Agullo ez dadin inoiz ahaztu

'La mort de Guillem' filmak Herrialde Katalanetako ikusleak hunkitu ditu. Valentziako A Punt telebistaren inoiz gehien ikusi den estreinaldia izan da: %11,3ko kuota; TV3en, %17,6koa lortu du.

Carlos Marques-Marcet zinemagilearen La mort de Guillem filmaren fotograma bat. TV3.
urtzi urkizu
2020ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Guillem Agullo i Salvador gazteak mugimendu independentistetan eta ezkertiarretan militatzen zuen, 18 urterekin Montanejos herrian (Castello, Herrialde Katalanak) hil zutenean. Ultraeskuineko talde batek hil zuen labankadaz, oihu eta kantu frankisten artean, 1993ko apirilaren 11n. Carlos Marques-Marcet zinemagileak film batean islatu ditu hilketaren inguruko gorabeherak eta Agulloren gurasoek bizitako sufrimendua: joan den ostiralean, telebistan estreinatu zuten La mort de Guillem, TV3, A Punt eta IB3 kateetan, katalanez.



Historikoa izan da film horren estreinaldia, hainbat arrazoirengatik: batetik, aurreneko aldia izan da Kataluniako, Valentziako eta Balearretako kate publikoek aldi berean film bat estreinatzen dutela; bestetik, Valentziako A Punt kateko estreinaldi batek —2018ko apirilean hasi zituen emankizunak— orain arte izandako ikusle daturik onenak bereganatu zituen: %11,3ko ikusle kuota. A la ventura programaren barne emititu zuten filma, eta saio horrek inoizko daturik onenak lortu zituen. TV3en datua ere ez zen nolanahikoa izan: %17,6ko ikusle kuota. Hiru telebistetako datuak batuz gero, 700.000 ikus-entzulek baino gehiagok ikusi zuten La mort de Guillem. Eta egunotan datu hori handitzen ari da; izan ere, TV3eko eta A Punteko webguneetan jarri dute, baita Filmin streaming plataforman ere. Sare sozialetan milaka ikus-entzulek komentatu dute Marques-Marceten zinta.

Aipagarria da, era berean, Herrialde Katalanetako hiru telebista publikoek koproduzitu dutela filma. IVC Valentziako Kultura Insititutuak eta ICEC Kultur Enpresen Institutu Katalanak ere parte hartu dute finantzaketan.

Errealitateari atxikita

Telebistako estreinaldiaren aurretik, La mort de Guillem Malagako zinema jaialdian proiektatu zuten, abuztuaren 24an. Egun bat lehenago, jaialdiak Malaga Talent saria eman zion Carlos Marques-Marceti —makina bat sari jaso ditu 10.000 KM eta Tierra firme film luzeekin eta 13 Dies d'Octubre dokumentalarekin—. Zinemagile horrek En el corredor de la muerte telesaila zuzendu zuen iaz Movistar Plus plataformarentzat, Pablo Ibarren auziaren ingurukoa. Lastor Media ekoiztetxeak egin zion enkargua zinemagileari filma egiteko, eta gidoilariak Roger Danes eta Alfred Perez Fargas izan dira.

La mort de Guillem filmean, faxistek hildako gaztearen gurasoengan jartzen du arreta zuzendariak: Guillem eta Carme gurasoen sentimenduetan. Pablo Molinero eta Gloria March aktoreek egiten dute aitarena eta amarena, sentimendu handiko eszenak interpretatuz. Pelikulan, Agulloren hiltzaileen aurkako epaiketaren nondik norakoak jasotzen dituzte, eta kontatzen da nola zenbait unetan biktimak borrero basatitzat jo nahi dituzten. Gurasoek jasandako mehatxuak ere ageri dira.

Valentzian, faxisten erasoak ez ziren amaitu 1990ko hamarkadan: La Lluita Continua plataformak —pelikulaz gain, kanpaina bat jarri dute martxan— iazko abenduan salatu zuenez, La mort de Guillem filma grabatzen ari ziren etxean, Burjassoten (Herrialde Katalanak), pintaketa naziak agertu ziren: Sieg Heil SS hizkiak agertu ziren goizalde batean —Alemaniako naziek erabiltzen zuten agur faxista—. «Hori da Agullo familiak bizi izan duen errealitatea, haien semearen bizitza kendu eta 26 urtera», salatu zuen La Lluita Continua plataformak. Gogorarazi zuten azkeneko urteetan Guillem jodeté (Guillem, izorra zaitez) lelopeko pintaketak azaldu izan direla Valentziako zenbait herritan. 1994tik, familiak mehatxuak eta pintaketak jaso ditu hilketaren urteurrenean.

Ez da spoilerrik, filmean aipatzen da gertatu zena: Pedro Cuevasi leporatu zioten Agulloren hilketa; hamalau urteko espetxe zigorra jaso zuen, baina, sententzia iritsi eta lau urtera, kalean zen. Handik urte batzuetara, 2007an, Cuevas Alianza Nacional alderdi ultraeskuindarreko hautagai aurkeztu zen Chiva herrian. Alderdi bereko hautagaia izan zen Agulloren hilketan parte hartu zuenetako beste bat: Manuel Canduela.

Beste alde batetik, Herrialde Katalanetako mugimendu ezkertiarren militanteen ahotan entzun izan da maiz Guillem, ni oblit, ni perdo oihua (Guillem, ez ahaztu, ez barkatu).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.