UDAKO SERIEA. Etorkinak eta aisialdia (IV)

Nikaraguako gonak astinduz

Nafarroako Nikaraguar Elkarteko dantza taldeko kideentzat, ez dago dantzatzea baino hoberik Nikaraguatik gertuago sentitzeko. Gona zabalak mugituta, Nikaraguako kultura hedatu nahi dute Nafarroako plazetan.

Zortzi neskak osatzen dute dantza taldea, baina azkenaldian bost baino ez dira biltzen. IDOIA ZABALETA / ARGAZKIPRESS.
Lohizune Amatria.
Iruñea
2014ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Hartu gona eskuekin, ezker muturra ezkerrarekin eta eskuin muturra eskuinarekin. Orain, mugitu aldakak eta eskuak aldi berean». Belen Gurdianen hitzak dira. Bederatzi urte ditu, eta Helen Betancur lagunari Nicaragua Nicaraguita abestia nola dantzatu behar duen erakutsi nahi dio. Dantza oso ongi dakiela erantzun dio Betancurrek lagunari. Nikaraguakoak dira biak, eta Nafarroako Nikaraguar Elkarteko dantza taldeko kideak. Taldeko gainontzeko kideekin batera entseguan dira. «Txaloka hasten gara, eta gero oinekin lurra joz dantzatzen gara», azaldu du Adriana Martinez dantzariak.

Arratsaldeko bost eta erdietan elkartu dira dantzak prestatzeko. Soineko zabalak jantzita eta ordenagailu batean musika jarrita, hasi dira dantzan. Irailaren 14an emanaldia dute, eta dena ongi ateratzea nahi dute. Zortzi neskak osatzen dute dantza taldea; nahiz eta, azkenaldian, bost baino ez diren biltzen. «Bost urte dira dantza taldea osatu genuela, emakume helduek abiarazi zuten. Lanera etortzen dira etorkinak, helduak dira, eta, txikitan, dantzak ikasi zituzten Nikaraguan», dio Silvio Ortiz elkarteko arduradunak. «Erretiratzen hasi dira helduenak, eta gutxiago daude orain». Helduenek taldea utzi zutenean hasi ziren Martinez eta Susan Polanco dantzariak. «Nire amaren lagun batek dantza egiten zuen taldean, eta, gero eta gutxiago zirenez, sartu egin nintzen», dio Polancok. Asko gustatzen zaio dantzatzea: «Nikaraguan bizi nintzenan ere dantzan aritzen nintzen, eta ongi ezagutzen ditut dantzak».

Zazpi urte zituela hasi zen dantzan Martinez, Nikaraguan bizi zenean. «Ez dio utzi dantzan aritzeari, eta, taldearen berri izan nuenean, dudarik gabe, parte hartzea erabaki nuen». Martinezi ere asko gustatzen zaio dantzatzea; Nikaraguako dantzak gogoko ditu gehien. Hala ere, ez zituen ezagutzen dantza taldeak dantzatzen dituzten dantza guztiak: «Taldearekin hasi berritan, ezberdinak egin zitzaizkidan pausoak; denbora asko emana nintzen dantzatu gabe». Nikaraguako musika dantzatzeko, gona zabal eta luzeak janzten dituzte. Ortizen esanetan, hori baita ikusgarriena eta herrialdea erakusteko modurik onena. «Jantzi tipikoak dira, eta, gainera, taldean erabiltzen dituztenak Nikaraguakoak dira, Nikaraguan eginak». Nicaragua hitza dute gonan josita. Emanaldia dutenean, ilea bildu, eta loreekin apaintzen dute mototsa. «Belarritako handiak ere jartzen ditugu emanaldietan», dio Polancok. Entsegurako, ordea, aske utzi dute gehienek ilea. «Erosoagoa da horrela».

Nikaraguako independentziaren omenez egingo dute hurrengo emanaldia. Iruñeko alde zaharrean izango da, eta lau abesti dantzatuko dituzte: Nicaragua Nicaraguita, Managua linda Managua, El Solar de Monimbó eta La Banana. «Dantza bakoitzak Nikaraguako kulturaren edo historiaren alor bat erakusten du. Sinbologia handiko dantzak dira, eta herri bakoitzak berea du», azaldu du Ortizek. Carlos Arturo Mejia Godoyk, esaterako, gobernu sandinista agintean zenean idatzi zuen Nicaragua Nicaraguita abestia. «1979. urtean izandako iraultza gogorarazten du abestiak», dio Ortizek. Iraultzaz gain, nikaraguarren sentimenduak ere azaleratzen ditu kantak. «Herriarekiko dugun maitasuna erakusten du», dio Polancok. Horregatik, eskuak gurutzatuz, Nikaragua «besarkatzen» amaitzen dute dantza: «Gure herrialdea maite dugulako egiten da azkeneko pauso hori». Managua linda Managua abestiak, berriz, herrialdearen hiriburuan gertatutako lurrikara bati buruz hitz egiten du. «Managua metropoli handi bat zen, baina 1972. urtean gertatuko lurrikarak guztiz suntsitu, eta errautsetan utzi zuten», kontatu du Carlos Zepeda elkarteko kideak. «Managua zahar horrekiko nostalgia erakusten du».

Hurrengo erakustaldian ez dira dantzan arituko, baina Polancok Güegüense abestia dantzatu die lagunei. «Gehien gustatzen zaidana da», dio. Protagonista Güegüense pertsonaia da, eta espainiarren eta nikaraguarren arteko liskar bat kontatzen du abestiak: «Indigena nikaraguar batek espainiar bat engainatu zuen behin. Urrea lapurtu nahi zion espainiarrak, baina indigenak horri aurre egitea lortu zuen». Maskarak jantzita dantzatzen dute abestia: «Espainiarrei burla egiteko erabiltzen dira. Gainera, Unescok Gizadiaren Kultur Ondare Immateriala izendatu zuen».

Martinezek, berriz, doinu afrikarragoak ditu gustuko. Palo de Mayo dantza du gogokoen: «Egunero dantzatuko nuke». Kostalde Atlantikoan sortutako dantza da, eta, Ortizek azaldu duenez, maiatzeko lehenengo euriteei ongietorria emateko egiten dute: «Kostaldean bizi diren gehienak beltzak dira, eta, abestiak Nikaraguakoak diren arren, dantzek Afrikakoak ematen dute». Maiatzaren lehenengo egunean ospatzen duten Mayo Ya jaialdian dantzatzen dute abestia. «Mugimendu handiko dantza da, aldakak eta oinak asko mugitu behar dira», azaldu du Martinezek. Burlatan dantzatu zuen azkeneko aldiz Palo de Mayo abestia, eta berriz ere dantzatzeko gogoz dago. Ekitaldian sartzeko proposamena egin die taldekideei. Ezetz erantzun diote. Dena den, hurrengo erakustaldian dantzatuko dute Karibeko kostaldeko dantzarik. La Banana izeneko dantza egingo dute, miskitoen dantza. «Dantza bizi eta alaia da, eta miskito indigenen bizimodua erakusten du», azaldu du Zepedak. Abestia dantzatzeko, soineko luzeak alde batera utzi, eta gona motzak jarriko dituzte neskek. «Oinutsik dantzatzen ditugu ekialdeko dantzak, ilea aske uzten dugu, eta soinekoek indiarrak ematen dute». Nekagarriagoak ere badira dantza horiek, baina Martinezi ez zaio axola: «Ikaragarri gustatzen zait Karibeko erritmoa; fisikoki nekatzen naiz, baina aurrera egiten dut beti, etenik gabe».

Nikaraguarrak helburu

Duela 35 urte iritsi zen Ortiz Europara. Errusian lanean ibili zen lehenengo, eta Nafarroara iritsi zien ondoren. «Iruñean nengoela, nire herrialdeak izenik ez zuela ikusi nuen, eta horregatik sortu genuen elkartea». Nikaraguar gutxi ziren orain zazpi urte Nafarroan, baina geroztik kopuruak gora egin duela dio Ortizek. «Nafarroan, 800 nikaraguar inguru gara. Baina Iruñean eta inguruko herrietan, 200 inguru gara, eta elkar ezagutzen dugu denek». Elkarteari esker izan dute elkarren berri nikaraguarrek. Izan ere, hori da elkartearen helburuetako bat. «Nikaraguar bat esan beharrean, orain nikaraguarrak esaten dute. Herri bat gara». Herrialde gisa erregistratuta daudenetik izena lortu dutela dio Ortizek. Baina ez hori bakarrik. Laguntza gune bat ere bada elkartea. «Nikaraguar batek arazoren bat badu, edozein motatakoa, guregana jotzen du».

Kulturalki ere, elkargune garrantzitsua da elkartea nikaraguarrentzat. Nikaraguako ohiturekin bat eginez, urtean lauzpabost aldiz elkartzen dira Iruñean: «Maiatzaren 30ean, nikaraguar amaren eguna ospatzen dugu», dio Ortizek. Nikaraguan, amei opariak egiteko ohitura dute, eta hala egiten dute Nafarroako nikaraguarrek ere. «Ama hilda duenak lore zuri bat jartzen du jakan, bularrean; bizirik duenak, berriz, lore gorri bat jartzen du», azaldu du Martinezek. Nafarroako ama nikaraguar guztientzako ekitaldia antolatzen du elkarteak urtero. «Lokal bat alokatzen dugu, eta Nikaraguako janaria jaten dugu».

Uztailaren 19a ere egun garrantzitsua da nikaraguarrentzat. Nikaraguako iraultza gogoratzen dute egun horretan. Aurten, gainera, ospakizun berezia izan dute, 35. urteurrena izan baita aurtengoa. «Urtero bezala, Berriozarren ospatu dugu. Musikariak, dantzariak, Nikaraguako janaria... Denetarik izan dugu», azaldu du Ortizek. Elkarteari esker, Nafarroako kultura ezagutzeko aukera ere izan dute Berriozarren. Han dantzatzen dute urtero, maiatzean. «Zenbait nafar dantza taldeekin elkartu izan gara han», dio Polancok. «Euskal dantzak ikusgarriak dira, baina ez dute zer ikusirik guk egiten dugunarekin. Ezingo nuke bat bera ere egin». Hainbat herrialdetako dantzak izaten dira urtero Berriozarren. Polancok, baina, Afrikako dantzak ditu gogoan: «Aurten, Afrikako dantzak ikusi genituen, baina euskaldunak ziren dantzariak. Oso bitxia izan zen».

Hurrengoa, urte amaieran

Irailaren 14an izango duten ekitaldirako, hasiak dira dantzariak lanean. Hala ere, ez dute ahazten urte bukaeran ere badutela beste saiorik. «Abenduaren 7an, kalera ateratzen gara nikaraguar denak», dio Ortizek. Nikaraguan bizi zeneko oroitzapenak bizirik ditu oraindik: «Oihuka ibiltzen ginen kalean: 'Zeinek sortzen du hainbesteko poza?', batzuek; 'Mariaren sorkundeak!', besteek. Umeentzako gozokiak erosten dira, eta umeek etxez etxe ematen dute eguna». Nafarroan, baina, ez dute Mariaren sorkundearen eguna horrela ospatzerik. «Lokal bat alokatzen dugu, eta kantuan eta dantzan igarotzen dugu eguna», dio Ortizek. «Gozokiak ere izaten ditugu haurrentzat; ez dira inoiz falta».

Oso garrantzitsua da, Martinezen iritziz, elkartzeko aukera izatea nikaraguarrek. Duela lau urte iritsi zen Managuatik Nafarroara, eta gogorra egiten zaio Nikaraguatik urrun egotea. «Behar dut Nikaragua, ez zait hango ezer ahaztuko». Taldean egiten dituzten dantzek sentimendua ahultzen lagundu izan diotela dio: «Dantzatzen ari naizenean, nire herrialdetik hurbilago sentitzen naiz. Baina triste jartzen naiz berehala. Ez da gauza bera, eta etxera itzultzeko gogo handiagoa izaten dut dantzatzean». Gona hartu, eta aurpegia estali du atsekabeturik. «Dantzan egingo dugu?», galdetu die lagunei. Musika piztu du Polancok. Eta jarri dira bostak berriz ere, gonak astinduz, dantzan. Irribarre egin du Martinezek. «Baina, pozik nago, nire herrialdea ordezkatzen dudalako», esan die lagunei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.