Aberriak estrak behar ditu

HBO katearen 'Patria' telesailean mila figurante baino gehiago erabiliko dituzte, eta egunotan hautaprobak egiten ari dira. Donostian, ilara luzeak egon dira. Bihar egingo dituzte azkenak.
Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko areto txiki batean egiten ari dira telesailerako hautaprobak.
Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko areto txiki batean egiten ari dira telesailerako hautaprobak. GORKA RUBIO / FOKU

Urtzi Urkizu -

2019ko otsailak 6
Hautaproba hasi baino ordubete lehenago jarri dira ilaran Leire Cruz eta Yaiza Gonzalez. Hainbat filmetako eta Allí abajo telesaileko hautaprobetara aurkeztu izan dira, baina ez dakite askorik Patria eleberriaz. «Terrorismoari buruzkoa dela entzun dut, baina ez dut irakurri», esan du Gonzalezek. Fernando Aranbururen liburua —milioi bat ale baino gehiago saldu ditu— telesail bihurtuko du HBO kateak, eta grabaketetan mila figurante baino gehiago beharko dituzte. Joan den astean, Elgoibarren eta Soraluzen (Gipuzkoa) egin zituzten probak, eta bostehun herritar baino gehiago aurkeztu ziren; bi herri horietan hainbat eszena grabatuko dituzte —Hernani irudikatuko dute—.

Martxotik aurrera, Donostian ere grabatuko dituzte eszenak. Hautaproben lehen eguna izan zuten atzokoa; gaur bigarrena da, eta bihar azkena. Pagoeta Media ekoizpen etxea ari da hautaprobetako lanaz arduratzen. Figurante bakoitzari 50 euro ordainduko dizkiote, zortzi orduko lanagatik.

Patxi Unzuetak Soinujolearen semea filmean izan zuen lehen esperientzia figurante gisa, eta beste lan baten moduan hartzen du: «Etxera dirua eraman behar dut». Ez du irakurri liburua, ilaran diren beste askok bezala. Ibane Garmendia eta Lydia Ahedo Pasai San Pedroko (Gipuzkoa) gazteek ez dakite zeri buruzkoa den. Lehen aldia da halako hautaproba batera aurkezten direna. «Telesailen oso zalea naiz, eta HBOko ekoizpen batean agertzeak ilusioa egingo lidake», azaldu du Ahedok. Cristina Lopezek ere ez du irakurri eleberria, baina badaki zein duen gaia: «Entzun dut bi amaren talka dagoela istorioan, ideia desberdinak dituzten bi andreren istorioa. Denbora hartzen dudanean, irakurriko dut».

Trapero, proiektutik kanpo

Edonola ere, hautaprobetara aurkeztu direnetan egon badaude Patria irakurri dutenak. Tartean, Itxaso Etxeberria, Etxauritik (Nafarroa) joandako aktorea: «Eleberria gustuko dut; puntu pertsonala du. Pertsonaiekin enpatizatzen duzu, ideia politikoekin baino gehiago». Ana Casillas Gasteiztik iritsi da, eta nabarmendu du liburuan «giza ikuspegia» lehenesten dela: «Oso ondo daude erretratatuak pertsonaia bakoitzaren sufrimendua eta barne prozesua». Luis Aranzasti erizaina da, Hendaiakoa (Lapurdi), eta berak ere hitz onak egin ditu eleberriaz: «Sufritzen duten bi familia daude istorioan, eta esperientzia hori gustatu zait. Ez dakit lortuko duten eleberriaren mamia telesailera eramatea». Ilaran zela, Adela Bazo 83 urteko donostiarrak ohartarazi du liburua ezin dela edozein modutan irakurri: «Distantziatik irakurri behar da. Inpartziala izaten saiatu behar duzu; bestela, ez duzu ondo irakurriko. Eleberriko egoera batzuk ez zitzaizkidan egokienak iruditu».

Hautaprobara aurkeztu den herritar bakoitzari argazki bat ateratzen ari zaio Yael Moreno. Hamar urte daramatza hautaprobetan lanean; AEBetako Still Star- Crossed telesailerako aritu zen, esaterako. «Oso pozik gaude Elgoibarren eta Soraluzen izan genuen harrerarekin. Ez dakigu Donostian zenbat lagun etorriko diren, baina asko espero ditugu, asko behar ditugu».

Argazkia atera ostean, hautagai bakoitzak —16 urte baino gehiago izatea da baldintza— nortasun agiriaren fotokopia bat eta datu batzuk eman behar ditu. Berehalakoan ateratzen dira Viktoria Eugeniako aretotik. Irribarre handi batekin irten dira erretiroaren bueltan dauden Pilar Arratibel eta Karmele Garmendia donostiarrak. «Martxorako denbora emango dit liburua irakurtzeko», esan du Garmendiak. «Telesail baten grabaketa barrutik ikusteak ederra izan behar du; gozatuko genuke», gaineratu du Arratibelek.

Ehunka figurantek parte hartuko dute telesailean. Rol protagonistak, berriz, Elena Iruretak eta Ane Gabarainek jokatuko dituzte; beste euskal aktore batzuk ere egongo dira rol nagusietan, eta elkarrizketa asko euskaraz izango dira. Aitor Gabilondo —Allí abajo— da telesailaren gidoien arduradun eta ekoizle nagusia. Abenduan, HBOk iragarri zuen zuzendariak Pablo Trapero argentinarra eta Felix Biskarret iruindarra izango zirela. Baina berriki proiektutik kanpo utzi dute Trapero, telesailak izan beharreko bideari buruzko desadostasunak direla medio. Egun gutxi barru jakinaraziko dute nor den Traperoren ordezkoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna