EITB hobetzeko ideiak dituzte

EITB erreformatzeko parte-hartze prozesuan, tailerrak egin dituzte herritarrekin Bilbon, Gasteizen eta Donostian. EITBrekin lotutako hainbat gairi buruz eman dute iritzia.
EITBri buruzko gai ugari landu dituzte herritarrekin egindako tailerretan.
EITBri buruzko gai ugari landu dituzte herritarrekin egindako tailerretan. URTZI URKIZU

Urtzi Urkizu -

2018ko abenduak 26
Gardentasuna, errespetua, independentzia, zintzotasuna, alderdikeriarik gabekoa izatea, egiazkoa, gertukoa, askea». Zortzi baldintza horiek eta gehiago aipatu dituzte hamar herritarrek honako galdera hau egin zaienean: «Zeintzuk dira EITBk igorri edota produzitzen dituen saioetan bete behar dituen baldintzak?». EITB erreformatzeko parte-hartze prozesuari ekiteko tailerretako batean parte hartu zuten bost gizonek eta bost emakumek abenduaren 18an, Donostian.

Tailerraren gidaria kazetaria da —ez da EITBkoa—, Gaia enpresak kontratatu du. Aurkezpenak euskaraz hasi ditu. Baina parte hartzaile guztiak ez dira euskaldunak, eta gaztelania izan da tailerreko hizkuntza nagusia. Ogibide desberdinetakoak dira hamar lagunak, adinean ere bada aniztasuna. Minutu batzuk dituzte EITBrekin lotutako galderei idatziz erantzuteko. Gero, elkarri azaltzen dizkiote erantzunak.

Atalen batekin, ordea, zuzenean solasaldia hastea proposatu du gidariak. Adibidez, EITBko administrazio kontseiluaren ereduari buruzko orrialde bat dago. Gaur egungo eredua nolakoa den irakurri dute —hamabost kide Eusko Legebiltzarreko bi herenek aukeratzen dituzte, talde politikoek proposatuta, eta beste lau kide gizarte eragileetako ordezkariak dira—. Parte hartzaileetako batek berehala esan du ez zaiola ondo iruditzen, eta proposatu du bestela egitea banaketa: lau kide legebiltzarreko taldeetakoak izatea, eta beste hamabostak gizarteko askotariko eragileetako ordezkariak izatea. Zalantzak azaldu ditu horrekin beste parte hartzaile batek, eta aipatu du segurtasun falta egon daitekeela EITBko administrazio kontseilua legebiltzarraren esku ez badago. Gehienek, edonola ere, aitortu dute ez dutela ondo ezagutzen nolakoa den administrazio kontseiluaren funtzionamendua.

Ikuslearen defendatzailea sortuko balitz pertsona horrek nolakoa izan beharko lukeen galdetu diete parte hartzaileei. Gehienek nabarmendu dute «independentea» eta «objektiboa» izan beharko lukeela. Hala aipatu dute: «entzuten jakin dezala» eta «besteengandik kezkatu dadila».

Tailerrean bete beharreko orrialdeetan, Euskararen sustapena izeneko bat dago. Hiru pote ageri dira: Euskara, Elebiduna eta Gaztelania. Eta, pote horietan, ETBko bost kateak —bosgarrena ETB Sat Canal Vasco da— sartu behar dituzte parte hartzaileek, ehunekoak ere aipatuz. Gehienak gaur egungo eredua mantentzearen alde azaldu dira: ETB1, euskaraz; eta ETB2, gaztelaniaz. Bestalde, euskarazko emankizunetan azpidatziak erabiltzearen alde azaldu dira. Katerik kenduko luketen galdetu diete gero. Kentzekoen artean, ETB4 aipatu dute gehien. Lau kate gehiegi ez ote diren esan du batek baino gehiagok. Zein irrati kenduko luketen galdetu diete, halaber, eta batek esan du EITB Musika eta Radio Vitoria kenduko lituzkeela. Baina ez dira irratiak kentzearen alde oso sutsu azaldu.

Finantzatze ereduaren inguruan askotarikoak izan dira erantzunak: gaur egungo eredua mantentzearen alde daude batzuk —legebiltzarreko aurrekontuen eta publizitatearen bidez—, baina batek kanonaren bidez finantzatzea eskatu du, beste batek Interneteko eduki zehatzengatik ordaintzea proposatu du, eta beste batek RTVE eredua aipatu du. Azken horrek iradoki du telebista kate pribatuek jarritako dirua erabili beharko litzatekeela Euskal Irrati Telebista finantzatzeko. Publizitateari dagokionez, babesle indartsuak lortzea ere aipatu dute. Baina EITBtik publizitate guztia kenduko luketenak ere badaude iritzi emaileen artean.

EITBren webguneari dagokionez, bi herritarrek aitortu dute ez direla inoiz bertan sartu —40-50 urte artekoak dira—. Webgunea herritar guztientzat erabilgarri izatea proposatu dute batzuek: gaitasun gabeziaren bat dutenentzat eta adinekoentzat.

Genero ekitateak EITBn zer puntuazio merezi duen galdetu diete parte hartzaileei, eta notak altuak izan dira. Batek adierazi du balizko etorkizuneko administrazio kontseiluan ondo legokeela erdiak emakumezkoak eta beste erdiak gizonezkoak izatea.

EITBn eskaintza berriak nahi dituzte gehienek. «Musika saio bat», eskatu du gazte batek. «Nire semea kateatuko duen zerbait», ama batek. Euskal Herria: lau haizeetara saioarekin gogoratu da gizon bat. Ez dituzte kritika gogorrak egin, baina ikusten dute zer hobetua. «Alderdikeriarik eza» eskatu dute askok.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna