Unibertso txiki bat, handi asko

Telebista etengabeko transformazioan eta errealitate teknologiko berrietara egokitzen ari dela esan dute sektoreko profesionalek, Bilbon, mahai inguru batean.

J. Antonio Anton (Atresmedia), Javier Corominas (A. Foods), Francesc Escribano (Minoria Absoluta), Salvador Figueros (Mediaset), Maite Iturbe (EITB), Fran Llorente (RTVE) , Margarita Ollero (Arena) eta J. Manuel Ubeda (Movistar+). L.J. / FOKU.
urtzi urkizu
Bilbo
2019ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Telebista publikoa eta hurbiltasuna aldarrikatu behar ditugu. Komunitatea funtsezkoa da guretzat: kultur balioak, hizkuntza propioa... Eta integrazioa landu behar dugu, gure etorkizuna da». Hala esan zuen atzo EITBko zuzendari nagusi Maite Iturbek, Bilbon, Aedemo Espainiako Merkatu, Marketin eta Iritzi Ikerketen Elkarteak antolatutako mintegian. Sektoreko beste zazpi ordezkarirekin batera, telebistari buruzko mahai inguru batean parte hartu zuen Iturbek.

Komunikazio talde bakoitzak dituen lehentasunak agerian gelditu ziren: Publiespañako —Mediaset taldearen publizitatea kudeatzen du— marketin zuzendari Salvador Figuerosek entretenimenduaren aldeko apustua aipatu zuen Cuatroren albistegiak kentzeko erabakiaz galdetu ziotenean. Espainiako fikzioaren «sasoi ona» eta «kalitatea» nabarmendu zituzten Atresmediako programazio, eduki eta digitaleko zuzendari Jose Antonio Antonek eta Movistar+eko audimetria eta edukien ikerketa arduradun Jose Manuel Ubeda-Portuguesek.

Bestelakoa da egoera EITBn, eta hala aitortu zuen Iturbek: «Fikzioa [telesailak] zinema ari da gainditzen. Guk, aldiz, gutxi egiten dugu, murrizketengatik». Go!azen telesailak haurren artean izandako harrera onak ETBri beste aukera batzuk ekarri dizkiola azaldu zuen: «Produktu transmedia bihurtu dugu. Gailu eramangarrietarako aplikazioak arrakasta handia izan du. Edonola ere, garrantzitsuena istorioak ondo funtzionatzea da».

ETB3 ez dago Movistar+en

EITBko zuzendari nagusiak mahai ingurua baliatu zuen, bestalde, Movistar+ ordainpeko plataformari eskaera zehatz bat egiteko: «Movistar+eko eskaintzan kate publiko guztiak egon beharko lirateke. Izan ere, ETB3 ez dago bere kateen eskaintzan sartuta». Movistar+eko ordezkariak erantzun zion bezero guztiek ETBko bi kate ikusteko aukera dutela. «Baina ezin dira kate guzti-guztiak sartu, ahalmen mugatua dugulako». Egoera konpontzeko bidean egon daitekeela iradoki zuen gero Iturbek.

Agerian gelditu zen, eremua bat ala bestea izan, ikuspuntua aldatu egiten dela. Ez soilik fikzioan. Ikusle datuak neurtzeko metrikari dagokionez, Atresmediako ordezkariak aipatu zuen audimetroak oraindik ere «eraginkorrak» direla: «Mundu osoan aintzat hartzen jarraitzen dute ikusle datuak ezagutzeko metrika hori». Iturbek, ordea, ñabardura egin zuen: «Unibertso txikiak ez dira hain ondo neurtzen. Gaur egungo metrikak defizitak ditu guretzat».

Ubeda-Portuguesek aipatu zuen Movistar+en «modu paraleloan» lanean aritu behar izan dutela azkenaldian, ordainpeko plataformaren datuak eman ahal izateko. Bestelakoa da streaming bidezko plataforma batzuen jokabidea, eta Francesc Escribano Minoria Absoluta ekoiztetxeko zuzendariak salatu zuen opakoak direla eta ez dituztela ikusleen datuak ematen.

Escribanok, halaber, beste kritika batzuk egin zituen informazioaren eta albistegien gaiei heldu zietenean: «Herritarrek sentitu behar dute telebista publikoa berea dela. Baina, zoritxarrez, unean uneko politikariak izan dira jaun eta jabe Espainiako kate publikoetan. Eta kate publikoak ez dira politikarienak, ezta bertan dauden lantaldeenak ere».

Solaskideek nabarmendu zuten gaur egungo streaming plataformek ez dutela egiten telebista tradizionalek egiten duten zerbait: aktualitateaz informatu. «Informazioan beste inor ez da sartuko guk daukagun indarrarekin», esan zuen Antonek. Iturbek gogorarazi zuen albistegia «produktu izarra» dela: «Guretzat funtsezkoa da albistegietan liderrak izatea. Gaztelaniazko eta euskarazko albistegia batuta, edizioa berbera denez, liderrak gara. Sei urte daramatzagu buruan». EITBko zuzendari nagusiak gaineratu zuen erronketako bat dela balio erantsia eskaintzea: «Herritarrak konfiantza izan behar du gurekin; kontatuko diegu zer den garrantzitsua, eta zer ez». Ildo beretik, RTVEko proiektuen eta estrategia korporatiboko zuzendari Fran Llorentek hala esan zuen: «Telebista kateek desinformazioaren aurka lan egin dezakegu. Herritarrek erantzunak behar dituzte: brexit-a, Kataluniako egoera...». Escribanok, ordea, beste salaketa bat egin zuen «Hitzontzikeria nagusitzen da. Saio batzuetan, edozer gaiez eztabaidari ekiten diote asko dakitenek, gutxi dakitenek eta ezertxo ere ez dakitenek. Telebista publikoek ezin dute hori egin».

Publizitate arloa ere eboluzionatzen ari dela aipatu zuen Iturbek. FORTAko kate autonomikoen artean eskaintza komertzial bateratuak egingo dituztela iragarri zuen, «leiho lehiakor batean eta eskaintza multimedia eginda». Jota Abril aurkezleak gogoratu zuen TV3 atera egin dela FORTAren akordio horretatik. Antonek eta Figuerosek, berriz, aipatu zuten publizitatea hobetzeko lanean ari direla .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.