Iñigo Sola. Joker dendako saltzailea

«Joko batzuk gurasoei gustatzeko eginak daude»

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Joan den urrian 23 urte bete zituen Bilboko Joker komiki dendak, eta, hasieratik, mahai jokoen atal bat izan dute lokalean. Ordutik, mahai jokoen kopurua handitu egin dela dio Iñigo Solak, bertako mahai jokoen arduradunak. Gabonak igaro berritan, sasoi ona izan dela adierazi du: «Garai hau eta uda izaten dira mahai joko gehien saltzen diren sasoiak; jendeak denbora libre gehien duenean».

Zer eduki behar du mahai joko on batek?

Mahai joko bakoitzak bere publikoa du, eta publiko bakoitzak bere mahai jokoa behar du. Nahi duzunaren araberako jokoak daude: ongi pasatzeko, familiarekin jolasteko... Joko on batek, beraz, momentuaren arabera behar duzuna eduki behar du.

Jendeakzer eskatzen du gehienbat?

Batez ere familian aritzeko jokoak, eta sozializatzeko modukoak, lehiatzekoak baino gehiago. Orain hori eskatzen dute gehien erosleek.

Oro har, nola garatu dira mahai jokoak urte hauetan guztietan?

Gaiak aldatu dira, baina baita formatua bera ere. Orain ihesbideko jokoek dute arrakasta, eta baita joko kooperatiboek ere, hau da, jokalari denak jokoaren aurka jokatzen dutenekoak. Gauza berriak asmatu behar dira, beti gauza berean aritzeak azkenean nekatu egiten baitu.

Esan daiteke partxisa, antzararen jokoa eta halakoak bigarren mailan geratu direla?

Tira, ez nuke esango bigarren mailan geratu direnik, joko bakoitzak bere momentua baitauka. Orain beste gauza batzuk eskatzen dira, burua nekatzeko jokoak batez ere.

Arlo honetan pizte moduko bat dagoela ikusten duzu?

Argitaletxe ugari mahai jokoen aldeko apustua egiten ari direla ikusten dut, eta, horren eraginez, joko gehiago daude. Denda zabaldu genuenean, akaso hogei mahai joko izango genituen salgai. Gaur egun, berriz, 400 joko ditugu. Baina ez bakarrik mahai jokoetan, komikietan ere berdin gertatzen baita. Badirudi Interneten aroan dena ezagutzen dela, dena jakin eta egin nahi dugula, eta enpresa gazte eta txiki asko sortu dira.

Zergatik uste duzu handitu dela mahai jokoen kopurua?

Ez dakit, jendeari gehiago gustatzen zaiolako etxean lagunekin jokatzea. Gainera, gaur egungo jolasak gero eta konplexuagoak dira, dagoeneko ez da dadoa bota eta fitxa mugitzea. Orain gauza garatuagoak daude, eta pentsatu egin behar da, eta iruditzen zaithorrek guztiak laguntzen duela.

Gainera, aurtengo negua mahai jokoetarako egokia izaten ari da...

Egia esan, bai. Etxetik irteten ez bazara, bertan egiteko zerbait bilatzen duzu. Europa iparraldean, esaterako, oso ohikoa da mahai jokoetan aritzea, eguraldiaren eraginez, agian. Gazteek errazenera jotzen dute askotan, kontsolan aritzera, baina gurasoen ardura da familian zerbait egitea bultzatzea. Haurrek normalean gurasoekin jolastu nahi izaten baitute.

Nabaritu duzu gurasoen jarrera aldaketarik?

Ez dakit, baina nahiko nuke hala balitz. Egia da joko batzuk gurasoei gustatzeko eginak daudela, haiek ere haurrekin jolasteko gogoa izan dezaten.

Mahai jokoak estigma bat kendu dutela esan daiteke? Dagoeneko ez dira haur eta frikientzat bakarrik...

Bai, izan daiteke. Egia da orain ateratzen ari diren jokoak denentzako modukoak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.