Donejakue bide sentimentala

Amazon Prime Videok '3 Caminos' telesaila estreinatuko du bihar. Bost lagun Donejakue bidean elkartuko dira hiru alditan, eta haien bizitzetako gorabeherak tartekatuko dira.

3 Caminos telesaileko bost protagonistak, fotograma batean. MANU SUAREZ / AMAZON PRIME VIDEO.
urtzi urkizu
2021eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Bi emakume eta hiru gizon aurrera begira, Leireko monasterioari (Nafarroa) eta inguruko parajeei begira, begiak itxi dituzte eta Donejakue bideak elkartu dituen sentimenduan egin dute bat. 3 Caminos telesailaren eszenetako bat da, baina ez da Nafarroan grabatutako bakarra. Donejakue bidea zeharkatzean, bertako makina bat toki ezagutuko ditu ikus-entzuleak. Amazon Prime Video plataformak bihar estreinatuko du zortzi ataleko telesaila munduko 200 herrialdetan.

Olga Salvador, Mamen Quintas eta Mauricio Romero izan ziren telesaila egiteko ideia izan zutenak. Alberto Macias gidoilaria geroago batu zen proiektura, Alemaniako Beta Films ekoiztetxearen bitartez. «Hasierako planteamendua trabatuta zegoen, eta materialari forma eta sakontasuna emanez joan ginen. Tonua aurkitzea falta zen».

Bost pertsonaia protagonistak herrialde desberdinetakoak dira: Hego Korea, Alemania, Italia, Mexiko eta Espainia. Hiru garai desberdinetan, Donejakue bidean topatuko dira bost lagunak. «Proposamen horri heldu eta hezurmamituz joan ginen», azaldu du Maciasek. Gidoilariak nabarmendu du garrantzitsua izan zela 2019ko udaren amaieran lantaldeko zortzi lagun Donejakue bidea egitera joan izana. «Hori funtsezkoa izan zen. Tokiak ezagutu genituen, eta idazteko funtsezkoa izan zen». Bidaia horretan —furgonetan eta oinez— lantaldeko kideei gertatu zitzaizkien pasadizo batzuk telesailean islatuta daude. «Modu desberdin batean ezagutu genuen elkar. Bidean, isiltasuneko une asko daude. Era berean, asko hitz egiten da, eta beste pertsonen gauza asko ezagutzen dira».

Izan ere, 3 Caminos telesailaren istorioan oinarrizkoa da pertsonaia protagonistek euren burua ezagutzeko izaten duten prozesua. «Donejakue bidea hasiko dute pentsatzen gauza bat direla, dituzten arazo batzuei ez ikusia eginez, eta, bideak eta beste pertsonaiekin dituzten harremanei esker, begiak zabaltzen hasiko dira».

Tonuari dagokionez, zenbaitetan komediara jo dute. Baina beste momentu askotan istorio dramatikoak dira pertsonaiei gertatzen zaizkienak. Sentimendu asko ageri dira istorioan.

Pertsonaiek Orreagan (Nafarroa) hasten dute bidea, lehen atalean. 2000. urtean dago girotuta elkar ezagutu eta lehen bidea Santiagoraino (Galizia) egiten duten zeharkaldia. Beste bi bideak 2006an eta 2021ean dira, eta argi ikusiko da guztiek bilakaera pertsonal sakona dutela. Denborarenjoana, bikote harremanen gastatzea, ametsen heriotza eta zahartzaroari beldurra dira agertzendiren gai batzuk. Baita bakardade sentimendua, homosexualitatearen azaleratzea eta beste zenbait gai existentzial ere.

Aktoreen ekarpena

Norberto Lopez Amadok eta Iñaki Mercerok —Antonio Mercero zinemagilearen semeak— zuzendu dute telesaila. Gidoilari taldean, Alberto Maciasekin batera, Carlos Molinero eta Juan Ramon Ruiz de Somavia aritu dira. Aktore protagonistak, berriz, Alex Gonzalez, Veronica Echegui, Cecilia Suarez, Anna Schimrigk, Andrea Bosca eta Alberto Jo Lee dira. Maciasen arabera, aktoreek asko lagundu zuten prozesuan. «Veronica Echegui eta Alex Gonzalez oso metodikoak dira, eta gidoiaren azken bertsioan ekarpenak egin zituzten. Guztiek lana intentsitate handiz hartu zuten».

Proiektuan herrialde desberdinetako ekoiztetxeek parte hartu dute. Halaber, Galiziako TVG kate publikoak, Portugalgo RTPk eta Mexikoko Unoenlounok babestu dute. Nafarroako Gobernuak eta Galiziako Xuntak ere bai.

Xacobeo urtea da 2021a, eta, hori dela eta, bizkor ibili dira prozesuaren bukaeran. «Urte honen hasieran estreinatzea garrantzitsua zen ekoizleentzat eta babesleentzat», adierazi du Maciasek. Gidoilariaren iritziz, Donejakue bidea egin duten ikus-entzuleak ez dira harrituko telesailean ikusten dutenarekin. «Donejakue bidea egitearen errealitateari oso atxikita dago. Bidenabar, telesailak bidea noizbait egitera animatu ditzake zenbait ikus-entzule».

Gidoilariak, berriz, nabarmendu du azkenaldian gero eta koprodukzio gehiago daudela herrialdeen artean. «Telesail gehienek glocal ezaugarria dute: lokalak dira, baina nazioarteko proiekzioa izan behar dute. Kate guztietan gauza bera da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.