Jazarle ziren txiolariak

Kazetari emakumezkoei, feministei, idazle beltzei eta gizon homosexualei sare sozialetan jazarka aritu zitzaien La Ligue du LOL taldea, 2009an hasita. Agerian geratu da haien jarduna.

Frantziako komunikabideetan zer esan handia ematen ari da La ligue du LOL taldearen afera. ETIENNE LAURENT / EFE.
urtzi urkizu
2019ko otsailaren 20a
00:00
Entzun

Frantziako esparru mediatikoan lehertu da afera: ipurdi bistan gelditu dira gizonezko kazetari prestigiotsu batzuk, 2009tik 2013ra Interneten emakume kazetariei eta feministei jazarka aritu zitzaizkielako —biktimen artean egon ziren baita ere idazle beltz eta gizon homosexual batzuk—. La Ligue du LOL taldeko partaideak ziren ziberjazarleak. Eta taldearen sortzailea Vincent Glad kazetaria: Liberation-eko eta Brain Magazine-ko kolaboratzailea, txiolari entzutetsua, Canal+eko Le Grand Journal saioari esker 2012an ospea hartu zuen. Libération egunkariko egiaztatze taldeak otsailaren 8an eman zuen ezagutzera jazarpen istorioa, eta Glad berehala utzi zuten kazetatik aparte. Egunkariko webgunearen arduradun Alexandre Hervaud ere jazartzaile taldekoa zen eta kaleratu egin dute. Barne ikerketa bat jarri du martxan Libération-ek.

 

Aferarekin lotuta, kaleratuak izan dira, halaber, Inrockuptibles aldizkariko David Doucet eta François-Luc Doyez eta Usbek & Rica aldizkariko kazetari Guillaume Ledit. Newswatch podcasten guneak zeukan saioa kendu dio Guilhern Malisseni. La Ligue du LOL-eko kideak ziren Olivier Tesquer eta Christophe Carron, baina, oraingoz, Télérama eta Slate.fr hedabideetan lanean jarraitzen dute. Stephane des Aulnoisek bere kabuz utzi du Tag Parfait webgunean zuen kargua.

Jazarle taldeko kideak dagozkien enpresetatik kanporatu badituzte ere, argitaratu denaren arabera, erredakzio batzuetako arduradunak 2010. urtetik jakinean ziren gertatzen ari zenaz.

Biktimen egoera

Interneteko jazarpena jasan zuten biktimek egoera gogorrak bizi behar izan dituzte azkeneko urteetan; haien arlo pertsonalarekin lotutako mezu lizunak jasotzen zituzten, eta zenbaitek komunikazio mundua utzi behar izan zuten. Florence Desruol, Pascal Cardonna eta Christophe Colinet biktimek gutun bat idaztea erabaki zuten 2010eko udan, Gladen eta ligako beste lau kazetariren jardueraz ohartarazteko. Baina gutunaren zirriborro bat talde jazarleko kide baten eskuetara iritsi zen, eta blog batean argitaratu zuten. Horren ostean, La ligue du LOL-eko kazetariek Twitter bidez kanpaina bat jarri zuten martxan, #LaLetterhashtag-arekin, gutunaren sinatzaileen aurka eginez. Akusazioei buelta eman, eta Gladen aurkako erasotzailetzat jo zituzten biktimak.

Desruolek garai hartan Poliziarengana ere jo zuen. Baina Poliziak eman zion irtenbide bakarra sare sozialak uztea izan zen. Hala egin behar izan zuten biktima askok.

Talde jazarleari aurre egiten saiatu zen idazle bati eraso egin zioten berehala: haren argazki bat Photoshopekin irudi pornografiko bihurtu zuten, eta bere semeei bidali zioten. Emakume biktima batzuk laneko elkarrizketa faltsuetara deitu zituzten, eta, gero, elkarrizketa horiek Interneten argitaratu zituzten. Salaketa publikoa egin duten beste biktima batzuk Daria Marx aktibista feminista eta Capucie Piot, Kenza Sadoun El Glaoui eta Martin Medus blogariak dira.

Libération-ek auziaren berri eman zuenetik salaketa berriak joan dira azaleratzen. Lekukotzen arabera, hiru dira La Ligue de LOLeko kideen delituak: irainak, kalumniak eta jazarpena. Irain eta kalumnia delituengatik, erasotzaileei urte bateko espetxe zigorra eta 45.000 euroko isuna ezar diezaiekete. Jazarpen delituak zigor handiagoa ekar diezaieke, Frantzian legea gogortu egin baitzuten iaz. Legearen arabera, jazarpena taldean egiteak bere bereizgarriak ditu, gainera.

Delituetako batzuk preskribatuta daude jada; 2010ean, irainen eta kalumnien delituak hiru urtera preskribatzen zuten —2017an, epea sei urtera pasatu zen—. Hain zuzen ere, preskripzio epea luzatzeko aukera aztertuko duela esan du Nicole Belloubet Frantziako Justizia ministroak. Biktimen beste arazo bat frogena da, ezabatutako txioen arrastoa topatzea ez baita batere erraza. Hainbat erakundek eta elkartek dirua biltzeari ekin diote, salatzaileen gastu juridikoak ordaindu ahal izateko.

Ziberjazarpenaren errealitatea erakutsi du Ligue du LOL taldearen auziak. Eta agerian utzi du sare sozialetan inpunitate osoarekin jokatu dutela eta jokatzen dutela zenbait gizonezko kazetarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.