Zure tesian entrenatzaileekin eta agintariekin ere hitz egin zenuen. Kirol hain eremu maskulinoa izan da, zertan sentitzen dira deserosoen emakume horiek?

Kirol maskulinoagoak badaude, eta horietan bi gauza gerta daitezke: zuk rol horiek, estilo eta funtzionamendu horiek barneratzea, edo, bestea, alegia, bakarrik sentitu direnak. Ez entzunak sentitzea, erabaki bat hartu, etxera joan, eta gero bere erabakia tabernan aldatzea... Edo pentsatzea ama izaten zarenean ez dela gai izango kontziliatzeko. Gehiago demostratu behar dute, hori beti. Eta espektatibak ere hor daude. Nahi duzu mailaz igo? Eta ez, oraindik falta zait. Gizonezkoek, aldiz, prestaketa gutxiagorekin gorago begiratzen dute.

Datuek diote federazioetako zuzendaritzetan emakume oso gutxi daudela. 2012an EAEko kirol federazioetan bi emakume presidente zeuden bakarrik, eta zuzendaritzetako kideen %19 bakarrik ziren emakumeak.

Piramide bat da, eta atzera begiratu behar da. Hasiera batean legea jarri zuten zuzendaritza batzordeen erdia emakumeak izan behar zirela, eta gero lizentzien proportzioaren araberako ezarri zuten. Arauak berarekin dakar tranpa. Askotan esaten dute: «ez dute nahi», agian ez dute nahi 1980ko funtzionamenduekin ari garelako. Multzo berriak baleude, pluralagoak, irekiagoak... Nik badakit lan boluntarioa dela, baina eskola elkarteetan bakarrik gizonak al daude? Han ere boluntarioak dira, edota kultur eremuetan. Gizonezkoen arteko konplizitateak pisu handia du halaber.

Erreferenteen kontuan, gihar erakustaldi batzuk egon dira azken hilabeteetan: Emakume Master Cupeko finalean Astelena bete egin zen, 21.000 ikusle Anoetako derbian... Nola hartu behar dira horrelako egunak?

Hasteko, guztiz positiboa den zerbait da. Hori gertatu egin behar da. Baina ezin da beti ardura jarri antolatzaileen gainean. Guztion aldetik egon behar du apustuak. Esaten denean: «Anoeta bete behar dugu», bale, baina gizarteak erantzun behar du. Bai, emakumezko kirolariei eskubide berdinak aitortzen dizkiegu, baina ez ditugu ikusten, emakumeok barne. Ikusiko al dugu emakumeen futbola? Orain arte duela 15 urte arte ez zegoen apustu firme bat. Gipuzkoan, esaterako, egon da lanketa bat, eta igo da lizentzia kopurua. Ez da bakarrik telebistaz partidak ematea, egon behar du apustua federazioetatik, eta klubetatik, kalitateko eskaintza egiteko. Hori oso argi ikusten da gizonezkotzat tradizioz hartu diren kiroletan: futbola, pilota, arrauna... Kalitatea eskaintzen baduzu, izena ematen diren nesken kopuruak gora egiten du. Eta kopurutik, kalitatea dator.

Orain erreferente gehiago badaude, profesionalak asko, baina baldintza eskasetan. Futbol taldeei emakumezkoen profesionalizazioa exijitu behar zaie?

Lehen bazeuden erreferenteak, baina zapalduta. Hor dena bat doa. Profesionalentzat zaila da hor izatea diru iturri bakarra, baina bada zerbait. Kontratua izateak estatus bat ematen dizu hasteko, futbolaria zara eta ez garbitzailea, edo zelaiko marrak marrazten dituena. Nire ustez, hori ezin da utzi klub baten ikuspegiaren menpe. Hor ligak jarri beharko lituzke betebehar batzuk: gutxieneko kontratua ezarri, diru sarrerak... Hori da benetako apustua egitea.

Oraindik ere neskak kirolera gerturatzea zaila da? Edo eskola kirolak asko lagundu du?

Hasi, hasten dira. Neska-mutilei gustatzen zaie mugitzea. Garapenaren arlo bat da. Baina estereotipoek sekulako indarra dute: nolakoak garen, nolakoak izan behar dugun... Oraindik ere gizartean ezberdintasunak dauden bitartean, neskekin ahalduntze prozesu espezifikoak egin behar dira. Iraia Iturregik esaten du «bizirik iraun dutenak» direla, mutilekin jokatzen zuten neskak, eta ondo moldatzen zirelako jarraitu zuten. Egin behar dute gozatu, eta gero aukeratu.

Datuek diote oraindik ere emakume askok kirola uzten dutela nerabezaroan.

Ikerketek diote beste lehentasun batzuk izaten dituztela, ikasketak, mutilekin egon, lagunekin... Eta horrela azaldu izan da. Zuk genero ikuspegitik egiten baduzu ikerketa, hori azalpen planoa da. Baina egiten baduzu ikerketa kualitatibo bat, emaitzak ezberdinak lirateke. Galdetuko bazenu: Zer moduz instalazioak? Materialak? Ordutegiak? Eta entrenatzailea, kualifikatua da? «Ez, mutilena bai, gurea ez». Sistema berak barneratuta du, «azken finean utzi egingo dute, zertarako». Eta hori, urtez, urtez... Noski, salbuespenak daude, baina joera hori errepikatu egiten da.

Kirola da umetatik hasita genero banaketa gehien ezartzen duen alorretako bat. Zein iritzi duzu? Banaketa mantendu beharko litzateke?

Gaur egun, neskengan ahalduntze prozesu hori gerta dadin, mutilengandik banandu egin behar dira, eta hori landu. Neskak eta mutilak berdintasunean heziko bagenitu, ezberdintasun horiek ez litzateke sumatuko. Iaz txosten bat egin genuen partida mistoak behatzen. Datuek zioten neskek mutilei pasatzen ziela baloia, mutilek mutilei, neskek neskei ia ezer ez. Gola egiteko ekimena, beti mutilek zuten. Gizarte eskemak erreproduzitzen dira. Kirol esperientzia landu behar da, talde esperientzia, emakumeek bizi behar dute esperientzia hori, beraiek. Eta landu egin behar da. Mistoa bada, «bizirik irauten duen» horrek jarraituko du bakarrik, ona denak. Hor egongo da Eibarko bat, Atarrabiako bat, eta gurasoak haiek autoan eramaten.

Nazioarteko Atletismo Federazioak testosterona muga ezarri du emakumeentzat proba batzuetan. Hein handi batean Caster Semenyaren kasuarengatik izan da. Zein iritzi duzu?

Lehiakide guztientzat justuen den erabakia hartzen saiatu direla diote. Zaila da iritzia ematea. Semenyaren kasua aztertuz gero, erabaki ezberdinak hartu dituzte garai bakoitzean. Lehiaketaz kanpo utzi zuten lehenbizi, biluzi eta ikerketak egin zizkioten... Botswanan eztabaidatu genuen. Hirugarren mailaketa bat sortu behar da? Gizon, emakume, eta beste bat? Honek mahai gainean jartzen du, lehiaketaren bitartez, gizon eta emakumeak kutxa estankoetan sartzen saiatzen ari garela, eta horren arabera funtzionatzen. Eta zein da bilatu duten konponbidea? Bada, proba jakin batzuetara mugatzea, eta hormonak hartzera behartzea testosterona kopurua jaitsi eta muga jakin batzuetan sartzeko. Nik nire iritzi propioa dut. Jendea ate berdinetik pasarazten dute atearen forma errealitatera egokitu beharrean. Ez dakit beste mailaketa bat egon behar den, baina argi dut hormonak harraraztea parametro batzuetan sartu eta lehiatu ahal izateko ez dela konponbide egokia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna